Fiodor Dostoievski
Fiodor Mikhailovitx Dostoievski[1] (errusieraz: Фёдор Михайлович Достоевский; Mosku, 1821eko azaroaren 11greg./urriaren 30ajul. - San Petersburgo, 1881eko otsailaren 9agreg./urtarrilaren 30ajul.) errusiar idazlea, tsarren garaiko errusierazko literaturaren egilerik handienetakoa. Zenbaitek existentzialismoaren sortzailetzat hartzen dute[2]. Ziur aski, Zapiski iz podpol’ia [3] (Oharrak lurpetik), Brat’ia Karamazovy (Karamazov anaiak) eta Prestuplenie i nakazanie (Krimena eta zigorra) haren lanik ezagunenak dira. Tuberkulosiak jota hil zen.
Mendebaldeko eta literatura unibertsaleko egilerik handienetarikotzat jotzen da. Dostoievskik gizakiaren bihotzaren zoko ilunenetan zegoena kanporatzen asmatu zuen; XIX. mendeko errusiar gizarteak bizitu zuen egoera politiko, sozial eta espiritual konplexuaren baitan, gizakiaren psikologia azaltzeko trebetasun berezia erakutsi zuen. XX. mendeko eleberrigintzan eragin sakona izan zuen.
« | Arkadii Ivanovitx urduritu egin zen, baina haren presazko galdeak erantzunik gabe gelditu ziren. Vasia nabarmenki ahalegintzen zen elkarrizketa oro saihesten eta Arkadiiren hitzekin inolako loturarik eta segidarik ez zuten hasperen eta monosilabo bakan batzuk besterik ez zituen jaregiten. | » |
Bihotz ahula, Josu Lasaren itzulpena. |
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa eta lehen lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fiodor Mikhailovitx Dostoievski Moskun jaio zen 1821ean. Mikhail Dostoievski eta Maria Fiodorovnaren zazpi seme-alabetatik bigarrena izan zen. Aita behartsuentzako ospitale bateko medikua zen, Mariinski ospitalean, eta bertan jaio zen Fiodor. Gurasoek tradizio zurrunetan hezi zituzten zazpi anai-arrebak, eskola zaharrekoetan, eta etengabeko beldurrean bizi ziren umeak, beti aitaren begirada zorrotzaren menpean. Ama pertsona erlijiosoa zen oso: egunero eramaten zituen seme-alabak mezetara. Bibliarekin irakatsi zien idazten-irakurtzen.[4]
Fiodorrek hamaika urte zituenean, familia Darovoie herrixkara, Tula probintziara, joan zen bizitzera. Aitak bertan lur batzuk erosi zituen, datxa batekin. 21. mendeanm datxa hori etxe-museo bat da, Dostoievskiren omenez.
1834an, anaia Mikhailekin batera, Txermakeko barnetegian bigarren mailako ikasketak hasi zituen. Hori kolpe gogorra izan zen gure egilearentzat, eta ez zuen ondo hartu etxetik alde egitea.
Gaztaroa eta lehen lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ama oso gaztea zela hil zitzaion, 1837an, tuberkulosiak jota. Aitak behartuta, Fiodorrek ingeniari militarretarako ikasketak egin zituen San Petersburgon (1838-1843), baina nerabezarorako piztua zuen ariman literaturarako bokazioa.
1839an, 18 urte zituela, aita hila zela jakin zuen. Antza, etxeko zerbitzariek hil zuten, Darovoie herrixkan, alkoholak eragindako erasoaldi bortitz baten ondoren. Beste historia batek dio aita berez hil zela eta lurjabe bizilagun batek zabaldu zuela hilketaren kontua, lursaila merkeago erosi ahal izateko.
1843. urtean, ingeniari ikasketak bukatu, ofizial militar bihurtu, eta San Petesburgoko Ingeniaritza Departamentuan lanean hasi zen. 1844an, bertan zela, Honoré de Balzacek hiria bisitatu zuen. Bisita horren eraginez, Eugène Grandet itzultzea erabaki zuen, eta hor piztu zitzaion literaturarako bokazioa. 23 urte bete berri zituela, itzulpen horixe izan zen Dostoievskiri argitaratu zioten lehen lana. Repertuar i panteon [Errepertorioa eta panteoia] aldizkarian osorik argitaratu zen. Argitalpena anonimoa izan zen, baina badakigu egilea Dostoievski izan zela, hala baieztatzen delako anaia Mikhailekin trukatutako gutunetan.[4]
Hurrengo urtean, bertan behera utzi zuen karrera, literaturan buru-belarri jarduteko.
