Cortes
Cortes | |||
---|---|---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |||
Cortesko gazteluaren ikuspegia | |||
| |||
Kokapena | |||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Lurraldea | Nafarroa Garaia | ||
Merindadea | Tutera | ||
Administrazioa | |||
Estatua | Espainia | ||
Erkidegoa | Nafarroa | ||
Izen ofiziala | Cortes | ||
Alkatea | Javier Blasco Mendibil (PSN) | ||
Posta kodea | 31530 | ||
INE kodea | 31078 | ||
Herritarra | cortestar | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 41°55′22″N 1°25′19″W / 41.922777777778°N 1.4219444444444°W | ||
Azalera | 36,54 km² | ||
Garaiera | 254 metro | ||
Distantzia | 125 km (Iruñetik) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 3.149 (2023: −35) | ||
Dentsitatea | 91,93 bizt/km² | ||
Zahartzea[1] | % 75 | ||
Ugalkortasuna[1] | ‰ 45,33 | ||
Ekonomia | |||
Jarduera[1] | % 75,87 (2011) | ||
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) | ||
Langabezia[1] | % 12,48 (2013) | ||
Euskara | |||
Euskaldunak[2][3] | % 1,90 (2018: %1,15) | ||
Datu gehigarriak | |||
Webgunea | http://www.cortes.es/ |
Cortes[4] Nafarroa Garaiko hego-ekialdeko muturreko udalerria da, Iruñetik 125 kilometrora kokatua eta Zaragozako probintziaren mugakidea.
3.199 biztanle ditu.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortes herriaren izena Kortes gisa agertu zen 1979ko Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Udalen Izendegian, eta K-rekin agertu izan da idatzia euskaraz sarri harrezkero, baina forma zuzendu zuen gero Euskaltzaindiak eta C-rekin utzi behar zela araututa[5]. Beste euskaratze asmatu batzuk ere proposatu ziren 20. mendearen azken laurdenean, Korteta eta Gurtitz, biderik egin ez zutenak[6].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inguru naturala eta kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortes Tuterako merindadearen hegoaldeko muturrean dago, Zaragozako probintziarekiko mugan. Iparraldetik gatozela, herrira heltzeko N-232 errepidea hartu behar da, Zaragozako noranzkoan.
Cortesek Buñuelekin egiten du muga iparraldean, ekialdean Zaragozako Novillasekin, mendebaldean Ribaforada eta Ablitasekin, eta hegoaldean Zaragozako Mallén udalerriarekin.
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortesek klima mediterraneo-kontinentala dauka, euri eskasak, iparreko ziertzo haizea, uda idorrak eta aldaketa termiko handia. Urteko batez besteko tenperatura 14 eta 16 gradu artekoa eta prezipitazioak 350 eta 400mm bitartekoak dira. Urteroko egun euritsuak 55 inguru izaten dira eta batez ere udaberri eta udazkenean izaten dira. Bi urtaro hauetan baita ere, laino itxiko egunak eman ohi dira, tenperatura 0 graduren inguruan ibiltzen da eta ez du egun osoan altxatzerik lortzen.
Jatorrizko landaredia erabat eraldatu da gizakiaren eragina dela eta, eta zuhaixkak nagusi diren arren, zuhaitz bakanen bat aurki daiteke (birlandaturiko pinuak batez ere). Zuhaitzek udalerriaren azaleraren %0,3a baino ez dute hartzen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortesko udalerrian Burdin Aroko hainbat arrasto aurkitu dira. Joan Maluquer de Motes i Nicolau katalan historiaurrelariaren arabera, Alto de la Cruz aztarnategia Burdin Arotik ondoen kontserbaturiko herrigunea da, horrela, Gurutzearen muinoa (Alto de la Cruz) famatu egin da historialari guztien artean.
Ondoren, erromatarren garaian, orduko Balsiok garrantzia izan zuen Ebro ibarraren kontrolean.[7] Nafarroako gainontzeko hegoaldeko lurraldeak bezala, Banu Qasi musulman sendi boteretsuaren menpe egon zen. 1119aren hasieran Alfontso I.a Borrokalaria erregeak herria birkonkistatu eta Nafarroako Erresumara batu zuen.
