Edukira joan

Madeleine aldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Magdaleniar» orritik birbideratua)
Angles-sur-l'Anglingo (Vienne) Madeleine aldiko zaldia. Musée d'Archéologie Nationale, Saint-Germain-en-Laye
Madeleine aldiaren hedapen mapa.

Madeleine aldia Mendebaldeko Europako Goi Paleolito amaierako kultura arkeologikoa izan zen[1][2]. Izena Tursaceko La Madeleine haitzulotik datorkio.

Solutre aldiko kulturari ematen dio jarraipena Madeleine aldiak (duela 18.000 eta 11.000 urte artean), eta Azil aldia dator ondoren. Hasieran, 1875ean, Lartet eta Christyk "L'âge du renne" izena eman zioten, aldi honetako aztarnategietan elur-orein hondakin ugari dagoelako. Baina, horiez gain, orein arruntak, zaldiak eta Azken Izotz Aroan Europan bizi ziren beste ugaztun handiak ere ehizatzen zituzten. Kultura hori oso hedaturik egon zen eta aztarnategiak Portugaldik Poloniaraino topatu dituzte[3].

Labar-pinturaren adibiderik famatuenak aldi honetakoak dira, adibidez Lascaux edo Altamirakoak[4]

Madeleine aldia Pleistozenoaren amaieran garatu zen, Azken Izotz Aroaren ondorengo Tardiglaziar aldian. Klima, orokorrean, freskoa edo hotza izan zen eta prezipitazioak oso txikiak, munduko ur geza gehiena glaziar kontinentaletan izozturik zegoelako. Aldi luze honetan izan ziren klima gorabeherak, hotzaldiak eta epelaldiak, ez ziren eskualde guztietan batera gertatu. Horrela, epelaldiak lehenago nabaritzen ziren hegoaldeko eskualdeetan iparraldekoetan baino. Oro har, duela 17.000 urteko Lascaux epelaldiak Tardiglaziarraren hasiera seinalatzen du. Duela 16.000 urte Dryas I hotzaldia hasi zen. Ondoren Bølling epelaldia (duela 13.300 urte), Dryas II hotzaldi laburra (duela 12.300 urte) eta Allerød epelaldia (duela 11.800 urte) etorri ziren. Allerøden hasi zen Madeleine alditik Epipaleolitorako igaroaldia[3].

Landaredia eta fauna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotzaldietako landaredi mota estepa-tundra izan zen, larre zabala Poaceae eta Artemisiarekin. Oso eremu arboladun gutxi zegoen. Erreka bazterretan eta ibar gerizatuetan sahats eta urkiak hazten ziren. Epelaldietan, berriz, basoen hedapena gertatu zen: Pinus sylvestrisen pinudiak hasieran eta, klima gozatu ahala, baso hosto erorkorrak (hurritzak, haritzak, haltzak).[5].

Faunari dagokionez, estepa-tundran elur-orein eta zaldi saldoak ibiltzen ziren eta mendialdeetan basahuntzak eta sarrioak. Neurri handiko beste espezie batzuk bisontea, uroa, mamuta eta errinozero iletsua ziren[3]. Klima epeltzearekin basurdea eta orkatza bezalako espezie basozaleak ugaritu ziren. Neurri txikiko faunan erbi artikoa, azeri zuria, leming lepokoduna eta artikoko suslika zeuden[3].

Duela 12.000 urteko larruzko etxola baten egitura. Pincevent (Frantzia).

