Edukira joan

Rift gunea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rift» orritik birbideratua)
Rift guneen eboluzioaren eskema.

Rift gunea edo rifta rifting prozesuan zehar litosfera kontinentalaren barnean sortzen den egitura nagusiari deritzo. Rifting prozesua litosfera kontinentalak estentsio-indar orokorren eraginpean duen bilakaera dela esan daiteke. Rift aktiboetan, zeinetan estentsio-esfortzuen eragina ez baita desagertu, lurraren azala faila normalez josita dago[1], lurrikarak arruntak dira eta noizbehinka sumendien erupzioak gerta daitezke. Aktibitaterik gabeko riftetan, aldiz, estentsio-indarren eragina desagertu da eta aztarna gisa faila normalak eta riftaren bilakaeran zehar pilatutako sedimentuak eta arroka bolkanikoak ikus daitezke. Estentsioaren eragina denboran zehar luzatuz gero, litosfera kontinentala bi zatitan bana daiteke erdian ozeano berri bat sortuz; orduan, rifting prozesua eraginkorra izan dela esaten da. Litosfera kontinentala bitan banatu aurretik estentsioa gelditzen bada, rifting prozesua ez dela eraginkorra izan esaten da[2].

Riften Sismizitatea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Riftetan lurrikarak ugariak bai, baina oro har, ez dira indartsuak izaten. Oso gutxi dira Richter-en eskalako 7-7,5 indarrera heltzen direnak. Batez ere, riftaren haustura-eremuan zehar pilatzen dira eta oso sakonera txikikoak dira beti (< 30 km).[2]

Riften egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Riften bilakaeran zehar egitura eraldatu egiten da, estreinako urratsetan riftek izan dezaketen geometriak ez du zerikusirik kontinenteak apurtzerakoan izan dezaketenarekin. Oro har, bilakaeraren bitarteko urrats batean rift guztien ardatza graben baten geometria duen eremu hondoratua dela ikus daiteke. Bitarteko urratsa adieraz dezaketen riften artean, Europako ipar-mendebaldean kokatzen den aktibitaterik gabeko Ipar Itsasoko rifta eta aktiboak diren Ipar Amerikako Basin & Range lurraldea eta Afrikako ekialdeko rifta aurkitzen dira. 1970. urtearen aurretik, riften eredu geometrikotzat horst eta grabenen arteko txandakatze simetrikoa onartzen zen. Horretan, horstak topografian ikusten diren lurralde garaiekin eta grabenak hondoratutako arroekin etorriko ziren bat. Aldiz, datu geofisikoek erakutsi dute lurrazalaren goiko aldeko luzapena subparaleloki kokatutako faila normalen desplazamenduaz egokitzen dela. Faila horiek guztiek geometria listrikoa dute eta sakonean kokatutako eskala handiko eta angelu txikiko (low angle normal fault) faila batean dute sustraia. Ereduan mendilerroak kulunkatutako failen gaineko blokeen hondoratu gabeko ertzak dira eta arroek erdi-grabenaren egitura dute. Estentsioa jasaten duen lurraldeko faila gehienak alde berdinera okertzen direnez, egitura zeharo asimetrikoa da.[2]

Riften ezaugarri litologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Riftetako prozesu sedimentario eta igneoek arroka-elkarte sedimentario eta igneo propioak eratzen dituzte.[2]

Prozesu sedimentarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Riftetan arrunta da depresioak eta eremu goratuak tartekatzea. Depresioen izen geologikoa rift-arroa da, eta bertan inguruko lurralde goratuetan higatutako metakinak pilatzen dira. Rift-arroetako subsidentzia oso azkarra denez, milioi urte gutxi batzuetan metatutako sedimentuen lodiera zenbait kilometrotakoa izan daiteke. Riften estreinako eraketa-urratsetan rift-arroaren ardatza itsas mailaren gainetik dagoenez, arroraino heldutako sedimentuak alubioi-konoetan pilatutako higakin klastiko ez-itsastarrak dira. Arroko ardatzean zehar noizbehinkako lakuak garatzen dira ere, pikor fineko basak sortuz. Laku horiek gazikarak izan daitezke. Beraz, rifting prozesuaren hasierako sekuentzia sedimentarioa, batez ere, legar lodiekin eta berauekin tartekatutako harearri gorri eta lohi-harriekin eratuta dago; lakuetako lutita eta ebaporita- geruza meheak arruntak dira ere. Riftaren bilakaera aurrera joan ahala subsidentzia gero eta handiagoa da, azkenik rift- arroa itsas mailaren azpitik kokaraziz. Urrats horretan, arroa estaltzen duen ur-geruza oso mehea denez, ebaporazio-maila altuko lurraldeetan itsasoa guztiz lehor daiteke. Baldintza horietan, itsasoko ura gainsaturatu egiten da gatza (batez ere halita±igeltsua±anhidrita) ustiatuz. Prozesua hainbat aldiz errepika daitekeenez sortzen den ebaporita-sekuentzia oso lodia izan daiteke. Estentsioa denboran zehar luzatuz gero, rift-arroak zabalera eta sakonera handiagoa lortuko du eta metakin itsastarrek (kareharriak, harearriak eta lutitak) ebaporitak estaliko dituzte.[2]

