Fulvia Flaka Banbalia (K.a. 77K.a. 40) I. mendean bizitako emakume erromatarra izan zen. Lehen emakumea izan zen txanpon erromatarretan azaltzen.

Fulvia

matrona (en) Itzuli

Bizitza
JaiotzaAntzinako ErromaK.a. 77
Herrialdea Antzinako Erroma
HeriotzaSizionK.a. 40 (36/37 urte)
Familia
AitaMarcus Fulvius Bambalio
AmaSempronia
Ezkontidea(k)Marko Antonio  (K.a. 44 -  K.a. 38)
Gaius Scribonius Curio (mul) Itzuli  (K.a. 51 -  K.a. 49)
Klodio Pulker  (K.a. 62 -  K.a. 52)
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzaklatina
Jarduerak

Biografia

aldatu

K.a. 77. urtean, Erroman edo Tusculumen, hurbil dauden bi hirietako batean jaio zen Fulvia Flaka Banbalia. Aita Marko Fulvio Banbalio senataria zuen eta ama Senpronia Graka, Grakoen familia boteretsukoa. Ondasunak amaren aldetik zetozkion, beraz, baina ez dirudi anbizio politikoa aitarengandik jaso zuenik, Banbalio izena zalantzatia eta ilauna izateagatik jarri baitzioten[1].

Fulviari buruz Plutarkok esan zuen, “iruteko, josteko edo beste emakumeekin foroan berriketan aritzeko inolako interesik” ez zeukala. Baina, emakumea izanik, boterera iristeko senar bat behar zen. Senarrek politikarako sarbidea jarriko zuten eta Fulviak, sestertzioak[1].

Ezkontza Publio Klodio Pulkerrekin

aldatu

Lehenengo, Publio Klodio Pulker politikari demagogo eta populistarekin ezkondu zen. Julio Zesarren aldean lerratuta, hura Galiara joan zenean hiriburuko boterea Klodioren eskuetan utzi zuen. Errepublikaren azken urte nahasi haietan erromatar boteretsuak oso zatituta zeuden eta Klodiok indarkeria erruz erabili zuen etsaien aurka, nagusiki Marko Tulio Zizeron eta haren jarraitzaileen aurka. Azkenean, indarrez hil zuten K.a. 57. urtean[1].

Ezkontza Kaio Eskribonio Kurionekin

aldatu

Alarguna Kaio Eskribonio Kurionekin ezkondu zen orduan. Eta haren karrera politikoak nabarmen gora egin zuen handik aurrera. Berriro ere Julio Zesarren aldeko jarrera senar-emazteen mesederako izan zen eta Afrikako espedizioaren komandanteburu izendatu zuten Kurion. Parrandan iaioagoa omen zen estrategia militarrean baino, eta Utikan lehorreratu eta berehala hil zuten Fulviaren bigarren senarra[1].

Ezkontza Marko Antoniorekin

aldatu

Marko Antonio hirugarren senarraren eskutik lortu zuen Fulviak eragin politikorik handiena, Oktavio –gerora Augusto enperadorea izango zena– eta Lepidorekin batera triunbiro izendatu baitzuten ezkondu eta urte gutxira. Bien etsai nagusietako bat, Zizeron, hiltzeko agindua eman zuten Triunbiratua osatu eta berehala, K.a. 43. urtean. Diotenez, Fulviak hizlariaren buru moztuari tu egin zion, eta mihia ilean zeraman urezko urkila batez zulatu[1].

Baina senarra EgiptoraKleopatra VII.aren albora– joan zenean, Erroman tirabirak piztu ziren eta Fulviak Oktavioren aurkako kanpaina abiatu zuen. Lau hilabete eskasean Oktaviok mendean hartu zuen eta Sizionera erbesteratu zuen. Han hil zen K.a. 40. urtean, itxuraz, bat-bateko gaixotasun batek jota[1].

Plutarkok zioen Kleopatrak Fulviari eskertu behar ziola Marko Antoniok emakumeei obeditzen ikasi izana. Baina ez Plutarkok ez Fulvia hil eta gero hari buruz idatzi zutenek, ez zuten hura laudorio moduan bota. Fulvia impotentia muliebris zelakoaren paradigma zen: bere burua kontrolatzen ez zuen emakumea, neurririk ez zuena, pasioek menderatua, eta ez gizonezkoek, beharko lukeen bezala, moralki ahula eta makurra[1].

Eta, hala ere, haren eragina metalean grabatuta geratu zen betiko. Fulvia izan zen erromatar txanponetan agertu zen lehen emakume ez mitologikoa[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g h Nagore Irazustabarrena, Emakume bat txanponaren aurkian, Argia, 2017ko urriaren 08a