Edukira joan

Foruak Eraldatzeko Legea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Lege Hitzartua» orritik birbideratua)
Foruak Eraldatzeko Legea
Motalegegintza
Nongo eskumenen mendeEspainia

1841eko Foruak Eraldatzeko Legea[1], geroago Nafarroako Lege Hitzartua ere deitu izan dena (gaztelaniaz: Ley Paccionada), XIX. mendean Nafarroa Garaiko estatus politikoa aldatu zuen Espainiako legea izan zen. Ondorioz, Nafarroako Erresuma desegin egin zen, eta Nafarroa Garaia 1833an Javier de Burgos Justizia ministroak ezarritako 49 probintzietako bat bihurtu zen Espainian. Galdu egin ziren Gorteak, Erresumako Diputazioa eta erresumako burujabetasun legegile eta judizialak; bisorraiaren trukean, Espainiako gobernadore zibila ezarri zen.

1893-1894ko Gamazadan handitu zen eztabaida historiografiko eta politikoan, lege hitzartu edo itundutzat jo izan dute autore eta talde batzuek, nabarmenki Victor Praderak. Hargatik, gehienetan, ikerketa xeheagoek gertaera politiko horren hitzarmen izaera arbuiatu dute, Nafarroako legediaz bestela ezarritako inposiziotzat hartuz, artean Nafarroa Espainiako gobernuaren armadak okupatua zela. Foruak Eraldatzeko Legea nabarrismo espainolistaren oinarri ideologiko bihurtu zen, XX. mende hasieratik eta, bereziki, 1917tik aurrera.

Espainiako liberalen goraldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Francisco Cea Bermúdez Espainiako lehen ministroa eta 1933ko azaroko administrazio berrantolamenduaren bultzatzailea

Fernando VII.a espainiar erregearen azken urteetan (1830-1833), liberalak heldu ziren Espainiako Gobernura. Errege hori hil zenean, liberalek tronura altxa zuten Maria Cristina Borboikoa erreginordea. 1833ko azaroaren 30eko errege dekretuz, gobernu liberal berriak Espainiako administrazioa berrantolatu zuen, 1820-1823 aldiko Hirurteko Liberalean jada egin zuen bezala.

Une horretan bertan, Lehen Karlistaldia piztu zen, Hego Euskal Herria erdigune harturik, Nafarroa Garaian indar bereziaz. Hurrengo urtean, Francisco Martínez de la Rosa Espainiako ministro kontseiluko buruak bultzaturik, Maria Cristinak Erreginaren Estatutua eman zuen 1834ko apirilean,[2] oinarrizko lege agiri edo gutuna. Gainera, hiru urte geroagoko 1837ko Konstituzio liberalerako bidea zelaitu zuen.[3]

1839ko abenduaren 25eko Foruak Berresteko Legea Nafarroa Garaiaren izaera forala eta 1837ko Espainiako Konstituzioak ezarritako erregimen liberala elkartzen saiatu zen. Konstituzio hori Espainian Maria Kristina Borboikoa erregeordea zela eta Lehen Karlistaldi bete-betean ezarri zen, 1812ko konstituzioan inspiratuta eta progresisten babespean.

Nafarroako gertaeren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erresumaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Karlistaldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar Penintsulako Gerraren ondoren, Nafarroako Erresumaren erakundeak berrezarri ziren: bere dirua ateratzen jarraitu zuen, Nafarroako ohiko izendapenak baliatuz, eta eragotziz horietan "Espainia" izena agertu ahal izatea; are, 1818an Gorteek gaztelar tropak etxeratzea exijitu zuten eta, kontraforu etengabeak aipatuz, egoera normaltasunera itzultzea. Gorteak 1828-1829an bildu ziren azken aldiz, Iruñean, eta Fernando VII.a (Nafarroako III.a) espainiar erregearen bisorraiak zin egin zituen foruak.[4] 1833ko urrian, Lehen Karlistaldia piztu zen Nafarroan. Lord Hayk (buruzagi militar ingelesak) baieztatu zuenez, berdin izango zuen Karlos erregenahiak alde egiten bazuen ere, euskaldunak (vascongados) ez omen baitziren haren alde borrokatzen, beren askatasunen alde baizik.[4]

