Edukira joan

Barrabil

Wikipedia, Entziklopedia askea
Barrabil
Xehetasunak
Hona
drenatzen du
testicular vein (en) Itzuli
Lumbar lymph nodes (en) Itzuli
Arteriatesticular artery (en) Itzuli
Zainatesticular vein (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latineztestis
MeSHA05.360.576.782 eta A06.300.312.782 A05.360.444.849, A05.360.576.782 eta A06.300.312.782
TAA09.3.01.001
FMA7210
Terminologia anatomikoa

Barrabilak, herri hizkeran potroak edo koskabiloak, animalia arrek duten guruin genitala da. Obarioek bezala (homologoak dira), barrabilak aldi berean ugaltze aparatuaren eta sistema endokrinoaren parte dira. Hori dela eta honakoak dira barrabilen funtzioak:

Gizakien barrabilak 4-5cm inguruko egitura biribil bi dira, alde bietako kokapen simetrikoa daukatenak, barrabil-zorroaren edo eskrotoaren barnean, gorputzaren kanpoaldean, zintzilik, zakilaren azpian eta perineoaren gainean.[1] Ezinbestekoa da barrabilen kokapen berezi hau haien funtzioa bete ahal izateko; izan ere barrabil-zorroaren barnean gorputzaren barneko tenperatura zentralarekiko 3 °C gutxiagoko aldea dago, eta hau ezinbestekoa da espermatozoideen heltze prozesua eman ahal izateko.[2] Bi barrabilak eskrotoaren barnean badaude ere, biak trenkada eskrotalak banatuta daude. Larruazaletik trenkada eskrotalari errafea dagokio.

Barrabilak garapen fetalean zehar jaitsiko dira, eta hala ez bada gertatzen antzutasuna eman daiteke. Migrazio honetan abdomeneko paretaren estalkiak osatzen dituen geruzak eta bere jatorrizko odol-hodiak berarekin eramaten ditu, eta honela arteria eta zain testikularrak sortzen dira eta kordoi espermatikoa sortzen da, bere geruza guztiekin.

Barrabilak jaitsi ez direneko egoera honi kriptorkidia deritzo eta barrabiletako minbizia garatzeko arrisku faktore bat da.[3] Hau gizonezkoen garapen genitaleko akatsik ohikoena da.[4]

Testikuluak barneko genitalen artean sailkatzen dira.

1 Barrabilaren burua edo goiko poloa - 2 Tunica albuginea - 3 Barrabileko trenkada - 4 Aurreko alde askea - 5 Alboko azalera - 6 Barrabilaren beheko poloa edo buztana - 7 Lobuluak - 8 Barrabileko parenkima - 9 Hoditxo eferenteak - 10 Barrabileko mediastinoa - 11 Atzeko aldea

Testikuluen inguruko geruza fibroso eta zurrunari tunica albuginea deritzo. Izenak dioen moduan kolore zuriko estalki bat da eta barrabilen inguru osoan kokatzen da. Tunika honek barrabilaren barnealderantz trenkada asko proiektatzen ditu eta hauek barrabilaren lobuluetan banatuko du muina. Barrabil batean 200-300 lobulu daude. Lobuluetan banatuta dagoen muin honetan hodi seminiferoak daude, zeinetan zelula germinalak kokatzen diren.

Barrabilen gainean peritoneoko pareta-orritik eratorritako geruza baginala dago, eta hau xixku baten modukoa da, barrualdean espazio birtual bat duena. Honek bi geruza izango ditu, errai-orria eta paretako orria. Errai orria barrabilarekin kontaktu zuzenean dagoen geruza izango da.

Barrabilak inguratzen kordoi espermatikoa dago,[1] eta honek geruza anitz dauzka.

Hodixka sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hodi seminifero horietan espermatogoniak eta espermatidak daude. Espermatozitoak heltze fase oso ezberdinetan aurki daitezke. Hodixka hauetan gameto harrak sortzeko prozesua den espermatogenesia ematen da.[5]

Hodixka seminifero bihurri eta oso anitz hauetatik hodi zuzen batzuk sortzen dira eta hauek barrabil sarean (honek beste izen asko hartzen ditu; besteak beste rete testis edo Haller-en sarea) deitzen den hodixken sare batean batzen dira. Sare hau barrabilaren goiko poloan kokatzen da, barrabilaren kanpoko aldean.