Gogol miresten zuen baina, batez ere, Puxkin, azken hori izan baitzuen Dostoievskik idazle ideal eta jarraibide. 1844 eta 1845 artean idatzi zuen Biednie liudi (Jende gizagaixoa) bere lehen eleberria, 1846an argitara emana[5]. Lan horrek ospe handia eman zion, eta "Gogol berri bat" jaio zela idatzi zuten, nahiz eta "psikologiarako joera handiagokoa" zela ere ez zitzaien oharkabean pasa. Belinski kritikoak lana goraipatu zuen[6].
Hurrengo lanek ez zuten hainbesteko arrakastarik izan. Giza arimaren azterketa sobera konplikatu zitzaion Bikoitza idatzi zuenean, hor nortasuna bitan banatzen den kasuak aurkezten baititu. Ondoren datoz Eleberri bat bederatzi gutunetan, Polzunov, Bihotz ahula (errusieraz, Слабое сердце), Lapur zintzoa, Eguberritako zuhaitz bat eta eztei bat, Besteren emaztea eta senarra ohepean, eta Gau zuriak, kontakizunak edo eleberri laburrak denak, batzuk kostunbristak, besteak umorezkoak eta beste zenbait gizarte-kritika egiteko intentzioz idatziak.
Garaitsu hartan, Belinskirekin haserretu zen, literatura kritikari hari bere bizitzako "unerik miresgarriena" —ospetsu egin zenekoa, alegia— zor zion arren.
Preso eta zigorturik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lehen eleberriak argitara eman ziren garai hartan, Dostoievski sozialismo utopikora gerturatu eta Petraxevskiren lagunartekoa egin zen. Talde horretako kideak Fourierren ideien jarraitzaileak ziren eta haren lanak elkarrekin irakurri eta sozialismoaren inguruan eztabaidatzeko biltzen ziren[6]. Petraxevskiren «ostiralak» konspirazioetarako topaketa famatuak bilakatu ziren zirkulu iraultzaileetan, eta soiree horietako bisitari bihurtu zen Dostoievski. Nekazari eta soldaduentzako panfletoak hedatzeko inprimategi sekretu baten antolaketan ere parte hartu zuen.
Garaiko beste konexio intelektual batzuk izan ziren Maikov familiarekin (Apollon Maikov poeta zen, Dostoeivskirentzat, Errusiako olerkari onena).[4]
Hori zela-eta, 1849ko apirilean atxilotu zuten eta preso egon zen bederatzi hilabetez Pedro eta Paulo gotorlekuan; bertan "Heroi txikia" ipuina idatzi zuen. Urte hartako abenduaren 22an, bera eta beste 20 petrasevskista fusilatzera eraman zituzten Semionov plazara (itxurazko fusilamendua zen izatez) eta soldaduen buruzagia apuntatzeko agindua ematen ari zen unean, barkamena "iritsi" zen. Dostoievskik une estu horiek —hil behar zutelakoan baitzegoen, alegia— ezin izan zituen inoiz burutik ezabatu. Horrela, bada, heriotzaren ordez, beste zigor bat ezarri zioten: Siberian, Omsken, gatibu-lanetan lau urtez penatzea, eta ondoren, soldadutza egin beharra, denbora mugagabez.
Espetxe hartan ezer idaztea edo irakurtzea debekatuta zegoen, Biblia salbu. Lau urteak pasa zirenean, Kazakhstango batailoi batera bidali zuten, Semiapalatinksera. Han zela, harremanetan hasi zen Maria Dmitrievna Isaievarekin. Emakume hori alargun geratu ondoren, ezkondu egin ziren 1857an[7]. Itzal handiko pertsonak sartu ziren tartean eta, hala, 1859ko ekainean, gaurko Tver herrian bizitzen jartzeko baimena jaso zuen, eta urtearen azkenerako San Petersburgon zen berriro.