Ezagutzen diren kokaleku gehienak leize eta harpetan badira ere, aire zabalekoak ere daude. Leize eta harpeak bolada luzeko edo denboraldi anitzetako bizilekuak ziren. Jarduera gune berezituak izaten zituzten: haitzuloaren sarreran sutondoak eta lantegiak (sukarria, adarrak, hezurrak eta zura lantzeko), barrualdean atsedenlekuak eta barrurago ehorzlekuak eta erlijio eta magia zeremonietako lekuak. Aire zabaleko kokalekuak, berriz, eskualde bateko baliabideak (ehiza, sukarria) ustiatzen zebiltzan talde ibiltarien epe motzeko kanpamentuak izanen ziren. Pinceventeko kanpamentuan (La Grande-Paroisse, Senaren bailara, Frantzia), esate baterako, elur-orein ehiztariak piramide formako larruzko etxoletan babesten ziren. Zutoinez egindako egituraren gainean elur-orein larruak paratzen ziren eta hauek lurrean harriekin finkatzen. Pinceventeko bizitegi-unitate bakoitzak jarduera tokiak, logelak eta zabortegiak zituen, sutondoaren inguruan antolaturik.[6][7].

Madeleine aldiko gizakiak ehiza larrian espezializatutako ehiztari nomadak ziren. Askotan ehizaki nagusia elur-oreina izaten zen eta beste batzuetan zaldia. Pirinioetako garaiera handiko lekuetan batez ere basahuntzak ehizatzen zituzten eta Kantauriko itsasbazterrean orein arruntak. Aztarnategietan saiga, bisonte eta sarrioen hondakinak ere agertzen dira. Azeria eta otsoa larrua baliatzeko harrapatzen zituzten. Animalia txikiak (erbiak, suslikak) ere jaten zituzten. Bizkaiko golkoko ibaietako izokina janari baliabide garrantzitsua zen[3] eta itsasaldean moluskuak biltzen zituzten (lapak, karrakelak, ostrak, txirlak, muskuiluak...)[8]. Landare jatorriko elikagaien aztarna gutxi dago.

Garapen teknikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madeleine aldiko tresneria, beste ehiztari ibiltari askorena bezala, arin eta eramangarria zen. Harri industrian tresna-ereduak oso estandarizaturik zeuden eta euskarri erabiliena ijelkia zen. Bizkar zanpatudun puntak edo xaflak, zulakaitzak, "bec" edo mokoak eta zulagailuak pieza bereizgarriak dira. Hezurrezko tresneriak garrantzi handia zuen: azagaiak, hortz ilara bateko edo biko arrankaziak, jostorratzak eta bastoi zulatuak. Azagaiari abiadura handiagoa emateko bultzagailua erabiltzen zuten[3][9].

Madeleine aldia bereziki ospetsua da arte adierazpenengatik, irudikapenik errealistenak aldi honetan egin baitziren. Labar arteari dagokionez aberatsena Frantziar-kantabriar eskualdea da. Adibide aipagarrienetako batzuk Dordoinako Lascaux, Les Combarelles, Rouffignac, Cap Blanc eta Font-de-Gaume, Vienneko Roc-aux-Sorciers, Ariègeko Niaux eta Trois Frères, Euskal Herriko Altxerri, Ekain eta Santimamiñe, Kantabriako Altamira eta El Castillo eta Asturiasko Tito Bustillo haitzuloetako pintura eta grabatuak dira. Madeleine aldiaren hasierako lanak marra beltz lodiz egindako marrazki soilak dira, xehetasun handirik gabeak. Aurrerago, ordea, naturalismo handiko irarlanak eta irudi polikromatuak egin ziren[10]. Irudi ugarienak animalienak dira: zaldiak, oreinak, bisonteak, uroak, elur-oreinak, basahuntzak eta sarrioak, eta baita haragijaleak (hartzak, felidoak...) eta arrainak ere. Gizakien irudiak urriagoak dira[11].

Arte higigarria ere azpimarragarria da. Askotan armak eta eguneroko bizitzako gauzak motibo figuratibo (animaliak, gizakiak) edo geometrikoekin apainduak izaten ziren. Grabatutako xaflen kopurua ere ugaritu zen garai honetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Solutrear kultura
Europa erdialdeko kulturak
Duela 18.000–11.000 urte
Ondorengoa
Aziliar kultura