1834ko Espainiako Elisabet II.a Erreginaren Estatutuak bete-betean urratu zituen Nafarroako foru arau asko eta ez zuen Nafarroako Gorteen oniritzirik.[2] Hargatik, Espainiako Gobernuak Iruñeko Aldizkari Ofizialean argitararazi zuen. Erresumako Diputazioa irailaren 6an bildu zen, azken aldiz: Nafarroako ordezkari horiek iritzi zioten Madrilera mandatariak igortzeko errekerimendua legez kanpokoa zela, eta erresumako legediaren eta independentziaren kontrakoa, Nafarroa Behereko Estatu Orokorrek 1789ko Pariserako deialdiari erantzun zioten bezala. Madrilek, berriz, Diputazioa kargugabetzea agindu zuen irailaren 7an. Nafarroako Diputazioaren ordez, Espainiako Gobernuak batzorde bat eratu eta izendatu zuen: probintziako diputazioa edo aldundia.[2] Karlistaldia artean amaitu gabe zegoela, Iruñeko Buletin Ofizialak soluzio bat argitaratu zuen Espainiako monarkian jarraitu ahal izateko (Bases bajo las cuales Navarra y las Provincias Vascongadas seguirán adheridas a la monarquía de Carlos V). Hala ere, ez ziren kontuan hartu, eta gerrak bere horretan jarraitu zuen.[4]

Euskal Herrian Karlistaldiari amaiera eman zion Maroto eta Espartero jeneralen arteko besarkadaren irudikapena (1839)
Espartero espainiar jeneralaren potreta Foruak Eraldatzeko Legea ezartzeko garaian (1843)

Gerraren amaiera prestatzen ari zen, hitzarmen baten bidez bideratua. Rafael Maroto jeneral karlista Frantziako gobernuaren ordezkariekin elkarrizketatu zen bake batera heltzeari begira, eta ekainaren 28ko Arramendiagako agirian hauxe baieztatzen zen: "Ongi ulerturik geratzen da Probintzia Baskongadoek eta Nafarroak beren foruak gordeko dituztela". Britainiar mandatariekin (aipatutako John Hay) karlistek izandako elkarrizketetan, antzeko baldintzak adostu ziren.[4]

Lehen Karlistaldia Espainiako lege bilakatutako konpromiso batekin amaitu zen: Bergarako Besarkada, Oñatin adostua. Hizkera bihurri batez, Hego Euskal Herriko foruak berresteko asmoa adierazten zen, baina Espainiako Gobernuaren eskuetan uzten zuen azken hitza;[5] hizkera anbiguo horrek auzia atzeratu besterik ez zuen egiten.[6] Arabar zein nafar batailoi karlistek eta gipuzkoarren erdiek baino gehiagok traiziotzat hartu zuten hitzarmen hori.[7]

Espainiako legedia joko zelai

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzarmenak Espainiako lege baten forma hartu zuen, Foruak Berresteko Legea (1839), urriaren 25ekoa. Lege horrek, ordea, klausula bat gehitu zion gerra amaitu zuen Bergarako Besarkadari, 1. artikulua: "Baskongaden eta Nafarroaren foruak berresten dira, Monarkiaren batasun konstituzionalari kalterik egin gabe".[8] 2. artikuluak, berriz, Konstituzioarekin bateratze lana egiteko Espainiako Gorteetan komenigarri ikusten ziren aldaketak egitea aipatzen zuen.[9]