Barrabil-sare honetatik 12-15 hodixka zuzen aterako dira, hodixka eferenteak, eta hauek epididimoaren buruan amaituko dute, non denak banatuko diren. Hodi hau epididimoan jarraitzen da, testikuluaren kanpoaldean dagoen hodi oso kiribil, mehe eta luzea, buru, gorputz eta buztan bat duena anatomikoki eta goitik behera barrabil bakoitzaren alde bat estaliko duena. Epididimoa kanpotik testikuluaren gainean dagoen masa erdi-zurrun bat bezala nabaritzen da. Oso hodi luzea da, eta zabalduko bagenu 5-6m inguruko luze izatera ailegatuko litzateke.

Hodi sistema honetan zehar espermatozitoen heltze eta gaitze prozesua ematen da. Epididimoa espermatozoideen gordeleku nagusia da.

Epididimoan jarraiki, honen bukaeratik, eta isatsetik gora, 40-50cm luze den hodi deferentea sortuko da, prostataraino ailegatuko dena. Deferentearen prostatako insertzio lekuan semen xixku deritzen guruinak kokatzen dira, baina hauetan ez da hazia gordetzen, baizik eta beste substantzia ezberdin batzuen jariapena ematen da.

Kopurua eta tamaina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normalean gizonezkoek bi barrabil dauzkate. Barrabil baten falta ez ohiko jaiotzetiko akats bat da, eta kordoi espermatikoa eta hodi deferentea falta badira ere, monorkia deritzo. Bi testikuluak falta badira anorkia da.

Tamainari dagokionez, haur baten testikuluak nahiko txikiak dira, 2-3cm ingurukoak eta garapenean zehar handitzen doaz: pubertaroaren ostean, 4-8cm luzetara eta 2-4cm zabalera neurtu dezakete. Barrabilen tamaina kontsante mantentzen da bizitzan zehar gutxi gorabehera, eta zahartzaroan pixka bat txikitu daitezke. Esteroideen kontsumoak barrabilen tamaina handitzen dute, eta hauetan minbizia pairatzeko arriskua baita. Tamaina handipen oso handia ematen denean normalean hidrozele deritzon patologia batengatik izaten da.

Barrabiletan 3 ehun mota ezberdin daude, enbrioi-jatorri ezberdina daukatenak: interstiziala, tubularra eta tunika.

Ehun interstiziala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honetan Leydig zelulak daude, makrofagoak eta odol hodiak eta linfatikoak. Leydig zelulak mesenkimako estromako zelulen eratorriak dira. Hodixka seminiferoen kanpo kokatzen den ehuna da. Hormona luteinizatzaileak (LH) estimulatzen ditu eta androgenoen sintesian erlazionatuta daude.

Ehun tubularra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hodixka seminiferoetako epitelio germinala erakusten duen lagin histologikoa.

Hodixka seminiferoen ehuna da hau. Hauetan Sertoliren zelulak eta zelula germinalak, hots, espermatogoniak, daude. Espermatogoniak leinu germinaleko zelula bakarrenetarikoak dira organismoan, espermatozito eta espermatogoniekin batera, hau da, zelula haploideak (gametoak) sortzeko gai diren zelula bakarrak dira. Sertoli zelulak espermatogonia eta espermatozitoen inguruan kokatzen diren zelula laguntzaile somatiko handiak dira eta berebiziko garrantzia dute gametoen heltzean.

Sertoli zelulak hormona folikulu-estimulatzaileari erantzite diete adrogenoen hormona lotzailea (ABP) eta inhibina entzima ekoitziz. Honek barrabiletan androgenoen kontzentrazio oso altuak egotea ahalbidetzen du, gameto harren garapena ahalbidetuz.

Hodixka seminiferoen inguruan zelula mioideak daude. Espermatozoideak mugitzera laguntzen duten peristaltismo deritzen uzkurdura erritmikoak egiten dituzte, eta honela barrabileko likidoak mugitzen dira baita. Uzkurgarritasuna oxitozinak, serotoninak eta prostaglandinek bitartekatua da.

