Banana
Banana (Hego Euskal Herrian platanoa ere deitua) bananondo edo platanondo izendatutako Musa generoko landare-espezie batzuek ekoizten duten fruitua da. Jatorriz, landareak Hego-ekialdeko Asia eta Australiakoak dira, baina, egun, tropiko osoan landatzen dira.
Banana | |
---|---|
baia, tropical and subtropical fruit (en) , fruitu eta tropical fruit (en) | |
Historia | |
Honen produktua | Bananondo, Musa, Musa acuminata, Musa balbisiana eta banana tree (en) |
Bananondoak Musaceae familiako landareak dira. Nahiz eta lehen begiradan zuhaitzak direla iruditu, bananondoak hosto iraunkorreko landare belarkarak dira. Ez daukate benetako zurtoinik; horren ordez, hosto gogorrez eratutako sasi-zurtoina eratzen dute, zenbait espezietan 2 eta 8 metro artekoa izan daitekeena. Hosto handiak dauzkate, 3,5 metrora artekoak. sasi-zurtoin bakoitzak banana hori, berde edo gorrien sorta bat ekoizten du; ondoren, hil egiten da, eta, sasi-zurtoin berri bati, leku egiten dio.
Gaur egun, banana ia guztiak fruitu antzuak dira, hazi emankorrik sortzen ez dutenak, eta bi basa-espezietakoak dira: Musa acuminata eta Musa balbisiana. Landutako banana gehienen izen zientifikoa Musa × paradisiaca da, Musa acuminata × M. balbisiana hibridoa, osaera genomikoaren barietate izendapen ezberdinekin edo landaketekin.
Platanoek (mila barietate baino gehiago ezagutzen dira) bi forma nagusitan ematen diete jaten giza populazio handiei:
- Postre-platanoak edo gozoak, gordinik jaten dira nagusiki eta fekularen zati handi bat azukre bihurtuta; cavendish barietatea nabarmentzen da, munduko ekoizpenaren % 47 hartzen baitu, gutxi gorabehera.
- Kozinatzeko edo gisatzeko platanoak handiagoak dira, eta hainbat modutan kozinatuta jaten dira, hainbat barietaterekin, hala nola platano arra edo «pisang awak» delakoa Asian. Egosita, erreta edo frijituta jan ohi dira, helduak egon edo ez.
Etimologia
aldatu«Platano» hitza XV. mendean sortu zen latinezko «platanus»etik, zeina, era berean, antzinako grezieratik baitatorren, non «platos» zabalera esan nahi duen, zuhaitzaren hostoen zabalerari erreferentzia eginez[1]. Banano hitza, berriz, afrikar jatorrikoa dela uste da, beharbada bantu hizkuntzetatik eratorria[2], gero portugesera pasatu zena. Banana hitza beranduago sortu zen, XVIII. mende inguruan, portugaldarrekin izandako merkataritzagatik mailegu linguistiko gisa ziurrenik; gaztelaniara Kanarietatik sartu zen, eta, gero, Ameriketara hedatu zen, non zenbait lekutan nahiago den «banana» terminoa erabili.
Deskripzioa
aldatuBanana edo platano landareak labore iraunkorrak dira, eta lurrazpiko andui lodi batetik hazten dira. Azkar, hainbat zurtoin hazten dira, eta, normalean, zurtoin bat uzten da fruitua hazteko, eta urte osoan uztatu daiteke[3].
Guztiz garatzeko, 80-180 egun behar ditu. Baldintza ezin hobeetan, lore eme guztiak ematen dute fruitu, eta hatz-formako itxura hartzen dute, hortik kokatzen diren ilarei «eskua» deitzea. Buru bakoitzeko, bost eta hogei arteko esku egon daitezke, nahiz eta normalean zati bat moztu fruitu akastunak ez garatzeko eta azken kuskuak landarearen energiak har ez ditzan. Ebakitze-puntua, normalean, «esku faltsuan» egiten da, fruitu nanoak agertzen diren eskua. Guztira, 300 eta 450 fruitu inguru eman ditzake esku bakoitzeko, 50 kg baino gehiago pisatuz[erreferentzia behar].
