Edukira joan

Selinonte

Koordenatuak: 37°35′01″N 12°49′29″E / 37.58361°N 12.82472°E / 37.58361; 12.82472
Wikipedia, Entziklopedia askea

Selinonte
Datuak
Herrialdea Italia
Eskualdea Sizilia
Free municipal consortiumFree Municipal Consortium of Trapani
Italiako udalerriCastelvetrano
Eskualdea Sizilia
Koordenatuak37°35′01″N 12°49′29″E / 37.58361°N 12.82472°E / 37.58361; 12.82472
Map
Azalera0.00040 km²
Historia
KulturaAntzinako Grezia
selinunte.gov.it

Selinonte[1] (antzinako grezieraz: Σελινοῦς; latinez: Selinus) antzinako Greziako hiri bat zen, Siziliako ipar-mendebaleko kostaldean zegoena. K.a. 629. urtean, Megara Hibleako biztanleek sortu zuten, eta urte askotan oso hiri oparoa izan zen. Feniziarren aurka borrokatu zen, baina K.a. 409an, kartagotarrek suntsitu zuten. Hermokratesek berreraiki bazuen ere, K.a. 250. urtean kartagotarrek berriz suntsitu zuten. K.a. VI. mendetik aurrera zazpi tenplu eraiki zituzten hirian eta hiri ondoko muinoetan. Horien artean daude Apolori eraikitako Greziako arkitekturaren obra goren batzuk (113,34 m luze eta 54,05 m zabal).

Hiria Belice eta Modionen ibaietako haranen artean kokatuta dago. Gaur egun comune Castelvetranori dagokio. Inguruko barrutiak dira Triscina di Selinunte mendebaldean eta Marinella di Selinunten ekialdean.

Akropoliko leku arkeologikoak bost tenplu ditu. Bost horietatik, bakarrik Hera Tenplua, “E” izenekoa, zaharberritu da. Hiriak, bere une gorenean, 30.000 biztanle izan zituen, esklabuak kontatu gabe[2].

Orokorrean uste da aztarnategi arkeologikoa (haren gotorlekua eta antzinako doriar estiloko tenpluen aztarnak tartean) Italiako eta Europako handiena dela.

Selinonte izan zen Siziliako greziar kolonien garrantzitsuenetariko bat, irlaren hego-mendebaldeko kostan kokaturik, izen bereko ibaiaren bokalean eta Hipsas ibaiaren 6,5 km-tara (egungo Belice).

Tuzididesen arabera, Megara Hibleako kolonoek fundatu zuten K.a. 628an, Pamilok gidaturik, Megara Hiblearen fundazioaren 100 urte eta gero, Greziako Megara hiriko kolonen laguntzaz, beraz, Greziako Megara, Megara Hiblearen jatorrizko metropolia izan zen[3]. Hala ere, Diodoro Sikulok uste zuen K.a. 650ean fundatu zela, eta Jeronimo Kardiakoak K.a. 654an. Litekeena da Tuzididesek emandako data seguruena izatea[4].

Hiriaren izena tokiko landare baten izenetik dator, selinon (σελινον) edo apio[5], hiriko txanpoietan[6] agertzen dena. Garai hartan, mendebaldeko greziar koloniarik urrutiena zen eta horregatik laster jarri zen harremanetan Siziliako feniziar koloniekin eta jatorrizko biztanleekin[7], irlaren mendebaldean eta ipar-mendebaldean bizi zirenak. Ageri denez, ez zuten gatazkarik izan feniziarrekin, baina K.a. 580. urtean, hiriak gerra izan zuen Segestako populazio elimiarrekin. Azken honek garaipena lortu zuen Rodasko eta Knidoko emigranteen laguntzari esker, zeinek, beranduago, Lipari fundatu baitzuten[8]. Segestaren kontrako gerrek denbora luze iraun zuten.

Mazaros ibaia (20 km mendebaldera) Segesta eta Selinonteren arteko muga zen. Azken honek merkataritza-gune nagusi bat zuen bokalean[9]. Beste aldetik, Halikos ibaiaraino (gaurko Platani) hedatzen zen. Honen bokalean, Selinonteko kolonoek Heraklea Minoa fundatu zuten[10].

Barneko historiari buruz ezer gutxi dakigu. Hasieran, oligarkek gobernatzen zuten eta geroago, tiranoek. K.a. 510ean, Pitagoras tiranoa boterean zegoelarik, Espartako Eurileontek, Dorieoren laguntzarekin, Selinontetik bota zuen, baina laster herriko matxinada batek espartarra hil egin zuen[11].

Selinontarrek kartagotarrak lagundu zituzten Hamilkarren espedizioan (K.a. 480); are gehiago, afrikarrei agindu zioten gudaroste bat bidaliko zietela, baina hura berandu heldu zen, Hamilkar garaitua izan ondoren Himerako guduan[12].

K.a. 466an, hiria berriro aipatzen da sirakusarrak laguntzean Trasibulo boteretik kentzeko[13]. Diodorok hitz egiten zuenean K.a. 454an, segestarrek Lilibeatarrekin (egungo Marsala) gerran zihardutela, selinontarrak aipatu nahi zituen[14].

Magna Graecia

K.a. V. mendean, Selinonte oparoa izan zen. Haren hiritarrak altxor[15] bat eraiki zuten Olinpian[16] eta Tuzididesen ustez, K.a. 416ko Atenastarren espedizioa baina lehenago, hiriak ondasun ugari zituela bai norberarenak bai tenpluenak[17]. Diodoro Sikuloren arabera, kartagotar inbasioa baino lehen, hiriak lasaitasunezko denboraldiaz gozatzen zuen eta biztanleria handia zen[18].

Selinonteren harresiek 100 Ha-k inguratzen zituzten[19]. Biztanleriari dagokionez, aipatutako mendean, 14.000-19.000 artekoa zen[20].

