Edukira joan

Ostraka

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ostrakoi» orritik birbideratua)
Thémistoclesen aurkako ostrakoia. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.
Temistokleren aurkako ostrakaa. , K.a. 490/480 inguru, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoa.

Ostraka (antzinako grezieraz: ὄστρακονostrakon, pluralez ὄστρακα, ostraka) bertan idazteko edo marrazteko erabiltzen zen maskor edo zeramika zati bat da, jatorriz, Grezia klasikoan erabiltzen zena hiri-batzarretan boto emateko.

Lehen esanahi hori, ordea, zabaldu da eta testuinguru arkeologiko edo epigrafiko batean, ostraka bat, idatzitako edo marraztutako zeramika pusketa bat da, eta are batzuetan, marrazteko edota idazteko harraskatu diren harri-zati txikiak. Oro har, uste da idazkera gehitu baino lehen hautsi direla; antzinako jendeak zeramikazko pieza merkeak, ugariak eta iraunkorrak erabili zituen haien inguruan, asmo askotarako idazteko leku egokitzat, batez ere inskripzio oso laburretarako, baina kasu batzuetan ere, oso luzeak.

Ostraka aldaera singularrean erabilita asko zabaldu da azken urteetan[1], nahiz eta ez den jarraitu beste hizkuntzetako literatura zientifikoan erabili ohi den araua[2]. Euskal idazle batzuek, hala nola Joseba Lakarrak, ostrakoi[3] erabiltzen du beste hizkuntzetako joerari jarraiki, baina Euskaltzaindiak ostraka onartu du[4][5][6].

Latinezko inskripzioei buruz ari genean, ez da ohikoa ostraka hitza erabiltzea, eta beste izen edo esapide lehenesten dira, hala nola, "grafitoak zeramika gainean"[7], eta instrumenta domestica (edo zehazkiago instrumenta domestica inscripta[8]), beti ere pluralean; singularrean "Instrumentum domesticum" eta instrumentum domesticum inscriptum[9] da. Pablo Ozcáriz Gil ikertzaileak grafitoak eta grafitoak "intrumentum" gainean izendapena erabiltzen du, baina grafito bat horma baten gainean egin daiteke eta instrumentum hori, objektu baten zati bate edo objektua osorik izan daiteke[10] .

Hala ere, badira hainbat antzekotasun: zeramikazko edo bestelako euskarri gogorren gainean agertzen dira, eskuz idatzita egon daitezke (zigiluak estanpatuak izaten dira) eta epigrafiak ikertzen ditu[11].

Greziako ostrakak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasen, adibidez, hiritik bota nahi zuten politikariaren erbesteratzea biltzar batek erabakitzen zuen, eta biltzar horretako partaide bakoitzak zalantzan jarritako politikariaren izena zeramikazko zati batean (ὄστρακον ostrakon horretan) idazten zuen. Hortik dator ostrazismo hitza, aipaturiko erbesteratzea ebazteko erabiltzen zen prozedura, alegia. Nahikoa zen hiritar kopuru batek hala erabakitzea. Pieza horietariko asko Akropolian aurkitu ziren eta gaur egun, Atenaseko Antzinako Agoraren Museoan ikus daitezke.[12]

Egiptoko ostrakak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako Egipton, hitz hori eskriba batek edo eskriba-ikasle batek marraztu edo idazten zuen kareharri edo zeramikazko zatiak izendatzeko erabiltzen zen. Papiroa nahiko garestia zenez, ez zen sekula erabiltzen ofizialak ez ziren ohar, marrazki adierazgarri edo satiriko, eta are gutxiago, hieroglifoen idazkera ikasteko.

Greko-erromatar Egiptorentzat, papirologia, papiroetan ez ezik, ostraketan ere ageri diren latindar, greziar eta demotikoar testuak aztertzen dituen zientzia da.

Antzinako erromatar grafitoak zeramika gainean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
EAGLE (Europeana programme focusing on inscriptions of the Ancient World) bilduman jasotako zeramika puska idatzia.

