Irakite-puntu
Likido baten irakite-puntua likidoaren lurrun-presioa eta inguruneko presioa berdina izateko likidoak izan behar duen tenperatura da. Beste modu batera esanda, materia egoera likidotik egoera gaseosora igarotzeko erdietsi behar den tenperatura da.
Hutsean dagoen likido baten irakite-puntua, presio atmosferikoaren pean dagoenean baino baxuagoa da. Era berean, giro-presioa altuagoa bada, irakite-puntua ere altuagoa izango da. Beraz, likido bakoitzaren irakite-puntua aldatu egiten da presioa aldatu ahala. Likido baten irakite-puntu normala (irakite-puntu atmosferikoa ere deitzen dena) aurrekoaren kasu berezi bat besterik ez da: itsas mailan dagoen presioaren pean (alegia, atmosfera 1 edo 760 mmHg), giro-presioa eta likidoaren lurrun-presioa berdinak direnean gertatzen da.
Irakite-puntura iristean, molekula gehienek likidoaren gainazal-tentsioa hausteko aski energia daukate. Irakitea gertatzen denean, tenperatura konstantea da, energia-ekarpen handiagoen ondorioa molekula gehiagok ihes egitea baita (ez tenperatura igotzea).
Likido bat irakite-puntutik gora berotu daiteke likidoan asaldurarik ez dagoenean, esaterako ura ontzi leun batean berotzen denean mikrouhin labe batean. Modu horretan gainberotutako likido batean asaldura txiki bat eragiten bada, irakite lehergarria gerta daiteke.
Likido ase bat lurrun bihurtzeko behar den bero-kantitateari lurruntze-bero deritzo.
Likidoak irakite-puntuaren azpitik ere lurrun bihur daitezke, lurruntze deritzon prozesuaren bitartez. Lurruntzea gainazaleko fenomeno bat da; bertan, gas/likido azaleratik hurbil dauden molekulak lurrun-fasera ihes egiten dute. Bestalde, irakitean likidoaren edozein tokitan dauden molekulak egiten dute ihes, likido barruan burbuilak sortuz.
Zenbait substantziaren irakite-puntuak
aldatu- Nitrogenoa: -196 °C
- Oxigenoa: -183 °C
- Ura: 100 °C
- Merkurioa: 357 °C
- Aluminioa: 2.060 °C