Edukira joan

Baresare

Wikipedia, Entziklopedia askea
Peritoneo» orritik birbideratua)
Baresare
Peritoneo parietalaren atzeko aldea urdinez. Irudi gehiago
Xehetasunak
Kokapenaperitoneo-barrunbea
Konponenteakerrai-peritoneoa
pareta-peritoneoa
Identifikadoreak
Latinezperitoneum
MeSHeta A10.615.789.596 A01.923.047.025.600 eta A10.615.789.596
TAA10.1.02.002, A10.1.02.005 eta A10.1.02.006
THH3.04.08.0.00001
FMA9584
Terminologia anatomikoa

Baresare edo peritoneoa[1] ehun lotzailez osatutako mintz seroso bat da, eta abdomenaren eta azpilaren arteko muga ezartzen du. Baresarea gainetik gantzez pilaturik dago. Bi orriz dago osatua; pareta-orria eta errai-orria.

Pareta orria abdomen barrunbeko paretei estuki itsasten da eta beste orri bat eratzen du, errai orria. Bigarren honek, abdomeneko erraiak guztiz edo partzialki estaltzen ditu.

2 orrien artean gune birtual txiki bat dago, baresare barrunbea, eta bertan isurkari pixka bat pilatuko da (gutxi gorabehera 50 ml). Honen funtzioa labaintzea da, erraien arteko irrist-higidurek urradurak eragin ez ditzaten.[2]

Erraien kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barrunbe abdominaleko erraiak barrunbe peritonealean duten kokapenaren arabera sailkatzen dira. Bi kokapen daude; baresare barruan eta baresare kanpoan. Baresare barruan kokatzen diren erraiei intraperitoneal deritze (hauek baresarez inguratuta daude) eta baresarez kanpo kokatzen direnein, berriz, retroperitoneal (hauek ez daude baresarearekin guztiz inguratuta).

  • Baresare barruko erraiak: Baresarez guztiz estalita dauden erraiak dira eta oso mugikorrak dira. Hauek dira errai intraperitonealak: urdaila, duodenoaren anpulua, jejunoa, ileoa, heste itsua (kasu batzuetan), apendizea, zeharkako kolona, kolon sigmoideoa, gibela, barea eta arearen isatsa.
  • Baresare kanpoko erraiak:  errai hauek ez dituzte aurpegi guztiak baresarez estalita. Orokorrean, atzeko abdomen paretarekin erlazionatzen dira, non, aorta, beheko kaba zaina eta giltzurrunak dauden.  Hauek dira errai retroperitonealak:  duodenoa (anpulua izan ezik), goranzko eta beheranzko kolonak, ondestea, arearen burua, giltzurrunak, giltzurrun gaineko guruinak eta ureterren hasiera.

Baresare barrunbea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baresarearen orriek bi barrunbe eratzen dituzte:

Baresarearen antolaketa bertikala. Barrunbe nagusia gorriz, omentu poltsa edo barrunbe txikia urdinez.
  • Barrunbe nagusia: abdomen barrunbe osoa estaliko du.
  • Barrunbe txikia edo omentu poltsa: urdailaren atzealdean dago. Baresarearen errai paretak eratzen du batez ere.

Bi barrunbe hauek, omentuko zuloa edo Winslow hiatoa deritzon zulo baten bidez komunikatuko dira.[3]

Zuloaren mugak hurrengoak izango dira: [4]

  • Atzetik: beheko kaba zaina.
  • Aurretik: gibel-duodenoetako lotailua eta honen barruan dagoen porta zaina.
  • Goitik: gibelaren lobulu buztanduna edo Spiegel lobulua.
  • Azpitik: duodenoaren hasierako zatia.

