Bob Hawke
Robert James Lee "Bob" Hawke (Bordertown, 1929ko abenduaren 9a - Sydney, 2019ko maiatzaren 16a) Australiako politikaria izan zen. Australiako lehen ministro izan zen ondoz ondoko lau gobernutan, 1983tik 1991ra, Alderdi Laboristaren aldetik.
Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako ikasketak egin zituen Oxfordeko Unibertsitatean. Australiara itzuli zenean, Australiako Sindikatu Federazioko kide egin zen, eta sindikatuko lehendakari ere izan zen 1970etik 1980ra. Haren osaba Albert Hawke bezala (Mendebaldeko Australiako lehen ministro izandakoa 1953-1959 bitartean), Alderdi Laboristako kide egin zen. 1971n, bigarren lehendakariorde hautatu zuten, eta, 1973an, alderdiko lehendakari. 1980an diputatu hautatu zuten, eta, 1983ko hauteskunde aurreratuetan, Alderdi Laborista Alderdi Liberalari nagusitu zitzaiolarik, Australiako lehen ministro. Hirutan berretsi zuen kargua, 1984, 1987 eta 1990eko hauteskundeetan. Bere agintaldiko ekintza aipagarrienetako bat Asiako eta Pazifikoko herrialdeen arteko loturak estutuko zituen Kontseilu Ekonomikoa sortzea izan zen (1989ko urtarrilean). 1990ean Australian izan zen krisi ekonomikoak behartuta, konfiantza-botoa eskatu zuen, baina ez zuen lortu, eta dimisioa eman behar izan zuen 1991ko abenduan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bob Hawke |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.