Cheerleading edo kirol animatzailea musika, dantza eta gimnasia nahasten dituen kirola da, kirol talde baten jarratzaileak taldea animatzera bultzatzen dituena.

"Dallas Cowboys" taldearen animatzaileak, "USS Harry S. Truman" hegazkin-ontzian.

Kirolaren sorrera

aldatu

Cheerleaderrek bide luzea egina dute AEBetako unibertsitateetan. XIX. mende amaieran Princetoneko ikasle Thomas Peeblesi unibertsitateko kirol taldeak animatzeko eta ikusleak motibatzeko jarduerak antolatzea bururatu zitzaion. Baina ideia gauzatzen lehena Minnesota Unibertsitateko Johnny Campbell izan zen[1].

1898an Minnesotako amerikar futbol taldeak Nothwestern taldearen aurka jokatu zuen eta Campbellek aurrez prestatutako leloa kantatu zuen jendaurrean: “Rah, Rah, Rah! Ski-U-Mah! Hoo-Rah! Hoo-Rah! Varsity! Varsity! Minn-e-so-tah!”. Leloen maila literarioak ez du mende osoan bilakaera handirik izan, baina beste elementu batzuk asko aldatu dira[1].

Hasieran gizonezkoek soilik parte hartzen zuten animatzaile taldeetan. Baina 1923an emakumezkoei ere baimena eman zieten. Gainerako kirol jardueretan parte hartzerik ez zutenez, ponponak astintzen hasi ziren buru-belarri, eta 1940rako cheerleader gehienak emakumezkoak ziren[1].

1948an NCA sortu zen, AEBetako Cheerleader Elkarte Nazionala, eta 30 urte geroago lehen cheerleader txapelketa antolatu zuten. Orduz geroztik, beste kirol taldeekiko loturarik gabeko cheerleader talde independenteak sortzen hasi ziren, jarduera gimnastikoak gero eta konplexuagoak bilakatu ziren, eta animatzea kirol olinpiko izenda dezaten eskatzen duten lehen ahotsak ere entzuten hasi dira[1].

1961ean, Pittsburghen (AEB), hiriko Steelers amerikar futboleko talde profesionalak Robert Morris institutuan ikasten zuten zortzi neskato hautatu zituen, NFLko frankizien lehen cheerleader edo animatzaile taldea osatzeko. Steelers taldeak ez zuen ia zalerik, estadiorik ere ez, eta kirol emaitza kaskarrak ere ez zituzten lagun, horregatik erabaki zuten Steeleretteak martxan jartzea[1].

Animatzaile taldea 1969an desagertu zen, itxura denez, bere helburua erabat bete gabe; Pittsburgheko futbol taldea 70eko hamarkadan hasiko zen nabarmentzen, Steeleretteen animoak jasotzeari utzi zionean, hain zuzen. Baina zortzikotearen eskutik, jarduera bitxi horrek profesionaltasunerako jauzia egin zuen[1].

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f Nagore Irazustabarrena, «Rah, Rah, Rah, kirol berria sortu da!», Argia, 2012-01-22, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak

aldatu