Karlos III.a erregeak gaztelua, herritarrak, errentak, jabetza eta ondasun guztiak, bere seme Godofreri eman zizkion, Cortesko konderria sortuz. Dena den, aita hiltzean, Joan II.ak Godofre printzeari kendu zion aitak agindutakoa.[8] 1353an, herrian 50 familia kristau eta 80 familia musulman bizi ziren. Musulmanek garrantzia handia izan zuten Erdi Aro guztian zehar eta haien arrasto ugari geratu dira herrian. 1512an, Nafarroako konkistaren garaietan, gehiengoa oraindik musulmana zen ( XLIIII mairu-etxe eta XXXIII kristau).[9]
1495. urtean Nafarroako Gorteek ubide bat eraiki nahi izan zuten Tuteratik Cortesera, baina arrazoi ezberdinak direla medio, lana ez zen amaitu. Cortesko herria, jaurerri izan zen mende askotan zehar, Nafarroako herri gehientsuenak bezalaxe. Horrela, Villahermosako kondeek urte askotan zehar kontrolatu zuten herria eta euren bizitokia (Villahermosako jauregia) Cortesen eraiki zuten.
1664ean Filipe IV.a erregeak Bardearen ustiapenerako eskubidea eman zion Cortesko herriari. XX. mende hasieran herriak 1.140 biztanle zeuzkan eta ondorengo hamarkadetan biztanleriak gorantz jarraitu zuen Lodosako ubidearen zabalpenak ekarritako onura eta nekazaritzaren hazkundeak lagunduta. 1822an Espainiako gorteek, Cortes Zaragozako probintziari erantsi zioten. Dena den, urtebete gerago, Fernando VII.a erregeak, erabaki hori bertan behera utzi eta Cortes Nafarroako udalerri bihurtu zen berriro ere.
1847an herrian mutilen eta nesken eskola bana zeuden. Mutilen eskolak, 50 ikasle zituen, eta bertako maisuak 2.000 errealeko soldata jasotzen zuen. Nesken eskolan 30 ikasle zeuden, eta bertako maistrari soldata askoz baxuagoa ordaintzen zioten. 1844 eta 1845 urteen artean, Union y Constancia izeneko elkarteak ehunka hektarea lur ureztagarri bihurtu zituen, Ubide inperiala eta Nafarroako errepidearen arteko eremuan. Garai hartan Kortesek olioa ekoizten zuten bi errota zeuzkan.
XX. mendearen hasieran, herrian, Guardia Zibilaren kuartela, eta ospitalea zeuden, eta "Union y Constancia" elkartearen lanak aurrera jarraitu zuen, Kortes zeharkatzen zuen ubidearen hogei kilometro ustiatzen zuten eta herrilan berriak eraiki zituzten, errepideak esaterako. XX. mendean Cortes eta Borja arteko trenbidea eraiki zen, eta 1970eko hamarkadatik aurrera biztanleria egonkor mantendu da.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortesko jarduera ekonomiko nagusia nekazaritza da, eta horretan aritzen zen biztanleriaren heren bat XX. mendearen amaieran. Biztanle askorentzat dena den, nekazaritza, bigarren mailako jarduera da, eta normalean asteburuetan edo zahartzarora iritsitakoan aritzen dira horretan. XX. mendetik aurrera, nekazaritzatik ateratako produktuekin zerikusia duten industriak garatu ziren, eta gaur egun herritar askok, Cortestik gertu dauden Tutera eta Cascante inguruko industrialdetan egiten dute lan.
1947ko apirilaren 23an herriko nekazarien kooperatiba bakarra sortu zen. Haren lurrak 1.364 hektarea dira, landu daitezkeen lurren %36,2). Horietatik 489 hektarea, sekain lurrak dira, 942 hektarea, lur ureztagarriak eta 160 hektarea, larre lurrak. Lodosako ubidearen eraikitzeak, lur ureztagarriak ugaritu zituen eta XX. mendearen amaieran modu horretan lantzen ziren udalerriko lurren %98 baino gehiago.