Fruitua 7 eta 30 cm arteko luzera eta 5 cm arteko diametroa duen baia epigeo faltsu bat da, mordo trinko bat osatzen duena. Ale heldugabean, perikarpo larrukara berde batek estaltzen du, eta, heltzean, hori bizia, gorria edo berde eta zuri marratua. Forma lineala edo igitai-formakoa da, zilindriko eta ertz aniztun artekoa, barietatearen arabera. Mutur basala zakarki estutzen da 1 eta 2 cm bitarteko pedizelo baterantz. Mamia zuri-horia da, almidoi eta gozoa; platanoetan, berriz, idorgarri edo goma antzeko samarra izan daiteke duen latexarengatik, irintsua eta lehorra. Noizbait, barietate diploide edo tetraploideek hazi beltzak, globotsuak edo irregularrak ematen dituzte, azal zimurtsuarekin, 16 × 3 mm-rainoko neurrikoak, mamian txertatuta. Triploideek, hala nola Cavendish barietateak, ez dute inoiz hazirik sortzen.
Platanoaren fruituak bananondoaren bihotzetik garatzen dira, zintzilikatutako mordo handi batean, hainbat «esku» edo mailek osatua, esku bakoitzeko hogei bat fruitu ematen dituztelarik. Mordoak hiru eta hogei maila artean ditu, eta 30 eta 50 kg arteko pisua izan dezake. «Behatzak» banakako fruituak dira, batez beste 125 gr-koak, eta horietatik % 75 ura da, eta % 25 materia lehorra.
Kanpoko azala babeslea du, floemaren sorta baskularrak diren hari luze eta mehe ugarirekin, eta larruazalaren eta barruko aldearen artean hedatzen dira. Postre-platano hori arruntaren barruko aldea, luzetara, hiru zatitan bana daiteke, zeinak hiru karpeloen barruko zatiei dagozkien, ireki gabeko fruta eskuz deformatuz[4]. Landatutako barietateetan, ia ez dago hazirik; haien hondarrak frutaren barruko orban beltz txikiak dira[5].
Taxonomia
aldatuMusa generoa Carlos Lineok sortu zuen 1753an[6]. Baliteke izena Antonio Musa Augusto enperadorearen medikuarengandik eratorria izatea, edo Lineok mauz arabierazko platano hitzetik hartzea[7]. Musa Musaceae familiakoa da.
Lineoren jatorrizko sailkapena Europan eskura zituen ale urrietan oinarritu zen, non klimak egoera onean dauden landareak lortzeko aukera larriki mugatzen baitu. 1753ko Species Plantarum lanean, banana ale bat sartu zuen Musa paradisiaca izenarekin, fruitu luze eta meheekin eta infloreszentziaren errakian braktea eta lore ar iraunkorrak zituena, George Clifforten negutegian, Herbehereetako Haarlem hiritik gertu, zuzenean behatu ahal izan zuena. Sei urte beranduago, Musa sapientum gehitu zuen bere deskribapenean, postre-platanoen fruituak ematen zituen ale bat, lore ar dehiszenteekin eta fruituan fekula eduki txikiagoarekin.
APG III sistemak lore monokotiledoneoak dituzten landareen commelinidae kladoaren zati bat esleitzen dio Musaceae-ri Zingiberales ordenan[8].
