Pinguino
Pinguinoak itsas hegaztiak dira[1], Spheniscidae familiakoak. Batez ere Hego Hemisferioan bizi dira, baina Spheniscus mendiculus espeziea Ekuatoretik iparraldera bizi da, Galapagoetan. Uretan bizitzeko egokitzapen handia dute, orokorrean luma zuri-beltz kontrastatuak izaten dituzte eta euren hegalak igeri egiteko eboluzionatu dute. Gehienek krilla, arrainak eta txipiroiak jaten dituzte, baita ur-azpian jaten ari direnean ehizatzen dituzten beste espezie batzuk. Bizitzaren erdia lehorrean eta beste erdia itsasoan ematen dute, gutxi gorabehera.
Pinguino | |
---|---|
Paleozeno-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Sphenisciformes |
Familia | Spheniscidae |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | bipedismo |
Kolorea | beltz, zuri eta laranja |
Antartikarekin lotzen badira ere, espezie gutxi dira klima hotzetara moldatuta daudenak, eta asko klima epelagoetan bizi dira, baita Ekuatore inguruan ere.
Pinguinoek tamaina desberdina izaten dute espeziearen arabera: 30 cm eta 110 cm artekoa da. Handiena Aptenodytes forsteri espeziea da, inoiz 35 kilogramo arteko pisua baitu[2]. Txikiena Eudyptula minor espeziea da, 40 zentimetroko altuera eta kilogramo bateko pisua duena. Orokorrean, Bergmannen araua betetzen dute eta txikienak gune beroetan eta handienak gune hotzetan bizi ohi dira. Hegaztion mokoa oso sendoa da eta gorputzaren estalgarri hotzetik babesten dituen gantz-geruza lodia dute eta beste hegaztietan ez bezala alde biluzirik uzten ez duten lumak dituzte. Isatsa motza eta zurruna du eta hankak oso atzean ditu, sabelean, uretan hobeto mugitzeko.
Taxonomia eta eboluzioa
aldatuPinguinoen artean, hemezortzi bat mota bereizten dira[3], baina sailkapenen arabera, hamazazpi edo hogei artean izan daitezke. Egun diren espezie guztiak Speniscinae azpifamilian sailkatzen dira. Sailkapen batzuetan Eudyptula minor azpiespezie bat da eta, beste batzuetan, espezie izaera du[4]. Hala ere, sailkapena uste den baino korapilatsuagoa da kasu horretan[5]. Era berean, ez dago argi Eudyptes schlegeli Eudyptes chrysolophus espeziearen kolore barietate bat ote den. Eudyptes chrysocome edo pinguino saltaria ere hiru espezie izan daitezke.
Espezieak
aldatuPinguino espezierik aipagarrienak honako hauek dira:
- Pinguino txikia (Pygoscelis papua). Txikiena da, 35 zentimetro inguru garai izaten da. Lepoa, bizkarra eta hegoak beltzak izaten ditu eta bular-sabelak, berriz, zuriak.
- Pinguino mottoduna (Eudyptes sp.). 60 zentimetro garai eta buruaren alde banatara luma horiko bi moto ditu. Negua itsasoan ematen du.
- Pinguino handia (Aptenodytes sp.). 110 zentimetro inguru garai izaten da eta bizkarraldea beltza eta sabelaldea zuriak ditu. Moko luze mehea eta punta-oker samarra du. Hegoburuko izoztegietan ematen du bizitzaren parterik handiena, baina itsasora irtenda, arrantzan eta izotzetan egon behar duen denboraldirako gizentzen ere hilabete batzuk igarotzen ditu. Arrainak eta soinberak jaten ditu batez ere.
- Pinguino enperadorea (Spheniscus sp.). Pinguino mota handiena eta ezagunena da. 120 zentimetro inguru izaten da. Arrak inkubatzen du emeak erruten duen arrautza bakarra, hanken gainean jarri eta sabelaldean duen larru-tolesturarekin estalita. Inkubazioak bi hilabete dirau neguan, eta garai hartan milaka kide elkartzen dira kolonietan barrualdean, kostatik oso urrun.
1844ko uztailaren 3a azken pinguino handien bikotea hil zuten: horrenbestez, Pinguinus generoa betiko galdu zen.
Sailkapen hori egin ohi da egun diren pinguino espezieekin[6][7]:
-
Eudyptula albosignata (behin-behinekoa)
-
Eudyptes schlegeli (eztabaidatua)
Taxoi iraungiak
aldatuAzken mendeetan galdutako Eudyptes chathamensis[8] eta Megadyptes waitaha[9] espezieez gain, badira beste hainbat taxoi fosil. Taxoi guztiak Sphenisciformes ordenean sailkatzen dira, baina batzuen sailkapen zehatzagoa zaila da. Horregatik sustrai talde bat ere egiten da.
