Rube Goldberg makina nahita diseinatutako mekanismo konplikatu bat da, baina helburu gisa egiteko erraz bat erdiestea helburu duena.

Rube Goldbergek irudikatu eta marraztutako makina bat, mukizapi automatikoa.
Ingeniaritza ikasleek egindako laranja-zukua egiteko makina.

Makinak osagai sinplez egon ohi dira osatuta, eta osagai bakoitzak domino efektu moduko bat eragiten du mekanismoaren hurrengo osagaian, urratsez urrats, kate-erreakzio berezi baten eran, azken emaitza lortzeko.

Jatorria komikigintzan

aldatu

Makina mota honek Rube Goldberg marrazkilari estatubatuarraren komiki batzuei zor die izena. Eguneroko bizitzako egiteko sinpleak irudikatzeko mekanismo absurdoki konplexuak marrazten zituen Goldbergek.

Espainian, TBO komiki-aldizkarian, Inventos del TBO, zenbait marrazkilari desberdinek aplikatu zuten ideia bera, eta "asmakizunak" Kopenhageko "Professor Franz" delako batek egiten zituela esaten zuten[1].

Benetan eraikitakoak

aldatu

Komikietako makina teorikoetatik haratago, konplexutasun desberdineko Goldberg makinak eraiki egin dira 20. eta 21. mendeetan zehar, eta prozesua filmean edo bideoz grabatzeko aukera dagoen unetik, are gehiago biderkatu dira saiakerak[1].

Halako makinak sortu eta grabaketak egiteko zioak anitzak izan daitezke:

  • Denborapasa hutsa.
  • Ikuskizun didaktiko edo entretenigarri bat ematea. Sesame Street haurrentzako telebista saioan Kermit igelak "Zer gertatuko da hurrengo" atalak egin ohi zituen[2]. Entretenimenduko telebista programa askotan egin izan dira atal eta sketch-ak makina hauekin, El Hormiguero telebista saio-espainiarren egin izan duten El Efecto Mariposa atala[3] (nahiz eta, berez, tximeleta efektua beste gauza bat den).
  • Ingenieritza eskoletan ikasleen arteko lehia eta asmamena sustatzea[4].
  • Asmo artistikoa: Tim Hawkinson artistaren zenbait lan, adibidez[5].
  • Sustapen edo marketin asmoren bat: OK Go musika taldeak Rube Goldberg makina konplexuak eraiki izan ditu bere musika bideoak sustatzeko[6][7]; eta Youtuber zenbaitek ere beren bideoen ikuskatzeak handitzeko egiten dituzte, adibidez Joseph's Machines kanalean[8]. Publizitatean, Honda auto-etxeak iragarki ospetsu bat egin zuen 2003an[9].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «Rube Goldberg makina harrigarri horiek» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-16).
  2. Sesame Street. (2010-08-06). Sesame Street: What Happens Next Machine. (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  3. Antena 3. (2013-04-30). El Hormiguero - Efecto mariposa a lo bestia. (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  4. (Ingelesez) «FAT Chain Reaction | MIT Museum» mitmuseum.mit.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  5. (Ingelesez) «Chain Reaction Br Rube Goldberg And Contemporary Art - Tang Museum» Tang Museum (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  6. OK Go. (2010-03-01). OK Go - This Too Shall Pass - Rube Goldberg Machine - Official Video. (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  7. OK Go. (2012-02-05). OK Go - Needing/Getting - Official Video. (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  8. «Joseph's Machines» YouTube (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).
  9. amadaras. (2012-04-11). Honda The Cog HD. (Noiz kontsultatua: 2018-05-10).

Kanpo estekak

aldatu