San Petesburgora itzulitakoan, 1859an beste bi eleberri berri argitaratu zituen: Osabaren ametsa, eta Stepansikovo auzoa eta hango auzotarrak. 1861ean, Unizhennye i oskorblennye (Apalduak eta irainduak) argitaratu zuen. Hala ere, fama beste lan batekin lortu zuen: Zapiski iz Mertvogo doma (Hilen etxeko oroitzapenak), 1860 eta 1862 artean idatzitakoa eta presondegiko oroitzapenak jasotzen zituena.
1861. urtean, Mikhail anaia zaharrenarekin, Vremia (Denbora) izenburuko aldizkaria sortu zuen; 1863an, debekatu egin zuten, "zorigaiztoko arazoari" buruzko artikulu batengatik, hor Poloniako matxinatzeaz ari baitzen. Bi anaiek 1864-65 urteetan Epokha (Epoka) aldizkariarekin eman zioten jarraipena proiektuari, eta aldizkari horretatik zabaldu eta aldeztu zuen Fiodorrek bere sinesmen berria:
« | Errusiako herriak gorde du bere baitan kristautasunaren espiritua, eta aitoren semeekin eta jende ikasiarekin anaiturik, tsarraren itzalpean, bere burua eta Europa osoa salbatuko du | » |
1862an argitaratutako Pasadizo gogaikarri bat izenekoan, moda liberalari buruzko satira idatzi zuen, urte hartantxe egin baitzuen lehen bidaldia Mendebaldeko Europara (Berlin, Dresden, Paris, Londres, Geneva, Florentzia, Milan, Venezia, eta Viena bisitatu zituen). Hurrengo urtean, Udako irudipenei buruzko neguko oharrak argitaratu zuen: mendebaldeko gizarteari irri eta trufa egiten zion, dirua jainko bakartzat zuelako.
Jokoarekiko mendekotasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1860ko hamarkadaren hasieran, harreman sutsu eta konplexua bizitu zuen Apollinaria Suslovarekin (Jokalaria eleberriko Polina). Elkarrekin Europan zehar egin zuten bidaian hasi zen Dostoievskiren jokoarekiko mendekotasuna. Uste izan zuen erruletan aberasteko modu segurua lortu zuela, artean aberasteko ametsak baitzituen (diruak askatasuna zekarrela zioen). Handik urte batzuetara, Hamburgen, berriro ere zituen ondasun guztiak galdu ondoren, zin egin zuen ez zuela gehiago jokatuko, eta zin horri eutsi egin zion[8].
1864an, anaia Mikhail (Fiodorren adiskiderik eta laguntzailerik onena) eta emaztea hil zitzaizkion. Zorrez ia itoan zebilen. Bere lanetarako gai ere bilakatu zuen joko-zaletasun hori, Jokalariak argi erakusten duen bezala (1866), idatzi baino gehiago, emazte izango zuenari diktatu zion eleberria (Anna Snitkinari, gero Anna Dostoievskaia).[9]
Epokha baliabide faltagatik desagertu zen. Aldizkari hartan argitaratu zituen Zapiski iz podpolia (Lurpeko oharrak) eta Krokodiloa izenburuko eleberritxo amaitu gabea. Lan horietan Dostoievskik garai hartako iraultzaileei egiten zien eraso, Txernitxevskiri, batez ere. 1866an hasi zen Prestuplenie i nakazanie (Krimena eta zigorra) izeneko bere eleberri handietan lehenengoa idazten. Urte hartan bertan idatzi zuen Jokalaria (errusieraz, Игрок, Igrok). Arrazoi ekonomikoak zirela medio, 26 egunetan idatzi behar izan zuen eleberria eta horretarako, berriz ere, Anna Snitkina takigrafia laguntza behar izan zuen. Berari diktatu zion eleberria. Handik hilabete gutxira (1867ko otsailean), bera baino 24 urtez gazteago zen emakume honekin ezkondu zen[8].
Atzerrira ihesi
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hartzekodunetatik ihesi, dostoievskitarrak atzerrira joan ziren hiru hilabeterako, baina lau urte baino gehiago eman zituzten Errusiatik kanpo. Dresdenen bizi izan ziren lehenik, gero Genevan (han jaio zen izango zituzten lau umeetatik lehena, neska bat, hiru hilabete zituela hilko zena), gero Milanen, Florentzian eta Dresdenen berriro (hiri horretako pintura-galeriari miresmen berezia zion Dostoievskik).
Urte horietan idatzi zuen Idiot (Ergela), non gizon erabat ona irudikatu nahi izan zuen: Myskin printzea (errusiar Kixotea). Gainera, izugarrizko buruhausteak eman zizkion idazlan luze bat idatzi zuen Bielinskiri buruz (gero galdu egingo zen) eta baita Betiereko senarra izenburuko eleberria ere. Esandako horiek ez ezik, Besy (Deabruak) idazten hasi zen (sozialisten aurkako panfleto bat, egilearen beraren hitzetan) eta beste plan asko landu zituen. Hain zuzen ere, plan horietatik jaioko ziren gero Nerabea (1875), gizarte kapitalistaren azterketa bikaina eta ideia baten indarra urrearena baino ere handiagoa dela baiesten duena, eta Brat’ia Karamazovy (Karamazov anaiak) (1879-1880), Dostoievskiren azken eleberria, haren pentsaeraren eta artearen monumentuzko sintesia. Azken eleberri hori zen, beste guztien artean, onena bere irudiko.
Aldizkarietako zuzendari eta idazle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dostoievskik beti bilatu izan zuen bere irakurleekin harreman zuzen eta iraunkorretan egotea. Horregatik onartu zuen, 1872 urtearen azkenetan, Meserski printzeak "ordena-misio bat betetzeko" eginkizunaz sortutako Grazdanin aldizkariko zuzendari izatea. 1874an kargua bertan behera utzi, eta bere aldizkaria sortu zuen, Dostoievski bera idazle bakarra zela, Dnevnik Pisatelia (Idazle baten egunkaria) izenaren pean, izenburu berbereko atal bat izan baitzuen aurretik Grazdanin aldizkarian. Hilero atera zen 1876an eta 1877an. 1880an ale bakarra atera zen, eta beste bat 1881ean, Dostoievski hil eta gero. Bere aldizkarian, Dostoievskik polemika gogor eta suharrak izan zituen arerio ideologikoen aurka, Errusia handi eta ortodoxoaren aldeko ideiak aldezten zituen, zorroztasun miresgarriz aztertzen zituen Europa mendebaldeko gertaera politikoak, eta kontakizun eta ipuin gogoangarri batzuk argitaratu zituen (Bobok, Haur bat eta Eguberritako zuhaitza eta eztei bat, Ehun urteko andrea, Esanekoa, Gizon barregarri baten ametsa); eta 1880an, Moskun Puxkinen omenez egindako monumentua inauguratu zutenean eman zuen hitzaldi ospetsua ere (1880)[10].
Dostoievskiren bizitzako azken urteetan, haren ospea handitu zen. 1877an, San Petersburgoko Zientzia Akademiako kide izendatu zuten. 1879ko maiatzean, idazlea Londresko Nazioarteko Literatura Kongresura gonbidatu zuten, eta saio hartan, Nazioarteko Literatura Elkarteko ohorezko batzordeko kide hautatu zuten
Dostoievski San Peterburgoko bere etxean hil zen 1881ko otsailaren 9an. Bere hileta jendetsua izan zen, errekonozimendua jaso zuen hiriarena, errusiarrena. San Petesburgoko Aleksandr Nevski monasterioko Tikhvin hilerrian ehortzi zuten. Hilobitik metro gutxira, Txaikovski musikaria datza, idazle, irakasle, margolari, artista, zientzialari eta beste kulturgile askoren hilobien artean.[4]
Dostoievskiren obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dostoievski ez zen, Tolstoi bezala, bere jabetzan bizi zen jaun bat; aldiz, bere lumatik bizi behar izan zuen, nahiko larri bazen ere, eta estutasunean eta gaixotasunean sortzeko gauza izan zen, bere kemen ikaragarriari esker[11].
Idazle psikologista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dostoievskik "bizitzak berak eskaintzen zuena" harturik idazten zuen; "konparaziorik gabe askoz aberatsagoa gure asmakizunak baino" idazlearen beraren hitzetan. XIX. mendeko Errealismoaren korrontean sar daiteke Dostoievski. Gainera, bere lanean pertsonaien psikologiaren azterketak duen pisuagatik, sakontasun psikologikoagatik, Dostoievskirena “errealismo psikologikoa” dela esaten da[2] .
Azterketarako gaitasun paregabea zuen, eta zorroztasun harrigarriz sartzen zen bizitzaren errai dialektikoetan, bizitza horren aberastasun eta kontraesan guztiak gorabehera. Bere ohar-liburuetako batean idazten duenarekin laburbil genezake bere literatur jarrera: «Psikologo deitzen naute. Hori ez da horrela, ni goragoko maila bateko errealista naiz, hau da, giza arimaren alderdi sakon guztiak azaleratzen ditut».[9]
Errusiar arima ustezkoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errealismo psikologiko hori Errusiako espiritu propio batekin lotu izana lorpen pertsonaltzat zuen Dostoievskik berak. Hala idatzi zuen:
« | Harro nago lehen aldiz Errusian gehiengoa den benetako gizona azaleratu eta haren alde itsusia eta tragikoa agerian utzi nuelako. Tragedia itsuskeriaren kontzientzian datza. Neu izan nintzen lur azpiko tragedia atera zuen bakarra, sufrimenduan, auto- zigorretan, onenaren kontzientzian eta hori lortzeko ezintasunean eta, batez ere, mundu guztiak zekarren zorigaizto horien konbentzimendu bizian. Horrelakoa da, eta, beraz, ez du zuzentzea merezi! | » |
Fiodor Dostoievski, Roberto Serranoren itzulpena |
Zorroztasun handiz atera zion zukua idazleek bere egonezin metafisiko propioari, aldi berean Kristorengan eta Errusiako herriarengan fede kartsua aldarrikatzen zuela.
Alde horretatik, pentsamendu errusiar antisemita batean ere kokatzen dela Dostoievski azpimarratzen dute kritikari batzuek. Victor Gallego Ballesterok hala deskribatzen ditu bere pentsamenduaren ardatz batzuk:[12]
« | Nazionalismo sutsu bat, xobinismoan bete-betean erotzen dena; zientziarekiko eta edozein aurrerapen teknikorekiko mesprezu agerikoa, autokrazia atzerakoienaren defentsa dudabakoa, Errusiaren patu eta misioaren ideia mesianiko bat, atzerrikoa izan daitekeen ororen kontra erabat, antisemitismo latz bat... | » |
Víctor Gallego Ballestero |
Muturreko posizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gauza zen, orobat, posiziorik muturrekoenetara heltzeko. Izan ere, Dostoievskiren pertsonaiek muturreko egoerak bizitzen dituzte, kaosean mugitzen dira eta angustiak itotzen ditu. Erabaki bat hartu behar dute, baina ezin dute. Dostoievskik ondo ikusi zuen sentimenduen anbibalentzia eta bere pertsonaiengan sentimendu batek bere kontrakoa pizten du ezinbestean. Egoera argituko duen soluzio baten zain daude, baina soluzio hori ez dator arrazoiaren eskutik, arrazoiari uko egitetik baizik[13].
Bere lanetan “umiliatu eta irainduen” aldeko jarrera nabaria da. Gizarte desparekotasunak kezkatu egiten zuen eta kezka hori bere obran azaltzen da modu nabarmenean[11]
"Netxaiev bat izan nintekeen ni" (terrorista bat, alegia) adierazi zuen. Ez zen hala izan, baina ez dago zalantzarik guztiz identifikaturik sentitu zela sortu zituen pertsonaia konplexu eta desberdin guzti-guztiekin. Hark sortutako pertsonaia bakoitzak bere bizitza du, eta beren izaeraren arabera pentsatzen eta obratzen dute guztiek, sortzaileak hasieran nahi izan zuena alde batera geratzen delarik. Hala, Brát’ja Karamázovy (Karamazov anaiak) idazten zuen bitartean, beldur izan zen monje errusiarra (aita Zosima) gauza izango ote zen behar adina argudio kontrajartzeko Ivanen ateismoaren aurka; bi ikuspegi horiek eleberriko "Alde eta aurka" izenburuko atalean kontrajartzen dira. Pertsonaia bakoitzak bere ahotsa du. Horregatik esan izan da Dostoievskiren eleberri handiak polifonikoak direla: halaxe adierazi zuen behintzat Bakhtin kritikariak[14].