Cortes, inguruko herri txikiagoen gaineko eragina dauka, eta bertako nekazariek Cortesen saltzen dituzte euren produktuak. Herriaren eragin esparrua Zaragozako probintziako mendebaldeko udalerri txikietan zehar hedatzen da.
Industria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako gobernuak industrialdeak sustatzeko sortutako Nasuinsa elkartearen ekimenez, Cortes industrialdea eraikitzen hasi ziren XXI. mendearen hasieran. Eraikuntza lanak 2007an hasi ziren eta hiritartzea 2008an bukatu zuten. Industrialdeak sarbide zuzena dauka AP-68 autobidetik eta Cortesko herrigunetik hiru kilometrora dago.
Azalera guztira: 252.325 m2
Orubeen azalera: 166.363 m2
Bardea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erdi Aroan, Cortesek, Fustiñana, Tutera, Cabanillas, Buñuel, Zarrakaztelu, Melida, Kaparroso, Alesbes, Cadreita, Valtierra, Arguedas, Santakara, Martzilla, Faltzes, Azkoien, Funes, Milagro, Corella, Olibako monasterioa, eta Erronkariko ibarra eta Zaraitzuko ibarrekin batera, Nafarroako Bardeako elkartea osatu zuen, Bardeako herri-lurrak nekazaritzarako erabiltzeko asmoarekin.
XX. mendearen amaieran, Cortesko hamahiru herritarrek 337 hektarea lantzen zituzten Bardean.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen lehen erdialdean hazkunde nabarmena izan zuen Cortesek, eta 1960ko hamarkadarako populazioa bikoiztera iritsi zen. Ordutik, populazioa egonkor mantendu da 3.200 biztanleen inguruan.
Cortesko biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, Espainiaz kanpoko 410 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %12,24a (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Cortesko alkatea PSN alderdiko Javier Blasco Mendibil da 2003tik. 2007an Udaleko hamaika zinegotzietatik lau lortu zituen Nafarroako Alderdi Sozialistak. Baliogabeko botoak 9 izan ziren (emandako guztien %0,43) eta 34 boto zuri izan ziren (botoen %1,64). Abstentzioa %18,98koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
PSN | 737 | 4 |
Cortes Entre Todos (CET) | 651 | 4 |
UPN | 379 | 2 |
Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC) | 250 | 1 |
CDN | 28 | 0 |
2011n hauexek izan ziren aurkeztutako zerrendak: PSN (4 zinegotzi eta alkatetza Blascok gorde), Cortes Entre Todos (CET) (3), UPN (3), Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC; ezkerrekoa, abertzaleak barne; 1) eta PP (0). CETek PSNri alkatetza kentzeko akordioa eskaini zion UPNri baina PSN eta UPNk haien arteko ituna egin zuten[10].
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
PSN | 679 | 4 |
Cortes Entre Todos (CET) | 499 | 3 |
UPN | 480 | 3 |
Candidatura de Izquierdas de Cortes (CIC) | 167 | 1 |
PP | 103 | 0 |
Alkateen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999-2003 | Ismael Miñés Catalán | UPN |
2003-2007 | Javier Blasco Mendibil | PSN |
2007-2011 | Javier Blasco Mendibil | PSN |
2011- | Javier Blasco Mendibil | PSN |
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako udaletxea elizaren plazan egon zen, estilo barroko-aragoitarreko eraikina Mirandako dukeen jabetzakoa izan zen eta gaur egun hondamen egoeran dago. Gaur egungo udaletxea 1949. urtean eraiki zen eta adreiluzko fatxada dauka. Udala alkatea eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- Helbidea: Mirandako Dukeen plaza, 4
Azpiegitura eta garraioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iruñea - Zaragoza (Conda)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Condaren Iruñea eta Zaragoza bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Eguneko bost zerbitzu izaten dira norabide bakoitzeko. Lineak honako ibilbidea dauka:
- Iruñea - Noain - Tebas-Muru Artederreta - Barasoain - Puiu - Tafalla - Erriberri - Caparroso - Valtierra - Arguedas - Tutera - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallén eta Zaragoza.
