Edukira joan

Arkitektura barrokoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Loiolako santutegiko basilikaren fatxada nagusia eta kupula (Azpeitia, Gipuzkoa), Euskal Herriko arkitektura barrokoaren eraikin garrantzitsuenetako bat.
Sant'Ivo alla Sapienza, Erroma

Arkitektura barrokoa europako arkitekturaren garai zehatz batean sortu zen arkitektura estilo bat da, barroko mugimendu orokorraren baitan. Pizkundearen ondorengoa, Erroman sortu zen XVII. mendean eta XVIII. mendea arte Europako estatu absolutistetan hedatu zen.

Barroko hitza, portugesetik eratorrita, forma ez-perfektuko perla esan nahi du eta hasiera batean erdeinuzko moduan erabiltzen zen estilo honen erregulartasun eta ordena falta kritikatzeko. Estilo honen karakteristikarik aipagarriena elipse, kurba eta espiralen erabilera da. Margolaritzaz, eskulturaz eta beste hainbat teknikaz baliatzen da konposizio artistiko joriak sortzeko lan hauek enkargatu zuten monarkak goraipatzeko.

Europako hainbat herrialdeetan, hala nola, Frantzian eta Erresuma Batuan, beste estilo arrazionalistago bat sortu zen berpizkundeko arkitekturatik eratorrita, Klasizismo barrokoa.

XVIII. mendean, Frantzian sortu zen barrokotik eratorritako beste estilo berri bat, gehiegikeriaz eta erakuskeriaz betea: rokoko estiloa.

Sakontasuna lantzen duen konposizio modua, itxurazko efektuak —trompe l’oeil delakoa—, obra bere osotasunean hartzea —eta ez bere osagaiek banan banan harturik osatzen duten multzo gisa— dira barrokoaren ezaugarri formal batzuk. Apaindurazko oparotasuna nabarmena da, eraikuntzaren kanpoko aldetik eta barne aldetik, halako moldez non apaingarriak guztiz nagusitzen baitzaizkie eraikuntzazko osagaiei. Lerro bihurriak eta apaindura zutabeak erruz agertzen dira. Ekaietan kolorezko marmola, urreztadura eta iztukuak ugari erabiltzen dira.

Vignolaren Gesù eliza (Erroma, 1568) arkitektura barrokoaren aitzindaritzat hartua izan ohi da. Italian, estilo honetako arkitektorik garrantzitsuenak Maderno, Pietro da Cortona, Bernini, Borromini eta Juvarra izan ziren. Frantzian, beranduko barrokoa edo rokoko deiturikoa garatu zen. Alemanian Hogeita Hamar Urteko Gerra zela eta, lehen barrokoaren eraginik ez zen sumatu, baina XVIII. mendean bete-betean garatu zen estilo hau Frantziako rockoko estiloaren eraginez. Ingalaterran arkitekturaren alorrean garrantzi gutxikoa izan bazen ere barrokoa, altzarigintzan bi estilo eman zituen: Ana Erregina eta Chippendale. Espainian XVII. mendearen amaieran eta XVIII.aren hasieran churrigueresco izendaturiko arkitektura barrokoak maila garaiena iritsi zuen, Churriguera anaiak, Pedro Ribera, Narciso Tomé eta Casas Novoa artista behinenak direlarik.

Barrokoa Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte barrokoak XVII. mendearen bukaeran egin zuen sarrera Euskal Herrian. Gerrek eta kolonietako gehiegikeriek lehen krisi larria ekarri zuten XVI. mendearen bukaeran Espainiara eta, honen barnean, Hego Euskal Herrira; diru eskasia zela kausa, beheraldi handia izan zuen arteak. Kontrarreformaren izpiritua jaso zuten erlijio ordenei esker, ordea, Jesusen Lagundiari ezker bereziki, berpiztu egin zen. Euskal barrokoaren gorena XVIII. mendean etorri zen, Indietako Konpainiak eta Caracasko Errege Konpainiak bultzatuta.

Lehen barrokoan (XVII. mendeko lehen bi herenak), eraikuntzak ez dira hain aberatsak (Lazkanotarren jauregia Lazkaon eta Lohobiaga etxea Donibane Lohizunen). XVII. mendearen bukaeratik aurrera Hego Euskal Herriko barrokoa churrigueresco izeneko estilo oparoaren bidetik abiatu zen, eta orduantxe iritsi zuen gorena euskal barrokoak. Euskal Herriko erlijio eraikuntza barroko handiena, Loiolako Santutegia, garai honetakoa da (1681. urtean eraikitzen hasia). Frantzian nagusitu zen Luis XIV.a estiloak eragin eskasa izan zuen Hego Euskal Herrian. Azken barrokoan (XVIII. mende hasieratik aurrera), rokoko eta Luis XIV.a estiloetan erabilitako elementuak nahasi ziren, Italiatik aurrez ekarritakoekin batera (Zumaran etxea Eibarren; Urizaharreko elizako korua). Loiolako Santutegiaz eta eraikuntza zibil ugariez gainera, aipagarriak dira Donostiako Santa Maria eliza (1743), Nafarroako Sorladako San Gregorio Ostiense eliza (1765) eta Tuterako San Jurgi eliza (1749).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]