Erdialdeko Amerika
Azalera | 523.780 km² |
---|---|
Biztanleria | 42.688.190 bizt. (2012ko zenbatespena[1]) |
Biztanle-dentsitatea | 81,5 bizt/km² |
Herrialdeak | 7 |
Hizkuntzak | gaztelania, ingelesa, maia hizkuntzak |
Ordu-eremuak | UTC-6-UTC-5 |
Hiri nagusiak | Managua, Tegucigalpa, Guatemala Hiria, Panama Hiria, San Salvador |
Erdialdeko Amerika[2] Amerikaren erdialdeko kontinente zatia da. Mugakide ditu iparraldean Mexiko, ekialdean Karibea, mendebaldean Ozeano Barea eta hegoaldean Kolonbia. Zazpi herrialdek osatzen dute: Belize, Costa Rica, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Panama eta El Salvador. Denetara 523.780 km²-ko eremua du eta 2012an 42.688.190 biztanle zituen[1].
Orografia eta klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekialdean, Karibe itsasoaren eta, Ozeano Barearen artean hedatzen da Erdialdeko Amerika, 523.780 km²-ko eremua hartzen duen lur zerrenda luzexka batean. Lur behere hezeak hedatzen dira ekialdeko eta mendebaldeko itsasertzeetan eta 3.700 metroraino iristen diren mendiak eta sumendiak dira erdialdean.
Erdialdeko Amerikako gailurrak
Herrialdea | Izena | Garaiera (m) | Mendigunea |
---|---|---|---|
Belize | Doyle's Delight | 1.124 | Maia mendiak |
Costa Rica | Cerro Chirripó | 3.820 | Talamancako mendilerroa |
El Salvador | Cerro El Pital | 2.730 | Sierra Madre de Chiapas |
Guatemala | Tajumulco sumendia | 4.220 | Sierra Madre de Chiapas |
Honduras | Cerro Las Minas | 2.780 | Celaque mendilerroa |
Nikaragua | Mogotón | 2.107 | Isabelia mendilerroa |
Panama | Barú sumendia | 3.474 | Talamancako mendilerroa |
Nikaragua eta Hondurasko Coco ibaia da Erdialdeko Amerikako ibai luzeena (680 km). Ibai garrantzitsuak dira Ulua (Honduras), Belize eta Hondo (Belize) eta San Juan (Nikaragua, Costa Rica). Aintzira zabalak dira Nikaraguako hegoaldean (Cocibolca eta Xolotlán) eta Panama erdialdean (aintzira alde horretaz baliatu ziren Karibeko itsasoa Ozeano Barearekin lotzen duen ubidea eraikitzeko).
Oro har, klima bero hezea da, tropikokoa. Maiatzetik azarora luzatzen da euri sasoia. Goi lurraldeetako tenperaturak ez dira hain beroak eta urte osoa hartzen du euri sasoiak. Lurrikarak eta sumendien leherketak ugariak izaten dira (Managua, 1931 eta 1972an; Nikaraguako mendebaldeko kostaldea, 1992an; hiru aldiz suntsitu dute lurrikarek Guatemalako Antigua).
Bioaniztasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdialdeko Amerikak munduko bioaniztasunaren % 7 dauka[3]. Landaretza joria eta oparoa da. Arbola hosto-zabalak dira gehienak. Ipar Amerikako pinuak dira goi lurretan, eta arbola tropikalak behealdean. Intsektu eta ornodun espezie ugari dago. Barnealdeko lurralde hezeetan, jaguarrak, marraskari txikiak, belatzak, sai beltzak eta ehize hegaztiak bizi dira; tapirak, iguanak eta armadiloak kostaldeko ordokietan, eta, dortokak, krokodiloak eta aligatoreak aintziretan eta paduretan.
Erdialdeko Amerikako bioaniztasuna (ornodun lehortar eta landare baskular espezie kopurua)
Herrialdea | Anfibio espezieak |
Hegazti espezieak |
Ugaztun espezieak |
Narrasti espezieak |
Onnodun lehortar espezieak |
Landare baskular espezieak |
Bioaniztasuna |
---|---|---|---|---|---|---|---|
Belize[4] | 46 | 544 | 147 | 140 | 877 | 2.894 | 3.771 |
Costa Rica[5] | 183 | 838 | 232 | 258 | 1.511 | 12.119 | 13.630 |
El Salvador[6] | 30 | 434 | 137 | 106 | 707 | 2.911 | 3.618 |
Guatemala[7] | 133 | 684 | 193 | 236 | 1.246 | 8.681 | 9.927 |
Honduras[8] | 101 | 699 | 201 | 213 | 1.214 | 5.680 | 6.894 |
Nikaragua[9] | 61 | 632 | 181 | 178 | 1.052 | 7.590 | 8.642 |
Panama[10] | 182 | 904 | 241 | 242 | 1.569 | 9.915 | 11.484 |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 500. urte aldera, herri maia hedatu zen Guatemala, El Salvador eta Hondurasko lurraldeetan eta goia jo zuen K. o. 250-900 urteetan maien zibilizazio handiak. XVI. mendearen hasieran egokitu ziren espainiarrak Erdialdeko Amerikan eta bertan 300 urtez izan ziren nagusi.
