Amiltxori arrunt
Amiltxori arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Pelecaniformes |
Familia | Ardeidae |
Generoa | Nycticorax |
Espeziea | Nycticorax nycticorax Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | arra: 682 g emea: 590 g |
Zabalera | 1,06 m |
Amiltxori arrunta (Nycticorax nycticorax) ardeidae familiako hegaztia da[1], Euskal Herrian uda aldera agertzen dena. Ilunabarrean eta gauean da bereziki aktiboa. Hegazti migratzailea da, uda Europan igarotzen du eta neguan Saharatik hegoaldera jeisten da, Afrika erdialdera[2].
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko lertxuna da, 58-65 cm arteko luzera eta 90-100 cm arteko hego-zabalera dituena[2]. Sexu dimorfismorik ez du agertzen. Itxura borobiltsua du, moko sendoa eta lumaia zuri-beltza. Pileoa eta bizkarraldea ditu beltzak, bai eta mokoa ere. Begia gorria du. Burutik atzealdera bizpairu luma zuri ateratzen zaizkio, 24 cm-tako luzera ere hartu dezaketenak. Hanka horiak ditu[3].
Hegan ari denean ere itxura borobiltsua du eta hegoak ere motz samarrak eta borobilduak dira.
Helduaren luaia lortu artean hainbat fase desberdin izaten dituzte amiltxoriek. Gazteek kolore arre eta zuriak izaten dituzte.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur gezatako aintzira eta ibaiak gustoko baditu ere kostaldean ere agertzen da. Landaretza sarria behar du[3]. Euskal Herriari dagokionez Ebroko haranean agertzen da, bai eta Aturri ibaiaren bokalean ere[2].
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tokian tokiko faunara egokitzen da, baina ornogabe eta ornodun urtarrak ehizatzen ditu gehienbat: intsektuak, igelak, uhandreak, sugeak, ibai-karramarroak, uretako saguak, eta arrainak, baita aingiraren tamainakoak ere[2][3].
Geldi geldi egoten da harrapakina gerturatzen zaion arte eta eraso azkar batekin harrapatzen du.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa garaian hegazti taldekoia da eta sarritan beste lertxun batzuekin ere elkartzen da. Kolonia zaratatsuak eratzen dituzte orduan. Zuhaitzetan kokatzen dituzte habiak. 30-45 cm arteko diametroa eta 20-30 cm-ko altuera duten eraikuntza sinpleak dira, adarrez egindako plataforma soilak. Maiatza eta uztaila artean 3-5 arrautza urdinxka jartzen dituzte eta guraso biek txitatzen dituzte 21-22 egunetan zehar. Txitak jaio eta hamar egunetara habia uzteko gai dira, baina hurrengo hamar egutenan ere habiaren inguruan ibiltzen dira[3]. Guztira 40-50 egun behar izaten dituzte erabat garatzeko.
Amiltxoriak jaio eta urtebetera edo bi urtetara ugaltzeko gai dira eta guztira 21 urtetako bizitza izatera ere iritsi daitezke[2].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean Systema naturae liburuan[4]. Hark Ardea nycticorax izena eman zion, ardea "lertxuna" da eta nycticorax gaueko belea", izan ere ohitura gautarrak baititu eta belearen soinua egiten baitu. 1828 urtean Thomas Ignatius Maria Forster naturalista ingelesak Nycticorax generoa sortu zuen[5].
Amiltxori arruntak lau azpiespezie ezagunak ditu[6]:
- Nycticorax nycticorax falklandicus Hartert, 1914
- Nycticorax nycticorax hoactli (Gmelin, 1789)
- Nycticorax nycticorax nycticorax (Linnaeus, 1758)
- Nycticorax nycticorax obscurus Bonaparte, 1855
Euskal Herrian dituen izenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honako izen hauek ezagutzen dira[7]:
- Amiltxoria
- Gau-koartza
- Gaubelea
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Amiltxori arrunta.
-
Amiltxoria ehizan.
-
Amiltxoria hegan.
-
Txitak habian.
-
Amiltxori gaztea.
-
Amiltxori gaztea.
-
Arrautzak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Cornell Lab of Ornithology: Clements Checklist» web.archive.org 2010-08-21 (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ a b c d e «Amiltxori arrunta, gaueko belea - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ a b c d «Martinete común» SEO/BirdLife.
- ↑ Linné, Carl von; Salvius, Lars. (1758). Caroli Linnaei...Systema naturae per regna tria naturae :secundum classes, ordines, genera, species, cum characteribus, differentiis, synonymis, locis.. Impensis Direct. Laurentii Salvii, (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ «World Birds Taxonomic List: Genera and species with citations.» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ Birds of the World -- current valid scientific avian names
- ↑ «Amiltxori arrunta» txoriak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).