Landutako bananen sailkapena gai problematikoa izan da taxonomistentzat luzaroan. Lineok, jatorrian, platanoak bi espezietan sailkatu zituen, elikagai gisa soilik zituzten erabileretan oinarrituta: Musa sapientum, postrerako bananentzako egiteko, eta Musa paradisiaca, «benetako bananentzako»[9]. 1947tik aurrera argitaratutako artikulu batzuetan, Ernest Cheesmanek erakutsi zuen Lineoren Musa sapientum eta Musa paradisiaca haziak ekoizten zituzten bi basaespezieen —Musa acuminata eta Musa balbisiana— laboreak eta ondorengoak zirela, eta biak Luigi Aloysius Collak deskribatu zituela lehen aldiz[10][11]. Cheesmanek Lineoren espezieen abolizioa gomendatu, eta bananak morfologikoki ezberdinak diren labore multzoen arabera birsailkatzearen alde egin zuen: batez ere Musa balbisianaren ezaugarri botanikoak erakusten dituztenak; Musa acuminataren ezaugarri botanikoak nagusiki erakusten dituztenak, eta bien ezaugarriak dituztenak[12].
Banana barietate anitzen sailkapena oso kontu konplexua da, eta oraindik amaitu gabea. Lineoren sailkapena mendeetan erabili zen, Amerikan eta Afrikan zabaldutako barietateekin nahiko estuki bat zetorrelako. Hala ere, Musaren aniztasun germoplasmatikoaren erdiguneak, Asia hego-ekialdean, espezie asko zeuden bat ez zetozenak alderdi askotan suediar botanikariak argitaratutako deskribapenekin espezie ugari zeuden. Hurrengo bi mendeetan deskribatu eta argitaratu ziren espezieak ugariak izan ziren, baina ardura gabekoak, eta haien arteko harremanaren nahasmena handia zen.
1948an, Ernest Cheesmanen Classification of the bananas argitaratu zuenean eman zitzaion ordena taxonomiko zorrotza auziari. Cheesmanek Lineo motak identifikatzen ditu Luigi Collak deskribatutako bi espezieren gurutzaketak sortutako hibrido gisa: M. acuminata eta M. balbisiana. Horietan oinarrituta, landatutako barietate ugariak hiru taldetan sailkatu zituen, beren hornidura genetikoaren arabera; haietako bat, nagusiki, aurreko-espezie bakoitzaren ondorengoa zen, eta hirugarrena, berriz, ezaugarri mistoko hibridoz osatuta zatekeen.
M. acuminatatik datorren taldeak, batez ere banana jangarri zaharrenak bilduko lituzke, Asia hego-ekialdeko uharteetan eta Malaysiako penintsulan espeziearen ale antzu eta partenokarpikoak hautatuz lortutakoak. Horietatik abiatuta eta kromosoma-lehengoratzearen bidez, barietate triploide sendoagoak eta produktiboagoak garatu ziren. Cheesmanek, barietate horiek haien arbaso basatiarekin M. acuminata gisa sailkatzen zituen, argudiatuz, autopoliploideak ez zuela espeziearen material genetikoaren inolako aldaketarik adierazten.
Iparralderago, eskualde lehorragoetan, M. balbisianatik zetozen barietateak erabilgarriagoak ziren, toleranteagoak zirelako. Filipinetan talde horretako lehen ale triploideak lortu ziren, hazi-gabetuak, baina, hortik kanpo, bere aurreko basatiaren oso antzekoak zirenak morfologikoki. Bere antzutasunagatik ugalketa begetatiboz hedaturik, landatutako barietateen bigarren taldea sortuko zuten, eta Cheesman-ek, paraleloki, M. balbisiana izenez sailkatu zituen.
Azkenik, zenbait eremutan, bi adarrak kontaktuan sartu ziren, eta, hetero-bateragarriak zirenez, hibrido natural diploide, triploide eta tetraploide batzuk sortu zituzten; horien artean zeuden Lineok identifikatzeko aukera izan zuen bi barietateak. Landarea botanikoki izendatzeko izenik egokiena M. acuminata x balbisiana izango litzatekeen arren, Landatutako landareentzako Nazioarteko Nomenklatura Kodearen arauen arabera intereseko hibridoek izen binomial bat ere izan dezakete identifikatzeko. Musa paradisiacak argitaratzeko lehentasuna duenez, Musa x paradisiaca hibrido izena erabil daiteke M. acuminata eta M. balbisianaren gurutzaketatik datozen barietate guztiak izendatzeko, haien osaera genetikoari buruzko beste zehaztasunik gabe[13].
