Fruitu
Botanika arloan, fruitua landare loredunek emandako aleak dira, lorearen ondoriozkoa, haziak dauzkana. Eguneroko hizkeran eta sukaldaritzan, mamitsua edo jateko ona dena da bereziki. Azken honi, Hegoaldean, fruta ere deritzo sarri.
Fruitua eratzen da polinizatua izan den loretik. Itxura askotakoa izan daiteke: drupa, baia, leka, kapsula, akenioa...
Hitza botanikan eta eguneroko hizkeran
Fruitu eta ha zuen eguneroko hitz asko ez datoz bat termino botanikoarekin. Eguneroko hizkeran, fruitu bat (Hegoaldean fruta ere esaten dena) landarearen atal gozo eta mamitsua da, eta barazkia ez hain gozoa edo mamitsua dena, sarri gazia jaten dena.
Adibidez, botanikoki fruituak direnak baina eguneroko hizkeran barazki diogunak, dira hauek: kuia eta kuiatxoa, alberjinia, piperra eta tomatea.
Ezaugarriak
Obulutegiaren paretak garatu eta hazi-hasikinak ernaldu eta hazi bihurtzen direnean sortzen da fruitua. Lorearen petaloak, estiloa eta estigma lehortu egiten dira gehienetan. Fruituen oinarrizko sailkapenean, lorearen obulutegi bakarretik sortzen direnak fruitu bakunak dira; obulutegiaz gainera, lorearen beste parte batzuei esker sortzen direnak konposatuak dira; fruituak izan daitezke ale bakarrekoak (sagarra adibidez), edo askotarikoak, sortetan bilduak (laranja).
Perikarpoaren ezaugarrien arabera mamitsuak edo lehorrak izan daitezke. Mamitsuetan hiru atal bereizten dira: azala edo epikarpoa (kanpoaldeko atala), mamia edo mesokarpoa (tartekoa) eta bihotza edo endokarpoa. Azken hau, aranarena eta muxikarena esaterako, hezur gogor bat izaten da. Fruitu lehorrak, berriz, zabalkorrak edo zabalgaitzak izaten dira. Ilarra, esaterako, zabalkorra da eta hazia ateratzen uzten du. Hurra, intxaurra edo arroza, berriz, zabalgaitzak dira.
Fruitu motak
Sukaldaritzan
Hona hemen fruitu batzuk, sukaldaritzan erabiliak:
- Fruitu lehorrak: Arbendola, Ezkurra, Gaztaina, Hurra, Intxaurra, Kakahuetea, Pistatxoa
- Fruitu lehortuak: Mahaspasa
- Mamitsuak: Banana, Pikua
- Hezurdunak: Abrikot edo arbeletxekoa, Gerezia, Mertxika edo muxika
- Pipitaduna: Laranja, Madari edo udarea, Mahatsa, Mandarina, Mingrana, Meloia, Sagarra, Sandia edo angurria
Botanikan
Botanikoki, hauek dira fruitu motak:
- Mamitsuak:
- Fruitu lehorrak:
- fruitu lehor dehiszenteak (zabaltzen direnak) :
- folikulua: Helleborus, Paeonia etab.
- leka : Fabaceae familiako fruitua, hau da, lekadunak: ilarra, soja, Robinia, argi-belarrra etab.
- kapsula:
- arrakaladun kapsula dehiszentea: kolkikoa, tabakoa, Gentianaceae etab.
- kapsula lokulizidoa: tulipa, zitoria, bioleta etab.
- silikua, dehiszentzia paraplazentarioa, brassicaceae fruitua: aza, koltza etab.
- pixidioa, dehiszentzia biribila: pasmo-belar loregorri etab.
- dehiszentzia apikala: krabelina, mitxoleta etab.
- fruitu lehor indehiszenteak (zabaltzen ez direnak):
- akenioa: txikori-belarra, belar bedeinkatua, marrubia etab.
- kariopsidea: Poaceae fruitua (gramineak): garia, artoa etab.
- samara: astigarra, lizarra, zumarra etab.
- eskizokarpoa, akenio askoz osatua : azenarioa, menda etab.
- fruitu lehor dehiszenteak (zabaltzen direnak) :
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.