Edukira joan

Ahabia gorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ahabi gorri» orritik birbideratua)
Ahabia gorri
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaEricales
FamiliaEricaceae
GeneroaVaccinium
Azpigeneroa Vaccinium subg. Oxycoccus
Gray, 1848
Datu orokorrak
Koloreagorri
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakcranberry (en) Itzuli
BasionimoaOxycoccus
Ahabia gorriaren gutxi gorabeherako banaketa munduan. Goria: Vaccinium oxycoccus. Laranja: Vaccinium microcarpum. Berdea: Vaccinium macrocarpon.

Ahabia gorri izenarekin, Vaccinium generoko Oxycoccus azpigeneroaren landare batzuei egiten zaie erreferentzia. Botanikari batzuek pentsatzen dute Oxycoccus generoa dela bere horretan. Zohikaztegi azidoetan hazten dira, Ipar Hemisferioaren gunerik hotzenetan. "Ahabia" hitzak -a itsatsia du[1].

Vaccinium oxycoccusen loreak

Ahabia gorriak zuhaixka edo aihen-belar txikiak eta herrestariak dira, 2 metro luze eta 5 eta 20 zentimetro bitarteko altuerakoak[2]; zurtoin mehe eta zaintsuak dituzte, ez oso zurezkoak, eta hosto txiki iraunkorrak. Espezie monoikoa da, eta loreak arrosa ilun kolorekoak ditu. Hostoak «islatuta» daude, eta karpeloak eta estanbreak agerian uzten dituzte, aurrerantz begira. Fruitua benetako baia bat da, hostoak baino handiagoa. Hasieran, zuria da, baina, heltzean, gorri bizia bihurtzen da[3]. Erleek polinizatzen dituzte. Jangarria da, baina zapore garratza du, gozotasuna ezkutatzeko modukoa.

2020an, Ameriketako Estatu Batuek, Kanadak eta Txilek munduko ahabia gorrien % 97 ekoizten dute. Ahabia gorri gehienak ahabia gorri zukua, saltsa, marmelada eta ahabia gorri deshidratatu azukredun gisako produktu bihurtzen dira, eta gainerakoak freskoan saltzen zaizkie kontsumitzaileei. Ahabia gorrien saltsa indioilarraren osagarri tradizionala da Estatu Batuetan eta Kanadan Eguberritako eta Esker Ematearen Eguneko afarietan, eta Erresuma Batuan Eguberritako afarian.

Ahabia gorriaren hiru edo lau espezie daude, bi ataletan sailkatuta:

Oxycoccus azpigeneroa, Oxycoccus saila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oxycoccus azpigeneroa, Oxycoccoides saila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahabia gorria «lore faltsu»aren biktima izan daiteke, Massachusetts eta New Jerseyko produkzio eremuetan ohikoa den phytoplasmaren gaixotasun kaltegarri baina kontrolagarria.

Ahabia gorriaren uzta Nantucket, Massachusetts, Eastman Johnson, 1880.

Ahabia gorria herri artikoen dietaren parte izan da milaka urtez, eta, oraindik ere, fruitu oso ezaguna da Eskandinavian eta Errusian. Eskozian, zuhaixka basatietan biltzen zituzten baiak, baina habitat egokiak galtzeak hain urritu ditu landareak, ezen jada ez baitira aurkitzen. Ipar Amerikako ekialdean, amerindiarrek Vaccinium macrocarponaren fruituak erabiltzen zituzten elikagaitzat, eta «pemmican» izeneko bizirauteko elikagaiaren osagai nagusietako bat ziren. Jakina da Massachusettseko kolono ingeles gosetiei erakutsi zizkietela 1620 inguruan, eta, hala, ahabia gorria Esker Ematearen Eguneko ohiko festan sartu zuten.

Ipar Amerikan, Ingalaterra Berriko eskualdeetako nazio algonkinarren Narragansett herriak ahabia gorriak «pemmican»en janari eta tindagaitzat erabiltzen zituela dirudi. Baia gorriei «sasemineash» deituz, litekeena da Narragansett herriak ahabia gorriak kolonoei sartu izana Massachusettsen. 1550ean, James White Norwoodek ahabia gorriak erabiltzen zituzten bertako amerikarrak aipatu zituen, eta ahabia gorri amerikarren lehen aipamena izan zen hori[4]. James Rosierren The Land of Virginia liburuan kontatzen denez, europarrak lehorreratu, eta ahabia gorriz betetako azal-kopak zeramatzaten bertako amerikarrekin egiten zuten topo. Plymouthen (Massachusetts), 1633an, Mary Ringen senarrak ahabiaz tindatutako haren azpiko gonak 16 txelinen truke jarri zituela enkantean kontatzen da.