Baresarearen tolesak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Omentuak edo epiplioak, baresaretik sortzen diren orri biko/bilaminarreko tolesak dira. Omentuek urdaila abdomen paretan eta beste organo batzuetan finkatze eta sostengu funtzioa izango dute. Bitan banatzen dira: omentu nagusia eta omentu txikia.[5]

  • Omentu nagusia edo gastrokolikoa: urdailaren makurdura nagusitik eta duodenoaren hasierako zatiaren beheko zatitik zeharkako koloneraino doa. Beherantz luzatuko da jejuno eta ileonaren aurrealdetik amantal moduan kokatuz. Ondoren, orria atzealdetik igoko da eta atzeko paretaraino luzatuko da.[5] Omentu nagusia orri nahiko gantzatsua izango da eta banakoaren gizeneri-mailaren arabera handiagoa edo txikiagoa izango da. Bestalde, haren oinaldean hainbat odol-hodi igaroko dira urdailerantz abiatuko direnak. Omentu nagusia eskuineko zein ezkerreko urdail-omentuetako arteriek odoleztatuko dute.[6]
  • Omentu txikia edo gastrohepatikoa: urdailaren makurdura txikitik eta duodenoaren erraboiletik sortzen da eta gibelaren errai-aurpegiraino luzatzen da.[7] 2 lotailuz eratuta dago:
    • Gibel-urdailetako lotailua: urdailetik gibeleraino luzatzen den lotailua.[5]
    • Gibel-duodenoetako lotailua: duodenoaren hasierako zatitik gibeleraino luzatzen den lotailua. Honen barruan gibelerantz luzatuko diren porta zaina, gibel arteria eta behazun xixkutik datorren zistiko hodia kokatuko dira.[5]

Erraiak atzeko abdomen paretarekin lotzen dituen baresarearen geruza bikoitza da eta honi esker, erraiak oso mugikorrak dira. Bertan gantza pilatzen da eta kasu batzuetan bi geruza horien artetik odol hodiak eta nerbioak igarotzen dira, erraiak inerbatu eta odoleztatzeko helburuarekin.[8]

Meso mota ezberdinak ditugu:

Irudi honetan heste meharra atzeko paretara lotzen duen mesenterioa ikus dezakegu.
  • Heste meharrarena (ileon eta jejunoaren mesoa)

Mesenterioak, jejunoa eta ileonaren heste lakioak atzeko paretara lotuko ditu. Bi orrien artean goiko arteria eta zain mesenterikoak igarotzen dira. Gainera, mesoen artean luzeena da eta mugikortasun handia emango die heste lakioei.

  • Urdailaren mesoa.
  • 3 zatitan bananduta agertuko da:
    • Mesoapendizea: apendizearen mesoa.
    • Zehar mesokolona: zeharkako kolonaren mesoa.
    • Sigmoide mesokolona: sigmoide kolonaren mesoa eta abaniko itxura du.
      Abdomenaren antolaketa bertikala da eta bertan mesenterioa, zeharkako mesokolona eta mesogastrioa ikusten dira.

Zeharkako kolonak eta mesokolonak baresare-barrunbe nagusia beste bi zatitan banatuko dute:

  • Kolon gaineko zatia edo epigastrioa: bi egitura hauen gainean. Bertan urdaila, barea, gibela eta behazun xixkua izango ditugu.
  • Kolon azpiko zatia edo hipogastrioa: bi egitura hauen azpian. Hipogastrioa aldi berean bitan banatzen da mesenterioa dela medio:  
    • Goialdetik eskuineko mesenterio-kolonetako muxarradura
    • Azpitik  ezkerreko mesenterio-kolonetako muxarradura[9]

Mesokolonetik beheko arteria eta zain mesenterikoak igarotzen dira, baita kirio esplakniko eta bagoaren adarrak ere.[8]

Baresarez osaturiko bi erraien arteko loturak/tolesak dira eta haien izenak zein errai lotzen dituzten adierazten dute:

Baresare azpiko erraiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pelbisaren alboko irudia, bertan ondeste-umetokietako eta maskuri-umetokietako zokoguneak ikus daitezke.