Talde basala eta sailkatu gabeko taxoiak:
Spheniscidae familia
- Palaeeudyptinae subfamilia
- Crossvallia
- Anthropornis
- Icadyptes
- Palaeeudyptes, polifiletikoa
- Pachydyptes
- Anthropodyptes, baliteke familia honetakoa ez izatea
- Paraptenodytinae subfamilia
- Palaeospheniscinae subfamilia
Eboluzioa
aldatuPinguinoen eboluzioa eremu ondo ikertua da, eta eboluzio-biogeografiaren adibide gisa aurkeztu ohi da; haien hezurren tamainak oso aldakorrak dira, espezieen arabera, oso espezimen gutxi ezagutzen dira oso ondo kontserbaturik daudenak eta alfa-taxonomia oraindik ere ez dago guztiz ezarria. 2005etik hona, pinguinoen aurrehistoriari buruzko artikulu garrantzitsuak argitaratu dira; egun bizi diren generoen eboluzioa ondo ezaguna da[3][10][11][12].
Pinguino basalak Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboaren inguruan bizi izan ziren Zeelanda Berria eta Antartikako Marie Byrd Lurraldearen inguruan[3]. Plaken tektonika dela eta, eremuon artean 1.500 kilometro inguru zeuden garai hartan, ez egungo 4.000 kilometroak. Pinguinoen eta euren klado-ahizparen azken arbaso komuna orain dela 70-68 milioi urte bizi izan zen, Campaniar-Maastrichtiar mugan[10][12].
Bizimodua
aldatu- Mugimendua: lehorrekoak eta uretakoak.
- Lehorrean, pinguinoak dilin-dalan ibiltzen dira, baldar samar askotan. Uretan, ordea, hegatsei eta gorputzaren indarrari esker, abilezia handiz egiten dute igerian, orduko 40 kilometroko abiadura lortzeraino[13].
- Antartika inguratzen duten irletan aurki ditzakegun pinguino enperadoeak 300.000 espezimen eta gehiagoko kolonietan bizi dira eta, hala ere, nahas-mahas horren guztiaren barnean senitartekoek elkar topo egiten dute. Pinguino bakoitzak gizakien hatz-marken antzera, berari bakarrik dagokion kantu berezia du: maiztasun finkoz errepikatzen dituen zenbait silaba. Antza denez, senitarteko diren pinguinoak kantuaren % 6 bakarrik entzunda ere elkar ezagutzeko gai dira. Harrigarria dirudien gaitasun hori guztiz beharrezkoa dute pinguino erregeek, habiarik egiten ez dutenez, koloniaren barnean kokatzean ez baitute inolako erreferentziarik. Gai horren inguruan egindako ikerketen arabera, pinguino kumeak gai dira 15 m-ra duten amaren deia bereizteko, beste 300.000 lagunen eta haizearen burrunbaren gainetik.[14]
Elikadura
aldatuZefalopodoz, krustazeoz eta arrain txikiz elikatzen dira, uretan trebezia handiz murgilduta harrapatzen baitituzte[15]. Elikaduraren bila dabiltzanean eta batzuetan umeak hazteko garaian, bidaia luzeak egin beharrean daude. Oso animalia taldekoiak dira, batez ere umeak hazteko garaian, kolonia handitan biltzen direlarik[16].
Ugalketa
aldatuGehienek, harri txikiz, algaz eta belarrez egindako zuloetan egiten dute habia, eta han bi arrautza eta inoiz hiru erruten dituzte. Espezie handienak, ordea, salbuespen dira: Enperadore motakoak arrautza bakarra egiten du, gero arrak hatu eta hankekin eta sabeleko tolestura handi batekin egindako "poltsa" batean inkubatzen duelarik. Arrautza errun ondoren, emea itsasora joaten da bi hilabeterako eta denboraldi guzti honetan arra arrautza inkubatzen egongo da ezertxo ere jan gabe, -40 ºC-ko tenperaturak jasanez eta baita elur-erauntsi izugarriak ere. Denboraldi hau igaro ondoren, emeak itzuli eta arrautzaren ardura hartzen dute.
Bizilekua
aldatuPinguinoen espezie guztiak Hegoburuaren inguruko eskualde zabal batean bizi dira. Espezie batzuk, ordea, hala Galapagoetako pinguinoa, Ekuatorearen pareraino irits daitezke. Pinguino Enperadorea eta Adeliako pinguinoa bakarrik dira, kontinente Antartikoan soil-soilik bizi direnak.
