Dogma 95
Dogma 95 (Dogme’95, danieraz) 1995ean hasitako mugimendu zinematografiko abangoardista izan zen. Proposamena Europan eta “Danimarkako konplexuan” errotu zen, Lars von Trier eta Thomas Vinterberg-en eskutik[1]. Danimarkarrek Dogma 95 Manifestua eta dekalogo bat, Kastitate-botoa, idatzi zituzten, hain justu zinemak mendea bete zuenean 7. artea berpiztu, errotik eraldatu edota zenbait joerari kontrajartzeko asmoz.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dogma 95en bilakaera hobeto ulertzeko, bere historia hiru garaitan bana daiteke:
Manifestua eta lehen filmak kaleratzea (1995-1998):
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dogma mugimendua 1995eko martxoaren 13an iragarri zuten Parisen, Le cinéma vers son deuxième siècle hitzaldian. Zinemaren mundua filmen lehen mendea ospatzeko eta zinema komertziala deritzonaren etorkizun zalantzagarria ikusteko bildu zen. Bertan, Lars von Trierrek publikoa erakarri zuen, Dogma 95 iragartzen zuten panfleto gorriekin.
Dogma filmetako lehena Vinterbergen Festen (1998) izan zen. Kritikak txalotu zuen eta Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Cannesko Zinemaldian. Dogma #2 ere, Von Trierren Idioterne filma, Cannesen estreinatu zen urte berean, baina arrakasta gutxiago izan zuen. Geroztik, hainbat zuzendarik Dogmaren printzipioetan oinarritutako filmak egin dituzte[1].
Besteen eraginetara irekitzea (1999-2001):
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kristian Levring eta Soren Kragh-Jacobsen (daniarrak hauek ere) elkartu ziren, Dogma 95 Kolektiboa sortuz (Dogma Anaiak ere deitua). 2001an lehen emakumea batu zen: Lone Scherfig[1].
Autodisoluzioa, horrek dakarren hibridazio/desbirtuazioarekin (2002-gaur egun)[2]:
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dogma 2005ean erori zen, Kastitate-botoaren zenbait arau zehaztu gabe zeudelako eta hainbat zuzendarik arauak hautsi zituztelako[3][4].
Helburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dekalogoaren helburu nagusia zinemaren esentzia edota teknologiak kutsatutako arima errealista berreskuratzea zen. Hain zuzen ere:
- Nouvelle Vague-ren itzuleraren antzeko planteamendua; hau da, historiaren, antzezpenaren eta gaiaren balio tradizionaletan oinarritutako zinema egiteko deia (zinema “sinesgarriagoa” haien ustez), efektu bereziak eta teknologia berri garestia saihestuz (zine ekonomikoagoa)[5].
- “Gainprodukzio” bati baino, garrantzia handiagoa ematea norberaren sormena edota arlo sortzailea lantzeari. Horretarako, muga batzuk ezartzen ziren (jolas bat izango balitz bezala)[1].
- “Benetako” zinema edo zinema “purua” eskuratzea.
- Elkarrizketan jardutea ahalbidetuko duen audientzia bat erakartzea.
Arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kastitate-botoan zerrendatzen dira edozein filmek Dogma 95-en parte izateko bete behar dituen 10 baldintza edota murrizketak[5][6]:
- Filmaketak benetako lokalizazioetan egin behar dira (“in situ”). Hauek ezin dira apaindu, ez eta "set" bat sortu ere. Artikulu edo objektu bat beharrezkoa bada istorioa garatzeko, beharrezko objektu horiek dauden lokalizazio bat bilatu behar da.
- Soinua zuzenekoa izan behar da. Ezin da musika erabili, filmatutako eszenakoa bertakoa ez bada.
- Kamera eskuan filmatuko da. Eskuak eragindako edozein mugimendu edo gelditasun baimentzen da.
