Abelion
Abelion | |
---|---|
Euskal Herriko mitologia eta Erromatar mitologia | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Abelion edo Abellion Euskal mitologiako [1] ; Akitania erromatarraren garaian Pirineo aldean oso zabalduta egon zen harenganako gurtza, antza bertako dibinitate garrantzitsua izan zen.
Berari buruzko inskripzioak azaltzen dira, besteak beste, Garona Garaiako Saint-Pé-d'Ardet, Fabas , Montauban-de-Luchon, Saint-Béat, Saint-Bertrand de Comminges, Aulon, Boucou, Boutx, Burgalays, Cardeilhac, Garin, Saint-Aventin eta Billéren. Abelioni eskainitako aldare asko mendi tontorretan agertu izan dira.
Antza, Abelion Apolo jainko erromatarrarekin eta eguzkiari egindako gurtzarekin lotuta dago. Aldaretako zein dibinitateri eskainitako esker oneko inskripzioetan agertutako lotura hau (bertako jainko bat eta jainko erromatar baten artekoa) ez da arraroa Akitania zaharreko aldaretan, eta lagundu dezake bertako jainko-jainkosa indigenen ezaugarriak zehazten. Antzeko loturak aurkitu dira Alpeetan, Germanian, Britannian... hango dibinitateekin. jainko eta jainkosa indigenak erromatar jainko eta jainkosekin batera agertzen direnean, bata eta bestea jainko edo jainkosa bera balitz bezela hartzen direla esaten da eta Interpretatio izena ematen zaio fenomeno horri.
Bagnères de Bigorreko barrutian, Lesponne harana dagoen muino batean harrizko gurutze bat dago, Béliouko gurutzea izenaz ezaguna, frantsesez, Croix de Beliou. Bada, Béliouko gurutzean, garai paganoaren aldare zahar baten gainean eginda, buru biribil bat azaltzen da, eta baliteke Abelioni dedikatuta egotea, Olivier de Marvelien arabera.
Interpretazioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]O. Marvelien folklorista horrentzat, Abelion zeltarren Belenos jainkoaren antzekoa litzateke, beraz sagarrondoen eta eguzkiaren jainkoa izango genuke aldi berean, sagarrak esanahi eguzkitiarra baitu zelta mitologian. Pirinioetako ekialdea, erromatar, euskaldun eta zeltiarren (galiarren) arteko elkargunea izan zen garai haietan.
Bernardo Estornes Lasaren arabera, Abelionek harremana izan dezake Foruako Ivilia on atributua gehitua duenik[2]. Ivilia Erromatarren garaiko Bizkaiko Foruko jainko bat zen.
Vahan Sarkisianek, filologo armeniarra eta aitzineuskararen ikerleak zera dio, Abelioni Arbelex-en aldaera fonetiko bat baino ez dela. Etimologia orduan "Arbeltza" litzateke. Bere ustez Arbeltza izen honek, gurtza lekuetan egon zitekeen mendi tontor beltz, edota haitz edo harri beltzekin zerikusirik izan dezake, edo harrizko aldareen kolore beltzarekin.
Begnéres de Bigorretik gertu, Ascan, Ageion edo Egeio jainkoari buruzko inskripzioa azaltzen da. Ikerle batzuek, ez datu askorekin, eskualdeko ur termalekin lotzen dute.
Abellio, N gabeko eta pertsona izan gisa, agertzen da beste kasu gutxi batzuetan Akitaniako testuingurutik kanpo: bat Italia Hegoaldeko Venusi hirian (AE 1975, 00231 = AE 2003, 00516), beste bat egungo Bosnia Herzogovinan (CIL III, 14645) eta beste bi egungo Kroazian (CIL III, 02169)[3]. Jainko gisa,aldaretan idatzitako testuetan (tituli sacri izena ematen zaien testuetan), Akitanian agertzen da bakarrik, deklinatutako forma hauetan: Abellioni edo Abellionni, Abelionni, Abelioni eta Abeliono[4]. EPIGRAPHIK-DATENBANK (Clauss-Slaby) datu basearen arabera, "L" bakarrarekin sei kasu daude eta bi "L" letrarekin, zazpi. Ia guztiak, Saint Bertrand de Commigesen, garai hartako Lugdunum Convenarum, inguruan agertu dira.
