Donut
Donut[1] bat (ingelesezko doughnut-etik datorrena), erroskila edo berlina ere deitua, ogi gozoko erroskilla bat da, tradizionalki txerri koipetan frijitua izaten dena.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donutaren jatorriaren inguruan eztabaidak daude; hainbat historialariren arabera donutaren aurrendaria Europako iparraldeko jendeak asmatu zuen Erdi Aroan, baina doughnut terminoarekin gehien lotzen den bertsioak dio 1847an sortu zela Hanson Gregory izeneko marinel batek piperrontzi baten taparekin opil bat zulatu zuenean frijitzerakoan erdiguneko orea ondo ez egitearen arazoa konpontzearren [2]. Orokorrean donuta oliebollen izeneko eguberrietako gozo holandarretik datorrela uste da, XVI. mendean holandarrek New Amsterdanera (gerora New York izango zena) ekarriko zutena eta ondorengo mendeetan garatuz gaur egun ezagutzen den donut bilakatuko zena.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donut mota asko daude; batzuk kolore ezberdinetan glasatuta eta tarteka gainean konfiteak dituztela, beste batzuk marmelada edo arrautza-esnez beteta izaten dira. Hiru donut mota daude orokorrean: pastel gisakoak, legami edo altxagarriarekin hartzituak eta azkenik tradizionalak. Donut batek gutxi gora-behera 300 kaloriako bataz bestekoa izan ohi du, eta 25g koipe.
Donutak bai arrautza gorringoarekin bai pastelerako orea bereziarekin egin daitezke. Arrautza gorringoarekin egiten direnak, %25 koipe izaten dute, eta pastel orearekin egiten direnak berriz %20. Pastel gisakoak direnak 90 segundotan egiten dira 190-198° inguruko tenperaturan, eta gorringozko orea dutenak ordea denbora gehixeago behar izaten dute, 150 segundo 182-190° inguruan. Pastel gisakoak direnak normalean 24 eta 28g artean pisatzen dute; gorringoa dutenak handiagoak izan ohi dira eta 38gko bataz besteko pisua dute.
Eraztun formako donutak ore zati luze eta mehe baten muturrak batuz edo ertzetako eta erdiguneko masa aldi berean mozten duen moldeak erabiliz egiten dira, erdiguneko masa kenduaz. Disko formako donutak molde toroidal batean ezarri egiten dira, erdiguneko zuloa azal dadin.
Hainbat kasutan koipe hidrogenatuak izaten dituzte, eta ondorioz gozo honen kontsumoa dieta orekatu eta bizitza aktibo batekin batekin lagunduta joan beharko litzateke, eguneko 2000 kaloriako ahorakina mantendu ahal izateko.
Opil gozo hauek Estatu Batuetako gosarietako jaki ezagunenetarikoak dira. Gainera, zineak herrialde honetako poliziek gehien kontsumitzen duten gozo bezala azaltzen du donuta. Mendebaldeko kulturako beste herrialde askotan ezagunak badira ere, Estatu Batuetan edozein lekutan aurki ditzakegu, bilera aretoetatik hasita nekazariaren sukalderaino. Gozogintzako produktu honen inguruan frankizien industria handia sortu da, zeinen artean hedatuenak Dunkin' Donuts, Baskin Robbins, Krispy Kreme eta Winchell's Donuts diren.
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Zehazki hiztegia: Donut
- ↑ "'Old Salt' Doughnut hole inventor tells just how discovery was made and stomachs of earth saved." Special to The Washington Post.; The Washington Post (1877–1954), Washington, D.C.; Mar 26, 1916; pg. ES9
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Smith, Andrew F., Oxford Encyclopedia of Food and Drink in America; Oxford University Press: New York 2004 (p. 408)
- Davidson, Alan, Oxford Companion to Food,; Oxford University Press:Oxford, 1999 (p. 254-5)