Itsas izar
Itsas izar | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Azpierreinua | Bilateria |
Filuma | Echinodermata |
Subfilum | Asterozoa |
Klasea | Asteroidea De Blainville, 1830
|
Azpibanaketa | |
Itsas izarrak Asteroidea klaseko animalia ekinodermatuak dira.
Morfologia
Gorputza zapala izaten dute, inguru osoan arantzatxo txikiak dituztela. Bost beso dituzte, baina zenbaitetan, beso bakoitzaren muturrean beso gehiago sortzen dira. Azpialdean bentosa txiki batzuk dituzte besoek. Gorputzaren erdiguneko ardatzean, goialdean uzkia eta madreporazko estalkia ditu, eta azpialdean berriz ahoa dago. Gorputza inguratzen duen mintzak hoditxo garden batzuk ditu azpialdean, isurkari bat dute horien barruan eta arnasketarako balio dute. Ornoa zenbait xaflatxok osatzen dute eta xafla horiek ez daudenez elkarri estu lotuta, animalia hauek mugitzeko gai dira. Digestio-aparatuak esofago laburra du; bost luzakin izaten ditu, bakoitza beso banatara doana.
Fisiologia
Itsas izarrek kanpoan egiten dute digestioa, sabel gainean jartzen dute janaria eta digestio guruinak isurtzen dizkiote. Odolaren zirkulazio-aparatua hiru gunek osatzen dute, bata ahokoa, bost besoetara luzatzen dena, bestea ahoaren goialdean, sexu-organoetara luzatzen diren bost guneetan adarkatua eta azkenik ardatzeko beste gune bat. Besoen muturrek usaimen funtzioa dute eta ukimenerako zelula berezi batzuk ere azaltzen dira berorietan. Badira bi sexuak dituzten asteroideoak, baina sexu bakarrekoak dira gehienak.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Sweet, Elizabeth. (2005-11-22). Asterozoa: Fossil groups: SciComms 05-06: Earth Sciences. University of Bristol.