Atenastarren espedizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 416an, Selinonte eta Segestaren arteko gatazkek, atenastarren Siziliako espedizioa ahalbideratu zuten. Selinontarrek Sirakusari laguntza eskatu ondoren, gai izan ziren lehorrez eta itsasoz Segesta blokeatzeaz. Gauzak horrela, segestarrek atenastarrak deitu zituzten[21]. Atenasek berehalako laguntza eman ez bazuen ere, ez dira Segestari buruz gatazka gehiago ezagutzen. Atenastarren espedizioa K.a. 415ean heldu zen Siziliara. Tuzididesen arabera, Nizias jeneralak nahi zuen espedizioa Selinontera abiatzea bertako populazioa, baldintza bigunetan, errenditu arazteko[22]. Hala ere, aholku hau bete beharrean, espedizioa Sirakusara abiatu zen. Horrexegatik, Selinontek garrantzi eskasa izan zuen hurrengo operazioetan, baina noizean behin aipatua da Sirakusari tropak emanez[23]. Peloponesoko tropak (Gilipo laguntzeko bidalitakoak) Selinonten lehorreratu ziren K.a. 413an. Gudaroste hau, lehenbiziz, ekaitz batek Afrikako kostara bidali zuen[24]. Selinonten, armada bat osatu zuten bertako biztanleekin, Gela, Himera eta hiri sikuloekin abiatu ziren Sirakusari laguntzera[25].

Kartagoren menpean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peloponesoko gudariak gaindituak izan ondoren, Segesta selinontarren eskuetan geratu zen. Haiek lehian zegoen eskualdea galdu zuten, baina selinontarrak ase ez zeudenez, erasoekin jarraitu zuten. Orduan, Segestak ez zuen beste bide bat kartagotarren laguntza eskatzea baino[26]. Nahiz eta hasieran Kartago dudan egon, azkenean armada bat bidali zuen eta segestarrekin batera Selinonte menperatu zuten[27].

Kartagotarrek, K.a. 409. urteko udaberrian, Hanibal Magonek zuzendutako 100.000 soldadu bidali zituzten (Hamilkar Barkaren biloba) Himeran hil zena. Gudarostea Lilibean lehorreratu eta Selinontera abiatu zen. Selinontarrek ez zutenez hainbesteko etsai itxaron eta ez zeuden prest haiei aurre egiteko. Honetaz gain, hiriko gotorlelua konpondu gabe zegoen zenbait tokitan eta jakin bazekiten Sirakusak, Agrigentok eta Gelak agindutako indarrak ez zirela garaiz helduko.

Beraz, selinontarrak Kartagoren aurrean bakarrik egonda, afrikarrek harresiak apurtu ondoren, etxeak adorez defendatu zituzten. Etsaien kopurua defendatzailearena baino askoz handiagoa zenez, hiriko defentsa alperrikakoa izan zen. Hamar eguneko setioa eta gero, kartagotarrek hiria hartu eta defendatzaileak hil zituzten. Zenbait iturriren arabera, Selinonteko 16.000 biztanle hil zituzten, 5.000 preso hartu eta 2.600ek, Enpedionek gidatuta, Agrigentora alde egin zuten[28].

Han, harresien barruan[29], Hermokrates Sirakusakoak iheslarien kopuru bat onartu zituen. Laster, Hanibalek Selinonteko harresiak birrindu zituen, baina biztanleei itzultzeko baimena eman zien, beti ere Kartagoren menpeko gisa. Biztanle askok onartu zuten eskaintza, zeina K.a. 405ean berretsi baitzen kartagotarren eta Dionisio Sirakusakoaren arteko itunean[30]. Edozein modutan, hiriak ez zuen antzineko boterea berreskutaru eta ekialdeko muga Halikos ibaian finkatu zen.

K.a. 397an, Kartagoren aurkako gerran, Selinonte Dionisio I.aren aldean egon zen[31], baina K.a. 383ko bake itunaren ondoren[32], hiria eta haren lurraldea Kartagoren eskuetara itzuli zen. Dionisiok, hil baino lehen, Selinonte[33] indarrez berreskuratu zuen. Hala ere, Sirakusak ezin zuen luzaroan kontrolatu eta kartagotarren eskuetara itzuli zen.

Halikos ibaia kartagotarren ekialdeko muga izan zen nahiz eta zenbait eten gertatu. Muga hau berriro finkatu zen K.a. 314an Agatoklesekin sinatutako akordiotan[34]. Itun horrek adierazten zuen, lehen legez, Selinonte, Heraklea eta Himera Kartagoren menpekoak zirela. Pirrok Siziliara egindako espedizioan, K.a. 276an, selinontarrak Epiroko erregearen alde kokatu ziren[35] Heraklea kontrolatu ondoren.

Lehenengo Gerra Punikoan, kartagotarrek Selinonte menperatu zuten, baina lurralde haietan kartagotar eta erromatarren arteko etengabeko borrokak gertatu ziren[36]. Gerra amaitzear zegoela eta Kartagok atzera egiten zuenean, ahaleginak zentratu ziren soilik defendagarrien ziren gotorlekuetan. Azkenean, Selinonteko biztanleak Lilibeora lekualdatu ziren eta hiria suntsitu zen[37].

Dirudienez, ez zen inoiz berreraiki. Plinio Zaharrak aipatzen du[38] garai hartan existituko balitz bezala, baina Estrabonek desagertutakoen artean sailkatu zuen hiria. Ptolomeok Selinus ibaia aipatu zuen baina hiria ez[39].

Erromatar garaian, Thermae Selinuntiae ezagunak ziren (egungo Sciacca). Izena antzinako hiritik eratorri zen eta, ageri denez, jendea sarri joaten zen Selinontetik, 30 km-ra bazeuden ere. Gaur ere, ur sufretsuak medikuntzan erabiltzen dira eta, Siziliako iturri termal gehienak bezala, San Calogerori sagaratuta daude. Azken aldian, Aqua Labodes edo Larodes deitu ziren[40] Ibilbideetan[41] eta Tabula Peutingerianan[42] agertzen den moduan.

Aztarna arkeologikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Selinonteko akropolia.

Hiria itsasoaren ondoan dago, bi ibairen artean: mendebaldean Modione (antzinako Selinus) eta ekialdean Cottone. Hiria bi muinoren gainean zegoen mendi-lepo batekin konektaturik. Hegoaldeko hiriko zatian, itsasoaren ondoan, akropolia dago bi kale perpendikularrekin. Hor zenbait tenplu daude (A, B, C, D, O, R eta Y). Iparraldean, hiria plano hipodamiko baten arabera egin zen, nekropoli eta akropolien garaikidea (Galera-Bagliazzo eta Manuzza). Beste aztarna garrantzitsu batzuk ibaien arteko muinoetan agertu dira. Ekialdean, (E, F, G) tenpluak daude eta nekropoli bat (Buffa) gaurko Marinella hiriaren aldean. Mendebaldean, Selinonteko aztarnarik zaharrenak agertzen dira, hots, Demeter Maloforos santutegia[43], non botozko irudiak agertu baitziren. Honen iparraldean, beste tenplu bat zegoen[44], eta nekropoli arkaikoa (Pipio, Manicalunga, Timpone Nero). Hiriko bi portuak bi ibaien bokaletan zeuden.

