Dentsitate erlatibo
Dentsitate erlatiboa gai baten dentsitatearen eta erreferentziatzat hartzen den beste gai baten dentsitatearen arteko erlazioa da. Grabitate espezifiko ere deitzen zaio, baina dentsitate erlatibo terminoa lehenesten da erabilera zientifiko modernoan.
Eskuarki, uraren dentsitatea hartzen da erreferentziatzat,[1] hau da, urarekiko dentsitate erlatiboa esan nahi du gehienetan. Hartara, «korindoiaren dentsitate erlatiboa 4ra hurbiltzen da» irakurtzen badugu, korindoiaren urarekiko dentsitate erlatiboa adierazi digute.
Dentsitate erlatiboak ez du unitaterik, bi dentsitateren arteko erlazioa denez. Gai baten dentsitate erlatiboa bat baino txikiagoa baldin bada, erreferentzia baino dentsitate txikiagokoa da; bat baino handiagoa baldin bada, berriz, erreferentzia baino dentsitate handiagokoa da. Dentsitate erlatiboa zehazki bat baldin bada, dentsitate berdinekoak dira; hau da, bi gaien bolumen berdinek masa berdina dute. Erreferentziako gaia ura baldin bada, bat baino dentsitate erlatibo txikiagoko gai batek flotatu egingo du ur gainean. Adibidez, izotz puska batek, 0,91 inguruko dentsitate erlatiboa izaki, flotatu egingo du. Bat baino dentsitate erlatibo handiagoa duen gai bat, ordea, hondoratu egingo da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Iñaki, Azkune Mendia. (1994-01-01). «Harrijasotzearen fisika» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-05-20).