Lorenzo Arrázola Grazia eta Justizia ministroaren arabera, horrek esan nahi zuen “lotura handietako batasuna, hala nola errege konstituzionala, botere legegilearen batasuna eta ordezkaritza nazional komun bakarra egotea”.[8] Geroago, azaroko espainiar dekretu banak ezarri zuen Nafarroa probintziako diputazioak bi ordezkari izendatu behar zituela, biek "konponbiderako plana negoziatzeko eta, haren bitartez, Nafarroak Nazioko besteekin bat egitea promes egiteko".[2]

1839ko azaroaren 16ko lege-dekretuak bisorraiak gobernadore zibilekin ordezkatu zituen. Aldiz, mendebaldeko euskal lurraldeek ez zuten lege-dekretu hori onartu.[6] Lege-dekretu horretan bertan, Arrázolak foru araubidea onartu zuen udalak, Batzar Nagusiak eta Diputazioak Nafarroan izendatzeko orduan.[3]

Nafarroa Garaia Espainiako probintzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi jarrera Espainiako Gobernuaren aurrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlistaldia amaitzean, Nafarroan bi posizio nagusi agertu ziren: Madrilgo armada garailearen agintariekin negoziatzearen aldekoak ("paktista") eta kontrakoak. Jose Mari Espartzak adierazi du Nafarroa Garaian gehienek arbuiatu zutela konponbide hori.[10] José Yanguas lehendabizikoetan zegoen, adieraziz Nafarroako foruak zaharkituta zeudela, eta 1837ko Espainiako Konstituzioa Nafarroarentzat balioetsiz. Nafarroa Garaiko probintziako aldundiaren idazkaria zen, Erriberako noblezia lur-jabearen hurbilekoa. Yanguasek Antiguedades del Reino de Navarra lan historiografiko mardula argitaratu zuen ia aldi berean (1840), Nafarroako legedia zaharkituta zegoela argudiatuz. Angel Sagaseta de Ilurdotz erresumako kontsultore eta sindiko kargugabetu eta erbesteratuak, berriz, Fueros fundamentales del Reino de Navarra ondu zuen, Iruñean 1840an argitaratua, nafar jurisdikzio subiranoaren eta independentziaren alegatua.[3]

Nafarroako probintziako diputazio berriak beste euskal lurraldeetako diputazio nagusiez aparte jokatu zuen gerra amaieran. 1840ko otsailaren 8an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan diputazio nagusiak eta batzar nagusiak eratu ziren, ez probintziako diputazioak, eta egun horretan bertan adostu zuten ez onartzea foruei eraldaketarik egitea.[6] 1840ko martxoan, Nafarroako Erresumako Diputazioa ez zen existitzen, eta Nafarroa Garaian Espainiako Gobernuak ezarritako probintziako diputazioa aukeratu zen hauteskundeetan;[2][oh 1] zazpi kidek osatu zuten, lehenago Erresumako Diputazioan bezala.[6] Honako pertsonek osatuko zuten diputazio hori: Lorenzo Mutiloa (Lizarra), Jose Maria Perez (Lizarra), Justo Galartza (Iruñea), Fermin Gamio (Iruñea), Bonifacio Garcés de los Fayos (Erriberri), Serapio Agirre (Zangoza) eta Tomas Arteta (Tutera).[2] Diputazioa, bada, oso lerratua zen Espainiako Gobernuarekin elkar ulertzera, eta gobernu horrek atseginez hartu zuen haren osaera.[6]

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Foruak Berresteko Legea
Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Foruak Eraldatzeko Legea
Diccionario de antigüedades del Reino de Navarra idazlanaren azala (1840)

1840ko martxoaren 9an, probintziako aldundiaren batzorde bat eratu zen, Espainiako Gobernuarekin 1839ko lege-dekretua Nafarroan zer-nola gauzatuko zen Madrilen adostu eta zehazteko;[11][3] lau mandatarik osatu zuten batzordea. Dagoeneko, ordea, espainiar agintariek foruak gauzatzeko beren baldintzak edo oinarriak ezartzen ari ziren (negoziazio batez hitz egiten zuen), eta Manuel Cortina ministroak hala jakinarazi zien Hego Euskal Herriko diputazio guztiei:


