Edukira joan

Itsas izar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas izar
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaEchinodermata
SubfilumAsterozoa
Klasea Asteroidea
Azpibanaketa

Itsas izarrak Asteroidea klaseko animalia ekinodermatuak dira.

Deskribapena

Gorputza zapala izaten dute, inguru osoan arantzatxo txikiak dituztela. Bost beso dituzte, baina zenbaitetan, beso bakoitzaren muturrean beso gehiago sortzen dira. Besoen azpialdean milaka hanka anbulakral dituzte, bai eta bentosa txiki batzuk ere.

Gorputzaren erdiguneko ardatzean, goialdean uzkia eta madreporazko estalkia ditu, eta azpialdean berriz ahoa dago. Gorputza inguratzen duen mintzak hoditxo garden batzuk ditu azpialdean, isurkari bat dute horien barruan eta arnasketarako balio dute. Ornoa zenbait xaflatxok osatzen dute eta xafla horiek ez daudenez elkarri estu lotuta, animalia hauek mugitzeko gai dira. Digestio-aparatuak esofago laburra du; bost luzakin izaten ditu, bakoitza beso banatara doana.

Ez dute garunik. Nerbio sistema erdigunean dagoen eraztun batek eta hortik ateratzen diren bost nerbio kordak osatzen dute.

Fisiologia

Itsas izarrek kanpoan egiten dute digestioa, sabel gainean jartzen dute janaria eta digestio guruinak isurtzen dizkiote. Odolaren zirkulazio-aparatua hiru gunek osatzen dute, bata ahokoa, bost besoetara luzatzen dena, bestea ahoaren goialdean, sexu-organoetara luzatzen diren bost guneetan adarkatua eta azkenik ardatzeko beste gune bat. Besoen muturrek usaimen funtzioa dute eta ukimenerako zelula berezi batzuk ere azaltzen dira berorietan. Badira bi sexuak dituzten asteroideoak, baina sexu bakarrekoak dira gehienak.

Arnasketa egiteko hanka anbulakraletatik hartzen du ura. Uretan disolbaturik dagoen oxigenoa xurgatu eta gorputz osoan zehar barreiatzen du. Hartutako ura kanporatzeko hanka anbulakralak erabiltzen ditu berriz ere.

Itsas izarrak urez beteriko hodi sistemaren bidez mugitzen dira. Besoetan dituzten hanka anbulakralek koordinaturiko palanka mugimendua egiten dute, uhin mugimenduak eratzen dituzte. Horri esker itsas izarrak norabide batean egiten du aurrera. Horma bertikaletan bentosak erabiltzen ditu paretari itsasteko.

Elikadura

Itsas izar gehienak harrapariak dira. Geldirik dauden moluskuak jaten dituzte, txirlak, almejak, muskuiluak... Beste ekinodermatu batzuk ere harrapatzen dituzte, beraiek bezain geldoak direnak noski. Sarrakijaleak ere badira, arrain hilak edo algak aurkitzen dituztenean haietaz elikatzen dira.

Ugalketa eta bizi zikloa

Orthasterias koehleri itsas izarraren besoa lau beso berri sortzen.

Sexu bidezko ugalketa

Itsas izarren espezie gehienak dioikoak dira, hau da, itsas izar arrak eta emeak daude. Gonadak ikusten ez direnez zaila da bereiztea ugalketa garaitik kanpo, izan ere sasoia iristen denean arrak espermatozoideak kanporatzen baititu eta emeak obuluak. Itsas izarren artean badira hermafroditak diren hainbat espezie ere. Ugalketa urteko egun zehatz batzutan gertatzen da eta sasoia denean sexu ezberdinetako itsas izarrak multzokatu eta batera jaurtitzen dituzte gametoak.

Sortzen den larbak aldebiko simetria du eta zooplanktona osatzen du beste milaka ornogabe espeziekin batera. Larba hauek organismo ziliatuak dira eta aske bizi dira. Larba garatuz joan ahala itsaso hondoan ezartzen dira eta metamorfosia jasan ondoren itsas izar heldu bihurtzen dira. Itsas izarren bizitzaren luzera espeziearen araberakoa da, baina badira 34 urte bizi daitezkeen itsas izarrak ere, Pisaster ochraceus espeziea adibidez.

Ugalketa asexuala

Itsas izar batek besoa hausten badu berriro aterako zaio, eta apurtu den besoak beste lau beso sortzeko gaitasuna ere badu. Beso berriak lortzeko prozesuak hilabeteak eta kasu batzuetan urteak eraman ditzake.

Erreferentziak

  1. Sweet, Elizabeth. (2005-11-22). Asterozoa: Fossil groups: SciComms 05-06: Earth Sciences. University of Bristol.

Kanpo estekak