Sergei Eisenstein
Sergei Mikhailovitx Eisenstein (letonieraz: Sergejs Eizenšteins; errusieraz: Сергей Михайлович Эйзенштейн; Riga, 1898ko urtarrilaren 22agreg./urtarrilaren 10ajul. - 1948ko otsailaren 11) Sobiet Batasuneko antzerki eta zinema zuzendari eta teorizatzailea izan zen. Haren film isilek eragin handia izan zuten hurrengo urteetako dokumentaletan eta narrazio zuzendariengan, muntatze teknika berritzailea zela-eta. Eisensteinen ekarpena hauxe izan zen: drama zinematografikoaren estetika eta ideologiaren gaineko kontzepzio berria, drama kolektiboen gaineko argumentuen inguruan.
Zinemaren aurrendaritzat hartzen da eta gerora, muntaia modernoaren aita bezala bataiatua izan da. Haren figurak garrantzi handia du, zinemako hizkuntzaren eta narratibaren oinarrien zati bat eraiki baitzuen, "atrakzioen muntaketaren" teoriari — eta praktikoari — esker. Kontzeptu hori funtsezkoa da, eta gaur egun oraindik inguruneari aplikatzen zaion guztia (ia) kontzeptu horren gainean dago.[1]
Eisensteinekin, muntaia metraje baten ebakiak editatzeko artea bihurtuko litzateke, ikuslearen arreta erakar eta molda dezan, zinema mutuan aurrera egiten zuen sekuentzia kronologiko tipikoa alde batera utzita.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lituaniako familia burges bateko semea izan zen, jatorri judukoa aitaren aldetik. Paris eta Mosku artean igaro zuen haurtzaroa, piano, argazkia, alemana, frantsesa, japoniera eta ingelesa ikasten. Zientzia ikasketetara bideratutako Realschulera joan zen, Ingeniaritza Eskolako sarrera prestatzeko. Marrazki bizidunak egiten zituen eta antzezpena berak sortutako haurrentzako antzerki talde batean.[2] Gurasoei atsegin emateko, edo arkitektoa zen aitaren eraginez,[3] ingeniaritza eta arkitektura ikasketak egitea erabaki zuen, Petrogradoko Ingeniaritza Zibileko Institutua. 1915ean bukatzea lortu zuen karrera, hartara 17 urte zituela. Bere kabuz, Pizkundeko artea ere ikasi zuen, eta Vsevolod Meyerhold eta N. Yevreinoven abangoardiako antzerki-ekoizpenetan parte hartu zuen[2]. Bi urte geroago, 1917ko tsarraren erorketaren eta Otsaileko iraultzaren ondoren, bere bizitza kulturala eta politikoan eragina izango du;Sergei gazteak bere jakintzak Armada Gorrirako erabili zituen.[1] Bere lehen marrazki bizidun politikoak saldu zituen, Sir Gay izenaz sinatuak, Petrogradoko zenbait aldizkariri eta 1918an, Armada Gorriko boluntario izena eman zuen.
Armadan, berriro uztartu zituen bere teknikari zerbitzua, antzerki, filosofia, psikologia eta hizkuntzalaritza ikasketak. Hainbat ekoizpenetan parte hartu taularatu zuen, eta, horretarako, taldeak eta jantziak ere diseinatu zituen.[2]
1920an, Eisensteinek armada utzi zuen Moskuko Estatu Nagusiko Akademiara joateko, eta Proletkult kultur erakundeko Langileen lehen antzokian lanean hasi zen, eszenografo eta jantzi-diseinatzaile gisa.
Interes bizia agertu zuen Lev Kulexov eta Dziga Vertov zinemagileen metodoekiko. Bere lehen filmetan, sortzaile paregabea zela erakutsi zuen: Stachka (1924, “Greba”) eta, batez ere, Bronenosetz Potemkine (1925, “Potemkin korazatua”), mundu osoko zinema mutuko obra nagusietako bat. Ahalmen guztiak iraultzaren zerbitzura jarri zituen eta, aurreko ildo beretik betiere, Oktiabr (1927, “Urria”) eta Staroie I Novoie (1929, “Zaharra eta Berria” edo “Lerro nagusia”) filmak egin zituen.
