1851ko Nazioarteko Erakusketa
1851ko Nazioarteko Erakusketa (ingelesez: The Great Exhibition of the Works of Industry of all Nations) munduko herrialdeen arteko lehenengo erakusketa, 1851. urtean Londresen ospatu zen. “Royal Society of Arts”-ek antolatu zuen, elkarte honen burua Alberto printzea (1818-1861) zen eta ekitaldiaren antolatzaile nagusia Henry Cole (1808-1882). Erakusketaren helburua, mundu osoko aurrerapena azaltzea zen: produktu industrialak, diseinuak, makinak...
Crystal Palace
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erakusketa egiteko The Crystal Palace izeneko eraikina sortu zuten. Honek, 555 metroko luzera, 125 metro zabalera eta 19 metro altuera neurtzen zituen. Estruktura modularra eta desmuntagarria zen, beiraz eta burdinez egina. Joseph Paxton (1801-1865), negutegi eraikitzailearen proiektua izan zen eta garaiko eskema klasikoekin apurtu zuen, arkitektura modernoari hasiera emanez. Behin erakusketa amaituta jauregia desmuntatu eta Londreseko kanpoaldera eraman zuten. 1936. urtean su batek suntsitu zuen.
Ekitaldia muntatzeko aukeratutako gunea Hyde Park izan zen, Londreseko parke publiko bat. Inaugurazioak (Maiatzak 1) izugarrizko arrakasta izan zuen, 14.000 erakustoki eta 6.000.000 ikusleekin. Erakusketa honek, artisautzatik produkzio industrialera pasatzea ekarri zuen eta honek, objektuen estetikak pairatzen duen degradazioaz jabetzea. Makinak, lanabesak eta altzariak diseinuaren garrantzia erakusten zuten (adibidez, T.R. Crampton-en lokomotorra, Hornby & Sons-en nekazaritzarako makinak, armak, etb.). 1851ko erakusketa inflexio-puntu bat izan zen. Produktu industrialak ez dute harmoniarik, beraz, irtenbide bat aurkitu nahi zuten artea, estetika eta industria arteko harremana konpontzeko. XX. mendean diseinu industrialarekin aurkitu zuten konponbidea.
Ameriketako Sistema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nazioarteko ekitaldi honetan Estatu Batuak garrantzia handia hartu zuten. Ameriketako Sistema ekarri zuten Europara. Sistema berri honek serie produkzioa pieza txiki, errezak erreproduzitzeko eta trukagarrietan oinarrituko da (gaur egun ere erabiltzen da). Europan honelako produkzio sistema bat asmatzea oso zaila zen, europarrek artisautzara jotzen zuten, hau da, objektuari nortasun bat ematen saiatzen ziren. Estatu Batuak ez zuten tradiziorik, herri berri bat zen, sortzen zituzten makinak ez ziren dekoratiboak ezta politak ere, funtzionaltasuna bilatzen zuten (Adibidez, “Colt” -en errebolberra). Serie produkzioak, Ameriketako Sistema, garai berri bat ekarri zuen, diseinu industrialaren garaia.
Inaugurazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1851ko maiatzaren 1ean, Nazioarteko Erakusketa zabaldu zuten Londresen. Erakusketak izen hau zuen: "Exhibition of the Works of Industry of all Nations" (Nazio guztietako industria lanen erakusketa).
Goizeko bederatzietatik hamar eta erdiak artean sartu ziren aretoan. Hamaika eta erdietan ministroak, enbaxadoreak eta Canterburyko gotzaina heldu ziren. Victoria erreginak karrozan egin zuen Buckinghameko jauregitik harako bidea, familiako kide guztiekin batera. Hamabiak puntuan, erakusketan sartu eta prest zeukan aulkian jarri zen, bitartean "God save the Queen" kanta abesten zutela. Ekitaldiaren hasieran, Alberto printzeak txosten bat irakurri zuen. Gero, organo batzuek jotako abestien artean, erakusketa osoa ikusi zuten. Viktoria erreginak honakoa esan zuen: "Erakusketa zabalik da". Ostean, Londres osoan izan zuten horren berri tronpeta eta artilleria hotsen bidez.
Hipodromoan zaldiketa erakustaldiak antolatu zituzten eta Leicester Square plazan mundu osoko lekurik ezkutuenetako argazki erraldoiak ipini zituzten.
Egun hartan ia 50.000 lagun izan ziren Erakusketan, baina sarrera merkeagoko egunetan ia 200.000 lagunek ikusi zuten. Estatuek harro erakusten zituzten euren standetan lortutako berrikuntza teknikoak. Britainia Handiko industriari handiek entzun zituzten hitzik gozoenak, fabrikazio tekniketan emandako aurrerapausoengatik. Britania Handia munduko burua zen, zalantzarik gabe.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- HESKETT, J.: Breve historia del diseño industrial. Bartzelona, 1985.
- AQUILES GAY; LIDIA SAMAR: El diseño industrial en la historia. Kordoba, 1994.