José Ignacio Javier Oriol Encarnación de Espronceda y Delgado (Pajares de la Vega, Almendralejo ondoan (Badajoz), 1808ko martxoaren 25a - Madril, 1842ko maiatzaren 23a) idazle erromantiko emankorra izan zen, XIX. mendeko literatura espainiarraren garrantzitsuenetarikoa.

José de Espronceda

Bizitza
JaiotzaAlmendralejo1808ko martxoaren 25a
Herrialdea Espainia
HeriotzaMadril1842ko maiatzaren 23a (34 urte)
Hobiratze lekuaSan Justoren hilerria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, poeta eta idazlea
Mugimenduaerromantizismoa
Genero artistikoalyricism (en) Itzuli

Musicbrainz: 4819df59-837e-4eea-b492-055fdba78b12 Find a Grave: 7291294 Edit the value on Wikidata

Biografia

aldatu

José de Espronceda Pajares de la Vegan jaio zen 1808an, Almendralejotik gertu (Badajoz). Nafar jatorriko familia batekoa zen, zeinak Tafallako Martinez Esprontzedatarren etxean zuen jatorria[1].

Madrilgo San Mateo ikastetxean ikasi zuen eta Alberto Lista izan zuen irakasle. 15 urte zituen Los Numantinos (1823-1825) elkartea sortu zuenean lagun zituen Ventura de la Vega eta Patricio de la Escosurarekin batera. Hirurteko Liberalaren bukaeran, Rafael del Riegoren heriotzaren mendeku egin nahi izan omen zuten.

1823an, Mirto akademia sortu zuen Albero Listaren beste ikasle batzuekin batera eta itxia zegoen Listaren Libre de San Mateo ikastetxearen irakasgaiekin jarraitzea zuten helburu.

Salaketa batzuk medio, 1825ean, Guadalajarako monasterio batera deserriratu zuten 5 urtez. Gero, Alemania, Belgika, Herbehereak, Frantzia eta Ingalaterra bisitatu zituen eta, bere lagun askok bezala, 1830eko iraultza liberaletan hartu zuen parte.

Teresa Mancharekin maitemindu zen, erbesteratuta zegoen Epifanio Mancha koronel liberalaren alabarekin, baina, aitak agindu bezala, Teresa Guillermo del Amo negozio-gizonarekin ezkondu zitzaion. Hala ere, 1833an Parisen elkartu ziren berriro eta Espainiara itzuli ziren, Fernando VII.a hil zenean amnistia etorri baitzitzaien liberalei. 1838an, Teresak alde egin zion eta berehala hil zen.

Handik aurrera, Espronceda politikan eta kazetaritzan murgildu zen. Milizia Nazionalean sartu zen eta Madrileko Ehiztarien Konpainian lehen teniente izatera iritsi zen. 1841ean, Den Haagko delegazio espainiarraren idazkari egin zuten eta laster Almeriako diputatu progresista. 1842an, Gorte Orokorretarako aukeratu zuten progresisten ordezkari.

Urte berean, 34 urte zituenean, garrotilloak (difteria) hil zuen eta ez zuen Bernarda de Beruetekin ezkontzeko modurik izan.

Monasterioan egon zen bitartean eta maisu izan zuen Alberto Lista poetaren laguntzaz, El Pelayo idazten hasi zen, baina ez zuen bukatu.

Geroago etorri ziren Sancho Saldaña nobela historikoa edo El castellano de Cuéllar.

1840an, arrakasta handia lortuko zuen olerki bilduma bat idatzi zuen eta plazera, askatasuna, maitasuna, etsipena, heriotza, jaioterria, tristezia, zalantza eta protesta soziala izan ziren gai. El estudiante de Salamanca lana XIX. mendeko poemarik hoberena dela esaten da bere gaian.

Bukatu gabe geratu zitzaion El Diablo Mundo (1841), gizartea eta bere gaiztakerian murgiltzen den gizaki garbi bat erakutsiz; hortxe dago Canto a Teresa, Teresa Manchari dedikatu zizkion amodiozko hitzak.

Poema motzak ugari izan ziren eta Canciones izena eman zien. Ezaguna dugu Canción del pirata, A Jarifa en una orgía, El verdugo, El mendigo, El reo de muerte edo Canción del cosaco. Pertsonaia marjinatuak eta gizartetik at daudenak agertzen zaizkigu eta gizarte gaia garbi-garbi agertzen da lirika espainiarrean. Desesperación poema iluna eta larria ere agertuko da, Esproncedaren adibide garbia.

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: José de Espronceda  
  1. Informazio panela, Altaffaylla elkartea. (). Martinez Esprontzedatarren Etxea eta Armarria. (Noiz kontsultatua: 2021-04-15).