Francisco Cano Consuegra
Francisco Cano Consuegra | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | La Carolina, 1955eko martxoaren 21a | ||
Herrialdea | Espainia | ||
Heriotza | Terrassa, 2000ko abenduaren 14a (45 urte) | ||
Heriotza modua | giza hilketa | ||
Hiltzailea | Euskadi Ta Askatasuna | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | gaztelania | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | Langile autonomoa eta politikaria | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Alderdi politikoa | Alderdi Popularra |
Francisco Cano Consuegra (La Carolina, 1955 - Terrassa, 2000) Alderdi Popularreko[1] politikari bat izan zen, ETAk hil zuena, 2000ko abenduaren 14an.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Francisco Cano Consuegra ETAren biktima bat da, erakunde terroristak Terrassan 2000. urtearen abenduaren 14an hil zuena. Iturgintza-enpresa txiki bat zuen eta Alderdi Popularreko zinegotzia zen Viladecavalls udalerrian. Ezkonduta zegoen eta bi alaba zituen. Hil zutenean 45 urte zituen.[2]
Hilketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztelugatxe edo Bartzelona komandoak Francisco Cano Consuegra hartu zuen helburu[3] eta berari buruzko informazioa bildu zuen internet eta prentsaren bitartez. Fernado García Jodrá eta Lierni Armendaritz González Langarika etakideek Francisco Cano zelatatu zuten bere etxean eta iturgintza-lantegian. 2000ko abenduaren 14an, Lierni Armendaritz eta García Jodrá Francisco Canoren etxera abiatu ziren.
Zinegotziak bere aparkalekuan utzi zuen Citroën C15 furgoneta 1:45ak aldera. Bihurkin bat erabiliz, Lierni Armendaritzek ibilgailuaren maletategiaren sarraila bortxatu zuen eta García Jodrák bonba-lapa bat jarri zuen, lehergailu kilo batekin. 2000ko abenduaren 14an, Francisco Cano Consuegra bere etxebizitzatik atera zen, 7:45etan, bere iturgintza-lantegira joateko.[4][5] Ibilgailua hartu eta Olesa eta Montserrat arteko errepidean geldialdi bat egin zuen, gosaria hartzeko. Ondoren, zinegotziak bere egunerokotasunarekin jarraitu zuen, bere ibilgailua gidatuz.[6] 10:50ak aldera, kotxeak eztanda egin zuen. Danbatekoa kilometro bateko distantzian entzun zen. Francisco Cano oso larri geratu zen[7] eta kotxearen zatiak 30 metroko erradio batean sakabanatu ziren.[8]
Berehala Udaltzaingoa eta anbulantzia bertaratu ziren. Francisco Canok laguntza eskatzen zuen, burua eta sorbaldatik odola zeriolarik. Baina oraindik bizirik zegoen.[9] Mutua de Tarrasa ospitalera eraman zuten, egoera kritikoan, burezur-garuneko traumatismo batekin eta ipurmasailean eta bizkarraren beheko partean eta peritoneo inguruan leherketak eragindako zauri oso larriekin. Hemorragiak gelditzeko operazio baten ondoren, 13:45etan hil egin zen.
Gertakari hauen ondorioz, 2003an Lierni Armendaritz González Langarika, Fernando García Jodrá, Laura Riera eta Zigor Larredonda prozesatu zituzten[10] eta Auzitegi Nazionalaren Zigor-arloko Salaren Laugarren Atalak epaia eman zuen 2004ko azaroan. Lierni Armendaritz González Langarika eta Fernando García Jodrári 47 urteko zigorra ezarri zieten.[11] Laura Riera eta Zigor Larredonda, aldiz, absolbitu egin zituzten.[12]
Hilketa honen ondoren, ETAk ez zuen aldarrikapen zehatzik egin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) MERINO, A., CHAPA, A., Raíces de libertad, 2011. 217-223 orrialdeak. FPEV. 978-84-615-0648-4 ISBN