Hala ere, konposizio genetikoa, izan ere, garrantzitsua da landatutako talde ezberdinen ezaugarriak zehazteko, beren artean ezberdintasun handiak baitituzte. Cheesmanen aurkikuntzak gertatu eta gutxira, Ken Simmondsek eta Norman Shepherdek (1955), barietateak, jatorritik abiatuta, identifikatzeko metodo bat argitaratu zuten. Diagnosi-taula batetik abiatuta, M. acuminata eta M. balbisianaren artean aldatzen diren oinarrizko hamabost ezaugarri biltzen ditu; hibridoak ebaluatzen dira ezaugarri bakoitzari puntuazio bat emanez: M. acuminataren berdina den (puntu bateko balioa), M. balbisianaren berdina den (5 puntu) edo tarteko fenotipo bat den (tarteko puntuazioak aurrekariekiko antzekotasunaren arabera). Balioak batu egiten dira, eta guztizkoa hibridoaren ezaugarriak, grosso modo, zehazteko erabiltzen da. 15 eta 20 bitarteko puntuazioak M. acuminataren aldaera basati edo diploide puruei dagozkie; eskalaren mutur garaienean, haren M. balbisianaren baliokideak. Hibridoek tarteko puntuazioak agertzen dituzte.
Simmonds eta Shepherd-ek, 1955ean, proposatu zuten Lineo izenak kode ad hoc batekin ordezkatzea barietatearen genotipoa adierazteko[10][14]. Hibrido bakoitza identifikatuko litzateke bi eta lau letra arteko gako baten bidez, bere ploidiaren arabera; letra bakoitza barietatearen jatorriari erantzungo lioke, A letra M. acuminataren adar genetiko bat izendatzeko edo B letra M. balbisianako batentzat. Horrela, bi kromosoma-multzo dituen M. acuminataren hibrido triploide bat eta M. balbisiana bat AAB gisa identifikatuko litzateke, eta M. balbisianaren diploide purua BB gisa. Ikerketek agerian utzi zuten A jatorriko barietateak B jatorrikoak baino ugariagoak direla; labore gehienak AAA edo AAB dira, eta ABB, eta AB, AABB edo ABBB platanoak arraroagoak dira. Laborea zehazteko, beraren izen berezia (komatxo sinpleen artean) atzeratzen da deskribapen genetikoan. Iturri guztiek ez dute sistema onartu, baina oso erabilia da gaiaren espezialisten artean.
thumb|right|Lau labore motatako fruituak.
- Talde fenotipikoak
Fruitu gisa landatutako landare gehienak M. acuminatatik datoz, eta osaera diploidea edo triploidea dute. Simmondsek eta Shepherdek zenbait talde fenotipiko bereizten dituzte, eta ondorengo ikertzaileek barietate berriak edo aurrez identifikatu gabeak gehitu dizkiete talde horiei:
- AA 'Jari Buay' taldea: oso ezaguna Vietnamen eta Indonesian, baina ia ezezaguna mendebaldean;
- AA 'Kapas' taldea: Indonesian eta Malaysian egosita kontsumitutako banana;
- AA 'Lakatos' taldea: hazkunde azkarreko banana (10 hilabete baino gutxiagoan, fruitua ematen du), filipinar jatorrikoa, tropikoetan oso ezaguna; M. lacated izen binomiala, gaur egun baliogabetua, talde horri dagokio, ziurrenik;
- AA 'Sucrier' taldea: garrantzitsua Ginea Berrian, baina baita Asia eta Brasilgo hego-ekialdean ere; aleak diploideak dira, pseudo-zurtoin ilunekoak, kolore horixkakoak eta urdinxkak eta mordo txikiak sortzen dituzte; azal meheko fruitu oso gozoak ematen dituzte. Talde horretan, «Damaren esaera» edo «Ginea Zuria» deituriko barietatea sartzen da, komertzialki hazitako bananen artean txikiena, enbor meheko eta sustrai-sistema sendoko bananondoa; 12-20 fruituko 10-14 eskuko mordoak ekoizten ditu. Lehortearen eta Panamako gaixotasunaren aurrean gogorrak dira, baina sigatokaren aurrean sentiberak dira. Gaur egun baliogabeak diren M. Bertero, M. Berteroniana eta M. sapientum binomialak landutako talde horretakoak dira;
