Tormesko itsumutila
Tormesko itsumutila (jatorrizkoan El Lazarillo de Tormes edo berez La vida de Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades) egile ezezaguneko gaztelaniazko eleberria da, edizio ezagunik zaharrena 1554koa duena. Eleberri pikareskoaren adibide bikaina da. Salamancako ume baten bizitza kontatzen du egileak lehenengo pertsonan, haurtzarotik ezkontza arte. Inkisizioak debekatua izan zuen hainbat hamarkadaz.
Tormesko itsumutila | |
---|---|
Liburuaren azala. | |
Datuak | |
Idazlea | ezezaguna (1554) |
Argitaratze-data | 1554 |
Generoa | Eleberri pikareskoa |
Jatorrizko izenburua | La vida de Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades |
Hizkuntza | Gaztelania |
Herrialdea | Espainia |
Euskaraz | |
Izenburua | Tormesko itsumutila |
Itzultzailea | Nikolas Ormaetxea |
Argitaratze-data | 1929 |
Juan Bautista Brasategiren zuzendaritzapean, Lotura Films enpresak 2012an marrazki-bizidunetako film luze bat egin zuten ETB eta Canal Sur telebisten laguntzarekin.[1] 2014an zinemetarako ere egokitu zuten.[2] Orixek egindako itzulpena erabili zuten euskarazko bertsioan.[3]
Gertakizuna
aldatuEleberrian gizarajo batek bere bizitza kontatzen dio "gizarte oneko" gizon bati. Lazaro (I. atala) Salamancatik gertu jaio da, Tormesko errota batean. Aitak, ondoko herriko mandazaina bera, errota horretara eraman ohi zuen alea. Lapurretaz salatua, erbesteratua, Djerbako espedizioan hil da. Ama alarguna Salamancan garbitzailea eta sukaldaria da, eta esklabo baten konkubina bihurtu da. Laster eskaini dio semea morroi bila dabilen itsu bati. Mutikoak eskean ikasi du itsuarekin eta, orobat, iruzurrean eta amarruan.
Gizon hura utzita, hurrengo nagusia (II. atala) Maquedako apaiz zikoitza da, eta maltzurkeriaz jokatu beharra du Lazarok goseak hilko ez bada. Apaizak bidali egin du, eta Lazarok Toledon denboraldi bat eman du, ezkutari gosetu baina oso duin baten zerbitzura. Txunditurik utzi du nagusi berriak ohoreaz duen ardurak baina, haren estutasunak hunkituta, eskean hasi da nagusiari jaten emateko. Ezkutariak ospa egin du etxeko jabea altzarien bila etortri den egunean, grabatu bat besterik ez dagoen arren. Egun batzuetan (V. atala) Mesedetako fraide baten zerbitzuan jardun ondoren, Gurutzadetako bulda predikari baten morroi egin da Lazaro, eta harekin ikasi iruzurraren antzea. Margolari baten zerbitzura ibili ondoren, Lazarok (VI. atala), heldua jada, nolabaiteko beregaintasuna lortu du lau urtez honenbestean lan eginez, Toledon, katedraleko apaiz baten ur eramaile. Hark lau pegar, asto bat eta zartailua utzi dizkio zain ditzan.
Orain Lazarok eros ditzake arropa dezentea eta ezpata bat eta, hala (VII. atala), herrizain baten zerbitzari jarri da. Azkenean, aurkitu du lanbide bakeatsuago eta egonkorrago bat: herriko pregoilari. Haren bezeroetako batek, San Salbadorko artzipresteak —ardoen pregoia egiten du Lazarok han—-, goraldi sozialaren gailurrera jaso du Lazaro eta bere neskamearekin ezkondu du. Ezkontzaz dabiltzan zurrumurruei —neskamea artziprestearen maitalea ote den— batere jaramonik ez egiteko deliberamendu sendoan datza Lazaroren zoriona.
Satira eta erasmismoa
aldatu« | Alboan ardau-pitxar bat euki oi eban bazkaltzekoan. Nik elduten neutson arin, eta bi mosu ixil emon-ostean, bere tokian izten neban. Ez luzaro. Edatean ezagutu eban palta zala, ta bere ardaua seguru gordeteko pitxarrari belarritik eusten eutson, beiñere itzi baga. Burdin-biziak eztau ezer bereganatzen, neuk lasto-izpi bategaz ardaua baizen ondo. Sartuten neban pitxarra aboan eta itzungi egiten neban pitxarra, gabon esanda. | » |
Tormesko itsumutila, Orixeren itzulpena (1929)[4]. |
Lazaro kontalari naif eta zorrotza bainoago, interesgarriagoak dira, sarritan, haren nagusiak. Zenbait kritikariren iritziz, itsuaren, apaizaren eta ezkutari pobrearen trilogiak XVI. mendeko espainiar gizartea ispilatzen du. Izan ere, luzaroan ahaztua egon ondoren, XIX. mendean obra berraukirtu zenean, XVI. mendeko Espainiako bizimodu sozial eta erlijiosoaren kritika bat ikusi zen liburuan. Harrigarria gertatzen da zenbait pasartetako antiklerikalismoa, Tormesko itsumutila liburu debekatuen indizera eraman zuena (1559). Antiklerikalismo hori dela eta, hispanista batzuek pentsatu izan dute -eta pentsatzen dute- egilea ez ote zen Alfonso eta Juan de Valdés humanisten taldeko kidea. Erasmoren jarraitzaile espainolak ziren haiek. Gogoratu beharra dago idazki batzuetan (Colloquia familiarra, 1518) biziki kondenatu zituela Erasmok garai hartako apaizen ohiturak eta eginak. Erasmoren dotrinaren eragina, edo oihartzuna, ez dago ordea prediku edo komentario teorikoetan. Aitzitik, inplizitoak dira, eleberriko pertsonaietan eta gertaeretan daude, protagonistaren jarreran eta, batez ere, amaierako onarpen etsian.