1643an, Roger Williamsen A Key into the Language of America liburuak ahabia gorriak deskribatzen ditu, eta «hartz baiak» izenez aipatzen ditu, hartzek jaten zituztelako. 1648an, John Elliott predikaria Thomas Shepard's-en Clear Sunshine of the Gospel liburuan aipatua izan zen, erromesek indiarrak ahabiak biltzen erabiltzeko zituzten zailtasunei buruzko kontakizun batean, nahiago baitzuten ehizatu eta arrantzatu. 1663an, erromesen sukaldaritza liburua agertu zen ahabia saltsaren errezeta batekin. 1667an, Ingalaterra Berriko biztanleek hamar ahabia upel, hiru bakailao upel eta indiar arto pixka bat bidali zizkioten King Charlesi, John Hullek sortutako pinuaren txelina bertan egiteagatik zuen amorrua baretzeko. 1669an, Richard Cobb kapitainak oturuntza bat prestatu zuen bere etxean (Mary Gorhamekin ezkondu zela eta Asistentzia Batzarrerako hautatua izan zela ospatzeko), indioilar basatia basahabiaz egindako saltsarekin zerbitzatuz. 1672ko New England Rarities Discovered liburuan, John Josselynek ahabia gorriak deskribatu zituen, eta honela idatzi zuen:

« Erromesentzako saltsa, ahabia gorria edo gayuba, trayling [sic] landare txiki bat da, goroldioz estalitako padura gazietan hazten dena. Baiak hori-zurbilak dira, gero gorriak, gereziak bezain handiak, batzuk zeharo biribilak, beste batzuk obalatuak, guztiak ere zapore lehorgarridunak eta hutsak; abuztuan eta irailean heltzen dira. Eskorbutoaren kontra bikainak dira. Onak dira, halaber, kaskoetako gaitzen kemena arintzeko. Indiarrek eta ingelesek ahian erabiltzen dituzte azukrearekin bustiz haragiarekin jateko, saltsa gisa; eta saltsa goxoa da, batez ere arkume errearekin. Batzuek tartak egiten dituzte haiekin, andere-mahatsekin bezala. »

Herbehereetako Terschelling uharteko labore tipikoa ere bada, XIX. mendean hara iritsi baitzen: fruituz betetako upel bat (hondoratzeren baten hondarrak) iritsi zen kostaldera, eta, diotenez, uharteko biztanleek ireki omen zuten. Haiek, upelean ezer baliotsurik aurkitu ez zutenez, fruituak lurrera bota zituzten. Baina ahabia gorriak habitat aproposa aurkitu zuen, eta, orain, uhartean ugaria da, eta, bertan, likoreak, marmeladak eta beste produktu asko egiten dira harekin.

Munduko ekoizpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ahabia gorriaren ekoizle nagusiak (2018)[5]
(tonak)
 AEB 404.880
 Kanada 195.196
 Txile 106.180

Iturria[5]

Laborantza eta aplikazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ahabia gorrien uzta New Jerseyn

Ahabia gorria Ameriketako Estatu Batuetako hainbat estatutan eta Kanadako hainbat probintziatan egiten den laborantza komertziala garrantzitsua da. Txile eta Argentina hegoaldean, Baltikoko estatuetan eta Ekialdeko Europan ere badira ekoizpen eremu txikiak.

Laborantza komertziala egiten da laborantza-lurrak urez betez fruituak ekoizten diren garaian, eta, ondorioz, fruitua landaretik askatu eta ur gainean geratzen da; horri esker, fruitua erraz biltzen da eskala handiko labore bat eginez.

Labore-mota hori egin daiteke fruta honetan, kantitate handitan landatzen diren fruitu handien ahabien ezaugarrietako bat baita eta fruituek aire-ganberak baitute; beraz, uraren azalean arazorik gabe flotatzen duten baia bakanetako bat da. Hori dela eta, askoz denbora gutxiago behar izaten da baiak biltzeko eskuz eginda baino. Sasoiaren amaieran, baia helduak dituzten laboreak urez betetzen dira, eta uzta-makina bereziak botatzen dira ur hori irabiatzeko eta baia helduak askatzeko. Ondoren, baia guztiak labore-eremuaren ertz batera eramaten dira; atera, eta garbitu egiten dira gero prozesatzeko.