Baresarea abdomen eta azpil barrunbeen arteko muga eratzen du. Honen ondorioz, azpilean kokatzen diren erraien goiko aurpegiraino helduko da, hauek gainetik estaliz. Beraz baresarea ez da azpilaren zorura helduko.

Baresarea azpilera heltzerakoan erraien arteko gune guztietara luzatzearen ondorioz zokoguneak sortzen ditu.

Baresarearen inerbazioa sentikorra izango da, izan ere, baresareak ez du inerbazio eragilerik izango, ez baita mugitzen.

  • Pareta orriaren sentikortasuna: inerbazioa somatikoa da, bizkar-nerbioek hartzen baitute. Hantura kasuetan sortutako mina kokapen oso zehatzekoa eta intentsitate handikoa da.
  • Errai orriaren sentikortasuna: inerbazioa begetatiboa da. nerbio begetatiboek hartzen baitute. Hortaz, hantura prozesuetan sortutako minaren kokapena zabalagoa eta lausoagoa da. [12]

Baresarearekin erlazionatutako gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baresarearen hantura (minberatua) da.

Sabelaldean (abdomen) odolaren, gorputz isurkarien edo zornearen pilaketaren ondorioz sortzen da hantura.

Gaixotasun honen mota bat, peritonitis bakteriano espontaneoa edo primario da, eta aszitisaren ondorioz sortzen da. Aszitisa, abdomen pareta eta organo abdominalen artean ematen den isurkari serosoaren pilaketa da eta orokorrean, gaixotasun hepatikoengatik sortu egiten da.

Peritonitisa beste arazo batzuen ondorioa denean, peritonitis sekundario izena hartuko du. Kasu hauetan, baresarez barruko errai baten zulaketa zein eztanda ematen da; esaterako, apendizitis zulatua edo urdail ultzeraren eraginez peritonitis sekundarioa sor daiteke. Haatik, peritonitisa dibertikuluen apurketa, abdomen kirurgia baten ondoriozko infekzioa edo abdomeneko trauma edo zauri bat dela eta sortu daiteke ere.

Azkenik, peritonitis tertziarioa daukagu, hau abdomen barneko infekzio zorrotz, aktibo eta iraunkorra da. %60-eko hilkortasuna dauka.

Abdomen minbera eta sentibera. Abdomena ukitzean edo mugitzen mina ugaritu daiteke. Hanpatuta aurkitu daiteke ere , distentsio abdominala deritzo horri.

Beste sintomak:

  • Sukarra eta hotzikarak
  • Gorozki eta gas gutxi
  • Nekea
  • Gernu gutxiago kanporatzea
  • Arnasteko zailtasuna (disnea)
  • Goragale eta okadak

Gaixotasun hau diagnostikatzeko lehenbizi abdomena aztertu behar da; hanpadura edo zurruntasuna peritonisiaren adierazlea dira. Bestalde, erradiografiak, tomografia konputarizatuak eta odol analisiak egin daitezke. Gainera, abdomen-barrunbean likido asko aurkitzen bada, likido apur bat erauzi daiteke hau anilizatzeko asmoz.

Kausaren identifikazioa lehenbailehen egitea komenigarria da, tratamendua ahalik eta azkarren aplikatzeko; kirurgia eta antibiotikoak (normalean). Hala ere, peritonitisa gaur egun oraindik hilgarria izan daiteke.

Aszitis masiboa duen pertsona baten sabela

Abdomen pareta eta organo abdominalen artean ematen den isurkari serosoaren pilaketari deritzo.

Aszitisa odol-hodi hepatikoen presio altuak (porta zainaren hipertentsioak ain zuzen)  eta albuminaren maila baxuek sortzen dute.  

Hipertentsio portala, porta zainaren barneko presioaren igoera da. Orokorrean, gibelaren gaixotasun baten ondoriozkoa, hoien artean ohikoenak zirrosi hepatikoa eta porta zainaren trobosia dira.

