André Hercule de Fleury
André Hercule de Fleury (Lodève, 1653 – Paris, 1743) kardinal eta politikari frantsesa izan zen. Fréjusko apezpiku eta Luis XV.aren irakasle izan zen; haren uste osoa irabazi ondoren, Estatuko ministro, Borboiko dukearen ordezko (1726) eta kardinal izendatua izan zen. Barnean, ekonomia eraberritu zuen, eta hala finantzak hobeto administratu zituen. Kanpoko politikan, Espainiarekin zituen harremanei esker, merkataritza bultzatu zuen, eta bakeari eutsi. Hala ere, Poloniako Erregetzarako Gerran parte hartzera behartu zuten, negoziazio baten bidez berehala bukarazi bazuen ere (Vienako Ituna, 1738): Estanislaok, eta haren bidez Frantziak, Lorrena hartu zuen, Polonia uztearen truke. Ezin saihestu ahal izan zuen Austriako Erregetzarako Gerra. Bere garaikideek beldurtitzat eta handitasunik gabekotzat erizten zioten Fleuryren politikari, baina hura ministro izan zen garaia Luis XV.aren erreinaldiko zoriontsuenetakoa izan zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: André Hercule de Fleury |