Edukira joan

Ivan Ilitxen heriotza

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Theklan (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 20:34, 12 urtarrila 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Ivan Ilitxen heriotza
Datuak
IdazleaLev Tolstoi
Argitaratze-data1886
Jatorrizko izenburuaСмерть Ивана Ильича
HerrialdeaErrusiar Inperioa

Ivan Ilitxen heriotza (Errusieraz: Смерть Ивана Ильича, Smert Ivana Ilichá), Lev Tolstoi errusiar idazlearen eleberri labur bat da; 1886. urtean argitaratu zen lehenengo aldiz. Tolstoik idatzitako liburuen artean azkenengoetakoa da. Tolstoiren lana aztertu duten analista batzuen aburuz, istorio honek idazleak bizi izandako erronka intelektualak eta espiritualak islatzen ditu. Erronka horiek 50 urte betetzean izandako krisian agertu zitzaizkion eta aldaketa espiritual erradikal baten bitartez gainditu zituen. Bizia eta heriotza dira eleberrian lantzen diren gaiak. Errusiar literaturako eleberri handienetakotzat hartu dute Vladímir Nabókov idazleak eta Mahatma Gandhik.


Xabier Mendigurenek euskarara itzuli zuen eta 1991. urtean argitaratu zuen Ibaizabal argitaletxeak.

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Nobelako protagonista Ivan Ilitx da, maila baxuko burokrata bat, haurtzaroan Errusiar Inperioko gobernuan kargu bat lortzeko hezi zutena. Haren idealak pixkanaka-pixkanaka bete egingo dira, baina egindako esfortzua alferrekoa dela ikusiko du. Izan ere, betidanik amestu duen kargutik gertu dagoenean, hainbeste sakrifizioren zentzua bilatzen hasiko da eta bere familian sortu eta nagusitu den egonezina ebaluatzen ere. Egun batean, gortinak konpontzen ari dela, eskaileratik erortzen da eta min etengabe bat hasiko da sentitzen. Kolpe hori guztiz sinbolikoa da, eskailerak Ivanek lortutako estatus soziala irudikatzen baitu. Beraz, eskaileraren puntu altuenetik erortzean haren gainbehera hasiko da. Horrela, Ivan Ilitx heriotzara hurbiltzen hasiko da pixkanaka-pixkanaka; heriotza horren zergatiaz hausnarrean hasiko da, eta bere buruari galdetuko dio zergatik sentitzen den hain bakarrik, berak sortutako mundu aristokratiko horretan pertsonaz inguratuta badago ere.

Ivan Ilitxen heriotza eleberria, izenak adierazten duen bezala, heriotzak eragiten digun larritasunari zuzendutako begirada bat da. Nolanahi ere, eleberriak garai hartako gizarte errusiar aristokratikoaren bizimoduari buruzko kritika soziala ere eskaintzen du.

Hilzorian dagoela, Ivan Ilitx bere iragana zehaztasunez aztertzen saiatzen da eta, ondorioz, bere bizimodu artifizial eta aberatsaren zuzentasuna zalantzan jartzen hasiko da. Hasieran bere burua kontzientziaren aurrean defendatzen saiatuko da, baina heriotzara hurbildu ahala bere burua justifikatzeari utziko dio. Azkenean onartuko du, haurtzaroan izan ezik, ez dela bete-betean bizi izan eta orain jada ez duela irtenbiderik: "Bere tormentua zulo beltz horretara burua agertzea zela, eta oraindik gehiago, bertan ezin sartu izatea zela sentitzen zuen. Bizitza ona izan zuela onartzeak eragozten zion bertan sartzea. Bere bizitzaren justifikazio horrek tinkatu egiten zuen eta ez zion aurrera joaten uzten eta ezerk baino gehiago tormentatzen zuen".[1]

Heriotzaren inguruan Tolstoik Errusia laborari zaharra eta modernitate hiritarra kontrajartzen ditu: gizarte tradizionalak, modernitate burgesak ez bezala, heriotzari naturaltasunez egiten dio aurre. [2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Leon Tolstoi - Ivan Ilitxen heriotza» www.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-25).
  2. Azurmendi, J. 2009: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar. 246. Or.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]