Prozesu bolkanikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rifting prozesuan zehar litosfera luzatu eta mehetu egiten den bitartean, azpiko aste- nosferaren presio litostatikoa gutxitu egiten da. Astenosferako deskonpresioa tenperatura egonkorrean gertatzen denez (> 1.280 °C) bertako peridotiten fusio partziala hasten da. Era horretan sortutako magmak mafikoak dira. Magma mafikoek gaineko litosfera baino dentsitate txikiagoa dutenez, gorantz abiatzeko joera izango dute. Astenosferan sortutako magma-kopuru bat lurrazalaren azpian pila daiteke lurrazala- ren azpiko pilaketa-magmatikoa (magmatic underplating) izenaz ezagutzen den prozesuaren bitartez. Lurrazalaren azpian pilatzen ez dena bolkanetatik azalera daiteke kontinente-lurrazala zeharkatuz, edo bidean gelditu. Azaleratzen diren basaltoak biskositate txikikoak izaten dira, erraz hedatuz eta zabalera handiak estaliz. Riftaren azpiko astenosferan sortutako magma mafikoek tenperatura handia dute (1.100-1.200 °C), eta kontinente-lurrazalaean magmen pilaketak gertatuz gero, inguruko arroken fusio partziala eragin dezakete. Kontinente-lurrazaleko arroken fusio partzialak magma feltsikoak sortzen ditu. Magma horiek gorantz abiatzen direnean plutoi granitikoak eta dike erriolitikoak sortzen dituzte sakonean solidifikatzen badira, edo domo erriolitikoak eta ignimbritak azalera heltzen direnean. Bolkanismo feltsikoaren eta mafikoaren arteko harreman estua riften ezaugarrietako bat da eta segida bolkaniko bimodala bezala da ezaguna.[2][3]

Riften bilakaeran eragina izan dezaketen baldintza nagusiak ondorengoak dira: litosferaren ezaugarriak (adina, lodiera, tenperatura), lurraldeko indar orokorrak (far-field stress) (konpresiozkoak edo estentsiozkoak) eta luma gorakorrak. Baldintza horiek kontutan izanik jatorriaren arabera bi rift mota bereizten dira, kontinente-liosferaren baldintak egokiak direnean berorren apurketa eragin dezaketenak. Termikoki aktibatutako riftak edo rift aktiboak luma gorakorren eraginpean sortutakoak dira. Rift pasiboak mantuko mugimendu gorakorren eraginetik at sortzen dira. Mota honetako rift ezagunenak Rio Grandekoa, Baikal lakukoa eta Rhineko grabena dira. Luzapena eragiten duten indarrak plaka litosferikoen mugetan sortutako ezpalen tirada eta gandorren bultzada bezalakoak dira eta orientazio egokiko ahultasun-eremuez baliatuz[2]

Garrantzi ekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko hidrokarburoen mundo mailako erreserben %67 olio eta gas guneetan bilduta agertzen dira. Gune hauetan 500 mila olio upel berreskuragarria edo gas ekibalentea aurkitzen da. 877 gune daude munduan; 27 eskualdetan bananduta, munduko lurrazalaren %30-aren baliokidea. Margen kontinental pasiboak arro ozeaniko handienen aurrean kokatutakoak, munduko eremu tektonikoa gune handienetan aurkitzen dira , %36-a hartuz. Bigarrenik rift kontinentalak (batez ere, aulokogenoen ertzetan garatzen direnak, edota kontinente barrualdean) aurkitzen dira, %31a osatzen dutenak. Hirugarren lekuan foreland arroak eta kolisio kontinentaleko gerrikoan munduko gune handienen %20-a hartuz aurkitzen dira. Beste gune batzuk foreland arroak, kolisio erlazio akrezio lurralde tektonikoen eta arku kolisioa, eremu transformagarriko arroen eta subdukzio gune arroaen %14-a ordezkatzen dute[4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Rift Valley: definition and geologic significance» ethiopianrift.igg.cnr.it (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  2. a b c d e f g Apraiz Atutxa, Arturo, 1967-. (2005). Plaka-tektonika : lurraren funtzionamendua ulertzeko teoria. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380750. PMC 433323972. (Noiz kontsultatua: 2019-05-02).
  3. (Ingelesez) White, Robert; McKenzie, Dan. (1989). «Magmatism at rift zones: The generation of volcanic continental margins and flood basalts» Journal of Geophysical Research 94 (B6): 7685.  doi:10.1029/JB094iB06p07685. ISSN 0148-0227. (Noiz kontsultatua: 2019-05-03).
  4. Diaz Flores, Yahir. (2014). Características e importancia económico-petrolera de las cuencas sedimentarias asociada a rift, con ejemplos representativos. UNAM.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]