Hegoaldean, Hera santutegia[45]. Teoria baten arabera, tenplu kopuru handia erlazionatuta dago selinontarrek greziar polisaren izaera berrestu nahi zutelako, beste kulturaren lurrualdeaz inguratuta zeuden eta[46].

Parke arkeologikoa 40 Ha.ren zehar hedatzen da, hurrengo eremuetan banaturik[47]:

  • Akropoli gunean, tenpluak eta gotorlekuak.
  • Mendebaldean, Gaggera muinoa eta Maloforos santutegia
  • Iparraldean, Mannuzza muinoa, antzinako kokalekuekin.
  • Ekialdeko muinoa, zenbait tenplurekin.
  • Nekropolia.
Selinonteko akropoliaren egiturak

Selinonteko akropolia mendixka batean kokatuta, Modione (antzinako Selinon) eta Cottone ibaien artean. Hor hiriko portua dago. Aurrean, “A” eta ”O” tenpluak, eta hauen ostean, “C” tenpluaren zutabe-lerro bat.

Akropolia, ekialdean, kareharrizko harresi sendo batez osatuta dago; hegoaldea amildegi batek babesten du itsasoko erasoetatik eta iparraldea estuago da (140 metro baino ez). Oinplanoa trapezoidea da eta iparraldera hedatzen da terrazetan, mailakatutako harresi batekin (11 metroko garaiera) eta beste harresi batez inguraturik (behin eta berriz zaharberrituta eta aldatuta). Kanpoaldea harlanduzko blokeak dira, baina barnealdea harlangaitz-hormekin.

Harresiak bost dorre eta lau ate zituen. Iparraldea beste harresi batekin eta zenbait dorrez indartu zen K.a. IV. mendetik. Akropoliaren sarreran, Polux dorrea eraiki zen (XVI. mendean berbereen erasoetatik defendatzeko) antzinako itsasargiaren hondarren gainean.

Hiriko planoa bi errepide perpendikular nagusik (9 metroko zabalera) lau karratutan banatzen dute. Ipar-hegoaldeko kaleak 425 metro ditu eta eki-mendebaldekoak, berriz, 338. Beste kale batzuek (5 metroko zabalerakoak) 32 metrotik 32 metrora ebakitzen dituzte.

Urbanizazio sistema horrek K.a. V. mendetik dator, hau da, Kartagoko alditik. Aldare kopurua eta santutegi txikiak koloniaren lehen urteetan eraiki ziren, baina 50 urte beranduago, tenplu handiagoak eta iraunkorrak egin ziren. Hauetariko lehena, Megaron izenekoa, “B” eta “C” tenpluen artean kokatu zen. “O” tenpluaren aurrean, kartagotarren sakrifiziozko eremu bat dago, K.a. 409 konkistaren ondoren egin zena. Horko eraikinak gelez osatuta zeuden, aglutinatzailerik gabeko harriekin egindakoak. Geletan, ontziak errautsekin eta anfora kartagotarrak (torpedo itxurakoak) aurkitu dira. Akropoliaren gainean, hainbat tenplu doriar daude.

"A" eta "O" tenpluak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Selinonteko "A", "B" eta "C" tenpluen aztarnak

Hauetariko aztarna gutxi geratzen dira, besterik basamentua eta aldarea, K.a. 490-460 artean eraiki zena. Biek egitura berdina dute, “E” tenpluaren antzekoa, ekialdeko muinokoa. Peristiloak 16,2 metroko luzera du eta 40,2 zabalera, 6 x 14 zutabe (6,23 metro garai). Barrualdean pronaos in antis bat dago, naos bat adyton batekin eta opistodomos in antis bat, naosetik aldenduta. Naosak pronaosa baino maila bat altuagoa du eta adytonak beste maila bat gehiago.

“A” tenpluaren pronaos eta naosen artean, bi eskailera kiribilek galeriara edo goiko solairura zuzentzen zuten. “A” tenpluaren pronaosen zoladurak mosaiko bat du, non ikus daitezkeen Tanit feniziar jainkosaren irudi sinbolikoak, kaduzeo bat, eguzkia, koroa bat eta zezen baten burua. Horrek guztiak adierazten du eremua berrerabili zela puniko aldian etxeko- edo leku-erlijioso moduan.

“O” tenplua Poseidoni edo Atenari[48] sagaratuta zegoen. “A” tenplua, berriz, Dioskurei edo Apolori[48].

“A” tenplutik 34 metro ekialdera tokiaren sarrera monumentalaren aztarnak daude, propileo-formakoa dena. Oinplanoak “T” itxura du, 13 x 5,6 metroko laukizuzen batean eginda, 5 x 12 zutabezko peristilo batekin eta beste laukizuzen bat 6,78 x 7,25 metrokoa.

Aurreko tenpluen iparraldera, ekialde-mendebalde errepidearen zehar, badago beste gune sagaratu bat. “C” tenpluaren hegoaldera 17,65 x 5,5 metroko santutegi bat zegoen, K.a. 580-570 artean egindakoa, megaroi-formakoa, baliteke botozko eskaintzak edukitzea. Pronaos ez zuenez, ekialdean kokaturiko sarreratik zuzenean sartzen zen naosean (horren erdigunean bi oinarri daude bi egur-zutabetarako, teilatuari eusten ziotenak). Atzealdean bazegoen adyton laukizuzen bat, zeinen zabaleraren heren bat beranduago gehitu baitzen. Santutegia, beharbada, Demeter Tesmoforosi eskainita zegoen[49].