- AAA 'Cavendish' taldea: 'Gros Michel'-en gainbeheraz geroztik, Europan eta Estatu Batuetan gehien kontsumitzen den banana. Ziur aski jatorria Indonesian du, non 'Bungulan' banana etxean ekoizten den, baina heltze-erritmo irregularra eta biltegiratze-tolerantzia ahula dela eta, ez da egokia landaketa komertzialetarako. Gaur egun, Cavendish banana zenbait barietatetan garatzen da:
- 'Cavendish nano' landaretza, Txinan garatu zen, eta, gaur egun, Kanarietan eta Afrika ekialdean dagoen barietaterik garrantzitsuena da; tamaina handiko banana da; hosto zabalak, eta haizeak eta lehorteak onartzen ditu; kalitate oneko fruitu ertainak ematen ditu, baina, azalaren mehetasunagatik, garraioan kaltetzeko joera dute. Berezitasuna lore ar indehiszenteak izatea da. M. cavendishii, M. sinensis eta M. enana (non Louro) izen binomialak, gaur egun baliogabeak, landaretza honi dagozkio;
- 'Cavendish erraldoia' edo 'Grand Nain' landaretza, 'Gros Michel'-en antzeko itxurakoa eta jatorri ezezagunekoa. Tamaina ertaineko bananondoa da, pseudo-zurtoina nabarrez pikardatuta, 'Cavendish nanoa' baino banana handiagoekin, azal lodiagoa eta zapore motelagoarekin. Kolonbian, Ekuadorren eta Taiwanen barietate nagusia da.
- 'Sendoa' laborantza, 'Lakatos'-en antzekoa, Brasilen eta Polinesian landatzen den banana txiki eta haizeari aurre egiten diona;
- 'Valery' landaretza, Sendoa-ren aldaera bat, sigatokaren aurrean gogorragoa, baina fruitu sendoagoa eta ehundura urdinxkarekin;
- AAA 'Golden Beauty' taldea: Trinidaden garatuak Panamako gaixotasunaren eta sigatokaren aurkako erresistentziagatik; banana txikiak dira, mordo laburrekoak, baina garraiagarriak eta oso gustu onekoak. Hondurasen eta Fijin hazten dira;
- AAA 'Gros Michel' taldea: luzaroan, mendebaldeko bananarik landuena izan zen; Myanmarretik eta Sri Lankatik eratorria, frantsesek Martinikara eraman zuten, eta, handik, Jamaikara, Erdialdeko Amerikara, Hawaiira eta Australiara. Tamaina handiko bananondoak dira; fruitu luze eta kolore hori biziko sorta handiak dituzte, gaur egun ia desagertuak Panamako gaixotasunarekiko duten sentikortasunagatik. Hala ere, beste landaretza batzuen garapenerako oinarri erabili izan da;
- AAA 'Morea' taldea: Kariben ezaguna, baina, jatorriz, Indiakoa. Gaixotasunekiko gogorra da, baina 18 hilabete baino gehiago behar ditu fruituak emateko; beraz, landaketa komertzialetan baino ezin erabil daiteke. Bananondo handia da, hosto eta zurtoin more bizikoa, eta fruitua, heldu ahala, laranjara bihurtzen da; zapore bizi eta tamaina ertaineko 100 fruitu inguruko mordoak sortzen ditu. 'Berde Morea' barietateak kolore ikusgarria du, berde eta more jaspeatua, eta 9 m altu da; tamaina oneko lau edo zazpi esku ematen ditu mordo bakoitzeko.
