Edukira joan

Bigarren Internazionala

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bigarren Internazionala 1889an sortu zuten hainbat herrialdetako alderdi sozialista eta laboristek. Lehenengo Internazionalaren lana jarraitu zuen, hau 1916an desagertu arte. II. Internazionalaren zuzendaritza Bruselan kokatua zegoen.

Lehen Mundu Gerraren hasierarekin batera, II. Internazionalaren barneko zatiketa eman zen, 1919an III. Internazionala (Komintern) jaioz. Komunismoari loturiko alderdiak azken honetan egituratu ziren.

1920an II.Internazionala berriz martxan jarri zen. Hala ere, hainbat alderdik ez zuten berrantolaketa onartu eta Langile Alderdi Sozialisten Nazioarteko Batasuna eraiki zuten. Erakunde honek bizi laburra izan zuen, 1923an II. Internazionalera batu baitzen berriro.

Bigarren Mundu Gerrak alderdien arteko kontraesanak areagotu zituen, 1940an desagertuz.

II. Internazionalaren sorrera: Parisko 1889ko kongresua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Langileen Nazioarteko Erakundea suntsitu zenetik, langileen buruzagi askok herri guztietako sozialisten arteko harremanak sendotzeko kezka zeukaten. Batzuk, Engels tartean zela, eszeptikoagoak ziren eta lehenengo mugimendu sozialista herri bakoitzean sendotzeko aholkua ematen zuten, talde politiko eta sindikatu askotan bananduta zeuden eta. 1889an, Bastilla hartu zuteneko mendeurrena zela eta, Parisen kongresua egiteko ahaleginak egin ziren.

Baina sozialista frantsesak bananduta zeuden, Langileen Alderdi Frantsesa (joera marxistakoa) eta Langile Sozialisten Frantziako Federazioa (moderatuagoa, posibilista izenekoak biltzen zituena) alderdietan eta euren arteko tirabirek ez zuten biderik utzi kongresu bateratua deitzeko. Azkenean, Parisen bi kongresu sozialista egin zituzten aldi berean, bata joera marxistakoa eta bestea joera moderatu edo posibilistakoa. Azken honi Lancry kaleko Kongresua ere esaten zaio.

Pétrelle gelan egin zen marxisten kongresua II. Internazionalaren lehenengotzat hartu zen geroago. 23 herritako ordezkariak elkartu ziren: buruzagi ospetsuak, Wilhelm Liebknecht, Eduard Bernstein eta Clara Zetkin, Alemaniatik; Pablo Iglesias, Espainiatik; Jules Guesde eta Paul Lafargue (Marxen suhia), Frantziatik; Georgi Plejanov, Errusiatik eta abar. Langileen internazionalismoa nola berregin eztabaidatu zuten hiru egunetan. Lafarguek esaten zuen: "Lagunak: denok neba-arrebak gara eta etsai bakarra daukagu, kapital pribatua, dela prusiarra, dela britaniarra edo txinatarra". Aldi berean Liebknecht munduko armada proletarioa sortzearen alde ageri zen "azken borrokari aurre egiteko". Herri guztietan egunean zortzi ordu lan egitearen alde borrokatzeko erabakiari botoa eman zioten eta hurrengo maiatzaren lehenean zortzi orduko laneguna eskatzeko manifestazioa egitea erabaki zuten.

Posibilisten kongresuari aurrerantzean elkarrekin koordinatzea proposatu zioten, ekintzak bateratzeko. Engelsen abileziari esker, hurrengo urtean kongresu bateratua egin zen eta Lancry kaleko kongresuko gehienak joan ziren. 1891ko abuztuaren 18an indar sozialista gehienak biltzen zituen kongresua elkartu zen Bruselan: II. Internazionala sortua zen.

Maiatzaren 1.a

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

≪Lanaren Jaia. Maiatzaren bateko Nazioarteko Manifestazioa.

Zortzi orduko laneguna eta lana babesteko legearen alde, hurrengo helburuak lortzeko: gutxieneko soldata ziurtatzea, emakume ete haurren lana mugatzea, astean egun bat atseden hartzea eta, gaueko lana, lana aurkitzeko bulegoak eta lan bitartekariak kentzea. (...)

Zortzi orduko laneguna, amaiera dakarrelako makinismoaren eraginak handitzen dituen aldikako langabeziarentzat eta gehiegi lan egiten dutenei lana gutxitzea, ez daukatenei lana emateko. (...)

Zortzi orduko laneguna, mesede egindo dielako denda txikiei, bezero langileek erosteko eta kontsumorako ahalmen handia izango dute eta.Zenbat eta langile gehiago lanean eta soldata hobeekin,orduan eta bezero gehiago eta hobeto ordainduak (...).

Pariseko langileok:

Maiatzaren Lehena emantzipazioaren bila doan nazioarteko proletalgoa bultzatzen duten orden eta duintasunez ospatuko duzue.

Gora zortzi orduko laneguna!

Gora Errepublika Demokratikoa eta Soziala!≫

(Pariseko Nazioarteko Kongresuaren deia 1890eko maiatzaren 1eko langileen nazioarteko jaiarako.)

Amsterdameko Kongresuko Erabakia, 1904

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

≪Kongresuak joera errebisionistak gaitzetsi ditu (...). Burgesiaren kontrako borrokaren bitartez lortu beharrean, ezarritako ordenari amore emateko politikaz nahi dute agintea lortu. Jokabide errebisionestaren ondorioa izango litzateke gizarte burgesa aldatu nahi duen alderdia gizarte sozialista bihurtzea; beraz, alderdi iraultzailea, zentzurik onenean, gizarte burgesa berriztatzeari nahikoa iritziko liokeen alderdia.

(...) Kongresuak adierazi du: 1. Alderdiak ez duela erantzukizunik produkzio kapitalistan oinarritutako baldintza politiko eta ekonomikoetan eta, beraz, ez dituela onartzen klase agintariak agintean irauteko bitartekoak.

2. Demokrazia sozialistak ezin duela onartu gizarte burgeseko gobernuan parte hartzerik.≫

II Internazionala eta gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Estatu kapitalisten arteko gerrak, orokorrean, munduko merkatuko lehiaren ondorio dira (...). Gerrarako arriskua badago, horretan zerikusia duten herrietako langileek ahalegin guztiak egin behar dituzte gerrarik egon ez dadin; horretarako baliabiderik egokienak erabiliko dituzte eta horiek, jakina,ez dira berdinak klase borrokaren egoeraren eta egoera politiko orokorraren arabera."

II. Internazionalaren Kongresuko erabakiak. Stuttgart, 1907.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Politika Artikulu hau politikari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.