Sobietar Batasunetik kanpora, bukatu gabe utzi behar izan zuen Que viva Mexico, 1931-1932 urteetan Mexikon egindako filma. Saio horren ondoren, Sobietar Batasuneko Zinematografia Erakundearen zuzendaria izan zen eta zinema irakaskuntzan aritu zen. 1938an Alexander Nevsky filma egin zuen eta 1942an Ivan Groznyï (“Ivan Izugarria”) egiten hasi zen; lehen zatia 1945ean egin zuen eta bigarrena 1946-1948 bitarteko urteetan.
Ideologia iraultzailea, poetaren jeinu bizia, adimen zorrotza eta zinemako alor guztiak menderatzen dituen zuzendariaren maisutasuna bildu zituen Eisensteinek. Sobietar Batasuneko zinema maisu handienetakoa izan zen, Aleksandr Dovjenkorekin eta Vsevolod Pudovkinekin batera. Haren obrak oso eragin handia izan zuen, muntatzeko teknika berria asmatu eta garai hartako zinemaren estetika errotik aldarazi baitzuen.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Greba (Стачка, 1925)
- Potemkin korazatua (Броненосец „Потёмкин“, 1925) Nikolas II.a tsarraren garaian itsasontzi batean matxinada bat antolatu zen, batasunak indarra dakarrela erakusteko. Ez zen aktore profesionalik erabili eta itxura dokumentala eman zion filmari (Vertovek bezala). Harraldiak tartekatu zituen: mekanikoki ilaran aurrera doazen soldaduen planoak / errepresioaren biktimen lehen plano gogorrak. Nahasketa hori sinfonia musikal gisakoa da.
- Urria: Mundua irauli zuten 10 egunak (Октябрь: Десять дней,которые потрясли мир, 1927) Petrogradoko 1917ko urriko lanaldi iraultzaileei buruzkoa. Plano kontzeptualen muntaia ideologikoaren bitartez metafora optikoak sartzen ditu.
- Zaharra eta Berria edo Lerro nagusia (Генеральная линия edo Старое и новое, 1929)
- Gora Mexiko (Que Viva México!) (bukatugabea) (1930-1932)
- Ekaitza Mexikoren gain (Thunder Over Mexico) (1933)
- Eisenstein Mexikon (Eisenstein In Mexico) (1933)
- Heriotza Eguna (Death Day) (1933)
- Bezhin larrea (Бежин луг, bukatugabea, 1935 – 1937)
- Alexander Nevski (Александр Невский, 1938)
- Ivan Izugarria, I. atala (Иван Грозный, 1945)
- Ivan Izugarria, II. atala (1946 / 1958)
- Ivan Izugarria, III. atala (1946, bukatugabea)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/01/22 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Castellanos, Francis Alexandra. (2024-02-11). «Sergei Eisenstein | Biografía, Estilo y Montaje de Atracciones» HistoriaDelCine.es (Noiz kontsultatua: 2024-08-31).
- ↑ a b c «Sergei Mikhailovich Eisenstein» www.carleton.edu (Noiz kontsultatua: 2024-09-01).
- ↑ Seton, Marie (1952), Sergei M. Eisenstein: A Biography, New York: A.A. Wyn, OCLC 2935257.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fernández, Tomás y Tamaro, Elena. 2004. «Biografia de Sergei Eisenstein». In: Biografías y Vidas. La enciclopedia biográfica en línea. Bartzelona.
- Perez-Marin Cordoba, Silvia 2020-12-11. "Montaje de Escenas según Sergei Eisenstein". In: Medium. Human stories & ideas.
- Nochetti, Amílcar 2021-06-18 “Sergei Eisenstein: una vida en conflicto”: un libro de cabecera. La vida en un cine.
- Kuleshov efektua. Festival internacional de cine de Morelia.
- IMDb fitxa: Sergei Eisenstein(1898-1948)
- "Sergei Eisenstein". Filmoteca Online. [Youtuben]
- "Sergei Eisenstein. Soviet film director". Britannica.
- 2018-02-9 - 2024-04-21 "Sergei Eisenstein: Films That Shook the World". BAMPFA
- Bradshaw, Peter. 2017-10-24. "Hallucinating history: when Stalin and Eisenstein reinvented a revolution". The Guardian (on line)
- "Sergei Mikhailovich Eisenstein" Carleton College (on line). Northfield, Minnesota, AEB.
- "Films directed by Sergei Eisenstein". Letterboxd. Zelanda Berria
- Cappe, bertrwend (koord) 2010. S. M. Einsenstein. La Cinémathèque française.
- SUMPF, Alexandre. 2019-04. "L’aventure américaine de Sergueï Eisenstein". L’histoire analysée par l’image