Pangea

superkontinente

Pangea Paleozoikoaren amaieraren eta Mesozoikoaren hasieraren artean izan zen superkontinentearen izena da.[1][2]

Pangea
Motasuperkontinente eta paleokontinente
Geografia
Honen parte daLurra
Ur-gorputzaPantalasa

Pangea Permiar garaian sortu zen eta Jurasikoan hasi zen zatitzen. Zatitze hori Tetis itsasotik hasi zen, eta Laurasia eta Gondwana izeneko bi kontinenteak sortu ziren.

Pangearen garaian itsaso bakarra zegoenː Pantalasa. Kontinentea bitan zatitzen zuen Pangeako Erdialdeko Mendikateak.

Pangea kontzeptuaren jatorria

aldatu

"Pangea" hitza antzinako grezieratik dator: pan (πᾶν: /pâːn/ → 'guztizko, erabateko, oro') eta gaia (Γαῖα: /ɡái̯.a/ → 'ama natura, landa')[3].

 
Alfred Wegener (1924–1930)
 
Alfred Wegener-rek sortutako mapa,

Kontinenteak garai batean lur masa bakar bat osatu izanaren kontzeptua Alfred Wegener meteorologo eta astronomo alemaniarrak proposatu zuen. Kontzeptua 1912ko argitalpen batean agertu zen lehen aldiz, Wegenerrek berak idatzitako Kontinenteen jatorria liburuan. 1915ean bere hipotesiak zabaldu zituen Kontinenteen eta ozeanoen jatorria liburuan. Bertan superkontinente baten existentzia aldarrikatu zuen, "Urkontinent" deiturikoa. Aurrerago, "Pangäa" alemanezko izena eman zion Wegenerrek eta, azkenik, hitza latinizatu egin zen, ezagutzen dugun "Pangea" kontzeptua finkatuz.[4]

Sorrera

aldatu

Dirudienez, superkontinenteen eraketak eta banaketak ziklikoak izan dira historian zehar; hau da, guk ezagutzen dugun Pangea superkontinentea baino lehen beste horrelako asko egon direla uste da, etengabe elkartzen eta apurtzen aritu direnak. Ezagutzen den laugarren kontinente zaharrena, esaterako, duela 2-1,8 milioi urte ingurukoa da, eta Columbia izenez ezagutzen da.[5]

Columbiaren zatiketatik eta ondorengo elkarketatik Rodinia superkontinentea eratu zen. Rodiniaren zatiketa duela 750 milioi urte gertatu bide zen eta amaieran Pannotia superkontinentea osatu bide zen. Duela 540 milioi urtera arte iraun zuen superkontinente horrek, Kanbriar garaira arte. Pannotiaren Proto-Laurassia hiru kontinentetan sakabanatu zen: Laurentia, Baltika eta Siberia. Proto-Gondwanatik Avalonia mikrokontinentea bereizi zen eta Laurentiaranzko norabidea hartu zen. Azkenean, Laurentia, Baltika, Siberia eta Avaloniak talka egin eta Euramerika edo Laurasia deituriko kontinentea eratu zen. Honakoa Pangearen sorreraren lehenengo urratsa izan zen. Bigarren urratsa, berriz, Gondwana eta Laurassiaren elkarketa izan bide zen.

Era horretan, Proto-Gondwana eta Proto-Laurasia kontinenteen arteko talkaren ondorioz sortua da Pangea. Bi superkontinente horiek Ordoviziar garaikoak direla kalkulatzen da, Paleozoikoaren bigarren aldikoak, hain zuzen ere. Esan bezala, Pangea Paleozoikoaren amaieran sortu zenez, esan daiteke Protogondwana eta Laurassia ia 3 milioi urtez aritu zirela mugitzen litosferan zehar, harik eta elkarrekin talka egin eta Pangea sortu zen arte.

Banaketa

aldatu
 
Pangearen mapa, gaur egungo kontinenteekin.

