Ayaz Mutallibov
Ayaz Niyazi oghlu Mutallibov (azerbaijaneraz: Ayaz Niyazi oğlu Mütəllibov / Ајаз Нијази оғлу Мүтәллибов, errusieraz: Аяз Ниязович Муталибов, translit.: Ayaz Niyazovich Mutalibov; Baku, 1938ko maiatzaren 12a - ibidem, 2022ko martxoaren 27a) azerbaijandar politikaria izan zen. Azerbaijango lehendabiziko presidentea izan zen 1990etik 1992ra.
Azerbaijango Alderdi Komunistako kidea izan zen. 1989ko urtarrilean, Azerbaijango Sobietar Errepublikako Ministroen Kontseiluko lehendakari izendatu zuten, eta 1990eko urtarrilean, Alderdi Komunistako lehen idazkari.
1990eko maiatzean, Azerbaijango Sobietar Errepublika Sozialistako presidente izendatu zuten. Abenduan herrialdeak subiranotasuna aldarrikatu zuen, Mutallibov lehen presidentea zela. 1991eko irailean presidente hautatu zuten hautagai bakarra zuten hauteskundeetan eta abenduan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desagertu zen eta Azerbaijanen independentzia onartu zen.
1992ko maiatzean militarrek eta Azerbaijango Fronte Popularreko kideek kargutik kendu zuten Nagorno Karabakheko Armeniaren aurkako porroten ondoren, eta Moskuko erbestera joan zen. 2012an Bakura itzuli zen erbestetik.