Zenbait inskripzio
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1) Saint Aventingo elizako aldarea: 347. zenbakidun idazkuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Transkripzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazkun hau Saint Aventingo elizaren horman, hego-ekialdean, erdibideko altueran[5] sartuta dagoen aldare batean dago. Idazkuna, Julian Sacazek, bere Inscriptions antiques des Pyrénées liburuan, 347. zenbakiaz katalogatu zuen.
"ABELLIONI DEO
TAVRINVS BONE
CONISFVSLM"
Irakurketa laburdurak osatuz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ABELLIONI DEO / TAVRINVS BONE/ CONIS F(ilius) V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)
Itzulpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abellio jainkoari (eskaintzen dio aldare hau) Taurino, Bonekoneren semeak, bere promesa bete du gogo onez eta merezita.
2) Saint Aventingo elizako aldarea: 346. zenbakidun idazkuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Transkripzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]ABELLIONI
CISONTEN
CISSONBON
IS FIL
VSLM
Irakurketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ABELLIONI / CISONTEN / CISSONBON- / IS FIL(ius) / V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)"
Itzulpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abellio-ri Cissonbonn-en (?) seme Cisonten-ek, gogo onez eta arrazoi guztiaren arabera bete du bere botoa[6].
Transkripzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]ABELIONNI
SEXIVLPRO
PINQVVS
ROMVLIANVS VSL
Irakurketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ABELIONNI SEX(tus) IUL(ius) PROPINQUUS ROMULIANUS V(otum) S(olvit) L(ibens) M(erito)
Itzulpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Abelliori (eskaintzen dio aldare hau) Sexto Iulio Propiniquo Romulianok, bere promesa bete du gogo onez eta merezita.
Jende ezaguna Abelion izenarekin
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Raymond Abellio, Georges Soulèsen ezizen literarioa, (Tolosa, 1907ko azaroaren 11ak Nice, 1986ko abuztuaren 26ak) idazle gnostiko okzitaniarra izan zen.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Jose Miguel de Barandiaran, obras completas". Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
- José Miguel Barandiarán, Dictionnaire Illustré de Mythologie Basque, traduit et annoté par Michel Duvert, Donostia, éditions Elkar, 1994. ISBN 2-913156-36-3
- Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978.
- Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Egilea Olivier de Marliave. Argitaletxea, Alejandria, Barcelona 1995.
- K. Larrañaga Elorza, Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta Agiriak, UNED-Bergara, 1988, 316 or., 176 zkia.
- Julien Sacazeren lanak:
- Les Anciens dieux des Pyrénées, nomenclature et distribution géographique. Extrait de la Revue de Comminges (Saint-Gaudens), 28p., 1885.
- Inscriptions antiques des Pyrénées. Hitzaurrea M. Albert Lebèguek eginda. Tolosa, XII-576p. (Bibliothèque méridionale. 2e série,1892. ; 2). Berrargitalpena fakzimilean, Tolosa, ESPER, 1990.
- Inscriptions antiques du Couserans. Tolosa, 28p., 1892. Berrargitalpena fakzimilean, Nîmes, C. Lacour, 2001.
- Contribución a los estudios aquitano-vascos, Vahan Sarkisian.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Miguel. (1972). Diccionario ilustrado de Mitología vasca. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 16 or..
- ↑ Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Argitaletxea, Auñamendi, Zarautz 1978
- ↑ Epigraphik-Datenbank Clauss / Slaby
- ↑ «Epigraphische Datenbank Clauss - Slaby» www.manfredclauss.de (Noiz kontsultatua: 2021-06-30).
- ↑ Orduña Aznar, Eduardo: "Imágenes de inscripciones aquitanas. Lenguas paleohispánicas no indoeuropeas.". Página personal de Eduardo Orduña Aznar. Gaur egun wegune hori ez dago aktibo .
- ↑ Larrañaga Elorza, Koldo. 1988. Euskal Herria Antzinatean. Materiale eta Agiriak, UNED-Bergara, 316 or., 176 zkia. http://klasikoak.armiarma.eus/testuak/testuakEpigrafikoak020.htm