- Berez hibridoak diren diplode, triploide eta tetraploide landaretzak
- AAB 'Burro' edo 'Orinoko' taldea: landare garaia da, sendoa; fruitu luzeak ematen ditu, gutxi eta oso lodiak, mamia apur bat arrosakara eta gordinik jateko modukoa, baina, egosita, bikaina da;
- AAB 'Frantsesa' taldea: banana handia da, indartsua, lore ar indehiszentekin, batez ere Indian eta Afrika ekialdean landatua; gaur egun baliogabeak diren M. bidigitalis eta M. purpurea-tomentosa izen binomialak multzo honetakoak dira, baita Lineoren jatorrizko M. paradisiaca ere;
- AAB 'Laknau' taldea: platano triploidea da, 'Adar'aren antzekoa eta apartekoa: lore emankorrak sortzen ditu, eta, horri esker, gurutzaketa esperimentaletarako oinarri gisa erabili izan da;
- AAB 'Arra' taldea: fruta gutxi sortzen duten banana oso sendoak dira; gordinik jan daiteke, baina zapore askoz atseginagoa du egosi ondoren. Gaur egun baliogabeak diren M. corniculata, M. emasculata eta M. protractorachis izen binomialak multzo honetakoak dira;
- AAB 'Sagarra' taldea: Tropikoan gehien erabiltzen den postreko banana da, nahiz eta landaketa handirik egon ez. Banana oso handia da, dozena bat esku baino ez ditu mordo bakoitzeko, eta 16-18 fruta esku bakoitzeko; sigatokaren aurrean, oso gogorra da, baina Panamako gaixotasunaren aurrean, berriz, sentikorra. Fruitua oso usaintsua da; sagar-usain bereizgarria du, apur bat lehorgarria heldu baino lehen, baina oso zaporetsua;
- AAB 'Mysore' taldea: Indian gehien landatzen den banana da, non landatutako azaleraren ia hiru laurdenak hartzen baititu. Indiako azpikontinentetik kanpo bitxia da, nahiz eta Trinidaden kakaoarekin batera landatzen den. Indartsua da; lehorteari aurre egiten dio; Panamako gaixotasunaren aurrean immunea da, eta sigatokak ez dio askorik eragiten. Azal mehe eta kolore hori distiratsuko zapore azpiazidodun banana-mordo trinkoak sortzen ditu;
- AAB 'Rajah' taldea: gaur egun baliogabea den M. regia izen binomiala ziurrenik talde honi dagokio;
- AAB 'Seribu' taldea: M. Seribu izen binomial baliogabea labore horri dagokio;
- ABB 'Awake' taldea;
- ABB 'Hauskara' taldea: platano luze-luzea da, lore-zurtoin luzea eta mordo bakoitzeko esku gutxi dituena. Fruitu angeludunak ematen ditu, oso handiak, azala errauts-kolorekoa eta oso mami zurikoak; beste banana batzuekin alderatuta, azukre-kontzentrazio handia dute;
- ABB 'sudurmotz' edo 'Bluggoe' taldea: oso gogorra den bananondoa da; tamaina handiko fruitu-mordoak sortzen ditu, gaixotasunen aurrean gogorrak, bereiziak bere egitura irekiagatik; Afrikan eta Asian biziraupen landaretza gisa oso garrantzitsua da;
- ABB 'Pelipita' taldea: munduko banana-landaretza komertzial nagusietako bat, sigatoka beltzaren aurrean gogorra, baina beste barietate batzuek baino zapore motelagoa du;
- ABBB 'Tiparot' taldea: tetraploidea, gaixotasun aurrean duen gogortasunagatik garatua, baina ez oso emankorra.
- Jatorria M. balbisiana soilik duena, barietate ugari daude:
- BBB 'Cardada' taldea;
- BBB 'LEP Chang Kut' taldea;
- BBB 'Maricongo' taldea: munduko banana-landaretza komertzial nagusia, forma handiduna, fruta oso angeluduna eta tamaina onekoa; badago aldaera nano bat, 'nano' edo 'Cochon' deitua;
- BBB 'Saba' taldea: sukaldaritzan kalitate apalagokoa, baina sigatoka beltzari aurre egiten diona.
