Edukira joan

1381eko altxamendu ingelesa

Wikipedia, Entziklopedia askea
1381eko altxamendu ingelesa
Irudia
Motapeasant revolt (en) Itzuli
matxinada
Denbora-tarte1381eko maiatzaren 30a - 1381eko azaroa
Data1381eko azaroa
KokalekuIngalaterra
HerrialdeaIngalaterrako Erresuma

1381eko altxamendu ingelesa, Wat Tyleren altxamendua edota Ingalaterrako nekazarien errebolta XIV. mendearen bukaeran eman zen altxamendu garrantzitsu bat da. Ingalaterraren hego-ekialdean izan zuen eragin gehiena, zehazki, Essex, Kent, Suffolk eta Hertfordshire-eko konderrietan, gero Londresera zabalduz. Erreboltarren liderrak Wat Tyler eta John Ball izan ziren eta haiek eta bere jarraitzaileek egindako altxamenduaren helburuen artean feudalismoaren abolizioa zegoen, sistema sozial, ekonomiko eta politiko bezala. Horregatik, historiagile batzuk altxamendu hau Ingalaterrako morrontzaren bukaeraren hasiera bezala ipini dute.

Kausak eta aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matxinadaren ekintza gehienak Londresetik kanpo gertatu ziren, batez ere, Ingalaterrako ekialdean kokatutako Essex, Suffolk eta Hertfordshire-eko konderrian (105, 72 eta 35 herrixka, hurrenez hurren) eta hego-ekialdeko Kenteko konderrian (118 herrixka)[1]. Lau konderri hauen egitura ekonomiko eta sozialek oso ezaugarri ezberdinak dituzte eta, beraz, zaila da XIV. mendearen amaieran altxamendurako prest egotea ondorioztatu zuten bereizgarriak identifikatzea. Esan beharra dago eremu horretan baso, zingira eta larre ugari zeudela, kokalekuak askotan sakabanatuta egonez, eta landa-sistemak irregularrak zirela, hesitzearen (enclosure) erabilera handiarekin. Bertako biztanleak burujabe eta inkonformista bezala bereizi izan dira ondorengo garaietan, eta haien tradizio erradikala aurreko mendeetan datatzen da. Hala ere, antzeko ikuspegiak Ingalaterra osotik aurkitu ahal dira, eta hego-ekialdekoak soilik egon ziren 1381eko altxamenduaren aurrealdean. Konderriak landa-industriagatik ezagunak dira, eta artisauek rol garrantzitsu bat izan dute maiz errebolta landatarretan[2].

1348ko Izurrite Beltzak, Essexeko frankpledge ordainketen arabera, populazioaren erdia hil egin zuen, eta ez da berreskurapenik ikusten hurrengo hiru hamarkadetan. Alde batetik, maizterren kopuruak behera egin zuen eta lurren tamaina handitu egin zen. Izurriteak hutsik utzi zituen lurrak oinordekotzaz bete edo bizirik irten zirenek hartu zituzten, lurrik gabeko soldatapeko langileak maizterren mailaren parte izatera igaroz[3]. Horretaz aparte, mendekoek jabetza ugari metatu ahal zituzten: alargun batekin ezkonduz gero, jabetza bat erosiz, jaunaren eskuetatik lortuz, ez baitzuen norekin lan egin… Lurrak errentan hartzeko aukera ere bazuten, jaunen erreserbetatik zetozenak, azken hauek lurrak merkaturatzera behartuta zeudelako[4]. Nekazarien artean oparotasun gorakor baten zantzuak daude, horien artean, gero eta handiagoak ziren soldatez gozatzen ari ziren nekazari txikiak. Jabetzan izandako animalien kopuruaren gorakada bat ikusten da. Lurraren balioa oso altua izaten mantendu zen, eta maizterrek diru kopuru handiak izaten zuten haien eskura. Nahiz eta nekazarien aberastasunaren aldaketen aztarnak garai horretan kuantifikatzeko zaila izan, joerak haien alde zeudela argi dago. 1348 ondoren biztanleriaren eta lurraren oreka aldaketa eman arren, nekazari txikiak gizartearen osagai nagusi bat izaten jarraitu zuten 1381ko altxamenduaren garaian[5].