Santutegiaren eskuinera, nahiz eta egoera txarrean, “B” tenplu helenistikoa dago, (8,4 x 4,6 metrokoa). Atari prostilora heltzen da bost zutabeko eskailera batetik. Ondoren, pronaos eta naos bat dago. Iztukuzko aztarna polikromatuak oraindik ikus zitezkeen K.o. 1824an. Beharbada, K.a. 250ean eraiki zen, hiria bertan behera uzterakoan. Tenplu hau Selinonte suspertu zeneko lekuko bakarra da, hiria K.a. 409an suntsituta izan ondoren. Honen helburua iluna da; antzinean uste zen Enpedoklesen heroona zela, Selinonteko zingiren ongilea[50], baina eraikinaren urtea kontuan hartuz, teoria hau funtsa gabekoa da. Gaur egun, gehien hedatutako ideia da oso helenizatutako kartagotar tenplu bat zela, beharbada Demeter edo Asklepios-Eshmunen ohorez.

“C” tenplua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Selinonteko "C" tenpluaren aztarnak

Inguru honetako zaharrena da, K.a. 550. urtekoa. K.o. 1925-27 urteen bitartean, iparraldeko 14 zutabe eta taulamenduaren zati bat altxatu ziren. Peristilo bat zuen (24 x 63,7 metrokoa) 6 x 17 zubatekoa (8,62 metroko garaiera). Sarrerera heltzeko zortzi maila igo behar dira. Horrek baditu atari bat, zutabezko bigarren lerro batekin eta pronaos bat. Honen atzean naos eta adytona dago, egitura bakuna eta estukoak (ezaugarri arkaikoa). Oinplanoa ekialdeko muinoan dagoen “F” tenpluaren berdintsua da. Anitz elementuk adierazten dute egin den esperimentazioa eta dauden diferentziak doriar tenpluen eredutik: zutabeak baxuak eta sendoak dira (zenbaitetan harri berekoak), ez dute entasirik, arteken kopuruan aldeak daude, zutabeen artekoa ez da berdina, izkinetako zutabeen diametroa besteena baino handiagoa da, e.a.

Tenpluan honako aztarna hauek aurkitu dira: erlaitzaren zenbait polikromatutako zatiak; frontoian kareharrian egindako 2,5 metroko gorgona baten burua; hiru metopa non azaltzen den Perseo Gorgona hiltzen, eta Apoloren koadrigaren aurrealdeko bista bat. Hauek guztiak Palermoko museoan daude. Aurkitu diren zigiluen kopuruaren arabera, litekeena da “C” tenplua artxibategi bat izatea eta eta epigrafiaren ebidentziek[51] adierazten dutenez, Apolori edo Heraklesi[52] sagaratuta egotea.

Tenplu honen parte bat 1926an berreraiki zen[53].

“C” tenpluaren ekialdera laukizuzenezko aldare bat dago (20,4 x 8 metrokoa) eta honen oinarriak eta zenbait maila ere. Honen ostean, agora helenistiko baten tokia nabaritzen da. Urrunago, atari doriar batek (57 metro luze eta 2,8 sakon) terraza baten eta etxeen aztarnak inguratzen ditu. Hemendik akropoliaren harresia ikusgai dago.

“D” tenplua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Selinonteko "D" tenpluaren oinplanoa (Koldewey, 1899)

Tenplu hau K.a. 540 urtean eraiki zen. Haren mendebaldeko aldea ipar-hegoaldeko kalera begira dago. Peristiloak 24 x 56 metro ditu eta 6 x 13 zutabe (7,51 metroko garaiera). Hor pronaos in antis bat dago eta luzaturiko naos bat, adyton batean bukatzen duena. Hobeto jarraitzen ditu orden klasikoen arauak “C” tenpluak baino (zutabeak zenbait inklinazio dute, lirainagoak, eta entasi dute, bi distilo pronaos in antisek atariari eusten diote), baina badu zenbait ezaugarri arkaiko, hala nola, irregulartasuna zutabeen arteko aldean, zutabeetako diametroan eta zutabeen arteken kopuru ezberdina.

“C” tenpluan bezala, peristilo eta naosen zoruan zulo karratu eta zirkular batzuk daude nahiz eta zertarako balio zuten ez jakin. “D” tenplua, ebidentzia epigrafikoen arabera[51], Atenari edo Afroditari[54] sagaratuta zegoen. Kanpoko aldare handiak tenpluko ardatza jarraitu beharrean, zeharka kokaturik dago, hego-mendebaldeko izkinaren ondoan. Honek adierazten du beste tenplu bat leku berean zegoela, baina beste ardatz batekin.

“Y” tenplua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Europaren bahiketa. "Y" tenpluko metopa bat

“D” tenpluaren ekialdean, aldare txiki bat aurki dezakegu antzinako santutegi bateko basamentuaren aurrean, hau da, “Y” tenplua, edo Metopa txikien tenplua izenekoa ere. Berreskuraturiko metopek 84 zentimetroko garaiera dute, data K.a. 570. urtekoa izanik. Hauetan honako irudi hauek agertzen dira: profilezko eta makurturiko esfinge bat, Delfosko Triada (Leto, Apolo eta Artemisa) aurrealdeko zurruntasunez, eta Europaren bahiketa. Beste bi metopak, K.a. 560. urtekoak, birziklatu ziren Hermokratesen harresia eraikitzean. Hauek Demeter eta Koreren koadriga erakusten dute (Helios, Selene edo Apolo, agian) eta eleusiar misterioak, non emakumeek zereal-buruak baitzeramatzaten (Demeter, Kore eta Hekate, Moirak). Hauek guztiak Palermoko Museo Arkeologikoan daude.

“C” eta “D” tenpluen artean, K.o. V. mendeko herri bizantziar baten aztarnak daude, birziklatutako harriekin eraikita. Lurrikara batek “C” tenpluaren zutabeak etxeen gainean bota zituen. Horrek azaltzen du Selinonteko tenpluen erorketa Erdi Aroan gertatu zela.

Akropoliaren iparraldean bi auzo zeuden (bata mendebaldean eta bestea ipar-hegoaldeko kale nagusiaren ekialdera). Hermokratesek K.a. 409. urtearen ostean berreraiki zituen. Etxeak xumeak dira, birziklatutako materialekin egindakoak. Hauetariko batzuk grabatutako gurutzeak dituzte, kristauek erabileraren seinale.