Hazkuntza
aldatuBananak mordo esekietan hazten dira. Mordo bakoitzak hiruzpalau sorta eta sorta bakoitzak 20 ale eduki ditzake. Fruituak 125 g inguru pisatzen ditu (% 75 ura da). Ale bakoitzak kanpo-geruza babesgarria (azala) dauka, eta barrua haragi jangarriz osatuta dago. Gordinik edo sukaldean prestatuta jan daiteke; mendebaldeko kulturetan, barrua gordinik jan eta azala bota egiten da, eta Asia ekialdeko kulturetan, berriz, barrua eta azala jaten dituzte, biak egosita edo erreta. Bananak B6 bitamina eta potasioa eskuratzeko iturri baliotsu dira.
Ekonomia
aldatuBananondoa 107 herrialdetan landatzen da[15]. Banana mota guztietatik, Hego Euskal Herrian, batzuetan, Kanarietan lantzen den aldaera beste guztietatik bereizten da (gaztelaniaz, «plátano»), baina, izatez, fruitu bera da. Munduko beste leku batzuetan, bi mota bereizten dituzte: banana, azkenburuko gisa gordinik jaten den fruitu gozoa, eta platanoa, zurrunagoa den, almidoi gehiago duen eta gehienetan egosirik jaten den fruitua.
Eragina osasunean
aldatuBanana baten dosi baliokidea (ingelesez: Banana Equivalent Dose edo BED) banana bakarra irenstean jasotako erradiazio-dosia da[16][17]. Energia nuklearraren defendatzaileek noizbehinka erabiltzen duten kontzeptu bat da, banana arrunt batek sortutako erradiazioarekiko esposizioa konparatuz erradiazioaren arriskuen ideia bat emateko.
Zenbait elikagai, berez, erradioaktiboak dira, eta bananak, bereziki, potasioan aberatsak direlako. Potasioak % 0,0117 potasio-40 (K-40 isotopoa) du, eta erradioaktiboa da. Instalazio nuklearren erradiazio-ihesak oso unitate txikietan neurtzen dira (ohikoa da becquereletan egitea). Arrazoi horien ondoriozko banana baten dosi baliokidearekiko esposizioa alderatuz gero, benetako arriskuen ebaluazio errealistagoa lor daiteke.
150 gramo inguruko banana arrunt batean, 600 mg potasio daude (396 mg 100 gramo bakoitzeko), 0,070 mg potasio erradioaktibo dituena (18,5 becquerel). Banana arruntaren batez besteko profil erradiologikoa, beraz, 120,37 becquerel da kilogramoko. 365 platanoren dosi baliokidea (urtebetean egunero bat) 0,036 mSv-koa da urtebetean. Konparazioz, Lurreko erradiazio naturala 2,4 mSv-koa da urtean[18], eta, beraz, Lur planetan urtebetez bizitzeak erradiazio-xurgapen bat adierazten du, egunero platano bat urtebetez jatea baino 60 aldiz handiagoa.
Bananak «material erradioaktibo legitimotzat» hartzen dira; izan ere, zeramika eta katuentzako harea gisako merkantziekin batera, Ameriketako Estatu Batuetako portuetako eta aduanetako erradiazio sentsoreetan (material nuklearraren balizko kontrabandoa detektatzeko) alarma faltsuak saltarazteko erabiltzen direnak bezain erradioaktiboak dira[19].
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Plátano | Definición de Plátano en Español de Lexico» web.archive.org 2020-04-22 (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ «Banana | Definición de Banana por Oxford Dicitionaries en Lexico.com también significado de Banana» web.archive.org 2020-06-07 (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ Organización de las Naciones Unidas para la Alimentación y la Agricultura (FAO) (ed.). «Capítulo 1: Panorama general de la producción y el comercio mundial de banano». Archivado desde el original el 21 de febrero de 2019. Consultado el 5 de septiembre de 2023.