Gibela larriki  kaltetzen duten gaixotasunek beraz, aszitisa sortu dezakete ere:

Bestalde, abdomeneko erraien minbizi (heste sobre, kolon, pankrea, umetoki, obulutegi… minbizia) batek ere sortu dezake aszitisa.

Kausaren arabera sintomak gutxika edo bat-batean agertu daitezke. Gainera, gerta daiteke abdomenean isurkari kantitate gutxi pilatzea eta ondorioz sintomarik ez agertzea. Isurkari pilaketa altua bada ordea, abdomen distentsioa eta mina sentitzen du pazienteak arnasteko zailtasunak izaten dituelarik.

Gutxiegitasun hepatikoaren sintomak ere erakutsi ditzake.

Ultrasoinu abdominal bat da, non gibel zirrotikoa eta aszitisa agertzen diren.

Medikuak azterketa fisikoa egingo du, hanpaduraren magnitudea aztertzeko.

Gibela eta giltzurrunak analizatzeko hurrengo azterketak egiten dira:

  • Gernu azterketa
  • Elektrolito mailak
  • Funtzio renal eta hepatikoaren  azterketa
  • Proteina mailak odolean
  • Ultrasoinu abdominala

Bestalde abdomeneko likidoa erauzi eta analizatu daiteke, isurkaria infektatua dagoen aztertzeko.

Tratamendu mota ezberdinak daude larritasunaren arabera. Hasteko, likido metaketa ekiditeko bizi ohitura egokiak mantentzea ezinbestekoa da, hala nola alkoholaren eta orokorrean likidoen ingesta murriztea eta gatz gutxiko dieta bat mantentzea. Horrez gain, sendagai bidezko tratamendua ere ematen da, infekzioetarako antibiotikoak eta likidoa galtzeko diuretikoak besteak beste. Txertaketa ere garrantzitsua izan daiteke gaixotasun hepatikoak (influenza, hepatitis A eta B, neumonia neumokozikoa…) saihesteko edo tratatzeko. Gaixotasun hepatiko terminalak dituzten pertsonetan gibel transplantea egitea da aukera eraginkorrena. Azkenik, zirrosi kasuetan, ibuprofenoa eta naproxenoa bezalako  hanturaren aurkako sendagai ez esteroideak sahiestea gomendatzen da.

Konplikazioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Peritonitis bakteriar espontaneoa
  • Sindrome hepatorrenala
  • Pisu galera eta desnutrizioa
  • Konfusio mentala
  • Traktu gastrointestinalean odol jarioa
  • Likido metaketa kabitate toraziko eta biriken artean
  1. «peritoneo» www.ivap.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).
  2. «Anatomía y fisiología del peritoneo | Gastroenterología | AccessMedicina | McGraw-Hill Medical» accessmedicina.mhmedical.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  3. seram2008.seram.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  4. (Gaztelaniaz) «Hiato de Winslow» Los diccionarios y las enciclopedias sobre el Académico (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  5. a b c d «Anatomía y fisiología del peritoneo | Gastroenterología | AccessMedicina | McGraw-Hill Medical» accessmedicina.mhmedical.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  6. «Epiplón mayor. Diccionario médico. Clínica Universidad de Navarra.» www.cun.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  7. «Epiplón menor. Diccionario médico. Clínica Universidad de Navarra.» www.cun.es (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  8. a b Diego Martínez. Peritoneo, Omentos y Mesos. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  9. Felipe Ríos Sotomayor. Anatomía abdomen en TAC y RM. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  10. Publishing, BusinessNews.. (2014). Summary : About Great Managing, Great Leading and Sustained Individual Success.. Primento Digital ISBN 978-2-511-02018-0. PMC 913694665. (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  11. «PERITONEO Y CAVIDAD PERITONEAL DE LA PELVIS | Dolopedia» dolopedia.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  12. (Gaztelaniaz) «Inervación Del Peritoneo | Abdomen | Dolor» Scribd (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  13. (Gaztelaniaz) «Peritonitis: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).
  14. (Gaztelaniaz) «Ascitis: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]