Barrabilen zereginak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testikuluek androgenoak eta espermatozoideak sortzen dituzten organoak dira. Androgenoak hormonak dira eta hauen artean ezagunena testosterona da.

Espermatogenesia espermatozoideak sortzeko prozesua da. Honetan zelula germinalak (gametoen zelula amak) eta Sertoliren zelulak (funtzio laguntzailea duten zelulak) behar dira bai ala bai. Sertoliren zelulen arteko lotura hertsiek muga odol-barrabil muga ezartzen dute, eta honek epitelio germinala gainerako organismotik banatzen du, erreakzio immunologikoak ekiditeko asmoz, eta baita hormonen kontzentrazio oso altuak (odol-plasman baino 500 bider altuagoak) lortzeko gametoen garapen egokirako. Sertoliren zelulek leinu germinaleko zelulak elikatzen dituzte eta hauen hondakinak jaso eta kanporatzen dituzte.

Testosterona ekoizleak diren zelulak Leydig zelulak dira. Hauek FSH eta LH hormona sexualen erantzun gisa jariatzen dituzte androgenoak. Gn-RH hormonak eragiten du hipofisian hormona sexualen askapena. Testosterona aldiz-aldizka ekoizten da.

Barrabilen funtzioaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapeneko 8. astetik aurrera, gutxi gorabehera, barrabilak hormonak ekoizten hasten dira. Sertoli zelulek FSH hormonaren eraginez Müller-Aurkako Hormona ekoizten du. Honek Müller hodien atzerapen eta atrofia eragiten du gizonezkoetan eta Leydig zeluletako androgenoen hartzaile kopurua handitzea induzitzen du. Hau barrabilak abdomenaren barnealdean dauden bitartean ematen da.[6]

Genitalen garapen osoa haurdunaldiaren 10 eta 15 asteen artean emango da. Garapen hori 5-alfa-erreduktasa entzimaren menpekoa da, testosterona substratu gisa dihidrotestosterona androgenoa eratzen duelako. Hormona hau sexu-organoetan kokatutako androgenoen hartzaileetara lotu eta hauen garapena induzitzen du.

Barrabiletako gaixotasunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Anorkia: bi testikuluak faltan izatea jaiotzeko momentuan.[7]
  • Monorkia: soilik testikulu bat izatea.
  • Kriptorkidia: abdomenetik eskrotoraino jaitsi ez direneko testikuluen egoera.[8] Hau konpontzeko kirurgia egin ohi da.
  • Barrabiletako minbizia: barrabil barneko zelulen kontrolik gabeko ugalketa eta haztea ematen denean.[8]
  • Hidrozelea: eskrotoan likidoa metatzea.[9] Gaixotasun onbera bat da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b L., Drake, Richard. (2010). Gray. Anatomía para estudiantes.. (2nd ed. argitaraldia) Elsevier Health Sciences Spain ISBN 9788480868358. PMC 882776235. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  2. Biología. 2. Limusa Noriega 2006 ISBN 9681860780. PMC 906915509. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  3. Fantasia, Jennifer; Aidlen, Jeremy; Lathrop, Wendy; Ellsworth, Pamela. (2015-5). «Undescended Testes: A Clinical and Surgical Review» Urologic Nursing 35 (3): 117–126. ISSN 1053-816X. PMID 26298946. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  4. Wood, Hadley M.; Elder, Jack S.. (2009-02). «Cryptorchidism and Testicular Cancer: Separating Fact From Fiction» The Journal of Urology 181 (2): 452–461.  doi:10.1016/j.juro.2008.10.074. ISSN 0022-5347. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  5. Histologa̕ Texto y atlas.. Lippincott Williams & Wilkins 2015 ISBN 9788416004966. PMC 898161508. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  6. W., Sadler, T.. (2016). Langman, embriología médica. (13ª ed. argitaraldia) Wolters Kluwer ISBN 9788416353484. PMC 951098665. (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  7. (Gaztelaniaz) «Anorquia: MedlinePlus enciclopedia médica» www.nlm.nih.gov (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  8. a b Disorders of the Testes. 2011-05-22 (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).
  9. (Gaztelaniaz) «Hidrocele | EnFamilia» enfamilia.aeped.es (Noiz kontsultatua: 2018-11-28).

Ikusi gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]