Edukira joan

Brasilgo Independentzia Gerra

Wikipedia, Entziklopedia askea

Brasilgo Independentzia Gerra 1821 eta 1825 artean gertatu zen Brasil koloniala eta Portugalen artean. Gatazka erabat baketsua izan ez zen arren, Latinoamerikako gainontzeko Independentzia gerrak bezain odoltsua ez zen izan.

Mugimendu independentistaren hasiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brasilgo Erresuma Joan VI.a Portugalgoa eta bere gobernuaren gortearen egoitza zen, Napoleon Bonaparteren armadagandik ihes egin ondoren 1808an Napoleondar gerretan. Errege familia 1821ean Portugalera itzuli ondoren, gobernuak, brasildar ordezkarien zati bat baino ez zegoelarik han, Brasilgo Erresuma eta errege agentziak desegitea bozkatu zuten Rio de Janeiron, eta probintzia guztiak zuzenean Lisboaren agintepean egotea, 1815 baino lehenago zeuden bezala. Portugalek tropak bidali zituen Brasilera, eta brasildar unitate guztiak ofizial portugaldarren agintepean jarri zituen.

Bitartean, 1821eko irailak 29an Lisboan Portugalgo Erresumako gorteek adostu zituzten legeak igorri ziren, Joan VI.ak Rio de Janeiron eman zuen denboran sortu ziren justizia auzitegiak deseginez, portugaldar monopolio komertziala berrezartzen zuten brasildarrek eros edo saldutako produktuen gainean, eta Brasilgo Erresuma, bakoitza bere aldetik Lisboatik gobernatuak izango ziren probintzia autonomoetan banatzen zuen. Azken erabaki batek, Pedro Bragantzakoari berehala Brasilgo erregeordetza utz zezala exigitzen zion, eta ahal bezain laster Portugalerantz abia zedila. Komunikazioen moteltasunaren ondorioz, 1821eko abenduak 9rarte ez zuten Rio de Janeiron arau hauei buruzko berririk izan, hirian herria biziki nahigabetu zelarik.

1822ko urtarrilean, portugaldar tropen eta luso-brasildarren (Portugalen jaiotako brasildarrak) arteko tentsioa biolentoa bihurtu zen Brasilgo printze erregeordea zen Pedro I.a Brasilgoak (Joan VI.aren semea zena) brasildar herrien eskakizunak onartu zituenean, Lisboara itzultzeko portugaldar agindua bete ez zezala erregutuz. Euren presioari eta Portugalerantz behin betiko abiatzearen eta gobernu zentralaren desegiteak Brasilgo probintzietan mugimendu separatistak sortuko zituela zioen argudioari erantzunez, Pedro Printzeak geratzea erabaki zuen 1822ko urtarrilak 9an publiko egin zen mezu baten bidez, honakoa zioena: "Se é para o bem de todos e felicidade geral da Nação, estou pronto! Digam ao povo que fico" (euskaraz): "Guztien onerako eta nazioaren zoriontasun orokorragatik baldin bada, prest nago. Esaiozue herriari geratu egiten naizela".

2000 "pé de chumbo" edo "berun oin" portugaldar inguruk (hala deitzen baitzituzten brasildarrek metropoliko tropak) Pedro printzearen aurka matxinatu ziren euren indarrak Cerro Castelhoko kasamatetan bildu aurretik, armatutako 10.000 brasildarrek inguratu zutena, bi taldeen artean Rio de Janeiro barnean gudu bat hasteko arriskua zegoelarik.

José Bonifácio de Andrada e Silva, "independentziaren patriarka" Brasilen.

Don Pedrok komandante general portugaldarra "erretiratu" zuen, eta bere soldaduak Rio de Janeirotik eramatea agindu zion badia Niteroirantz zeharkatuz, non Portugaleranzko garraioaren zain zeuden, emaitza ziurgabeko borroka bat eragozteko asmoz. Don Pedrok São Pauloko José Bonifácio de Andrada e Silva buru zuen gobernu berri bat osatu zuen. Errege funtzionario ohi eta Coimbrako unibertsitatean zientzia irakaslea zen hau ezinbestekoa izan zen ondorengo gertaerak zuzentzeko, eta brasildar nazionalismoa eratu zuenetakotzat hartzen da, zalantzarik gabe, Independentziaren Patriarka bezala.

Giroa hain betea zegoen brasildar eta portugaldarren arteko tentsioz Rio de Janeiron Don Pedrok babes bermea bilatu zuela britainiar itsasontzi baten garrantzi handiko gudua galduz gero; bere familia ere bidali zuen toki seguru batera hiritik kanpo. Hurrengo egunetan, portugaldar buruzagiak, Jorge de Avilez Souza Tavares generalak, ontzia atzeratu zuen metropolitik espero ziren errefortzuak iritsi zain. Alabaina, Portugaldik Rio de Janeirora 1822ko martxoak 5ean iritsi ziren errefortzuzko 1200 soldaduei ez zieten lehorreratzen utzi, eta Don Pedrorekiko leialak ziren gotorlekuen punteriapean mantenduak izan ziren. Aldiz, Portugalerako itzulera bidaiarako hornigaiak eman zizkieten, nora tropak abiatu ziren erresistentziarik gabe. Lehen enfrentamendu hau brasildarrek irabazi zuten odol isurketarik gabe.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]