1821. urtean lortu zuten independentzia bertako kolonoek eta 1823an sortu zen Erdialdeko Amerikako Herrialdeen Batasuna (Guatemala, El Salvador, Honduras, Nikaragua eta Costa Rica). Britainiarren esku zegoen Hondurasek (Belize) kolonia gisa jarraitu zuen eta Panamak Kolonbiari loturik iraun zuen.
1838. urtean banatu ziren Costa Rica, Honduras eta Nikaragua. Ingalaterrako kolonia inperioa eta, batez ere, Estatu Batuak lurralde haietara begira jarri ziren eta konpainia kapitalista handi batzuen esku hasi zen geratzen Erdialdeko Amerika. 1903an, Panama Kolonbiatik bereizi eta estatu bihurtu zen, Estatu Batuen babespean.
1914. urtean ireki zen Panamako ubidea eta orain ere jaun eta jabe dirau Estatu Batuak bertan. 1911. urtean Estatu Batuetako soldaduak sartu ziren Hondurasen bertako iraultza iraungitzeko. Beste hainbeste gertatu zen Nikaraguan 1911 eta 1927. urteetan eta Somoza familia ezarri zuten nagusi 1933an, bertan zituzten negozio guztiak zaintzearren. 46 urtez egon ziren Somozatarrak agintean Nikaraguan.
1921. urtean, Estatu Batuetako osteak sartu ziren Costa Rican, Panamako estatuarekin zituen gatazkak aitzakiatzat harturik. 1948. urtean, Estatu Batuei eta Hego Amerikako estatuei lotu zitzaizkien Erdialdeko Amerikako estatuak Ameriketako Estatuen Erakundean.
Gerrak, estatu kolpeak, zapalkuntza eta pobrezia izan dira Erdiko Ameriketako herrien historiaren ezaugarri. 1979. urtean, Nazio Askapenerako Fronte Sandinista taldeak Anastasio Somoza Debayle eraitsi eta gobernu sozialista bideratzen saiatu zen Nikaraguan. Iraultzaren kontrako soldaduek, Estatu Batuen laguntzarekin, gerra zabaldu zuten Nikaraguako bazter guztietara. Violeta Chamorro eskuindarrak irabazi zituen hauteskundeak 1990eko otsailean. El Salvadorren, gerrillak Estatu Batuek eutsiriko armadari neurria hartu eta gobernuarekin negoziatzea lortu zuen 1991. urtean. Guatemalako gobernuaren eta gerrillaren arteko negoziazioak hasi ziren 1991ko apirilean.
1989ko abenduan, Estatu Batuetako osteak Panamara bertaratu, herriaz jabetu eta bertan egon ziren Manuel Antonio Noriega lehendakaria preso hartu zuten arte. Beren gogoko lehendakaria ezarri zuten ondoren.
Kronologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1951eko urriaren 14an Erdialdeko Amerikako Estatuen Erakundea (ODECA) sortu zuten, ibilbide luzea edukiko ez zuen erakundea.
- 1998ko azaroaren 4an Mitch urakanak 20.000 hildako utzi zituen.
- 1991n SICA (Sistema para la Integración Centroamericana) erakundea eratu zuten.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kolonizatzaile espainiarren aurreko indiarrak (maiak, nahuatlak) dira nagusi Erdialdeko Amerikan, baina gehienak espainiarrekin nahasi dira. 42,5 milioi biztanle inguru bizi da bertan. Erdialdeko Amerikako herriek independentzia lortu zutenean, 1820. urte inguruan, geratu egin zen Europako etorkinen sarrera, Guatemalan eta Hondurasen izan ezik.