Iparralderago, bizileku garrantzitsuenen baino lehenago, izugarrizko gotorlekuak daude, akropoliaren defentsarako. Paraleloki galeria luze bat zegoen (hasieran estalita) hainbat gangazko pasarterekin eta lubaki sakon batekin, zubi baten bidez gurutzatzen zena. Sistema honek bazituen mendebaldean, iparraldean eta ekialdean hiru dorre erdizirkularrak. Ipar-dorrearen kanpoaldean[55] eki-mendebaldeko lubakien sarrerak daude, igarobideekin bi harresietan. Bakarrik gotorlekuaren zati txiki bat antzinako hiriari dagokio, Hermokratesek berreraiki zituenak eta beste zaharberritze batzuk K.a. IV. eta III. mendean egin zirenak. Arkitekturazko elementu batzuk birziklatzeak adierazten du zenbait tenplu bertan behera utzi zirela K.a. 409an.

Manuzza mendixka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Solinonteko akropoliaren oinplanoa, Gustave Fougèresek egina, 1910ean

Akropoliaren iparraldean Manuzza mendixkan, gaurko kaleak profilatzen du zonalde bat trapezoide formakoa non antzinako agora kokatuta baitzegoen. Urbanizazioa plano hipodamikoaren arabera eginda zegoen (aireko argazkiaren bidez berreginda), eta akropoliaren orientazioa ezberdin samarra zen, insulae luzeekin (190 x 32 metrokoak), ipar-hego orientaturik. Agian, hor kokatuko zen antzinako agora, defentsarako harresi batez inguratuta.

Inguru horretan ez dira indusketa sistematikorik egin baina zunda batzuk erakutsi dute tokia populatuta zegoela Selinonteko fundaziotik (K.a. VII. mendetik eta gero hiria ez zen hedatu), baina horren hondamendiaren ondoren, K.a 409an, hiriko zati hau ez zen birpopulatu. Hermokratesek ekarritako errefuxiatuak, bakarrik akropolian kokatu ziren defendagarriagoa zelako. K.o. 1985ean, toba egitura bat aurkitu zen muinoan, baliteke K.a. V. mendeko eraikin publiko bat izatea. Iparralderago, bizilekuen harago, bi nekropoli daude[56]: Manuzza eta beste zaharrago bat (K.a. VII. edo VI. mendekoa) Galera-Gagliazzon.

Ekialdeko mendixka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekialdeko mendixkan hiru tenplu daude. Nahiz eta leku berean eta ipar-hego ardatzean egon, badirudi toki sakratu ezberdinak (temenos) zirela “E” eta “F” tenpluen artean horma bat zegoelako. Gune-sakratu honek antza handia du Megarako akropoliaren mendebaldeko maldekin, hots, Selinonteren metropoliarekin. Hau ikusita, errazago da tenplu bakoitzeko kultoa jakitea.

Solinonteko "E" tenplua (Hera)

“E” tenplua, hiruetatik berriena, K.a. 460-450ean eginda, akropoliaren “A” eta “O” tenpluen oso antzekoa. Gaurko egoera anastilosis (eraikin baten zaharberritzea jatorrizko materialak erabiliz) eztabaidatsu baten ondorioa da, 1956-1959 artean gauzatu zena. Peristiloak (25,33x67,82 metrokoa, 6x15 zutabeduna eta 10,19 metroko garaiera) estaltzen zuen estukoaren aztarnak, oraindik zenbait partetan daude.

Tenplu honetan sartzeko eskailerak daude: ekialdean hamar maila ditu, pronaos in antisen ondoren, beste sei maila daude naosera heltzeko eta, azkenean, beste sei gehiago adytoneraino, naosaren atzean. Adytonaren atzean, horma batez aldenduta, opistodomos in antis bat dago. Friso doriar baten, naosen hormen gainean, metopetan gizakiak irudikatuta daude. Buruak eta emakumeen parte biluziak Parosko marmolez eginda daude eta gainontzekoa, tokiko harriz. Lau metopek irauten dute: Herakles Antiope amazona hiltzen; Hera eta Zeusen ezkontza; Akteon, Artemisen ehiza-txakurrek urraturik; Atena Entzelado erraldoia hiltzen eta beste zati bat, agian, Apolo eta Dafne irudikatuz. Hauek guztiak Palermoko Museo Arkeologikoan daude. Tenplu horretan egindako indusketen arabera, bazeuden beste eraikin sakratu batzuk, hauetariko bat K.a. 510ean suntsitu zen. “E” tenplua Heraren ohorrez eraiki zen inskripzio batek[57][58] adierazten duen moduan. Hala ere, beste ikertzaileen ustez, Afroditari sagaratuta zegoen[49][59].

Solinonteko "F" Tenpluaren oinplanoa

“F” tenplua hiruetatik zaharrena eta txikiena da. K.a. 550-540ean eraiki zen, “C” tenpluaren eredua jarraituz. Tenplu guztietatik arpilatuena izan da. Horren peristiloa (24,43x61,83, 6x14 zutabeduna eta 9,11 metroko garaiera). Honek zutabeen arteko espazioan harrizko pantailak ditu (4,7 metrokoak). Hauetan gezurrezko ateak, pilastrak eta arkitrabeekin pintatuta daude. Benetazko sarrera ekialdearen gibelean zegoen. Pantailen helburua ez dago oso argi, bakarrak greziar tenpluen artean baitziren. Batzuen ustez, botozko opariak babesteko egin ziren edo zenbait erritu ez-iniziatuen bistatik ekiditzeko (Dionisozko misterioak). Barrualdean, atari bat dago beste zutabe-lerro batekin, eta pronaos, naos eta adyton bat ere, zeinen egitura luze eta estuak ezaugarri arkaikoa adierazten duen. Ekialdean, bi metopa arkaikoak (K.a. 500 urtekoak) 1823ko indusketetan aurkitu ziren. Hauetan Atena[60][48] eta Dioniso agertzen dira, bi erraldoiak hiltzen zituztenean. Gaur egun zainduta daude Antonio Salinas Eskualdeko Museo Arkeologikoan[61]. Adituen arabera, “F” tenplua Atena edo Dionisori[49][62] sagaratuta zegoen, kasu honetan peristasia itxita zegoelako.

