Giulio Andreotti
Giulio Andreotti (italieraz ˈʤuːljo andreˈɔtti ahoskatua; Erroma, 1919ko urtarrilaren 14a - ib., 2013ko maiatzaren 6a) italiar politikaria izan zen. Italiako lehen ministro izan zen hiru aldiz (1972-1973, 1976-1979, 1989-1992).
Bizitza
aldatuAlderdi demokrata-kristauaren diputatu aukeratu zuten 1946an, eta hurrengo urtean Alcide de Gasperiren kabinetean sartu zen. Gasperi hil zenean Italiako eskuin-joerako politikari nagusia bilakatu zen, eta bera izan zen, bata bestearen ondoren, ministerio gehienen buru. Hogeita bat aldiz izan zen ministro, sei aldiz Kanpo Arazoetarako ministro eta zortzi aldiz Defentsa-ministro, besteak beste.
Italia Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) kide izan arren, herri komunistekiko eta herri arabiarrekiko jarrera irekia bultzatu zuen. 1960ko hamarkadan zentroko eta zentro-eskuineko koalizio-gobernu guztietan parte hartu zuen. Ondorengo hamarkadan zentro-ezkerreko zenbait kabinetetako kide izan zen, eta Italiako Alderdi Komunistaren lankide izan zen 1976-1979 bitartean. 1992ko hauteskundeetan demokristauek izan zuten porrotaren ondoren Giuliano Amato sozialistak kendu zion lehen ministro kargua.
Bere garaiko eskandalu politiko guztiekin lotu izan da Andreottiren izena eta 1995ean, mafiarekin zerikusia izatea leporatu zitzaiolarik, Palermoko auzitegiaren aurrera agertu behar izan zuen. Hala, ospe politikoa guztiz galdu zuen salaketa haren ondoren[1]. 1998-1999an berriz ere izan zituen istiluak justiziarekin, Aldo Mororen kasuan zerikusia izan zuela-eta; azkenean, 1999ko irailean errugabe aitortu zuten Perugian.
2008. urteko Paolo Sorrentinoren Il divo filmean Andreottiren jarduera politikoa azaltzen da.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.