Pangearen desintegrazioa hiru aldi garrantzitsutan izan zen. Lehenengo aldia, garai Jurasikoaren hasiera-erdialdean hasi zen (duela 175 milioi urte), Pangea pitzatzen hasi baitzen Tetis itsasotik (ekialdean zegoena) Ozeano Barera (mendebaldean zegoena). Pitzadura Ipar Amerikaren eta Afrikaren artean gertatu zen, eta pitzadura ugari eragin zituen. Pitzadura horietako bat ozeano bilakatu zen, Ozeano Atlantikoa hain zuzen. Ozeano Atlantikoa ez zen modu uniformean ireki, pitzadura Atlantikoaren ipar-erdialdean hasi baitzen.[6]

Hego Atlantikoa ez zen ireki Kretazeo garaiaren hasierara arte, Laurasia eskuinerantz biratzen hasi zenean, Ipar Amerikarekin batera iparralderantz mugituz, Eurasia hegoaldera mugitzen zen bitartean. Laurasiaren mugimenduak, gainera, geroago Tetis itsasoa itxiaraziko zuen, baita "Sinus Borealis" zabalduko ere, honakoa beranduago Ozeano Artikoa bilakatuz. Bitartean, Afrikaren bestaldean eta Madagaskar, Antartika eta Ekialdeko Afrikaren albo-ertzetan zehar pitzadura berriak eratzen zihoazen, Kretazeo garaian hego-ekialdeko Ozeano Indikoa sorraraziko zutenak.

Pangearen banaketa-prozesuaren bigarren aldi garrantzitsua Kretazeo garaiaren hasieran kokatzen da (duela 150-140 milioi urte inguru), Gondwana superkontinentea lau kontinente txikiagotan zatitu zenean (Afrika, Hego Amerika, India eta Antartika / Australia). Duela 200 bat milioi urte sortutako Tetis fosaren subdukzioak Afrika, India eta Australia iparralderantz mugiarazi bide zituen. Kretazeoaren hasieran, azkenean, Atlantika, egungo Hego Amerika eta Afrika hartzen zituena, ekialdeko Gondwanatik (Antartika, India eta Australia) bereizi zen, eta horrela Hego Ozeano Indikoa sortu zen. Erdi Kretazeo garaian Gondwana zatitu egin zen, hego Ozeano Atlantikoa irekiz, Hego Amerika mendebalderantz mugitzen zihoan bitartean, eta Afrikatik urruntzen. Hego Atlantikoa ez zen modu uniformean garatuː aldiz, kremailera balitz bezala hegoaldetik iparralderantz ireki zen.

Halaber, Madagaskar eta India Antartikatik bereizten hasi ziren, iparranderantz mugituz, eta horrela ozeano Indikoa ireki zen. Madagaskar eta India elkarrengandik banatu ziren duela 100-90 milioi urte Kretazeo garaiaren amaieran. Indiak iparralderantz mugitzen jarraitu zuen Eurasiarantz, urteko 15 zentimetroko abiaduran, eta horrela Tetis itsasoa ixten joan zen. Madagaskar, berriz, gelditu egin zen, Afrikako plakan finkaturik. Zeelanda Berria eta Kaledonia Berria Australiatik ekialderantz mugitzen hasi ziren Ozeano Barerako norabidean, eta horrela Koral itsasoa eta Tasmaniako itsasoa zabaldu ziren. Ordutik, uharte independenteak izan dira.

Pangearen banaketaren hirugarren eta azken aldia garai Zenozoikoaren hasieran izan zen (Paleozenotik Oligozenora). Laurasia zatikatu zenean, Ipar Amerika eta Groenlandia Eurasiatik aldendu ziren, Norvegiako itsasoa irekiz, duela 60-55 milioi urte. Ozeano Indikoak eta Atlantikoak hedatzen jarraitu zuten, Tetis ozeanoa itxiz.

Bitartean, Australia Antartikatik bereizi zen iparralderantz azkar mugituz, Indiak 40 milioi urte lehenago egin zuen eran; gaur egun, Ekialdeko Asiarekin talka egiteko bidean dago. Australia eta India ipar-ekialdeko norabidean mugitzen ari dira egun, urteko 5-6 zentimetroko abiaduran. Antartika hego polotik oso gertu izan da Pangearen sorreratik (duela 280 milioi urte). India Asiarekin talka egiten hasi zen duela 35 milioi urte, eta horrek Himalaia orogenia sorrarazi zuen eta azkenean Tetis itsasoa itxiarazi zuen; talka horrek oraindik jarraitzen du. Afrikar plaka bere norabidea aldatzen hasi zen, mendebaletik ipar-mendebalera Europarantz. Aldi berean, Hego Amerikak iparralderanzko norabidea hartu zuen, Antartikatik bereizi zen eta, horrela, Antartikaren inguruko zirkulazio ozeaniko osoa bideratu zen. Horrek, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioaren jaitsierarekin batera, kontinentearen berehalako hozketa eta glaziarren eraketa eragin zuen.