- Filmak koloretakoa izan behar du. Ez da onartzen argi berezirik edo artifizialik (ez badago argi nahikorik eszena jakin bat filmatzeko, eszena ezabatu egin behar da edo, zorroztasunez, kamerari foku sinple bat entxufatu ahal zaio).
- Edozein efektu optiko zein filtro debekatuta dago.
- Filmak ezin du ekintza edo garapen superfizialik izan (ezin da armarik erakutsi, eta kontakizunean ezin da krimenik gertatu).
- Kontaketak lineala izan behar du; hots, debekatuta dago edozein jauzi denboral zein espazial.
- Genero filmak onartezinak dira.
- Filmaren formatua 35mm izan behar da (1.37: 1).
- Zuzendariaren izena ezin da kreditu-tituluetan agertu.
Dogma filmen beste ezaugarrietako bat da proiektuaren benetakotasuna eta kalitatea bermatzen duen nolabaiteko “matrikula-zenbaki” edota ziurtagiri bat dutela. Zigilu hori filma baloratzen duten eta Kastitate-botoko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten epaileen batzorde batek ematen du.
Dogma film nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zerrenda osoa Dogma 95 web orrian dago ikusgai.
- Dogme #1: Festen
- Dogme #2: Idioterne
- Dogme #3: Mifune's Last Song
- Dogme #4: The King Is Alive
- Dogme #5: Lovers
- Dogme #6: Julien Donkey-Boy
- Dogme #8: Fuckland
- Dogme #12: Italian for Beginners
- Dogme #13: Amerikana
- Dogme #14: Joy Ride
- Dogme #18: Truly Human
- Dogme #19: Cabin Fever / Når nettene blir lange
- Dogme #21: Kira's Reason: A Love Story
- Dogme #23: Resin
- Dogme #28: Open Hearts
- Dogme #31: El desenlace
Mugimenduaren oihartzuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Generoak nazioarteko ospea lortu zuen, batez ere bere irisgarritasunarengatik. Zinemagile ezezagunengan interesa piztu zuen, Hollywoodeko aurrekontu handien menpe egon gabe ere kalitateko film bat egin daitekeela iradoki baitzuten.
Hala ere, mugimenduak hainbat kritika ere jaso zituen. Besteak beste, Jesse Richards zinemagile birmodernistak gogor kritikatu zuen mugimendua[7], bai eta Armond White film-kritikari estatubatuarrak ere, «zinema porno amateurra egitetik hurbilen jarri zuen manifestua» zela esanez[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Ledo, Margarita. (2003). Del Cine-Ojo al Dogma 95 : Paseo por el amor y la muerte del cinematógrafo documental. Paidos ISBN 84-493-1349-X. PMC 54194685. (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ Diccionario de conceptos y términos audiovisuales : herramientas para el análisis fílmico. (1a ed. argitaraldia) Cátedra 2015 ISBN 978-84-376-3386-2. PMC 905486382. (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ «Wayback Machine» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ (Ingelesez) Krause, Stefanie. (2007-12). The Implementing of the 'Vow of Chastity' in Jan Dunn's "Gypo". GRIN Verlag ISBN 978-3-638-76811-5. (Noiz kontsultatua: 2022-07-28).
- ↑ a b Technology and culture, the film reader. Routledge 2005 ISBN 978-0-415-31984-3. PMC 55633989. (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ (Ingelesez) THE VOW OF CHASTITY | Dogme95.dk - A tribute to the official Dogme95. (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ «REMODERNIST FILM MANIFESTO (USA, 2008)» Film Manifestos and Global Cinema Cultures (University of California Press): 619–622. 2019-12-31 (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).
- ↑ González Siguero, Roberto. (2018). «Preservación de activos digitales: el seguro digital definitivo» El archivo electrónico en la administración digital: 23 Jornadas de Archivos Universitarios, 21-23 de junio de 2017 (Universidade da Coruña - Servizo de Publicacións): 121–127. (Noiz kontsultatua: 2022-03-05).