«
  1. Estatuaren kargei ekarpenak egiteko betebeharra, baita odol ekarpenaz ere, proportzioaren eta aberastasunaren arabera.
  2. Organikoki zein prozeduraz, Penintsulan gainerakoan existitzen zen sistema judiziala onartzea.
  3. Udalak Espainiako gainerako herrietan duten aukeratzeko metodoan berdintzea.
  4. Diputazio nagusiak kenduko dira eta, trukean, probintziako diputazioak eratuko dira, lege komunaren arabera.
  5. Probintzia bakoitzean goi-mailako funtzionario bat egongo da, gobernu goreneko ordezkari lanetan, buruzagi edo korrejidore politiko titulua izango duena.
  6. Aduanak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean eta mugan ezarriko dira.
»


Espainiako Gobernuaren jakinarazpen hori jaso ondoren, Nafarroako lau batzordekideek Jose Yanguasek ondutako egitasmoa eraman zuten Madrilera plana eztabaidatzeko oinarritzat, idazkari horrek 1840ko apirilerako prestatzen amaitua.[6] Maiatzean, nafar batzordea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazio nagusietako ordezkariekin bildu zen eta, haiek ez bezala, Nafarroa Garaiko batzorde horrek erabaki zuen gobernuarekin elkarrizketan jarraitzea. Donostiak, berriz, nafar ordezkarien jarrerarekin bat egin zuen osoki, eta abuztuaren 1ean Gipuzkoatik banandu zen Nafarroari lotzeko.[9]

Probintziako aldundiaren lau nafar mandatariak Madrilen izan ziren sei hilabetez, 1840ko abendu arte.[2] Abendurako, Madrilgo nafar mandatariek adierazi zioten diputazioari elkarrizketak ia amaituta zeudela, eta Espainiako Gobernuak ontzat eman zuela zerga ekarpen bakarra egitea. Probintziako diputazioak ontzat jo zuen, osoki, mandatari horien kudeaketa eta erabakitako edukien oinarriak, Espainiaren ("Nazioa") zein Nafarroaren interesentzat onuragarriak zirelakoan.[6][4]

Estatus politiko-administratibo berria zehazten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horretan zirela, baina, Baldomero Espartero jeneralaren altxamenduak ordu arteko Espainiako Gobernua kargugabetu zuen,[3] eta erregeorde postua hartu zuen Espainiako konstituzio antolamendutik at jokatuz, 1840ko urriaren 17an.[4] Nafar probintziako diputazioaren batzordeak eta Espainiako Gobernuarekin hitz egitearen aldekoek, orduan, konponbide hau proposatu zuten Nafarroa Garairako antolamendu administratibo-politiko berrian gauzak zehazten joateko:[8]


«
  1. Gobernadore politikoa (gobernadore zibila)
  2. Probintziako diputazioa (eta ez Erresumako Diputazioa)
  3. Ekonomia ituna, zerga ekarpen bakarrekoa
  4. Udalak Espainiako lege orokorraren arabera antolaturik
  5. Espainiako kode zibila
  6. Zerbitzu militarra, foruaren arabera
  7. Aduanen lekualdaketa, Espainiako mugetara.
»


Espartero erregeorde hautatu zuten 1841eko maiatzaren 10ean Maria Kristinaren ordez; erregeordetza gobernuko presidentetzari lotu zitzaion, Esparterok progresisten babesa izan zuen, eta konpromisoetara heltzearen kontrako jarrera hartu zuen. Bere gogara eta moldera jokatzen hasi zen, bere aurretik hartutako konpromisoei eta, are, konstituzioari muzin eginez. Madrildik, bada, nafar batzordeak 26 puntuko lege bat ekarriko zuen: Foruak Eraldatzeko Legea. Bertan, Nafarroa Garaia Espainiako probintziekin parekatzen zen, 25. puntuan izan ezik: “Nafarroak, lehen adierazitako zergez gain, zuzeneko zerga bakarrean, urteko milioi bat zortziehun mila errealeko zenbatekoa ordainduko du”, alegia, kupoa.[12]