Bestalde, hego-ekialdeko lurjabeak, beste eskualdetakoak bezala, jadanik arazo ekonomikoak izaten ari ziren XIV. mendeko bigarren laurdenean. Izurriteak haien sarreretan murrizketa handiak eragin zituen. 1348 aurretik, lur-sailak soldatapeko lanarekin lantzen ziren eta horregatik, eskulan eskasiak eta soldaten igoerak lurretatik ateratako irabaziak jaitsi zituzten. Gizartean eragiten ari ziren aldaketek sortzen zuten erresumina hainbat arlotan islatu zen: literaturan Winner and Waster poeman eta Gowerren Vox Clamantis-ean adibidez; eta legegintzan 1351eko Langile Estatutua-n (soldatak moderatzeko neurri gisa) eta 1363ko Sumptuary Law-ean (kontsumoa kontrolatzeko). Haien azpian ikusten zuten handiagotzen ari zen aberastasunaren zati bat eskuratzeko urduri zeuden. Horren ondorioz, botereei heldu eta haien esku zegoen erabateko kontrol sozialari ekin zioten hainbat modutan[6]. Esate baterako, beren jopuek lur libreak eskuratzea kontrolatzen saiatuz eta errenta gehigarriak ordaintzera eta ohiturazko jabetzan mantentzera behartuz; soldatapeko langileen eskaintza ziurtatzeko jopuen gaineko nagusitasuna bide bezala erabiliz, nolabaiteko “bigarren joputza” bat inposatzeko saiakera (izurritearen ondorengo laneskuaren eskasiaren pizgarri bat ere); eta baita jaun-gorteen bitartez maizterren betebeharrak betearaziz eta zigor eta isunen erabilera sustatuz ere.[7]

Beraz, hamarkada batzuetan nekazarien gorroto bat landa-legegintzarekiko eta soldatei edo antzeko gaiei buruzko justizia administratzen zuten agenteekiko garatzen hasi zen. Agente hauen eskuetan, normalean tokiko gentryaren parte zirenak, ekonomia praktikoa eta lan-gatazkak geratu ziren eskualde askotan, lan-legedian aurreikusitako Justices of Labourers eta tokiko bake-justizia, errege gortearen kontrolpean ez zegoena bazik eta gentry eta lurjabeen kontrolpean, bateratu baitziren. Tokiko epaile hauek herri-onarpenik gabeko erabakiak ere hartzen zituzten, adibidez, arautu gabeko saltoki txikien debekua, eta boteretsuen agente bezala hauteman ziren[8].

XIV. mendeko lehen erdialdean maizterren protestak ikusten dira Essex, Hertfordshire eta Suffolkeko konderrietan. Garai honetan zehar beren askatasuna bilatzen zuten jopuak eta interes horiek zapuzten zituzten jaunak aurkitu ahal ditugu[9]. Menpekoen ekintzarako eta antolakuntzarako tresna garrantzitsuak antzeman dira: aldez aurreko prestakuntza bat, gauean bilerak eginez, aurreikus daitezkeen auziei aurre egiteko erresistentzia-kutxa moduko bat martxan jartzea eta zuzenbidean adituak diren pertsonek aholkularitza ematea beren demanda judizialak Westminsterrera eramateko[10]. Kasu guztietan, eskaera hauen aurrean jabeek autoritate judiziala erabiltzen zuten haien interesak finkatzeko. Autoritate honen kontra zihoazenei, hala nola errentak edo bestelako kuotak ordaintzen ez zituztenei, beren ondasunak edo animaliak konfiskatu zitzaketen, zor zuten dirua ordain zezaten[11]. Baita multak eta kartzela-zigorrak ere. Manorial rollsetan antzeko erresistentzia gertakariak ere dokumentatzen dira, esate baterako, jaun-eraikinak konpontzen ez zituzten nekazariak, lan-zerbitzu batzuk egiteari uko egiten ziotenak edo sute txikiak eragiten zituztenak[12]. Jarraitutasuna ikusten da matxinadaren aurreko gertaeren eta 1381eko altxamenduaren artean, batez ere, jaun-gorteetan egindako desadostasun adierazpenak, 1381ean tokiko istiluetan errepikatu zirenak. Aurretik egindako manifestazioekin lotutako gai berdinak eskatu zitzaizkion erregeari 1381ean: joputzaren abolizioa, diru-errenta soil batetik haratago zerbitzua ezabatzea, eta jaunen botere judiziala murriztea[13].

Erregearen gerrak jendetzaren bizitza ere eragiten zuten. 1360 eta 1370 hamarkadetako Frantziaren aurkako gerra arrakastarik gabekoa eta oso garestia bilakatu zen[14]. Nekazariak batzuetan jarduera militarretan nahasiak zeuden eta, noski, biztanleria osoak gerrarako zergak ordaindu behar zituen, 1377ko poll-tax-ak barne hartuz. Horrek, zergak ordaintzeko erreparoa sortu egin zuen, erresistentziaren lehen pauso bat bezala hartu daitekeena, izan ere, ordainketa saihestu zuten pertsona askok 1381eko matxinadan parte hartu zuten[15].

Zergaren aurkako errefusa orain arte aipatutako ezinegona eragiten zuten beste kausekin batu zen: lan-legegintza, joputza eta justizia falta. 1377 eta 1378an, landa eremu askotan, nekazariek soroetan lan egiteari uko egin zioten, The Great Rumour izenarekin ezagutu dena, jasaten zuten morroi-estatusaren aurkako errefus sendoa[16].

Medieval painting
John Ballen XV. mendeko irudikapena matxinatuak motibatzen; Wat Tyler gorriz aurrean ezkerrean erakusten da.

Protesta eragin zuen berehalako arrazoia 1380. urtean parlamentuak onetsitako poll-tax edo kapitazio zerga berri baten ezarpena izan zen. Honek 15 urte goragoko pertsona bakoitzak txelin bat ordaintzea zuen asmoa, hiru eguneko soldataren baliokidea zena[17]. Honen kontrako lehen erantzuna 1381eko maiatzaren amaieran eman zen intsumisio fiskala bezala Essex eta Kent konderrietan. Beraz, protesta matxinada antifiskala moduan hasi zen[18].

Egoera gordindu egin zen eta matxinatuek ekainaren 8an eta 9an Kenten gazteluak okupatu zituzten eta jaun-eskriturak suntsitu zituzten. Ekainaren 10ean Canterburyko hirian sartu ziren eta gauza bera egin zuten. Momentu honetan Wat Tyler mugimenduaren buruzagi moduan agertu zen. 11n eta 12an jendetza handi bat, 60.000 pertsona inguru, Londresera bideratu zen. Hainbat konderritako erreboltariak Blackheathen bildu ziren errege-aholkulariekin negoziatzeko asmoarekin. Haien proposamena erregea bere aholkulari traidoreetatik askatzea zen, baina ez zuen arrakastarik izan eta erantzun bezala istiluek jarraitu zuten. Leku berean beste buruzagi bat ezagutzera eman zen: John Ball apaiza, bere sermoi erradikalengatik nabarmendu zena[19].

Errebolta Londresen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainaren 13an nekazari armadunak erresistentzia gabe Londresen sartu ziren, bertako langileekin batuz. Ondoren, hirian handikien jabetzen suntsipena (nabarmenena Savoi jauregiaJoan Gantekoarena, noble gorrotatuena) eta etsaitzat hartutakoen jazarpena (batez ere legelariak) berehala gauzatu ziren. 14an negoziazio zuzenak hasi ziren Mile Enden Rikardo II.a erregearen eta Wat Tyleren artean eta, dirudienez, erregeak eta aholkulariek erreboltarien eskakizun gehienak onartu zituzten, haien artean traidoreen heriotza eta jopuen askapena (ingelesez villein). Erantzun positiboa jaso bezain laster, bilerari Londresko dorrearen okupazioak jarraitu zion eta bertan Simon Sudbury (Canterburyko artzapezpikua, Ingalaterrako Elizaren primatua), Robert Hales altxorzaina eta erregearen zirkuluko beste batzuei burua moztu zieten[20].

Medieval painting
XIV. mende bukaerako errepresentazioa, William Walworth Wat Tyler erailtzen. Erregea birritan agertzen da.