- ↑ Warkentin, J. (2004). Universidad de Manitoba, ed. «How to make a Banana Split» (.doc) (en inglés). Archivado desde el original el 24 de julio de 2014. Consultado el 10 de junio de 2021
- ↑ Simmonds, N. W. (1962). «Where our bananas come from». New Scientist (en inglés) 16 (307): 36–39. ISSN 0262-4079. Consultado el 9 de junio de 2021.
- ↑ Benjamin 2018, 300 orr. .
- ↑ Hyam & Pankhurst 1995, 329 orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Martínez, Gustavo; Pargas, Rafael; Manzanilla, Edwuard. (2012-12). «Orden Zingiberales: las musáceas y su relación con plantas afines» Agronomía Tropical 62 (1-4): 171–178. ISSN 0002-192X. (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ Valmayor 2000, 2-4 orr. .
- ↑ a b «Musa paradisiaca» web.archive.org 2008-09-05 (Noiz kontsultatua: 2024-09-22).
- ↑ Vézina, Anne (23 de julio de 2020). «Sistema de nomenclatura para los bananos cultivados». Promusa. Archivado desde el original el 2 de julio de 2014. Consultado el 5 de julio de 2021.
- ↑ Valmayor 2000, 2-5 orr. .
- ↑ Valmayor, Ramón V.; Jamaluddin, S.H.; Silayoi, B.; Kusumo, S.; Danh, L.D.; Pascua, O.C.; Espino, R.R.C. [2013-01-08]. Banana cultivar names and synonyms in Southeast Asia. Los Baños, Philippines: International Network for Improvement of Banana and Plantain – Asia and the Pacific Office, 2000. ISBN 978-971-91751-2-4
- ↑ Porcher, Michel (19 de julio de 2002). «Sorting Musa names». Universidad de Melbourne (en inglés). Archivado desde el original el 2 de marzo de 2011. Consultado el 5 de julio de 2021
- ↑ (Ingelesez) FAO. Bananas Commodity notes: Final results of the 2003 season, 2004
- ↑ (Ingelesez) «Environmental Health & Safety» University of Nevada, Reno (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ (Ingelesez) «banana dose» Physical Insights (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org 2009-02-05 (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
- ↑ «Nuclear Detection System | Detection Devices for Nuclear and Radiological Materials | NTI» www.nti.org (Noiz kontsultatua: 2020-12-28).
Bibliografia
aldatu- (Ingelesez) Benjamin, Emerson. (2018). Biotechnology for Fruit Crop Improvement. (1.. argitaraldia) Londres: Scientific e-Resource ISBN 9781839471810. OCLC .1045620016.
- (Ingelesez) Hyam, R.; Pankhurst, J.. (1995). Plants and their names : a concise dictionary. Oxford University Press ISBN 0-19-866189-4. OCLC .30026609.
- (Ingelesez) Valmayor, Ramón V.. (2000). Banana cultivar names and synonyms in Southeast Asia. Filipinas: International Network for Improvement of Banana and Plantain – Asia and the Pacific Office ISBN 971-91751-2-5. OCLC .262712516.
- Ayto, John: An A-Z of Food and Drink. Oxford University Press, 2002
- Cheesman, E.E «Classification of the Bananas. III. Critical Notes on Species. c. Musa paradisiaca L. and Musa sapientum L.». Kew Bulletin, 2, núm. 3, 1948. pp. 145–153.
- Koeppel, Dan: Banana: The Fate of the Fruit that Changed the World. ISBN 978-1-59463-038-5.
- Morton, Julia F.: Fruits of warm climates. Miami, Florida, Estats Units: Creative Resource Systems. Any 1987. ISBN 0-9610184-1-0.
- National Genetic Resources Program (ARS, USDA). Germplasm Resources Information Network (GRIN). Arxivat 2015-09-24 a Wayback Machine.
- Stover, R. H.; Simmonds, N. W.: Bananas. Harlow, Longman Scientific & Technical. Any 1987. ISBN 0-582-46357-2.