1850eko Espainia, Hego Euskal Herriko lege jurisdikzio bereziak erakutsiz

Nafarroan beste batzorde bat eratu zen, Madrilen umotu zuten plana tramitatzeko. Martxorako lege egitasmo bat hasi ziren Espainiako Kongresuan tramitatzen. Bada, 1841eko uztailean Espainiako Kongresuak oniritzia eman zion planari, eta egun batzuk geroago, abuztuan, herrialde horretako Senatuak.[2] Abuztuaren 16a, azkenean, legea onartu zen, "Nafarroako administrazio orokorra antolatzeko legea" izenburukoa; lege hori 1841eko azaroaren 11n argitaratu zen Nafarroan.[2]

Foruak Eraldatzeko Legeak, bere hitzaurrean, Elisabet II.a eta Baldomero Espartero haren izenean aipatzen ditu, baita "Espainiar Monarkia", ordu arte inoiz ez bezala. Aldiz, ez dira Nafarroako tradizioa eta araubidea aipatzen, ezta foruak zin egiteko beharra ere.[4] Esparterok, gainera, ahalmen bereziz jantzirik, bere kabuz jokatu zuen 1841eko abenduan, aduanak Pirinio eta itsasora lekualdatuz, Pasaia eta Donostiara. 1842ko urtarrilaren 5ean, errege agindu batek foru baimena indargabetu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietako probintziako aldundiak ezarri. José Ramón Rodil izan zen Nafarroako azken bisorraia (1836-1843).

Foruen monumentua Iruñean

1841eko abuztuko Lege horren bitartez, Lehen Karlistaldiaren ondoren, monarkia liberala Espainian egiten ari zen erreforma politiko, instituzional, legegile eta judizialak ezarri ziren Nafarroa Garaian. Eskoziarekin 1707an gertatu ez bezala (Act of Union), Nafarroako Erresumako organo jurisdikzionalek ez zioten oniritzia eman Gaztelari edo Espainiari lotzeari, Xabier Irujo historialariak azaldu duenez.[4] Legeak, kasu onenean, autonomia bat eman zion Nafarroari Espainiako konstituzio sistemak (1812 eta 1837koak) urratzen ez zituzten gaietarako.[4]

Erresuma desegitea negoziatu zutenek ez zuten erresuma hartako erakundeen (Gorteen) babesik izan horretarako eta, beraz, ordu arteko legediaz kanpo jokatu zuten.[4] Legeak euskarri juridikoa eman zion jada gertatua zen zerbaiti: Nafarroako Erresuma desegitea Espainiako probintzia izateko, noiz eta zazpi urteko gerraren ondoren eta Espainiako gobernu autoritarioaren tropek lurraldea okupatua zutenean; negoziatzeko tarterik, beraz, ez zen jada existitzen.[4]

Galdu ziren Erresumako Gorteak, Erresumako Diputazioa eta erresumako burujabetasun legegile eta judizialak, baita bere dirua igortzeko ahalmena, nafarrak beharturik izango ziren zerbitzu militarrean parte hartzera (Madrilgo nafar mandatariek hasieran ezetz esan bazuten ere), aduanak Pirinioetara lekualdatu ziren, besteak beste.[10] Kintak ezartzeak nafarrak biziki sumindu zituen.[10] Valentzian erbesteratuta zegoen Angel Sagaseta de Ilurdotz Gorteetako azken sindikoak gogor kritikatu zuen prozesua.[13] Nafarroa Garaian, legearen arbuioak Espainiako Trantsizio arte luzatu zen joera politiko bat sortu zuen: foru berrezarpena edo integrismoa.[10]