Honduras, Nikaragua eta El Salvadorko biztanleen bi heren mestizoak dira. Costa Ricako biztanleen gehiengoa espainiarra da arrazaz. Kostaldean hartu dute bizitoki Afrikako etorkinak, eta Honduras eta Nikaraguako zenbait eskualdetan indiarren eta beltzen arteko nahastetik sorturiko herri mestizoak bizi dira. Erdiko Ameriketako biztanle kopurua munduko altuenetako bat da. Haurren hilkortasuna handia da eta bizi itxaropena apala. Kristau katolikoa da Erdialdeko Amerikako erlijio nagusia.
Herrialdea | Eremua (km²)[11] |
Biztanleria (2012ko zenb[1]) |
Biztanle dentsitatea (km²ko) |
Hiriburua | Hizkuntza ofiziala | Giza garapenaren indizea |
---|---|---|---|---|---|---|
Belize | 22.966 | 327.719 | 14,3 | Belmopan | Ingelesa | 0.732 Handia |
Costa Rica | 51.100 | 4.636.348 | 90,7 | San José | Gaztelania | 0.763 Handia |
El Salvador | 21.040 | 6.090.646 | 289,5 | San Salvador | Gaztelania | 0.662 Ertaina |
Guatemala | 108.890 | 14.099.032 | 129,5 | Guatemala Hiria | Gaztelania | 0.628 Ertaina |
Honduras | 112.090 | 8.296.693 | 74,0 | Tegucigalpa | Gaztelania | 0.617 Ertaina |
Nikaragua | 130.373 | 5.727.707 | 43,9 | Managua | Gaztelania | 0.614 Ertaina |
Panama | 78.200 | 3.510.045 | 44,9 | Panama Hiria | Gaztelania | 0.765 Handia |
Total | 523.780 | 42.688.190 | 81,5 | - | - | - |
Hiria | Herrialdea | Biztanleria | Errolda urtea | Herrialdeko biztanleriaren ehunekoa |
---|---|---|---|---|
(1) Guatemala Hiria | Guatemala | 3.700.000 | 2010 | %26 |
(2) San Salvador | El Salvador | 2.415.217 | 2009 | %39 |
(3) Managua | Nikaragua | 1.918.000 | 2012 | %34 |
(4) Tegucigalpa | Honduras | 1.819.000 | 2010 | %24 |
(5) San Pedro Sula | Honduras | 1.600.000 | 2010 | %21+4 |
(6) Panama Hiria | Panama | 1.400.000 | 2010 | %37 |
(7) San Jose | Costa Rica | 1.275.000 | 2013 | %30 |
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiera da Erdiko Ameriketako estatu guztietako hizkuntza ofizial bakarra, Belizen izan ezik (ingelesa da hizkuntza ofiziala). Hizkuntza indiarrak mintzatzen dira, bestalde, herri guztietan: maia hizkuntzak, Guatemalan eta Belizen; miskitoera, sumua, paia, lenka, rama, etab. Honduras eta Nikaraguan; hizkuntza chibchak, Panaman; hizkuntza aztekak, El Salvadorren eta mendebaldeko kostaldean.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aberastasunen banaketa desegokia eta ekonomiaren garapen apala dira Erdialdeko Amerikako ekonomia arazo handienak. Langile gehienak nekazaritzan aritzen dira eta, oro har, Estatu Batuetako kapitalisten eta bertako aberatsen mende daude ekonomia baliabide guztiak.
Erdialdeko Amerikako Integrazio Sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdialdeko Amerikako estatuak integrazio prozesu batean sarturik daude. Horren erakusgarri Erdialdeko Amerikako Integrazio Sistema edo SICA erakundea da, 1991n sortutakoa. Erakunde honen egoitza San Salvadorren (El Salvador) dago. SICAko partaideak hauek dira:
Halaber, Erdialdeko Amerikako herrialdeek ondoko erakunde komunak badituzte: Erdialdeko Amerikako Parlamentua, Integrazio Ekonomikorako Erdialdeko Amerikako Bankua eta Erdialdeko Amerikako Justizia Gortea (1907tik), besteak beste. Gainera, Erdialdeko Amerikako Merkatu Komunak ere garrantzi handia dauka integrazio prozesu honetan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/25 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c Population - Central America & the Caribbean Indexmundi.com. 2015eko urtarrilaren 13an kontsultatua
- ↑ Euskaltzaindiaren onomastika datutegia
- ↑ Centroamérica perderá 58% de biodiversidad en 2100 si no se reducen emisiones Prensalibre.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Belize Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Costa Rica Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):El Salvador Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Guatemala Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Honduras Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Nikaragua Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ R. A. BUTLER (2006):Panama Forest Information and Data Rainforests.mongabay.com
- ↑ The world factbook Washington, D.C.: Central Intelligence Agency. Cia.gov