Ahabiak biltzeko metodo lehor bat ere badago, baina askoz ere neketsuagoa da, eta, beraz, ez da landaketa handietan erabiltzen.

Fruitu horiei ematen zaien erabilerari dagokionez, fruituen % 95 prozesatu egiten dira hainbat produktutan (zukuak, saltsak, marmeladak...), edo lehortu eta azukrez bustitzen dira jateko. Gainerako % 5a fresko saltzen da, zuzenean kontsumitzeko. Prozesatzerako diren ahabia gorriak uzta bildu eta gutxira izoztu ohi dira.

Freskoa denean, fruitua konpotak edo jaleak egiteko erabiltzen da, haragi erreekin batera. Opilak egiteko ere erabili ohi dira (adibidez, madalenak).

Fruitutik ateratzen den zukua ere, normalean azukreduna, produktu eratorri garrantzitsua da.

Ahabia gorria polifenol antioxidatzaileen iturri bat da, sistema kardiobaskular eta inmunologikoarentzat onuragarriak diren substantziak.

Medikuntza eta tratamendua gernu-infekzioetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahabia gorriak, ahabia guztiek bezala, azido bentzoikoaren kopuru esanguratsuak ditu[6].

Ahabia gorriaren zukuak txantxarrak eragiten dituzten agente patogenoak blokeatzen dituen substantzia kimiko bat ere badu[7].

Gernu-infekzioen tratamenduetan erabiltzeari dagokionez, hainbat ikerketa biltzen dituzten bi laburpenek ondorioztatu dute ez dagoela ebidentziarik ahabia, ahabia-zukua edo ahabia-estraktuen konprimituak gernu-traktuko infekzioen prebentzioan edo tratamenduan eraginkorrak direnik esateko. Azterketak egiteko, hainbat produktu erabili ziren milaka pertsonengan (batez ere, infekzio errepikariak zituzten emakumeetan). Analisi mota horretan ohikoa denez, banakoen erdiek plazeboak jasotzen dituzte, eta beste erdiek, aztertu beharreko produktua. Egindako azterketa guztietan, ahabiak edo deribatuak jaso zituzten pazienteek ez zuten desberdintasun nabarmenik erakutsi plazeboak jaso zituztenekin[8][9].​

2004ko udazkenean, Erresuma Batuan ohar bat argitaratu zen warfarina hartzen duten pazienteei ahabia gorriaren zukurik ez edateko ohartarazteko, konbinazio horrek, itxuraz, eragiten dituen ondorio kaltegarriak direla eta.

Ahabia gordinak, ahabia zukua eta ahabia estraktuak polifenol iturri dira, proantozianidinak, flavonolak[10] eta kertzetina[11][12] barne. Konposatu fitokimiko horiek «in vivo» eta «in vitro» aztertzen ari dira sistema kardiobaskularrean, immunitate-sisteman eta minbizian izan ditzaketen ondorioak aztertzeko[13][14]. Hala ere, gizakiekin egindako ikerketek ez dute baieztatzen ahabia polifenolen kontsumoak minbiziaren aurkako onurak, immuneak edo kardiobaskularrak ematen dituenik[15]. Xurgapen eskasak eta iraizketa azkarrak mugatzen dute potentziala.

Extraktuaren kalitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazoak egon daitezke ahabietatik ateratako A motako proantozianidinak (PAC) kuantifikatzeko balidazio faltarekin. Adibidez, PAC estraktuaren kalitatea eta edukia hainbat metodo erabiliz atera daiteke, besteak beste: Europako farmakopearen metodoa, masa kromatografia/espektrometria[16] edo 4-dimetilaminozidiosehido eraldatuaren metodo kolorimetrikoa[17]. Aterakinen analisiaren aldaketek zailtasunak sor ditzakete ahabien abiapuntuko materialen PAC aterakinen kalitatea ebaluatzeko; adibidez, eskualdearen jatorriaz, uztaren unearen heldutasunez eta uztaren ondorengo eraldatzez. Ebaluazioek erakusten dute kalitatea asko aldatzen dela PAC komertzialaren estraktu batetik bestera[18].

Marketin eta ekonomia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetan, ahabia gorrien salmentak Esker Ematearen Egunarekin eta Eguberriekin lotu izan dira.

AEBko urteroko ahabi-laboreak, 1907tik 1935era

AEBn, ahabia gorrien eskala handiko laborantza garatu da, beste herrialdeetan ez bezala. AEBko ahabia hazleek merkaturatze kooperatiboaren historia luzea dute. Jada 1904an, John Gaynor Wisconsineko laborariak eta A.U. Chaney Iowako Des Moines herriko fruta artekariak Wisconsin Cranberry Sales Company izeneko kooperatiba batean antolatu zituzten Wisconsineko laborariak, erosleengandik prezio bateratu bat jasotzeko. New Jerseyko eta Massachusettseko laborariak ere kooperatibetan antolatu ziren, eta National Fruit Exchange sortu zuten, fruta Eatmor markaren pean merkaturatzen zuena. Komertzializazio kooperatiboaren arrakastak porrotera eramateko zorian egon zen. Prezio altu eta konstanteekin, azalera eta produkzioa bikoiztu egin ziren 1903 eta 1917 artean, eta prezioek behera egin zuten.

Ahabia soberakinekin eta AEBko etxeetako ohituren aldaketekin, laborari ekintzaile batzuk kalitate txikiagoko ahabiak ontziratzen hasi ziren merkatu freskorako. Mozkinak urriak zirenez kontserba-lantegien arteko lehia gogorra zen. Ocean Spray kooperatiba 1930ean sortu zen, prozesamendu primarioko hiru enpresak bat eginda: Ocean Spray Preserbating company, Makepeace Preserbating Co, eta Cranberry Products Co. Enpresa berriak Cranberry Canners, Inc. izena hartu zuen, eta Ocean Spray etiketa erabili zuen bere produktuetan. Enpresa berriak merkatuaren % 90 baino gehiago prozesatzen zuenez, legez kanpokoa zatekeen AEBko monopolioaren aurkako legeen arabera, baina John Quarles abokatuak nekazaritza kooperatibentzako zegoen salbuespena aurkitu zuen. 2006an, AEBko industriaren % 65 inguru Ocean Spray kooperatibarena da[19].