Zenozoiko garaian, beste gertaera garrantzitsu batzuk ere izan ziren, hala nola, Kaliforniako golkoaren irekiera, Alpeen altxatzea eta Japoniako itsasoaren irekiera. Pangearen banaketak egun jarraitzen du Afrikako ekialdeko pitzaduran; gainera, gertatzen ari diren talkek baliteke superkontinente berri baten eraketa adieraztea.[7]

Kontinenteen jitoa

aldatu

Alfred Wegener zientzialari alemaniarrak Kontinenteen jitoaren teoria proposatu zuen 1912an, eta historian zehar izan den eztabaida geologiko handienetako bat piztea lortu zuen teoria horrekin. Wegenerren behaketen arabera, gaur egungo kontinenteak garairen batean elkartuta egon bide ziren; eta guk ezagutzen dugun kontinenteen antolamendua hasierako plaka horren hausturaren ondorio bide da.

Hasierako ustezko superkontinente horri Pangea deitu zion, eta horren inguruan zegoen ozeano handiari, Panthalasa. Pangearen haustura eta ondorioz sortutako kontinenteen mugimendua azaltzen ere saiatu zen Wegener, baina garai hartan oso zaila zen ulertzea nola mugi zitezkeen hain masa zurrun eta handiak, eta oso kritikatua izan zen. Azkenik, teoria 60ko hamarkadan onartu zuten, Wegener hil eta hainbat urtetara. Dena den, bizirik iraun zuen bitartean kritikei entzungor egin eta bere teoriaren aldeko frogak bildu zituen, haren oinarriak zehaztearren: froga geografikoak, geologikoak, paleoklimatikoak eta paleontologikoak.

Froga geografikoak

aldatu

Egungo kontinente ertzen arteko osagarritasunean oinarritzen da. Esaterako, Atlantikoko kostaldeen arteko osagarritasuna: Hego Amerikak eta Afrikak puzzle baten piezen antzera elkartu daitezke. Hala ere, froga hori ez zen onartua izan, zientzialari askok prozesu geologiko baten ondorioa izan beharrean, kasualitatea zela esan baitzuten (aipatutako osagarritasuna guztiz perfektua ez zela eta).

Froga geologikoak

aldatu

Kontinente ertzen osagarritasun fisikoaz gain, Wegenerrek froga geologikoak ere bildu zituen. Aipatutako kontinente osagarrietan, gaur egun elkarrengandik urrun egon arren, ezaugarri bereko harri formazioak zeudela jabetu zen: harri mota bera, antzeko egitura edo antzeko adina. Adibidez, Afrikako eta Brasilgo gneis plataformak bat etortzea; edo Hegoafrikako hainbat mendiren jarraipena Argentinan (Buenos Aires) egotea.

 
Froga palontologikoak

Froga paleoklimatikoak

aldatu

Harri jakin batzuek klima zehatz bat behar dute eratuak izateko. Beraz, eskualde batean dagoen harri batek behar duen klima ez dator bat gaur egungo kokapen geografikoarekin. Honen adibide izan daiteke Hegoafrikan tillitak (klima glaziarretan eratzen direnak) aurkitu izana. Honek adierazten du harria latitude ezberdin batean zegoela, bederen harria sortutako periodo geologikoan. Beraz, harri hori bere kabuz mugitu ez denez, dirudiena da kontinenteen desplazamendua gertatu izan dela.

Froga paleontologikoak

aldatu

Kontinente ezberdinetan organismo berdinaren fosilak aurkitu izana ere froga garrantzitsua izan zen Wegenerren teoriarentzat. Izan ere, organismo jakin baten ezaugarriak zirela eta, ezinezkoa zen bi kontinente banatzen zituen ozeano handiak zeharkatu izana, ur azpitik zein airetik. Mesosaurus anfibioaren fosilak, besteak beste, Hegoafrikan eta Hegoamerikan aurkitu dira, baina espezie txiki honentzat ezinezkoa zen ozeano zabal horiek zeharkatzea, ez baitzuen hegan egiteko gaitasunik, ezta distantzia handietan igeri egiteko gaitasunik ere.[8]

Wegenerren teoria

aldatu

Wegenerrek postulatutako kontinenteen jitoa hainbat frogen bidez dago osatuta, non frogatu zuen litosfera kontinentala mugitu egiten dela, eta hasiera batean gaur ezagutzen ditugun kontinenteek bat egiten zutela, Pangea superkontinentea osatuz. Hala ere, Wegenerrek postulatutako teoria ez zen berea izan. Izan ere, teoria hau lehen aldiz 1908an postulatua izan zen, Frank Bursley Taylor izeneko geologo estatubatuarrak, hain zuzen. 