Cortes - Iruñea (Conda)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Condaren Cortes eta Iruñea bitarteko autobus linea zuzenak zerbitzu bakarra dauka norabi bakoitzean eguneko. Ibilbidea, honakoa da:
Tutera - Zaragoza (Conda)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Condaren Tutera eta Zaragoza bitarteko autobus lineak lau zerbitzu dauzka eguneko norabide bakoitzeko. Ibilbidea, honakoa da:
- Tutera - Fontellas - Cabanillas - Fustiñana - Ribaforada - Buñuel - Cortes - Mallen eta Zaragoza
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroako gobernuak onartutako Euskararen Foru Legearen arabera Cortes eremu ez-euskalduneko udalerria da, eta hori dela eta, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da. 2001eko erroldaren arabera, herritarren %0,76k zekien euskaraz hitz egiten.
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irailaren 29an San Miguel arkanjeluaren omenezko jaia antolatzen da. Herriko biztanleek santuaren inguruan egiten dute dantza, herri osoa zeharkatzen duen prozesioan. Egun horretan egiten da Dance de San Miguel[11] edo Paloteado delako ikuskizuna, dantza multzo bat antzerki herrikoiarekin lotua. Nafarroako Erriberako paloteadoak herri gehienetan galdu zirelarik 20, mendearen hasieran, Corteskoak jarraitu egin zuen, eta oinarri izan zen beste paloteado batzuk berreskuratzeko inguruko herrietan. Generoz mistoa bihurtu zuen paloteadoa Cortesek, gainera, beste herri batzuek baino lehenago[12].
Ekainaren 24ean San Juan eguna ospatzen da.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- San Juan Bataiatzailearen eliza: Estilo gotiko-pizkundetarreko eliza. Eliza, adreiluzko fatxadadun eraikina da, eta apaindura mudejarreko dorrea dauka.
- Cortesko gaztelua.
Cortestar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Carmelo Borobia (1935-), apezpikua.
- Mario Gabiria (1938-2018), hirigintzan aditu den soziologoa.
- José Javier Alfaro Calvo (1945-), idazlea.
- Santiago Sánchez Sebastián (1957-), apezpikua.
- Jesús Lalaguna (1988-), futbolaria.
- Unai Aznar (2002-), txirrindularia.
- Hugo Aznar (2003-), txirrindularia.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ Euskal herriko udalen izendegia. Euskaltzaindia D.L. 2011 ISBN 978-84-95438-74-4. PMC 796264874. (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ «Cortes - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
- ↑ Enrique Flórez, Manuel Risco, Antolín Merino, José de la Canal, Pedro Sainz de Baranda, Vicente de la Fuente, Carlos Ramon Fort. (1752). España sagrada. A. Marin.
- ↑ Yanguas y Miranda, José. Historia compendiada del reino de Navarra. , 255 or..
- ↑ Monteano, Peio Joseba. (2000). «La población navarra a comienzos del siglo: el Recuento de casas de 1514» Príncipe de Viana 61 (220) ISSN 0032-8472..
- ↑ Blasco (PSN) repite por tercera vez merced a un acuerdo con UPN, Diario de Noticias, 2011ko ekainaren 18a
- ↑ (Gaztelaniaz) Aranburu Urtasun, Mikel. (1987). «Contribución al estudio del paloteado: dances próximos a Borja, Ainzón y Tauste» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra (50): 289-364. ISSN 0590-1871..
- ↑ Tubia, Iker. «Makiletan, sustraiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |
- (Gaztelaniaz) Cortesko udalaren webgunea
- (Gaztelaniaz) Cortesi buruzko informazioa Nafarroako gobernuaren webgunean.
- Lavadero kalearen ikuspegia Google Street View-n.
- "Cortesko sarraskia" dokumentala.
Tuteraldeko udalerri aurkibidea | ||
---|---|---|
Ablitas • Arguedas • Bardeak • Barillas • Buñuel • Cabanillas • Cascante • Castejón • Cintruénigo • Corella • Cortes • Fitero |