Gainera, goi-funtzionarioekin batera Londreseko langile askok flandiar biztanleak lintxatu eta hil zituzten kopla-buruko bezala, gutxiengo edo exotalde bat erasotzeak erreboltariei kohesioa ematen zion eta[21]. Haien eskakizunak bete ez zirela ikusiz, hurrengo egunean erreboltariak alde batetik, eta erregea eta bere aholkulariak bestetik, berriz batzartu ziren Smithfield plazan bigarren eskaera sortarekin. Bileraren xehetasunak ez daude argi, baina momentu honetan William Walworth Londresko alkateak Wat Tyler erail zuen. Berehala, zenbait milaka soldaduk azkar hiriburuaren kontrola berreskuratu zuten eta asko atxilotu zituzten. Honen ondorioz, erreboltariak sakabanatu ziren eta hemendik aurrera erreboltak gero eta intentsitate eta indar gutxiago izan zuen. Hiru egun geroago, erregearen aginduz autoritateek matxinatuen espetxeratzea agindu eta tropak bidali zituen matxinada zapaltzeko beste eremuetan[21]. Hau eta gero, jaikialdiak jarraitu zuen Ingalaterrako zenbait eremuetan uztaila erdira arte, eta nabarmen: erresumaren autoritate judizial gorena, John Cavendish, erail zuten Lakenheathen; ekainaren 15an Bury Saint Edmundseko abadeari burua moztu zioten; Saint Albanseko abadea askatasun gutunak ematera derrigortu zuten; eta ekainaren 18an 500 erreboltariek Mettinghameko gaztelua arpilatu zuten[22].

Geografikoki, altxamenduaren eragin handiena Londrestik eta East Angliatik hurbil zeuden konderriek jaso zuten. Aurretik aipatutako Essex eta Kent-ez gain, agitazio indartsua egon zen Middlesex, Surrey, Sussex, Suffolk, Norfolk, Hertfordshire eta Cambridgeshire konderrietan. Hemendik kanpo, ekintza isolatuak eman ziren herribildu txikietan Yorkshire, Hampshire eta Buckinghamshire konderrietan, besteen artean. Zonalde iskanbilatsuenek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte: Londresekiko gertutasuna, populazio dentsitate handia eta nekazari-garapen handia. Mugimendua sozialki heterogeneoa izan zen, hau da, jatorri ezberdineko taldeak (nekazari jabedunak, jopuak eta hiri-langileak) egon ziren altxatuen artean[23]. Ideia iraultzaileen hedapena adierazpen kulturalen bidez ematen zen (herri-koplak, baladak, poesia…), baina proiekzio handiena txirotutako eta erradikalizatutako behe kleroaren sermoiek izan omen zuten[24].

Nahiz eta Jacquerie-aren eta garaiko bestelako mugimendu sozialen kontrako erantzunarekin konparatuta arina dirudien, jasandako errepresioa gogorra izan zen. John Ball ekainaren 15an bahitu zuten eta handik gutxira urkatu zuten eta burua moztu zioten. Beste buruzagiak, Tyler edo Ball bezain esanguratsuak ez zirenak, ere erail zituzten ekainaren erdialdetik uztailaren hasierara: Geoffrey Litster (North Walshameko batailan, Norfolken, galdu eta gero, laurdendu zuten eta bere gorpuzkiak erresumatik banatu zituzten), John Wrawe (edo Wraw, Suffolk-oa), William Grindecobbe (beste Saint Albanseko buruzagien batera).

Udan zehar zenbait ekintza militarrek behin betiko zapaldu zuten errebolta. Wat Tylerren erailketa eta gero, armadak basoan matxinatu asko hil zituen. Exekuzio ugari egon ziren, epaiketa gutxirekin. Azken bataila bat eman zen ekainaren 28an Billericayen, Londresetik hurbil, non 500 erreboltari hil zirela balioztatzen da. 1381eko azaroan parlamentuak eta erregeak amnistia eman zieten erreboltariei.

Hildakoen kopurua oso ziurgabea da. Zenbatespen kontserbadoreenak batailan hildako 1000 inguru, gehi 300 exekutatu ematen dute, eta beste muturrean Essex eta Kenteko kanpaina errepresiboan 7000 hil zituztela diote[25].

Erreboltariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Medieval painting
XIV. mendeko landa-eszena; jaun bat bere morroiak zuzentzen, Ingalaterrako Maria erreginaren Psalmo-liburutik.

1381eko altxamendu ingelesean parte hartutako erreboltariek gizarteko sektore anitzetatik etorri ziren. Erreboltariei buruzko informazioa iturri ugarietan agertzen da.