Bere lanetan, gaiok behin eta berriz azaltzen dira: heroien psikologiaren analisia eta gizakiaren tormentu espiritualen deskribapena; gizon onaren borroka, ontasunaren, nahiaren eta beharraren artean aukeratzeko; erruaren onartzea eta pasioei uko egitea, salbazioa lortzeko[15]; gizarte modernoaren indibidualismoak sortzen dituen gatazkak[16].
20. mendeko kezken iragarle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dostoievskiren obrak izugarrizko eragina izan zuen XX. mendeko eleberrigintzan. Nabari da hori Thomas Mann, Proust, Kafka edota Sartrerengan. Inspirazio-iturri izan zuten orobat V. Soloviov filosofoak, A. Bely-k eta gainerako errusiar sinbolista gazteek, eta Leonov eta Bulgakoven gisako sobietar nobelagileek. Nietzschek eta Freudek ere harekin zuten zorra aitortu zuten.
Atergabeko tentsioan bizi izan zen bizitza osoan (epilepsia-atakeak izan zituen gazte-gaztetatik), fede-egarriz eta etengabeko zalantza artean. Dostoievskik bere garaiko krisialdi handia ulertzen jakin zuen, eta bai Errusiaren eta bai Europaren etorkizuneko alderdi batzuk aurrez ikusteko gai izan zen. Europako gizartearen bilakaera historikoa gai hartuta, esate baterako, gizakien aldean gauzakiek hartu zuten nagusitasuna iragartzen asmatu zuen, eta erdiz erdi asmatu ere, hurrengo hamarkadetan gero eta nabariago egin zen bezala.
Dostoievskiren nihilismoak izan zuen eraginik mugimendu existentzialistan ere, hartutako erabakien ondorioz bere pertsonaiek sarritan galbidea topatzen baitute. Bere obretako paradoxa guztiak, alienazioa eta nortasun galera, idazgai nagusi izango ziren gerora 20, mendeko idazleengan.[9]
Errusiako idazleen kanonean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errusiako idazleen kanon klasikoan agertzen da Dostoievski, gizonez osatutako parnaso horretan: Gogol, Tolstoi, Puxkin ditu lagun hor... Kritikorik ere izan ditu ordean. Vladimir Nabokovek Puxkin eta Lermontov aparteko aurrekaritzat jarri zituen goren, eta horien ondoren, zerrenda batean Tolstoi lehen, Gogol bigarren, Txekhov hirugarren eta Turgenev laugarren. "Ate joka izango ditut bulegoan Saltikov eta Dostoievksi halako nota txarra emateagatik", gehitu zuen txantxati Nabokovek sailkapen honen berri ematean.[12]
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eleberriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Бедные люди Bednie liudi / "Jende gizagaixoa" (1846)
- Двойник. Петербургская поэма Dvoinyk. Peterburgskaia poema / "Bikoitza: Petersburgeko poema" (1846)
- "Ugazabandrea" (1847)
- Неточка Незванова Netochka Nezanova / "Netotxka Nezvanova" (1849)
- "Osabaren ametsa" (1859)
- "Stepansikovo auzoa eta hango auzotarrak" (1859)
- Униженные и оскорбленные Unizhennye i oskorblennye / "Apaldu eta irainduak" (1861)
- Записки из мертвого дома Zapiski iz Mertvogo doma / "Hildakoen etxearen oroipenak" (1862)
- Записки из подполья Zapiski iz podpol’ia / "Oharrak lurpetik" (1864)
- Преступление и наказание Prestuplenie i nakazanie / "Krimena eta zigorra" (1866)
- Jokalaria (Игрок, Igrok) (1867), , Ibaizabal, 1993. Itzultzailea, Anton Garikano.
- Идиот Idiot / "Ergela" (1868)
- "Betiereko senarra" (1870)
- Бесы Besy / "Deabruak (1871-1872)
- “Nerabea” (1875)
- Братья Карамазовы Brat’ia Karamazovy / "Karamazov anaiak" (1879)
Kontakizun laburrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Eleberri bat bederatzi gutunetan" (1847)
- “Projarchin jauna” (1846)
- “Polzunov” (1847)
- "Bihotz ahula" (Слабое сердце) (1848), Hordago, 1984. Itzultzailea, Jesus Mari Lasa.
- “Besteren emaztea eta senarra ohepean” (1848)
- “Lapur zintzoa” (1848)
- “Eguberritako zuhaitz bat eta eztei bat” (1848)
- Белые ночи Belye noci / "Gau zuriak" (1848)
- “Heroi txikia” (1849)
- “Pasadizo gogaikarri bat” (1862)
- “Krokodiloa” (1865), , Booktegi, 2020. Itzultzailea; Josu Zabaleta.[4]
- “Bobok” (1873)
- “Haur bat” (1876)
- “Mareiko nekazaria” (1876)
- “Esanekoa” (1876)
- “Bi suizidio” (1876)
- “Gizon barregarri baten ametsa” (1877)
- “Vlas” (1877)
Dnevnik pisatelia ("Idazle baten egunkaria")
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izenburu horrekin biltzen dira Dostoievskik 1846 eta 1881 artean idatzitako hainbat testu labur, artikulu, literatura-kritika, kontakizun… Izenburua Dostoievskik 1873 eta 1874 artean Grazdanin aldizkarian izandako ataletik hartuta dago.
Itzulpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honoré de Balzacen Eugénie Grandet, 1844an errusieraz emana anonimoki, Dostoievskiren lehen lan argitaratua izan zen. Autorea hil ondoren zenbait berrargitalpen izan zituen, baina nahiko eraldatuak, eta sobietar garaian beste ukitu batzuk izan zituen lanak.[4]
Kronikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Udako irudipenei buruzko neguko oharrak" (1863). 1862an Europara egin zuen bere lehen bidaiari buruzkoa.
Euskaratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bihotz ahula, Hordago, 1984. Itzultzailea, Jesus Mari Lasa.
- Jokalaria, Ibaizabal, 1993. Itzultzailea, Anton Garikano.
- Krokodiloa, Booktegi, 2020. Itzultzailea; Josu Zabaleta.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ «156 Araua - Euskaltzaindiaren Arauak» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-09).
- ↑ a b Aldekoa, Iñaki ... [et al.]. (2016). Literatura unibertsala: Batxilergoa 1. Erein, 179 or..
- ↑ Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio-sistema. (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
- ↑ a b c d e f g Serrano, Roberto. (2021). «Dostoievskiren urteurrenaren harian» Senez 52 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 207 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ a b Korpotkin, Piotr. (2014). La literatura rusa: los ideales y la realidad. La linterna sorda, 215 or..
- ↑ Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 208 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ a b Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 209 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ a b c Garikano, Antton. (1993). «AITZIN-SOLASA - Fedor Dostoievski - Jokalaria» www.armiarma.eus (Ibaizabal) (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 210 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ a b Hauser, Arnold. (1998). Historia social de la literatura y el arte. 2, Desde el Rococó hasta la época del cine. Debate, 399-400 or. ISBN 84-8306-111-2..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Porto, Héctor J.. (2016-03-24). ««Crimen y castigo» cumple 150 años y su mensaje moral luce hoy poderoso» La Voz de Galicia (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Hauser, Arnold. (1998). Historia social de la literatura y el arte. 2, Desde el Rococó hasta la época del cine. Debate, 397-398 or. ISBN 84-8306-111-2..
- ↑ Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 226 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ Waegemans, Emmanuel. (2003). Historia de la literatura rusa desde el tiempo de Pedro el Grande. Ediciones Internacionales Universitarias, 210-222 or. ISBN 84-8469-083-0..
- ↑ Hauser, Arnold. (1998). Historia social de la literatura y el arte. 2, Desde el Rococó hasta la época del cine. Debate, 408 or. ISBN 84-8306-111-2..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jokalaria sarean euskaraz osortik.
- Krokodiloa, euskaraz, formatu elektroniko desberdinetan.
- Fiodor Dostoievskiren jatorrizko testuak Wikisourcen(Errusieraz)