Geroko bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876an, Bigarren Karlistaldian Nafarroa Garaiko agintariek Baskongada Probintzietatik bereiz jokatu zuten. Hori ikusita, Canovas del Castillo Espainiako ministro kontseiluko presidenteak asmo sendoa agertu zuen Foruak Eraldatzeko Legeak Nafarroari aitortzen zizkion prerrogatibak kentzeko, lege bat besterik ez zelakoan, eta ez hitzarmen bat. 1876ko ekainean, Espainiako Aurrekontuen Legean 1841etik aldatu gabeko kupoa aldatu zuen, 24. artikuluaren bidez.

19/2/1877 Errege Dekretuak estatus administratibo bereiz bat aitortu zion Nafarroari, baina Espainiako gobernua ez zen kito geratu: 1877ko Aurrekontuen Legeak zirrikitu berriak ireki zituen 8. artikuluan geroago zerga erreforma gehiago egin ahal izateko, Nafarroa Espainiako probintziekin guztiz berdintzeari begira. Nafar zerga araubidea Madrilgo aurrekontuetatik hausteko hurrengo ahalegina 1893-94an gertatu zen, Germán Gamazo ministroa Nafarroa Garaiari estatuko aurrekontuak inposatzen ahalegindu zenean.

Horrek, ordea, Gamazada piztu zuen Iruñean. Gamazadak forutasunaren aldeko mugimendua harrotu zuen, protesta masiboak eginez eta beste euskal lurraldeekin elkar hartuz; Madrildik Gamazo aldatzen saiatutako nafar prerrogatibak, kupoa, berezko nafar foru nortasuntzat hartu zituzten, eta ulertu espainiar ministroa hitzarmen bat hausten ari zela. Ondorioz, 1841eko Lege Hitzartuaren ideia zabaldu zen. Lege hori eta hitzartua izatearen ideia bilakatu ziren nabarrismoaren oinarri ideologiko.[14]

Foruak Eraldatzeko Legea Martin Villa Espainiako gobernazio ministroak 121/1979 Errege Dekretua ezarri arte egon zen formalki indarrean; Dekretu horrek, izan ere, Espainiakoa hartzen du agintaritzaren (eta legearen) iturri bakartzat. 1982ko Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, ordea, erregimen historiko horren jarraipena dela adierazten du bere izenean eta atarikoan.

Hitzartua izateari buruzko auzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako monarkiaren "batasun konstituzionala"k eta Nafarroa Garaiko foruak iraunarazteko asmoak talka egin zuten. Orduan sortu zen Nafarroa Garaiaren estatus politikoaren inguruan, hiru iritzi nagusi daude:

  1. Lege arrunta. Legea Espainiako Gorteek beste lege bat balitz bezala onartu zuten, alegia, juridikoki, lege arrunta besterik ez zen, eta Espainiako Gorteek aldatu edo indargabetu zezaketen. Iritzi honen jarraitzaileak dira Cánovas del Castillo edo Miguel Primo de Rivera politikariak, Eduardo García de Enterría, Tomás-Ramón Fernandez edo Martínez Tomás legelariak eta Rafael Navascués, Pedro Larunbe eta Demetrio Loperena; joera horretan kokatzen da María Cruz Mina historialari nafarra, hitzarmenaren ideia horri "mito historiko" deituz,[14] eta Xabier Irujo historialariak ere hitzarmenaren ideia okerra nabarmendu du, okupazio militarreko testuinguruan gertatutako inposiziotzat hartuz.[15]
  2. Hitzartutako Legea.[oh 2] Nafarroako Erresumako agintariekiko negoziaketetan kontraprestazio eta hitzarmenak izan ziren, eta Estatuak ezin du legearen alde bateko aldaketa egin. Iritzi honen jarraitzaileak izan dira Prim eta Práxedes Mateo Sagasta espainiarrak eta José Alonso, Serafin Olabe, Arturo Kanpion[erreferentzia behar], Eladio Esparza, Rafael Aizpun, Rodriguez Garraza, Jaime Ignacio del Burgo eta Víctor Manuel Arbeloa nafarrak.
  3. Tarteko legea. Alde batetik, formalki lege arrunta bada ere, bestetik, politikoki hitzarmena izatea zuten helburu bai Nafarroako Erresumaren erakundeek, bai Espainiakoek. Iritzi honen aldekoak dira Pablo Ilarregi eta Fulgencio Barrera legea negoziatzeko Nafarroako Erresumako Aldundiaren ordezkariak,[erreferentzia behar] eta Jose Antonio Rázquin eta Ignacio Olabarri nafar legelariak.
  1. 1841eko abuztuaren 16ko Foruak Eraldatzeko Legea, zeinaren bidez Nafarroako Foruen Eraldaketa onartzen baita, osorik adierazita.
  2. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2021). «La disolución de un reino de mil años (824-1841)» Noain, 1521; Azken bataila / La última batalla. Nabarralde, 152-161 or. ISBN 978-84-09-30804-0..
  3. a b c d e Convenio navarro o Ley paccionada de 1841Colaboran. (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  4. a b c d e f g h i j k Irujo, Xabier. (2012). «Naturaleza de la Ley de 16 de Agosto de 1841 e implantación del sistema constitucional en Navarra» Iura Vasconiae: 375-430..
  5. Convenio navarro o Ley paccionada de 1841Colaboran. (Noiz kontsultatua: 2021-08-14).
  6. a b c d e f g Historia de Navarra.. Gobierno de Navarra, Departamento de Presidencia [1993?]-1995 ISBN 84-235-1203-7. PMC 32085478. (Noiz kontsultatua: 2021-08-16).
  7. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «El Abrazo de Bergara · Guía contra la desmemoria | Jose Mari Esparza» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-12).
  8. a b c (Gaztelaniaz) ORELLA UNZUÉ, José Luis. «Convenio navarro o Ley paccionada de 1841» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  9. a b (Gaztelaniaz) ORELLA UNZUÉ, José Luis. «Convenio navarro o Ley paccionada de 1841» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  10. a b c d Zabalegi, José María Esparza. (2009-09-16). «Del Burgo: ¿ingenuo o perillán?» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2021-08-13).
  11. Zergak kudeatzeko eta gai administratiboak kontrolatzeko sortu zuten Nafarroako Foru Aldundia, ikus Bixente Serrano Izko: Nafarroa. Historiaren hariak (2005, Euskara Kultur Elkargoa). ISBN 84-932845-9-9
  12. Orella, José Luis (2015-11-03). Convenio navarro o Ley Paccionada de 1841, Naiz
  13. «Sagaseta de Ilurdoz, Ángel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2021-08-10).
  14. a b Elorriaga, Ibai. (2014). «Nabarrismoaren bilakaera historikoa euskal-nafar batasunaren aurrean» Kondaira. UEU, 14 or. http://www.kondaira.eus/article/view/47/52.
  15. (Gaztelaniaz) Irujo, Xabier. (2021). «La disolución de un reino de mil años (824-1841)» Noain 1521; Azken bataila / La última batalla. Nabarralde, 144-166 or. ISBN 978-84-09-30804-0..

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Errolda-sufragioa zen eta, beraz, pertsona kopuru mugatu batek zuen bozkatzeko eskubidea.
  2. Jaime Ignacio del Burgo historialari eta politikari nafarraren arabera, José Alonso Espainiako Grazia eta Justizia ministroak erabili zuen izendapen hori lehen aldiz, 1848an Recopilación y comentarios de los Fueros y Leyes del antiguo Reino de Navarra, que han quedado vigentes por la modificación hecha por la ley Paccionada de 16 de agosto de 1841 argitaratu zuenean; ikus Del Burgo Tajadura, J.I. "EL «MILAGRO» DE LA LEY PACCIONADA", 47. or.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]