Antanas Smetona
Antanas Smetona (ɐnˈtaːnɐs sʲmʲɛtoːˈnɐ ahoskatua; Užulėnis, Kovno Gobernazioa, Errusiako Inperioa, 1874ko abuztuaren 10a - Cleveland, Ohio, 1944ko urtarrilaren 9a) lituaniar politikaria izan zen, gerren arteko garaiko politikari garrantzitsuenetako bat. Lituaniako lehenbiziko presidentea izan zen, 1919 eta 1920 artean, eta Sobietar Batasunaren inbasioaren aurreko azkena, 1926 eta 1940 artean. Lituaniako nazionalismoaren ideologoa ere izan zen. Gaztaroan, agintari tsararren errepresioa jasan zuen, Lituaniako literatura debekatua zabaltzeagatik. 1917an Lituaniako Kontseiluko presidente hautatu zuten, 1918ko otsailaren 16an Lituaniako independentzia legea sinatu zuen eta 1919an presidente hautatu zuten. 1920an, Aleksandras Stulginskisek ordezkatu zuen presidentetzan. 1926an Kazys Grinius presidentea estatu kolpe baten bidez kargutik kendu zuen buruzagietako bat izan zen. 1926ko abenduan presidente bihurtu zen, 1927an parlamentua kendu zuen eta 1929an diktadore bihurtu zen. 1940an alde egin zuen herrialdetik sobietarren inbasioaren aurretik eta Estatu Batuetara erbesteratu zen. Clevelanden hil zen bere etxeko sutean.