Casilda Iturrizar
Casilda Iturrizar | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Bilbo, 1818ko uztailaren 20a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo, 1900eko otsailaren 22a (81 urte) |
Hobiratze lekua | Derioko hilerria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Tomas José Epaltza |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | enpresaburua eta bankaria |
Casilda Margarita Iturrizar Urkijo, Epaltzaren alarguna bezala ere ezaguna, (Bilbo, 1818ko uztailaren 20a[1] - Bilbo, 1900eko otsailaren 22a)[2] bizkaitar filantropoa izan zen. [3][4]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jose Ylarion Iturrizar Basabe eta Eugenia Nicolasa Urquijo Ziurtegaray (edo Siurtegaray) izan ziren Bilboko Begoña auzoan jaiotako neskatoaren gurasoak. Aita dendari txikia zen, baina ama familia onekoa zen (33.500 errealeko ezkonsaria izan zuen). Jose Ylarion 1832 urtean arruinatu egin zen eta, kartzelara joan ez bazen arren, osasuna eta bere egoera nabarmen txartotu zitzaizkion. 1833ko irailean hil zen, izandako 8 seme-alabetatik, 4 oso egoera kaxkarrean utzita.
Bilboko merkatari garrantzitsu baten etxean neskame joan zen Casilda, Tomas José Epaltza Zubaranean (1798-1873), Habanan dirututako gizona eta hiriaren garapen ekonomikoan zeresan handia izango zuena: Boluetako Santa Ana labe-garaien enpresaburuetako bat izan zen (1841ean),[5] bere lehengusu Pablo de Epalza Lecanda eta Domingo de Epalza Larraondorekin batera Banco de Bilboren sortzaileetako bat (1857) eta Bilbotik Tuterara zihoan trenarena (1859). Jabego handiak zituen Bilbon eta Portugaleten ere, non etxea eraiki zuen Kai Berrian. Tomás Epaltza bere lehen emazte María Concepción Lequerica Bergarechearekin banatzeko dibortzioa eskatu zuen eta 1849an epaitegietara jo zuten. Epaiketa horretan esaten zen Casilda 1833an Barakaldon bizi zela aita ezezaguneko ume batekin, Epaltzarena zen etxe batean. Senarraren neskamea baino zerbait gehiago zela salatzen zuen María Concepción Lequericak, baina Epaltzak lekukotza hori erretiratzea lortu zuen. Dibortzioa eskuratu zuen, baina ez Elizaren anulazioa, eta ez zen libre geratu 1857an bere lehen emaztea hil zen arte[6].Bikotea 1859an ezkondu zen, Bilboko San Nikolas elizan.[7]
1873an senarra hil zenean, Epaltzaren alarguna bezala sinatzen hasi zen eta senarraren negozioak eramaten. Merkataritza utzi zuen, baina banku eta higiezinen negozioak jarraitu zituen; tren eraikuntzak (La Roblakoa edo Bizkaiko Zentrala); ikatz meategiak (Hulleras de Sabero eta Anexas)...
Ez zuenez ondorengo seme-alabarik, bere ondasunak jaioterrirako eta bertako jende txiroentzako banatu zituen. Casilda Iturrizar parkeak, Tivoliko eskolek (gero bere omenez "Viuda de Epalza" izena hartu zutenek), Ospitale Zibilak eta Erruki Etxeak dohaintza aberatsak jaso zituzten. Bilboko Koral Elkartea lagundu zuen baita ere eta Bilboko eskola publikoetako ikasle azkarrei dirulaguntzak eman zizkien. Zendu zenean diruz lagundu zituen San Frantzisko auzoko erlijioso Klaretarrak, La Najako Jesusen lekaime zerbitzariak eta Portugaleteko Agustindarrak ere. Era berean Deustuko Unibertsitatea izango zenaren sorreran ere hartu zuen parte.
Arriaga antzokia eraiki eta kudeatzeko elkartearen akziodun nagusietako bat izan zen.
Aitortzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bilbon Arenal ondoko bere etxean zendu zen 1900 urtean eta urte horretatik aurrera ezagutzen da erreka aurre hori Epaltzaren alargunaren kalea bezala; etxearen horman bere omenezko plaka oroigarria dago.
- Bere izena daraman parkean Agustí Querolek egindako bere omenezko estatua bat dago, 1906an plaza Eliptikoan jarri zutena eta 1941ean Casilda parkera eraman zutena. Bilboko birika eta Ahateen parkea bezala ezaguna da ere Doña Casildaren parkea.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
- ↑ Auñamendi Eusko Entziklopedia. Casilda Iturrizar. .
- ↑ Jainaga, Zihara. (2020-11-04). «Bilbo egin zuten hamar emakume» Berria.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Historia de Santa Ana de Bolueta» Sadebo (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
- ↑ Alonso Olea, Eduardo J.. Casilda de Iturrizar y Urquijo (1818-1900). (Noiz kontsultatua: 2019-05-05).
- ↑ «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-11).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau Bizkaiko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |