Euskal Herriko armeria
Euskal Herriko armeria | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Plantae |
Ordena | Caryophyllales |
Familia | Plumbaginaceae |
Leinua | Staticeae |
Generoa | Armeria |
Espeziea | Armeria euscadiensis |
Basionimoa | Armeria cantabrica var. maritima |
Euskal Herriko armeria[2] (Armeria euscadiensis) Plubajinazeoen familiako landare iraunkorra da[3].
Banaketa atlantikoa duten landareen artean, Armeria eder hau eremu mugatuenetako bat duena da. Izan ere, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldetan baino ez da azaltzen, Billano lurmuturretik Gorlizen, Higer lurmuturrera, Hondarribian. EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago, izan ere, oso eskakizun ekologiko zehatzak ditu eta beraz, kostaldean egindako eraldaketek kalte handiak izan ditzakete bere populazioengan.
Morfologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare belarkara bizikor honek, 15-50 cm-ko altuera har dezake. Lurpeko oinarri sendoa du, eta horren puntan hosto-erroseta bat eratzen da. Hostorik gabeko zurtoin (gara deiturikoak) tenteen puntan lore-buruak sortzen dira.
Hostoak lantzeolatu estuak dira, 3 nerbio baino gehiago dituzte eta distiratsuak dira. Batzuetan zilioak dituzte nerbioetan eta ertzetan (horiek Armeria pubinervisekin erraz nahas daitezkeelarik). Hosto hauek 80-160 x 7-14 mm-ko tamaina dute, homomorfoak dira eta ertz mintzakara dute. Azpialdetik ziliatuak izan daitezke nerbioen inguruan.
Loreok 5 petalo dituzte eta oinean bakarrik lotuta daude. Lore-buruek zorro basal luzea daukate, bai eta braktea berdez eratutako bildukin edo inbolukrua ere. Braktea horien diametroa 25 mm-tik gorakoa izan daiteke. Sarritan Armeria pubinervis kidearekin nahastu ohi da, baina azken horren inbolukruaren kanpoko brakteak barnekoak baino motzagoak dira.
Kalizaren oin gogortuan fruitua dago, ia indehiszentea da, eta oinetik irregularki apurtzen da.
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Banaketa atlantikoa duten landareen artean, Armeria eder honek eremu mugatuenetako bat duena da. Izan ere, Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldetan baino ez da azaltzen (Urgull mendian deskribatu zen, hain zuzen ere). Bere mendebaldeko muga Billano lurmuturrean du, Gorlizen, eta ekialdekoa Higer lurmuturrean, Hondarribian.
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare hau itsas-labar silizeotan hazten den belardiaren parte da[4]. Lur hauek hareharri gogorretan aberatsak izaten dira baina landarea ez da gai itsas-zipriztinak iristen diren lekuan hazteko. Muga ekologiko hau dela eta, ez da Euskal Herriko Iparraldean gora edo Kantabrian zehar hedatzen.
Fenologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landarea martxoa eta uztaila bitartean loratzen da lehenengoz eta, berriz ere udazkenean, iraila eta urria bitartean.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garrantzitsua da landare honengan ahuntzen herbiborismoak duen eragina, baina lepidoptero gautarrena Armeria euscadiensisen haziengan. Stenotaphrum secundatum landareak, gainera, eskakizun ekologiko berdinak ditu eta lehiakortasun interespezifikoa sortzen da bien artean. Azkenik, kaio koloniek lurzoruaren nitrifikazioa dakarte eta landareari ezinezkoa egiten zaio baldintza horietan haztea.
Kontserbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mundu mailan interes handiko landarea da, bere banaketa-eremu txikia dela eta. EAEko Espezie Mehatxatuen Zerrendan 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago, izan ere, oso eskakizun ekologiko zehatzak ditu eta beraz, kostaldean egindako eraldaketek kalte handiak izan ditzakete landare honen populazioengan. Landare honen banaketa eskualdeak 22 km2 hartzen dituela estimatu da eta guztira, 15 populazio eta 320.000-35.000 ale daudela uste da.
Momentu hauetan biziraupenerako duen mugarik garrantzitsuena bere isolamendua da, baina Pasaiako superportuaren eraikitzeak kalte handiak eragingo lizkioke, Urgullen egin ziren obrek eragin ziotena beste. Azkenik, turistek ale hauek jasotzea debekatu beharko litzake, Gipuzkoako kostaldean landare honen banaketa eskualdean zehar nahikoa turistikoa den itsas-paseoa baitago.
Azkenik, Matxitxako lurmuturreko populazioak, Urdaibai Natura Parkearen barruan daude, eta beraz, nolabait ere babestuta. Berdina gertatzen da Uliako populazioekin, Uliako BGLaren barruan babestuta baitaude.
Antzeko espeziea Armeria pubinervis du baina honen inbolukruaren kanpoko brakteak barnekoak baino motzagoak dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).
- ↑ Donadille, P.; Vivant, J.. (1976). Bulletin de la Société Botanique de France (Paris) (123): 562..
- ↑ Euskaltermek erabilitako izena
- ↑ Encyclopedia of Life: Armeria euscadiensis
- ↑ Fernández de Arlas Bidegai, Borja. (2005/04/18). «La Armeria Euscadiensis» Diario Vasco.[Betiko hautsitako esteka]