Amaieran, kristau moralaren balio absolutuak baztertu behar ditu Lazarok, eta bizi den gizartean benetan axola duenaren erlatibotasunarekin bat egin. Nolanahi dela ere, Tormesko itsumutila erasozko obra da, giro garratzekoa. Jarrera erasotzaile hori argudioa izan da Américo Castrorentzat, adibidez, egilea, erasmista izan ezik, jatorri juduko kristau berria zela pentsatzeko.
Egileak bere kontaeraren bidez bizitzaren beraren irudia islatzen asmatu bazuen ere, eta zenbaitek protagonistaren benetako eredua aurkitu omen duen arren -Toledoko pregoilari bat, Lope de Rueda zeritzana, izen bereko egile komikoa izan daitekeena-, Tormesko itsumutilaren ikerketa kritikoaren aurrerapena, eleberriak baliatzen dituen iturrien aurkikuntzaren parez pare doa. Izan ere, zenbat eta hobeto ezagutzen diren egileak erabiltzen dituen materialak, orduan eta argiago ikusten da nolako trebetasunaz erabili zituen gai horiek, bizitza baten eta haren iraupenaren irudipena -denbora historiko batean txertatuz denbora bizitu baten irudipena- sortzeko (Djerbako bidaldi baten eta Toledoko Gorteen artekoa: 1510-1525 bitartea, edo 1520-1538 bitartea), urtaroak eta geografia inportanteak diren denboraldi batean.
Trebetasun horrek (eta ez dago horrelakorik Till Eulenspiegelen bizitzan, garai bereko beste heroi amarrutsu bat den arren, Alemaniakoa, hura ere pasarte bakunez osatutako bizitza duena) ezkutariaren pasartean jotzen du gorena. Azpimarratzekoak dira bizitza honi batasuna ematen dioten loturazko guneak: bai kontalariak iraganeko gauzak gogoratzen dituenean, bai etorkizuna asmatzen diotenean, baita egileak irakurleari lotura fin-finak eskaintzen dizkionean ere. Hala, adibidez, Salamancatik irteterakoan, itsuak, inozentearena eginez, mutikoaren burua zubiko harrizko zezenaren kontra jotzen du. Horren erantzun gisa, mutikoak itsuari agur esaten dionean, Escalonako pilare baten kontra bultzatuko du. Lazaroren gurasoen apaltasunarekin bat dator Lazaro ezkonduaren desohorea, batere larritu gabe, amaren aholkuari jarraitzen dionean: "Jende zintzoari lotu beti". Azken finean, ezkontzaren bitartez, haurtzarora itzuliko da protagonista.
Francisco Rico eta Fernando Lázaro Carreter kritikariek ikusmolde horren ironia azpimarratu dute: alegia, liburu hasieran aipatzen den kasua, esplikatzeko liburu osoa behar duena, eta bukaera arte berriz aipatuko ez dena, senar tronpatuaren kasua baino ez da. Lázaro Carreterrek gai hori Erasmoren Moriarekin lotzen du gainera, non senar engainatuen sinesberatasuna goresten baita, gizadiaren zorionerako txikikeria funtsezkoetako bat delakoan.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/01/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Susaeta, Igor. (2013). ««Hemen saltzaile txarrak gara»» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
- ↑ Belastegi Donostia, Nagore. (2014-01-23). ««Tormesko itsumutila» film animatu bihurtu dute, euskaraz» GARA (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
- ↑ «Orixek euskarara itzulitako "Tormesko itsumutila" orain marrazki bizidun» https://ataria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
- ↑ Nikolas ORMAETXEA Orixe (itzultzailea): Tormesko itsu-mutila. Lelengo yarduna: Lazaroren bizimodua; noren semea zan Klasikoen gordailua. Klasikoak.armiarma.eus
Kanpo estekak
aldatu- Nikolas ORMAETXEA Orixe (itzultzailea): Tormesko itsu-mutila. Verdes Atxirika, 1929. Klasikoak.armiarma.eus.
- (Gaztelaniaz) El lazarillo de Tormes Es.wikisource.org
- (Gaztelaniaz) Liburuari buruzko atari zabala Ups.edu
- Liburuari buruzko artikulu laburra ARGIA astekarian