Edukira joan

Agenda-Setting Teoria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Komunikabideek zabaltzen dituzten gaien zerrenda hierarkizatua da Agenda-Setting. Beraz, Agenda-Setting Teoriak aztertzen duena da gaien zerrenda horrek nola eta zenbateraino zehazten duen publikoaren agenda; zergatik den interesgarriagoa publikoarentzako gai jakin batzuei buruzko informazioa eta ez beste batzuena[1].

Maxwell McCombs

Honela azaldu zuen Bernard Cohenek Agenda-Setting Teoriaren muina: “Agian, hedabideek ez diote jendeari esaten zer pentsatu behar duen, baina bai zein gairi buruz pentsatu behar den”[2]. Zeren, Agenda-Setting Teoriaren ikerketa objektu nagusia da hedabideek nola eragiten duten agenda publikoan (zuzenean zein zeharka); hau da, nola lortzen duten hedabideek beren hartzaileei helaraztea gaien zerrenda hierarkizatua[1]. Hortaz, teoria honek ez ditu aztertzen komunikabideek helarazten dituzten mezuak, baizik eta gaiek hedabideetan duten hedadura, maiztasuna zein kokapena.

Bestalde, Agenda-Setting Teoriaren baitan, hiru agenda mota bereizten dira, eta hirurak erlazionatzen dira komunikazio-prozesuan[1]:

  • Hedabideen agenda (media agenda): komunikabideetan azaltzen diren gaiak.
  • Agenda publikoa (public agenda): gizarteak garrantzitsutzat jotzen dituen bizitza publikoko gaien multzoa.
  • Erakundeen agenda (policy agenda): erakundeen ekitaldiak, politikak, diskurtsoak…
Donald L. Shaw

1972an sortu zuten Agenda-Setting Teoria Donald Lewis Shaw eta Maxwell McCombs irakasleek, “The Agenda-Setting Function of Mass Media” liburua argitaratu zutenean. Izan ere, 1968an egin zuten agendei buruzko lehenengo ikerketa, Estatu Batuetako presidentetzarako hauteskunde kanpainaren baitan. Chapell Hill herrian egin zuten ikerketa, Ipar Carolinan: batetik, herritarrei galdetu zieten zein uste zuten zela Estatu Batuek zuten erronkarik handiena; bestetik, bederatzi komunikabide aztertu zituzten. Gero, hedabideetan nagusi ziren gaien zerrenda hartu eta hiritarren ahotan zeuden gaiekin alderatu zituzten[3].

Ikerketak erakutsi zuen harreman estua zegoela komunikabideek kontu batzuei ematen zieten garrantziaren eta gehiengoak arazo handitzat jotzen zituen gaien artean. Beraz, ondorioztatu zuten hedabideek publikoaren agenda zehazten dutela[3]. Komunikabideek, azken batean, gertaera batzuk hautatzen dituzte (event-ak) eta beste batzuk baztertu. Ondoren, hautatutakoak informazio-gai bihurtzen dituzte, erlazionatutako gertakarien serieak metatuz (issue-ak).

Bi maila bereizi daitezke agenda-setting-aren barruan, bi ikerketa-etapa desberdinei dagozkienak[4].

Lehenengo maila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaietara mugatzen da. Ikerta-etapa honen hipotesi nagusia da komunikabideek zeri buruz pentsatu esaten digutela[4].

Bigarren maila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kazetariek nabarmentzen dituzten alderdi edo atributuak ikertzen ditu. Ikerketa-etapa honen hipotesi nagusia da komunikabideek zer pentsatu esaten digutela[4].

Horregatik defendatzen dute autore batzuek Agenda-Setting Teoriaren bigarren maila bat baino ez dela framing-a, hala nola, McCombsek. Beste autore batzuek, ordea, komunikazioaren beste teoria desberdin bat bezala ulertzen dute. Izan ere, albisteen enkoadraketa da framing-a; hedabideek gertaerei buruz ematen dituzten ikuspegiak, esparruak edota interpretazio-enkoadraketak.

Agenda-setting-aren eragina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Hedabideen agendan sartzen ez dena ez da existitzen. Hortaz, hartzaileek nekez hausnartu, eztabaidatu edo aztertuko dute hedabideek baztertutako gaiak[1][5].
  2. Hedabideek gai bati buruz hautatzen duten alderdiak edo trataerak eragina du gai horri buruz jendeak duen pertzepzioan. Ondorioz, komunikabideek emandako datuetara mugatzen dituzte hartzaileek beren bilaketak[1][5].
  3. Gai bat nola kokatzen den zehazteak eragina izan dezake azken emaitzan[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Rodríguez Díaz, Raquel (2004). Teoría de la Agenda Setting, aplicación a la enseñanza universitaria. Observatorio Europeo de tendencias Sociales.
  2. Cohen, Bernard (1963). “The Press and Foreign Policy”. Princeton University Press.
  3. a b Sádaba, Teresa eta Rodríguez Virgili, Jordi (2007). "La construcción de la agenda de los medios. El debate del estatut en la prensa española", Ámbitos, 16, 187-211.
  4. a b c Pleyades (2020). Teoría de la Agenda-Setting Biblioteca Pleyades (2020). Teoría de la Agenda-Setting.
  5. a b SlideShare (2007). Agenda Setting.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]