Hasteko, John Gower-ek, bere Vox Clamantis poema liburuan, erreboltariak maila desberdineko nekazari bezala deskribatu zituen, hain zuzen, serviles rustici, servile genus eta rusticas izenekin. Ildo beretik, Thomas Walsingham izeneko monje batek, Essexen eman zen lehenengo altxamendua nekazariek aurrera eraman zutela esaten du, baina honek nekazariei buruzko informazio ugariagoa ematen digu, hain zuzen, erreboltarien zati handi batek jopuez eta esklaboez osatuta zegoela esanez.

Bestalde, beste autore batzuk ez dute esaten erreboltariak soilik nekazariak izan zirela. Henry Knighton bezalako kanonigo agustindar batek erreboltariez hitz egin zuenean, maila baxuko pertsonak aipatu zituen, baita landa eremuan bertan artisautzan lan egiten zutenak erreboltarien artean egon ahal zirela ere, hala nola, Blackheathen kasua, non artisautzan zeuden ikasleek haien maisuak alde batera utzi eta altxamenduan parte hartu zuten. Beraz, badirudi erreboltarien artean artisauen parte hartzea garrantzitsua izan zela. Hau indartzeko, Kirkstalleko kronistaren kronikaren pasarte bat aipatu ahal da, non nekazariek eta lan mekanikoak egiten zituzten pertsonek altxamenduan parte hartu zutela esaten baita[26].

Mugimenduaren lidergoari dagokionez, Walsinghamen eta Anonimalle Kronikak informazio gehiena ematen digute, baina hala eta guztiz ere, liderren informazio urria eta interpretazio arazoak daude. Altxamenduaren buruan Wat Tyler zegoen, dirudienez bere abizena bere lanaren deskripzio bat izanik. John Ball eta John Wrawe klerigoak ere bazeuden, mugimenduaren ideologia finkatu zutenak, eta Geoffrey Litster tintatzailea. Jack Straw izeneko pertsonaia bat ere egon zen, baina honi buruz ez dago informaziorik. Knightonen aburuz, Straw Wat Tylerren ezizen bat zen. Gaiarekin jarraituz, Eveshameko kronistak, lidergoan zeuden pertsonen izen guztiak ezizenak zirela esan zuen, erreboltariek haien liderrei ipinitakoak. Dena den, ezizen horiek liderren nekazal jatorria azpimarratzen zuten eta horiekin, nekazaritzako elkarteak[27].

Altxamendua bukatu eta gero, errege-ofizialen salaketak eta konfiskazio-aktak informazio-iturri bezala erabiliz, erreboltarien inguruko informazio ugari atera zen. Kenteko konderriaren salaketetan, landa eremuan funtsezko lanbideak betetzen zituzten pertsonek altxamenduan parte hartu zutela sumatu daiteke, normalean gizonak izanik, nahiz eta emakumeak ere egon ahal ziren. Hala nola, zapatariak, arotzak edota ostalariak agertzen dira.  Konfiskazio-aktak begiratzean, landa eremuko behe-noblezia erreboltarien artean zegoela jakin ahal da. Esate baterako, Thomas Sampson Suffolkeko erreboltariari, matxinada zapaldu eta gero, ondasunak kendu zizkioten, horien artean, 55 hektareako lurrak egonda, pertsona honen aberastasuna begi-bistan uzten duena. Honen beste adibide bat, John Hanchache lur-jabe handia izan zen. Ildo beretik, konfiskazio-aktek agerian uzten dute erreboltari gehienak lurrak ez zituztela eta horrek, bere maila sozial baxua azpimarratzen du. Honekin, matxinatu gehienak baliabide eta ondasun urriak zituztela esan ahal da, gutxienez bizirauteko ematen ziena, baina baita baliabide eta ondasun gehiago zituzten landa eremuko langileak edo artisauak egon zirela ere, hauek kopuru txikiago bat osatu zuten arren. Gutxiengoa izanda, landa eremuko behe-noblezia erreboltarien artean egon zen ere eta hauek, ondasun eta baliabide ugari zituzten, normalean lurrak eta abereak kantitate handietan.

Parte-hartzaile guztien zerrenda oso batek erreboltarien arteko oreka nahiko ezberdina zela pentsatzera bultza gaitzake. Hala ere, elizgizonena izan ezik, desberdintasun hori ez zen handiegia izan. Maila askeko jendearen proportzioak, ondasun ertain eta txikikoekin alderatuta, eta artisauen proportzioak, landa-eremuetakoekin alderatuta, matxinatuen gizarte osaera anitza adierazten dute, garai horretako gizartearen estratifikazioa islatuz.