Taylor akademikoki oso ondo prestaturik zegoen, eta baliabide ugari zituen. Hori zela eta, ikerketa ugari egin ahal izan zituen. Taylorrek ikusi zuenean Afrikak eta Hego Amerikak antzeko forma zutela, eta elkartuz gero bat egiten zutela, deduzitu zuen beste garai batzuetan kontinenteak mugimenduan egon zirela. Horrez gain, azaldu zuen kontinenteen talkak planetako mendikateak sortu ahal izan zituela. Hala ere, Taylorrek ezin izan zituen gertaera hauek frogatu, eta ideia hau oso bitxia zela kontsideratu zen onartua izateko.

Honen ondoren, Alfred Wegener izeneko meteorologo alemanak Taylorren ideia hartu zuen, eta honetaz jabetu zen. Wegenerrek hainbat landare eta fosil aztertu zituen, eta ikusi zuen espezie berdinaren fosilak ozeanoen aurkako itsasertzetan agertzen zirela. Honela, teoria bat lantzen hasi zen, esaten zuena hasiera batean kontinente guztiek bat egiten zutela, superkontinente bat osatuz. Honi Pangea deitu zion. Teoria hau Die Entstehung der Kontinente und Ozeane (The Origin of Continents and Oceans ingelesez) liburuan jaso zuen, 1912an publikatu zena alemanieraz.

Beraz, kontinenteak mugitzen zirenaren ideia ez zen Wegenerrena izan, Taylorrena baizik. Wegenerrek mugitze horren frogak bakarrik eman zituen.[9]

Pangea eta aldaketa klimatikoa

aldatu

Ikerketa batean, jakin izan da Pangea superkontinentearen sorrerak eragina izan duela gaur egungo ingurugiroan. Izan ere, Pangearen sorrerak garai hartako uretako espezieen % 90-95 desagerrarazi zuela pentsatzen da, bai eta lurreko espezieen % 70 ere. Gertaera horren eragile nagusia aktibitate bolkaniko ikaragarria izan zen, kontinente guztiek bat egin zutenean izugarrizko aktibitate geologikoa eragin zuelako, eta horren ondorioz karbono dioxido kantitate handia askatu zen atmosferan, bai eta beste hainbat sustantzia ere. Askatutako karbono dioxido horrek berotegi efektua bultzatu zuen nabarmen, eta honek gaur egungo berotze globala sorrarazi zuen.

Pangearen garaian, litosfera kontinentalaren dentsitatea handiagoa zen kontinente bakoitzak bananduta zuena baino. Ondorioz, kontinente guztiak elkarrekin zeudenean, eta ozeanoa bakarra zenean (Panthalassa), diferentzia oso nabarmena zen ozeanoaren sakontasunaren eta kontinentearen altitudearen artean. Horrek eragin handia izan zuen Lurraren kliman.[10]

Erreferentziak

aldatu
  1. Egoitz, Etxebeste Aduriz. (2007-02-01). «...eta plaka-tektonika hasi zen» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
  2. Zientzia, Elhuyar. (2000-12-01). «250 milio urte barru berriz oinez Europatik Ameriketara» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).
  3. (Ingelesez) «Pangaea» Online Etymology Dictionary.
  4. (Frantsesez) Pangée. 2017-11-23 (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).
  5. Zhao, Guochun; Cawood, Peter A; Wilde, Simon A; Sun, Min. «Review of global 2.1–1.8 Ga orogens: implications for a pre-Rodinia supercontinent» Earth-Science Reviews 59 (1-4): 125–162.  doi:10.1016/s0012-8252(02)00073-9. (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).
  6. Zeeya., Merali,. (2009). Visualizing earth science. John Wiley & Sons ISBN 047174705X..
  7. DeConto, Robert M.; Pollard, David. (2003-01-16). «Rapid Cenozoic glaciation of Antarctica induced by declining atmospheric CO2» Nature 421 (6920): 245–249.  doi:10.1038/nature01290. ISSN 0028-0836. PMID 12529638. (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).
  8. Biologia, geologia 1 : Batxilergoa. Elkar D.L. 2013 ISBN 8483319721..
  9. 1951-, Bryson, Bill,. (2011). Una breve historia de casi todo. (15ª ed. argitaraldia) RBA ISBN 9788498678024..
  10. (Gaztelaniaz) «Relación entre la formación del supercontinente Pangea y la peor extinción masiva en la Tierra — Noticias de la Ciencia y la Tecnología (Amazings® / NCYT®)» Noticias de la Ciencia y la Tecnología (Amazings® / NCYT®) (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu


  1. Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2021-11-12). «'Pangea' kantu eta bideoklipa kaleratu du Mugan talde donostiarrak» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2022-10-24).