Erromatar idazkunak ikertzen dituzten epigrafistek bestelako objektuetan zizelkatutako idazkunak aztertu izan dituzte batez ere: hilarrietan, aldareetan, monumentuetan jartzen ziren plaketan, monumentuen ateburuan, eta abar. Azken urteetan, ordea, gero eta interes handiagoa pizten dute objektu txikietan idatzitako inskripzioek, batez ere zeramikazko etxeko lanabesetan agertzen direnak (basera pieza osoak, garraiorako eta kontserbaziorako ontziak, zeramika zatiak, olio-lanparak...). Gehienak modu "profesionalean" egiten ziren, adibidez, merkataritzan erabiltzen diren anforen lepoan, edo saltzen ziren zeramika poteen azpialdean estanpatzen ziren ekoizlearen zigiluak. Horiek estanpatuak dira, ez grafitoak, eta pieza labetik pasa aurretik jartzen zen ekoizpen-etxearen zigilu baten moduan, maiz. Hala ere, baziren etxeko baxeran etxekoek edo norbanakoek eskuz egindako (esgrafiatutako) grafitoak, bai eta paretetan egindakoak. Azken horien artean ezagunak dira Ponpeian aurkitutakoak. Grafito horietan, paretetan egindakoak zein eguneroko objektu txikietan ( Instrumentum domesticum), hitz solteak aurkitzen ditugu gehienetan, hizki batzuk, testu laburrak batzuetan, eta baita irudiak ere. Pablo Ocariz Gilek, kasu, Iberiar Penintsulako zoomorfoen grafitoak ikertu ditu eta baita, bereziki, Nafarroako grafitoak[13].

Grafitoen artean, oso ezagunak dira Suitzan dagoen Aventicumekoak, bertan, 1.828 grafito aurkitu baitziren.[14]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Barandiaran, Alberto, 1964-. (D.L. 2010). Veleia afera. Elkar ISBN 978-84-9783-915-0. PMC 733600936. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  2. Darvill, Timothy. (2008). The concise Oxford dictionary of archaeology. (6th ed. [i.e. 2nd ed.]. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-157904-2. PMC 261162217. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  3. Joseba Lakarra euskal filologoak horrela idazten du hitz hori singularrean idazten duenean, Sustatun argitaratu zen artikulu baten erantzunean. Ikus: PATXI H., 2010. XX. mendeko otoitzak Veleian. Sustatu. 2010-04-12 : https://sustatu.eus/1270720463. Joseba Lakarraren erantzuna: 2010-04-12 : 15:02
  4. Euskaltzaindiaren histegia, ostraka, Euskaltzaindia.
  5. «Zoaz ostrazismora... edo petalismora» Argia (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  6. Erredakzioa. «Iruña-Veleiako ostraketan Eliseo Gilek idatzi zuela esan du grafologo batek» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  7. (Gaztelaniaz) María Paz, De Hoz García-Bellido; Díaz Ariño, Borja; Ribera Lacomba, Albert. (2013). «GRAFITOS SOBRE CERÁMICA PROCEDENTES DE LOS NIVELES ROMANORREPUBLICANOS DE VALENTIA (VALENCIA, ESPAÑA)» Palaeohispanica. Revista sobre lenguas y culturas de la Hispania Antigua (20): 407-429.  doi:10.36707/palaeohispanica.v0i20. ISSN 1578-5386. (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  8. (Gaztelaniaz) del-Hoyo-Calleja, Javier; Rodríguez-Ceballos, Mariano. (2019-06-11). «Epigrafía inédita de "Clunia" en el Museo de Burgos» Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra 27: 163–175.  doi:10.15581/012.27.010. ISSN 2387-1814. (Noiz kontsultatua: 2023-02-02).
  9. (Gaztelaniaz) «El instrumentum domesticum» Liceus (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).
  10. Gil, Pablo Ozcáriz. (2020). «Sellos, "tituli picti" y grafitos sobre "instrumentum" procedentes de la ciudad de "Cara" (Navarra)» Ex Baetica Romam : homenaje a José Remesal Rodríguez, 2020, ISBN 978-84-9168-410-7, págs. 1155-1170 (Universidad de Barcelona): 1155–1170. ISBN 978-84-9168-410-7. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  11. Abascal Palazón, Juan Manuel; Cebrián Fernández, Rosario. (2008). «Grafitos cerámicos de Segobriga (1997-2006)» Lvcentvm (26): 127–171.  doi:10.14198/LVCENTVM2007.26.06. ISSN 0213-2338. (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  12. Greziako Kultura Ministerioaren azalpen orria: https://web.archive.org/web/20080625065141/http://odysseus.culture.gr/h/1/eh151.jsp?obj_id=3290
  13. (Gaztelaniaz) Ocáriz Gil, Pablo. (2022). «Grafitos figurativos zoomorfos de época romana en la península ibérica» Lucentum (9-10): 183-214.  doi:https://doi.org/10.14198/. ISSN 1989-9904. (Noiz kontsultatua: 2022-10-10).
  14. Sylvestre, Richard. (2017). Les graffiti sur céramique d'Aventicum (Avenches) : éléments de réflexion sur la population du "Caput Ciuitatis Heluetiorum". ISBN 978-2-9701023-5-9. PMC 1011108147. (Noiz kontsultatua: 2022-09-24).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]