Aleloak gene baten aldaerak dira. Bizidun diploideetan, aleloak kromosoma homologoetako leku berean (locus) kokatzen dira, eta karaktere bakoitza alelo pare batek kontrolatzen du. Alelo bikote honetako bat aitarengandik dator, eta bestea amarengandik.

Esaterako, ilarraren haziaren kolorea kontrolatzen duen geneak bi alelo ditu: batek berde kolorea eragiten du, eta besteak kolore horia. Horrela, bi alelo horiekin (a1 eta a2) hiru konbinazio mota izan daitezke:

  • Bi alelo a1 a1 (a1 aleloarekiko homozigotikoa)
  • Bi alelo a2 a2 (a2 aleloarekiko homozigotikoa)
  • Alelo bat a1 eta bestea a2 (heterozigotikoa: a1, a2)

Bestalde, fenotipoan agertzen den emaitzaren arabera honako sailkapen hau egin daiteke:

  • Alelo gainartzaileak edo dominanteak: karaktere batentzat heterozigotoen fenotipoan, eta homozigotoenetan ere, agertzen direnak. Aurreko adibidea jarraituz, eta a1 ilarraren haziaren kolore horia eragiten duen aleloa bada (eta a2 kolore berdea sortzen duena), a1 a1 konbinazioak eta a1 a2-koak ere fenotipo horia izango dute (a1 alelo gainartzailea baita).
  • Alelo azpirakorrak edo errezesiboak: heterozigotoen fenotipoan ezkutatuta geratzen direnak, homozigotoetan bakarrik agertuz (aurreko adibidean, a2 aleloa).

Alelo azpirakorra letra xehez (a, adibidez) idatzi ohi da, eta alelo gainartzailea, aldiz, letra larriz (A, esaterako).

Adibide bat jartzearren, ilarraren haziaren kolorea mugatzen duen geneak bi alelo ditu: batek hori kolorea eragiten du (A), eta besteak berdea (a). Kolore horia mugatzen duen aleloa (A) gainartzailea da, eta kolore berdea mugatzen duena (a) azpirakorra. Hortaz:

  • Genotipo homozigoto gainartzailea (AA) duen ilarrak hori kolorekoa izango du hazia.
  • Genotipo heterozigotoa duenak ere (Aa) hori kolorekoa izango du.
  • Genotipo homozigoto azpirakorra duenak (aa), aldiz, hazi berdea izanen du.

Kanpo estekak

aldatu