“G” tenplua Selinonteko handiena zen (113,34x54,05 m, eta 30 m-ko garaiera)

Solinonteko "G" Tenpluaren oinplanoa

Greziar munduko handienen artean zegoen[63]. Tenplu hau, K.a. 530-409 artean eraiki zena (epe luze hau estiloen aldaketetan adierazita dago: ekialdea arkaikoa den bitartean, mendebaldekoa klasikoa da), bukatu gabea da, arteken falta agerian geratzen den moduan, eta tamaina bereko zutabeen danborrak[64] hamar kilometro haratago Cave di Cusan, oraindik erauzketaren prozesuan. Hondamendiaren artean, posible da 8x17 zutabeko peristilo bat igartzea (16,27 metroko garaiera eta 3,41 diametrokoa). Hauetariko batzuk bakarrik zutik daude 1832an berreraiki zirelako, Sizilian lu fusu di la vecchia (atsoaren txaratila) izenarekin ezagutzen da. Barnealdean, pronaos prostilo bat dago (lau zutabetakoa), bi hormerekin in antis, beste horrenbeste pilastretan bukatzen dutenak, eta hiru ate naosera sartzeko. Naosa, tamaina handikoa, hiru nabetan banatzen zen: erdikoa, seguruena, aire zabalera irekita zegoen (hypaethros). Bi lerrok, hamar zutabe argalekoek, beste zutabezko lerro bati eusten zioten (galeria) eta alboko bi eskailerak teilatura igotzeko. Nabe zentralaren atzealdean adytona zegoen, naosaren hormetatik bereizita, baina honetan guztiz sartuta. Adytonaren barrualdean, zauritutako edo hiltzear zegoen erraldoi baten gorputz-enborraren artelana aurkitu zen eta inskripzio bat “Selinusen Mahai Handia” izenekoa. Atzealdean, opistodomos in antis bat, eta honetan ez zegoen naosetik sartzerik. Hondamendien artean, interes bereziko dira zenbait bukatutako zutabe, zeinek margoturiko estuko-aztarnak adierazten duten. Honetaz gain, taulamenduaren blokeek ferrazko markak dituzte alboetan. Hauen zehar, sokak sartzen zituzten blokeak altxatzeko eta zegozkien tokietan kokatzeko. “G” tenplua hiriko altxorra gordetzeko zen. Ebidentzia epigrafiko baten arabera tenplua Apoloren gurtzarako egin zen, hala ere, gaurko ikerketen ustez, Zeusi sagaratuta zegoen.

Mendixkaren oinean, Cottone ibaiaren bokalean, Ekialdeko Portua zegoen, 600 metroko zabalera, baliteke barrua olatu-horma bat edukitzea akropolia babesteko. Honek aldaketak izan zituen K.a. IV. eta III. mendeetan: luzatu ondoren, ipar-hegoaldera orientatutako kaiak eta biltegiguneak eraiki ziren. Gaur egun, elinonteko bi portuak buxatuta daude. Mendebaldekoa, Selinus-Modione ibairen nagusia zen. Harresien kanpoko auzoak merkataritzarako eta portuko lanetarako ziren. Hauek terrazetan eta maldetan kokaturik zeuden.

Marinella hiri modernoaren iparraldera, Buffa nekropolia dago.

Gaggera mendixka eta Malaforos santutegia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aldarea, Demeter Malaforos santutegian

Gaggera mendixkan badaude oso antzinako santutegi baten hondarrak, hau da, Selinonteko emankortasun jainkosaren, Demeter Malaforosen, santutegia. Toki honetan 1874 eta 1915 artean etengabeko indusketak egin ziren. Gune honen egoera askotarikoa dena, K.a. VI. mendean muinoaren magalean eraiki zen eta, seguru asko, hileta-prozesio estazio gisa erabili zen Manicalunga nekropolira abiatu baino lehen.

Hasieran, gunea eraikin gabekoa zen eta eremu zabal bat zuen, aldare batekin, erritualak egiteko. Geroago, tenplua eta horma garaia (temenos) egin zirenean, santutegia bilakatu zen. Santutegi honek laukizuzenezko (60x50 metrokoa) itxiera zuen. Sarrera ekialdean zegoen propileo in antis baten zehar (K.a. V. mendean eraikitakoa). Honen aurrean, eskailera bat eta egitura zirkular bat zeuden. Itxieratik kanpo, propileoaren bi alboetan, arkupe luze baten hondarrak daude (estoa) aulkiekin erromesentzat, zeinek aldareak eta botozko objektuak utzi baitzituzten.

Itxieraren barruan, erdigunean, aldare handi bat dago (16,3x3,15 metrokoa) hezurren eta beste sakrifiziozko hauts-mordo baten gainean kokaturik. Aldarea hego-mendebaldera hedatzen da. Ipar-mendebaldera nabaritzen da beste aldare arkaikoago bat. Hantxe lubaki karratu bat dago tenpluko aldarearen ondoan.

Tenplua eta aldarearen artean, harrian kanal bat zulatu zen, iparraldetik datorrena esparru osoan zehar, helburua zen santutegira ura ekartzea hurbileko iturri batetik.

Demeter Malaforoserako ubidea

Kanala igaro bezain pronto, megaroi itxurako Demeter tenplua dago (20,4x9,52 metrokoa). Nahiz eta krepidoma eta zutabeak ez izan, baditu pronaos, naos, aditon eta nitxo bat atzean.

Pronaosaren iparraldera laukizuzenezko zerbitzu gela bat gehitu zen. Megaroiaren faserik antzinena bakarrik oinarri mailan nabaritzen da. Tenpluaren hegoaldeko bi egituren (karratua eta errektangularra) funtzioa ez da argitu. Iparraldean, badago geroagoko beste egitura bat, bi gelarekin, temenosen kanpora eta barrura irekita daude eta itxieraren bigarren sarrera dira. Hegoaldeko itxiera aldizka konpontzen zen magala hondoratzen zenean. Propileoaren hegoaldean, itxierako hormari itsatsita, Hekateri eskainiriko beste itxiera bat zegoen. Honen forma karratua zen, santutegi batekin ekialdeko izkinean, sarreraren ondoan. Hegoaldeko izkinean, berriz, lauzatutako karratu txiki bat dago, baina honen helburua ezezaguna da.

Hamabost metro iparralderago, beste itxiera karratu bat dago (17x17 metrokoa) Zeus Meilitxiori (Zeus Eztia) eskainita eta Pasikrateiari (Persefone), honen hondakinak ugariak dira, baina K.a. IV. mendeko hainbat egituren funtzioa zaila da ulertzea, hau da, itxiturazko horma, bi alboetan zutabe ezberdinekin (atari helenistiko baten atal batekin) inguraturik dagoena. Itxieraren atzean, tenplu prostilo in antis txiki bat dago (5,22x3,02 metrokoa) doriar zutabe monolitikoekin, baina joniar taulamenduarekin eta beste bi tenplu gehiago itxieraren erdigunean.

Kanpoko aldean, mendebaldean, erlijiozaleek jainkotiar bikotearen hainbat estela txiki eskaintzen zituzten. Hauetan, azalezko ebakidurekin, bi aurpegi agertzen ziren: gizonezkoarena eta emakumezkoarena. Honetaz gain, errautsak eta eskaintzen aztarnak, greziar ktonikoen jainkoen eta erlijio punikoaren bateratasuna adierazten dute. Aurkikuntza asko Malaforos santutegitik dator (guztiak Palermoko Museoan gorderik): eszena mitologikozko erliebeak; K.a. VII.-V. arteko 12.000 inguru terrakotaz egindako botozko irudiak; busto formako intsentsu-ontziak Demeter edo Tanit irudikatzen dutenak; korintiar zeramika ugari; itxieraren sarreran behe-erliebe bat aurkitu zen, Hadesek egindako Persephoneren bahiketa azalduz.

Kristau hondarrek, bereziki arkumeak XP (krismoi) monogramarekin, adierazten dute esparru honetan komunitate kristau bat finkatu zela K.o. II. eta V. mendeen artean.

Urrunago, Gaggera magalen gora, iturri bat dago Malaforos santutegiak ura hartzen duenetik. Berrogeita hamar metro beherago dagoen eraikina behin tenplutzat hartu zen (“M” izeneko tenplua), baina gaur egun monumentu-iturria da. Itxura errektangularra du (26,8x10,85x8 metrokoa), harlanduzko blokeekin eginda eta uharka eta sakonune itxi bat du. Atari zutabedun batekin babestuta. Sarrerarako lau mailako eskailera bat du eta honen aurrean lauzatutako eremu bat zabaltzen da. Eraikina doriar estilokoa da, haren data K.a. VI. mendekoaren erdikoa izanik, aurkitutako terrakotaren arabera. Metopen zatiak amazonomakiarekin, nahiz eta inguruan aurkitu, ez dira eraikin honetakoa, honek metopa txikiak eta leunak dituelako. Beste megaroi bat berriki induskatu dute Melaforos santutegiaren eki-iparraldeko zenbait ehun metrotara.

Selinonteko efeboa.

Selinonteren iguruan eremu batzuk erabili dira nekropoli gisa.

  • Buffa (K.a. VII. eta VI. arteko mendekoa): ekialdeko mendixkaren iparraldean. Eremuak triangeluar botozko lubakiak ditu (25x18x32 metrokoak) terrakota, ontzi eta animal-hondarrekin (seguruena sakrifizioak egiteko)[65].
  • Galera Bagliazzo (K.a. VI. mendekoa): Mannuzza mendixkaren iparraldean. Toba harrian zulatutako hilobietan, hainbat motatako ondasunak daude. Hauetariko batean Selinonteko Efebo izenekoa 1882an agertu zen, gaur egun Castelvetranoko hiri-museoan dago[66].
  • Pipio Bresciana eta Manicalunga Timpone Nero (K.a. VI.-V. mendeen artean): Gaggera mendixkaren mendebaldera, Selinonteko nekropolirik zabalena. Kontuan hartuz, hiritik dagoen distantzia, ez dago argi nekropoli bat edo hiri inguruko zona bat zen. Ehortze errituez gain, anforak eta pithos daude. Sarkofagoak terrakotaz edo tufaz egindakoak dira. Estalitako gelak badaude ere.[67]
Bukatu gabeko zutabeak Cave di Cusan

Harrobi hauek kareharrizko geruzez osatuta daude, Campobello di Mazzaratik gertu, Selinontetik 30 km-ra. Toki haietatik atera zen harria Selinonteko tenpuak egiteko. Agerikoa denez, harrobi-lanak eten ziren hiria erasotuta izan ondoren K.a. 409. urtean. Harginen eta beste langile batzuen ihesak baimentzen du hargintzaren prozesu osoa ikustea, hau da, ebakidura zirkular sakona egin zenetik, azken zutabe-danborrak (sekzio zilindrikoak) egin arte, jadanik prest garraiatzeko.

Zutabeen sekzio hauekin batera, kapitelak eta ebaki karratuak daude ere, azken hauek baliagarriak ziren blokeak garraiatzeko, helburu bakarra Selinonteko tenpluak. Zutabe-danbor batzuk prest zeuden garraiatzeko eta beste batzuk, berriz, bidean utzi ziren. Zenbait sekzio erraldoi, “G” tenplurakoak, Cave di Cusaren mendebaldean aurkitu dira, laga ziren egoera berdinean.

Txanpongintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
K.a. 685. Selinonteko didrakma