Pinguino ospetsuak
aldatu- Linux sistema eragileak pinguino baten irudia (Tux) maskota ofizial gisa hartu du, Penguin Adventureren protagonista MSXen maskota izan zen bezala.[17]
- Pingu, plastilinaz egindako haurrentzako animazio-serie bateko protagonista.
- Madagascar animazio-filmekoak eta Penguins of Madagascar jarraipenekoak.
- Gunter pinguinoa, Abentura-ordua animazio-seriekoa.
- Nils Olav, maskota eta Norvegiako Guardia Errealeko koronel burua. Edinburgoko zoologikoan bizi da, Eskozian.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Acosta Hospitaleche, Carolina (2004): "Los pingüinos (Aves, Sphenisciformes) fósiles de Patagonia. Sistemática, biogeografía y evolución". Universidad Nacional de La Plata. La Plata, Argentina
- ↑ DK.. (2016). Animal!.. DK Publishing ISBN 9781465459008..
- ↑ a b c (Ingelesez) T., Ksepka, Daniel; Sara, Bertelli,; P., Giannini, Norberto. «The phylogeny of the living and fossil Sphenisciformes (penguins)» Cladistics 22 (5) ISSN 0748-3007. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ S., Davis, Lloyd. (2003). Penguins. Yale University Press ISBN 0713665505..
- ↑ (Ingelesez) An unexpected pattern of molecular divergence within the blue penguin (Eudyptula minor) complex - Free Download PDF. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ (Gaztelaniaz) Carolina, Acosta Hospitaleche,. (2005-04-01). Los pingüinos (Aves: sphenisciformes) fósiles de Patagonia. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ Ksepka, Daniel T.; Bertelli, Sara; Giannini, Norberto P.. «The phylogeny of the living and fossil Sphenisciformes (penguins)» Cladistics 22 (5): 412–441. doi: ..
- ↑ Thiebot, Jean-Baptiste; Cherel, Yves; Crawford, Robert J. M.; Makhado, Azwianewi B.; Trathan, Philip N.; Pinaud, David; Bost, Charles-André. (2013-08-02). «A Space Oddity: Geographic and Specific Modulation of Migration in Eudyptes Penguins» PLOS ONE 8 (8): e71429. doi: . ISSN 1932-6203. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ «Researchers stumble upon new penguin species» Reuters Thu Nov 20 06:49:44 UTC 2008 (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ a b (Ingelesez) Baker, Allan J.; Pereira, Sergio Luiz; Haddrath, Oliver P.; Edge, Kerri-Anne. (2006-01-07). «Multiple gene evidence for expansion of extant penguins out of Antarctica due to global cooling» Proceedings of the Royal Society of London B: Biological Sciences 273 (1582): 11–17. doi: . ISSN 0962-8452. PMID 16519228. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ Bertelli, Sara; Giannini, Norberto P.. «A phylogeny of extant penguins (Aves: Sphenisciformes) combining morphology and mitochondrial sequences» Cladistics 21 (3): 209–239. doi: ..
- ↑ a b (Ingelesez) Slack, Kerryn E.; Jones, Craig M.; Ando, Tatsuro; Harrison, G. L.(Abby); Fordyce, R. Ewan; Arnason, Ulfur; Penny, David. (2006-06-01). «Early Penguin Fossils, Plus Mitochondrial Genomes, Calibrate Avian Evolution» Molecular Biology and Evolution 23 (6): 1144–1155. doi: . ISSN 0737-4038. (Noiz kontsultatua: 2018-01-20).
- ↑ Davis; Lloyd S. & Renner; M. (1995). "Penguins". Londres: T & A D Poyser. ISBN 0-7136-6550-5
- ↑ Carton Viurto, Eider. (1999). Pringuino erregean kantua. Elhuyar Fundazioa.
- ↑ Williams; Tony D. (1995). "The Penguins - Spheniscidae". Oxford: Oxford University Press. ISBN 0-19-854667-X
- ↑ Jouventin, P; Aubin, T. & T Lengagne (1999) "Finding a parent in a king penguin colony: the acoustic system of individual recognition" Animal Behaviour 57: 1175–1183. orr.
- ↑ Waliño, Josu. (2000). https://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/pinguino-euskalduna/. Ehuyar Fundazioa.
Bibliografia
aldatu- Williams; Tony D. (1995). The Penguins – Spheniscidae. Oxford: Oxford University Press. {{ISBN|978-0-19-854667-2}}.
Kanpo loturak
aldatuWikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Sphenisciformes |