Ondorioz, 1381eko altxamendua landa-eremuan jaurerri eta hirietan autoritate handia zutenen azpitik zegoen pertsona guztien altxamendua izan zela esan dezakegu[28].

1381eko altxamendua teorikoki porrot bat bezala hartu izan zuten garaikideak, nahi zituzten helburuak ez zirelako lortu. Alegia, noblezia oraindik indartsuegia zen, jaun asko bere lurretan erregimena lehen baino gogorragoa egiten saiatu ziren erreboltariak zigortzeko. Honi gehitu behar zaio monarkiak porrot hau laneko legislazioa gogor mantentzeko erabili zuela 1388. urteko Cambridge-ko estatuak erakusten duen bezala.

Hala ere, altxamenduak epe luzera arrakastatsua izan zela esan daiteke, baina ez helburu handiegiekin. Aldaketarik handiena nekazarien bizitzetan morrontza galtzen joan zela izan zen, hainbat arrazoirengatik. Erreboltak ugaritzen hasi ziren jaunen botereaz eta zergez kexatuz; koroak eta jaunek lurren kolonizazioa bultzatzeko askatasuna ematen zieten morroiei, horrela morrontza XV. menderako ia guztiz bukatuz. Kulturalki ere luzera eragin handia izango zuen, jaunen boterearen aurkako pentsaera bat gero eta ugariagoa izanik.

Esandako bi ideak egoera guztiz eraldatu zuten. Hasteko, nekazarien exodo bat eman zen, bereziki arrazoi ekonomiko eta demografikoengatik, hau da, Izurrite Beltzak lur asko libre utzi zituenez, morroi asko landu gabeko lurretara joan ziren. Lehen esan bezala, morrontza eragina galtzen joan zen, nahiz eta ez zen bat-batean desagertu. Morrontzaren desagerpena bi modutan eman zen; batetik askatasunaren lorpenarekin eta bestetik, jaunek morrontza mantendu beharrean alokatzea errentagarriagoa zela ikusi zutenean, izan ere, haien lurrak lantzera behartu beharrean, hauek alokatzen bazituzten onurak handiagoak izango zituzten, produktibitatea handiagoa izango zelako eta soldatak gero eta altuagoak zirelako. Aldaketa hauek ekonomia lurjabe txikietan oinarritzea egin zuten eta ordaintzeko dirua gero eta gehiago erabiltzea ekarri zuen, gauzetan egin beharrean.

Azkenik, nahiz eta etorkizunean izaera berdineko errebolta gehiago egon, ez zen 1381. urteko altxamendua bezalako bat egon. Hurrengo urteetan jaunen arteko altxamendu txiki asko egon ziren, hauen artean ezagunena 1450eko Jack Cade-en altxamendua edota hurrengo urteko John eta William Merford anaiena izanik. Errebolta guzti hauek, bere aurrekariek bezala, porrotan bukatu zuten, baina hauen guztien artean ikusi ahal da jaunen aurkako kontzientzia bat, baita askatasuna helburu bezala zutela[29].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 21-22 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  2. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 19-20 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  3. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 21 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  4. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 216 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  5. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 21-22 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  6. Rodney, Hilton. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 23 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  7. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 25 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  8. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 218 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  9. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 30-31 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  10. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 214 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  11. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 32 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  12. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 214-215 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  13. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 34 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  14. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 219 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  15. Hilton, Rodney. (1987). The English rising of 1381. Cambridge University Press, 37 or. ISBN 0-521-26743-9. PMC 10506384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  16. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 219-220 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  17. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 214 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  18. Monsalvo Antón, José María.. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 221 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  19. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 181 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  20. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 182 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  21. a b Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 224 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  22. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 225 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  23. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 225-226 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  24. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 229-232 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  25. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 226-227 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  26. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 231-232 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  27. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 233-235 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  28. Hilton, Rodney. (1978). Siervos liberados : los movimientos campesinos medievales y el levantamiento ingles de 1381. Siglo veintiuno, 235-244 or. ISBN 84-323-0310-0. PMC 43291356. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  29. Monsalvo Antón, José María. (2016). Los conflictos sociales en la Edad Media. Editorial Síntesis, 232-234 or. ISBN 978-84-9077-422-9. PMC 967285267. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]