Selinonteko txanpoiak era askotakoak eta anitzak dira. Antzinenetan, aipatu den moduan, perrexilaren hostoak agertzen dira binperrean. Geroko txanponen gaia zen irudi bat aldarean sakrifikatuz, Asklepiosi dedikaturik, honela adierazten du behean dagoen oilarrak. Irudia erlazionatuta dago Diogenes Laerziok kontatzen zuen istorio batekin, hots, selinontarrek izurrite bat pairatu zutela ibaiaren ondoko ur zingiratsuak zirela eta, baina gaixotasuna konpondu zen eremua drainatuz, Enpedoklesek iradokita. Zenbait txanpoietako zutik dagoen irudia Selinus jainko-ibaia zen, zeinek geroztik hiriko osasun-egoera lagundu baitzuen.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
  2. Morris, A.E.J. (2013). History of Urban Form Before the Industrial Revolution. Taylor & Francis. p. 53. ISBN 9781317885146. Retrieved 2014-10-10.
  3. Tuzidides VI. 4, VII. 57; Scymnus 292; Estrabon VI. p. 272.
  4. Tuzidides VI. 4; Diodoro Sikulo XIII. 59; Hieronymus Chron. ad ann. 1362; Clinton, Fast. Hell. vol. I. p. 208.
  5. http://www.lasicilia.es/selinunte
  6. http://www.coinarchives.com/a/results.php?results=100&search=selinon Selinonteko txanpoiak
  7. Ikusi https://eu.wikipedia.org/wiki/Elimo; https://eu.wikipedia.org/wiki/Sikano eta https://eu.wikipedia.org/wiki/Sikulo
  8. Diodoro Sikulo V,9.
  9. Diodoro Sikulo XIII. 54
  10. Herodoto V. 46.
  11. Heródoto V. 46.
  12. Diodoro Sikulo XI. 21 XIII. 55.
  13. Diodoro Sikulo XIII. 68
  14. XI. Lilibea K.a. 396an Dionisio Sirakusakoak fundatu zuen, Motia birrindu ondoren.
  15. Altxor terminoa ekibokoa da. Antzinako Greziaz ari garenean, eraikin txikiak dira, noizean behin tenplu itxurakoak, santutegietan eraikitakoak. Toki hauetan jatorrizko hiriko eskaintzak gordetzen ziren.
  16. Pausanias VI. 19,10.
  17. Tuzidides VI. ,20.
  18. Diodoro Sikulo XIII. 55.
  19. Danner, Peter (1997). "Megara, Megara Hyblaea and Selinus: the Relationship between the Town Planning of a Mother City, a Colony and a Sub-Colony in the Archaic Period".https://books.google.es/books?id=KdQhYldTIC4C&pg=PA151&redir_esc=y#v=onepage&q&f=false Urbanization in the Mediterranean in the Ninth to Sixth Centuries B.C. Acata Hyperborea 7. Copenhagen: Museum Tusculanum Press. p. 151. ISBN 9788772894126.
  20. Zuchtriegel, Gabriel (2011). "Zur Bevolkerungszahl Selinunts Im 5. Jh. v. Chr."http://www.academia.edu/1507521/Zur_Bev%C3%B6lkerungszahl_Selinunts_im_5._Jh._v._Chr. Historia (alemanez) 60 (1): 121.
  21. Tuzidides VI.: Diodoro Sikulo XII. 82.
  22. Tuzidides VI. 47
  23. Tuzidides VI. 65, VI. 67.
  24. Tuzidides VII. 50, 58: Diodoro Sikulo XIII. 12.
  25. Tuzidides VII. 1.
  26. Diodoro Sikulo XIII, 43.
  27. Diodoro Sikulo XIII. 43, 44.
  28. Diodoro Sikulo XIII. 54-59.
  29. Diodoro Sikulo XIII. 63)
  30. Diodoro Sikulo XIII. 59, 114.
  31. Diodoro Sikulo XIV. 47.
  32. Diodoro Sikulo xv. 17
  33. Diodoro Sikulo XV.73
  34. Diodoro Sikulo XIX. 71.
  35. Diodoro Sikulo XXII. 10. Exc. H. p. 498.
  36. Diodoro Sikulo XXIII. 1, 21; Polibio I. 39.
  37. Diodoro Sikulo XXIV. 1. Exc. H. p. 506.
  38. Selinus oppidum III. 8. s. 14
  39. Estrabon VI. p. 272; Ptolomeo III. 4. eta 5.
  40. https://eu.wikipedia.org/wiki/Antoninoren_Ibilbidea
  41. Antonine Itinerary p. 89
  42. https://en.wikipedia.org/wiki/Tabula_Peutingeriana
  43. http://www.selinunte.net/il_santuario_di_malophoros.htm
  44. http://www.selinunte.net/il_tempio_m.htm
  45. Luisa Masetti Bitelli, Arqueología: Restauración y conservación, p.135, Hondarribia: editorial Nerea (2002), ISBN 84-89569-75-4.Selinonteko parke arkeologikoa: N tenplua edo Hera santutegia
  46. Carmen Sánchez, Una nueva mirada al arte de la Grecia antigua, pp.194-195, Madrid: Cátedra (2006), ISBN 84-376-2328-6.
  47. http://www.selinunte.net. Retrieved 2016.06.23an kontsultatuta.
  48. a b c Sabatino Moscati, Italia archeologica, Novara, De Agostini, 1973, vol. 1, pp. 120-129
  49. a b c Filippo Coarelli; Mario Torelli, Sicilia (Guide archeologiche Laterza), Bari, Laterza, 1988, pp. 72-103
  50. "Enpedokles tenplua" izena Hittorf arkeologoak eman zion 1824an. Berak uste zuen agintari horren ohorez egin zutela Selinonteko zingirak drainatu zituelako, malariako epidemiekin bukatuz.
  51. a b Inscriptiones Graecorum XIV 269
  52. Margaret Guido; Vincenzo Tusa, Guida archeologica della Sicilia, Palermo, Sellerio, 1978, pp. 68-80
  53. Luisa Masetti Bitelli, Arqueología: Restauración y conservación, p.135, Hondarribia: editorial Nerea (2002), ISBN 84-89569-75-4.
  54. Touring Club Italiano https://en.wikipedia.org/wiki/Touring_Club_Italiano, Guida d'Italia – Sicilia, Milano, 1989, pp. 324-330
  55. Dorre honen sotoan arma-biltegi bat zegoen
  56. http://www.selinunte.net/necropoli.htm
  57. IG XIV 271
  58. Tony Spawforth, The Complete Greek Temples 2006, p. 131.
  59. Henri Stierlin, Grecia. De Micenas al Partenón, p.81, Taschen (2009), ISBN 978-3-8365-1039-4.
  60. Amedeo Maiuri, Arte e civiltà nell'Italia antica, (Conosci l'Italia, vol. IV), Milano, 1960, pp. 79-80, 89-92, 106-108
  61. https://en.wikipedia.org/wiki/Regional_Archeological_Museum_Antonio_Salinas
  62. Mogens Herman Hansen & Thomas Heine Nielsen (2004). «Sicilia». An inventory of archaic and classical poleis (ingelesez). Nueva York: Oxford University Press. p. 223. ISBN 0-19-814099-1.
  63. Akragasko Olympeionekin batera, eta bakarrik Miletos ondoko Apolo eta Efesoko Artemisa tenpluak handiagoak ziren
  64. Zutabe baten sekzio zilindrikoa.
  65. www.selinunte.net".
  66. http://www.selinunte.net/area_in_cornice.htm.
  67. http://www.selinunte.net/area_in_cornice.htm

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]