Almeríako futbolaren hastapenak
aldatu
XX mendearen hasieran jadanik jokatzen zen futbolean Almerían. 1909koa da Almería Foot-Ball Club taldea. Dena dela jarraipenik ez dute izan taldeek eta hainbat aldiz sortu eta desagertu dira. Batzuen izenak aipatzearren: Athletic Club Almería, Recreativo de Almería, Atlético Almería, Club Deportivo Almería...
1971ko ekainaren 14ean Agrupación Deportiva Almería eratu zen hiriko hiru futbol talde apal elkartzerakoan; Plus Ultra CF, UD Pavía eta CD Arenas. Andaluziako Preferente mailan hasi zen jokatzen. Igoeraz igoera, 1979ko ekainean lehen mailaraino iritsi zen. Bi urte egin zituen lehen mailan eta 1981ean jeitsi zenean berriz goren mailara itzultzeko taldea osatu zuen baina diru arazoen erruz hasiera kaotikoa izan zuen eta harrobiko jokalariekin aurre egin behar izan zion erronkari. Hori gutxi balitz 223 milioitako zorrak azaldu ziren eta bigarren B mailara jeitsiarazi zuten. 1982-83an jokalariei ordaintzen ez zitzaiela ikusita hirugarren mailaraino bidali zuten taldea. Taldea desagertu egin zen.
1983an talde berria osatu zen, Club Polideportivo Almería izena zuena. Hau ere behe mailatan jokatzen hasi zen eta 1986an Bigarren B mailara igo zen. 1989an 3. mailara itzuli zen diru arazo larriekin. Ordutik bi maila hauen artean aritu da eta XXI mendean probintzia mailako txapelketetatik ez da haratago joan.
Unión Deportiva Almería
aldatu
1989ko Polideportivo Almeríaren deskalabroa ikusita talde berria osatzea erabaki zen. Andaluziako preferente mailan hasi zen eta 1992an 3. mailara, 1993an 2.B mailara eta 1995ean Bigarren mailara igo zen. Hainbat planifikazio txarren ondorioz 1999an berriz ere hirugarren mailaraino jeitsi zen.
Berriz ere goranzko bideari ekin zion eta 2002an Bigarren mailara itzuli zen. Bost urte bertan egin ondoren Unai Emery entrenatzaile euskaldunaren eskutik 2007an Lehen mailara igotzea lortu zuen.
Lehen mailan egin zuen lehenengo urtean itxura bikaina eman zuen. 2008-09an Europan aritzeko aukera izan zuen, UEFA Intertoto Kopan, baina uko egin zion. Ordurako Unai Emery Valencia CF-ra alde egina zen eta hurrengo urteetan emaitzek lagundu ez zutenez entrenatzaile aldaketa ugari izan zituen taldeak, harik eta 2011ean maila galdu zuen arte. Aipatzekoa da azken denboraldi honetako Errege Kopako final aurrekoetara iritsi zela.
Bi urte bigarren mailan egin ondoren 2013an berriz ere maila gorenera iritsi zen Ligan 3. gelditu eta igoera play-offa irabaztean. 2013-14 urtean 17. postua lortu eta lehen mailan ozta ozta mantendu zen, 2014-15 denboraldian ordea maila galdu zuen. 2015-16an eta 2016-17an larri ibili da bigarren mailan eta urte bietan azken jardunaldirarte ez du mantentzea lortu.
2019ko abuztuaren 2an Turki Al-Sheikh jeke arabiarrak erosi zuen, eta hurrengo bi denboraldietan lehen postuetan ibili ondoren, hirugarrenean, Umar Sadiq jokalari nigeriarraren eta kategoriako beste izar askorekin, 2. postua lortu mailaz igo zen. Bi denboraldi egin zituen goren mailan.