1958an, Morris April Brothersek (Eatmor markako ahabia saltsa ekoizten zuen Tuckahoen, New Jerseyn) salaketa jarri zuen Ocean Sprayren aurka Sherman Antitrust Legea urratzeagatik, eta 200.000 dolar irabazi zituen benetako kalteetan eta kalte hirukoitzetan, hain zuzen ere, Ahabiaren Ikara Handia gertatu zenean. 1959ko azaroaren 9an, Arthur S. Flemming Ameriketako Estatu Batuetako Osasun eta Giza Zerbitzuen Departamentuko idazkariak iragarri zuen 1959ko ahabien uztaren zati bat amitrol herbizidaren arrastoekin kutsatuta zegoela. Ahabien merkatua hondoratu egin zen, eta laborariek milioika dolar galdu zituzten. Hala ere, izualdiak industriari erakutsi zion ezin zirela Gabonetako merkatuaren menpe egon beren produktuentzat; urte osoan saltzeko merkatuak aurkitu behar zituzten beren frutarentzat. Pestiziden erabilerarekin ere kontu handiz ibili behar izan zuten. Aminotriazolaren izualdiaren ondoren, Ocean Spray berrantolatu egin zen, eta dirutza handiak inbertitu zituen produktuen garapenean. Produktu berriak sartu ziren, hala nola ahabia zuku eta sagar nahasketak, eta, horien ondoren, beste zuku nahasketa batzuk.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Ahabia». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2024-07-16.)
  2. Cranberry Institute.
  3. (Gaztelaniaz) Keith, Gabriel izenburua=Arándanos: Una fruta colorida y nutritiva. Extensión de la Universidad Estatal de Dakota del Sur.
  4. Broussard, Melissa; Rao, Sujaya; Stephen, William P.; White, Linda. (junio 2011). «Abejas nativas, abejas melíferas y polinización en los arándanos de Oregón» HortScience 46 (6): 885-888.  doi:10.21273/hortsci.46.6.885. ISSN 0018-5345..
  5. a b (Ingelesez) Cranberry Production by FAO Food and Agriculture Organization. .
  6. (en inglés) Wibbertmann, A. et al. (2000), BENZOIC ACID AND SODIUM BENZOATE, International programme on chemical safety. 4 de octubre de 2006.
  7. Koo, H. Caries Research, January-February 2006; vol 40. News release, University of Rochester Medical Center.
  8. «Scientific Opinion on the substantiation of a health claim related to CranMax® and reduction of the risk of urinary tract infection by inhibiting the adhesion of certain bacteria in the urinary tract pursuant to Article 14 of Regulation (EC) No 1924/20061» EFSA Journal (European Food Safety Authority) 125: 3657..
  9. Jepson, Ruth G; Williams, G.; Craig, J. C.. (Oct 17, 2012). «Cranberries for preventing urinary tract infections» Cochrane database of systematic reviews (Online) 10: CD001321.  doi:10.1002/14651858.CD001321.pub5. PMID 23076891..
  10. Vvedenskaya, Irina O; Vorsa, Nicholi. (2004-11-01). «Flavonoid composition over fruit development and maturation in American cranberry, Vaccinium macrocarpon Ait.» Plant Science 167 (5): 1043–1054.  doi:10.1016/j.plantsci.2004.06.001. ISSN 0168-9452. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  11. (Ingelesez) Duthie, S. J.; Jenkinson, A. McE.; Crozier, A.; Mullen, W.; Pirie, L.; Kyle, J.; Yap, L. S.; Christen, P. et al.. (2006-03-01). «The effects of cranberry juice consumption on antioxidant status and biomarkers relating to heart disease and cancer in healthy human volunteers» European Journal of Nutrition 45 (2): 113–122.  doi:10.1007/s00394-005-0572-9. ISSN 1436-6215. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  12. (Ingelesez) Zheng, Wei; Wang, Shiow Y.. (2003-01-01). «Oxygen Radical Absorbing Capacity of Phenolics in Blueberries, Cranberries, Chokeberries, and Lingonberries» Journal of Agricultural and Food Chemistry 51 (2): 502–509.  doi:10.1021/jf020728u. ISSN 0021-8561. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  13. Blumberg, Jeffrey B.; Camesano, Terri A.; Cassidy, Aedin; Kris-Etherton, Penny; Howell, Amy; Manach, Claudine; Ostertag, Luisa M.; Sies, Helmut et al.. (2013-11-01). «Cranberries and Their Bioactive Constituents in Human Health» Advances in Nutrition 4 (6): 618–632.  doi:10.3945/an.113.004473. ISSN 2161-8313. PMID 24228191. PMC PMC3823508. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  14. "Cranberry". New York: Gerstner Sloan Kettering Graduate School of Biomedical Sciences, Memorial Sloan Kettering Cancer Center. 2016.
  15. "Cranberry". New York: Gerstner Sloan Kettering Graduate School of Biomedical Sciences, Memorial Sloan Kettering Cancer Center. 2016.
  16. Tarascou, Isabelle; Mazauric, Jean-Paul; Meudec, Emmanuelle; Souquet, Jean-Marc; Cunningham, David; Nojeim, Steve; Cheynier, Véronique; Fulcrand, Hélène. (2011-10-01). «Characterisation of genuine and derived cranberry proanthocyanidins by LC–ESI-MS» Food Chemistry 128 (3): 802–810.  doi:10.1016/j.foodchem.2011.03.062. ISSN 0308-8146. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  17. (Ingelesez) Prior, Ronald L; Fan, Ellen; Ji, Hongping; Howell, Amy; Nio, Christian; Payne, Mark J; Reed, Jess. (2010-07). «Multi-laboratory validation of a standard method for quantifying proanthocyanidins in cranberry powders: Cranberry proanthocyanidin quantification» Journal of the Science of Food and Agriculture 90 (9): 1473–1478.  doi:10.1002/jsfa.3966. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  18. (Ingelesez) Sánchez-Patán, Fernando; Bartolomé, Begoña; Martín-Alvarez, Pedro J.; Anderson, Mark; Howell, Amy; Monagas, María. (2012-04-04). «Comprehensive Assessment of the Quality of Commercial Cranberry Products. Phenolic Characterization and in Vitro Bioactivity» Journal of Agricultural and Food Chemistry 60 (13): 3396–3408.  doi:10.1021/jf204912u. ISSN 0021-8561. (Noiz kontsultatua: 2024-10-20).
  19. The Cranberry Industry and Ocean Spray Cooperative: Lessons in Cooperative Governance (PDF). Archived (PDF) from the original on 11 September 2015.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]