Doris Lessing
Doris Lessing, jaiotzez Doris May Tayler (Kermanxah, gaur egungo Iran, 1919ko urriaren 22a - Londres, Erresuma Batua, 2013ko azaroaren 17a[1]) ingelesezko idazlea izan zen. Batez ere, The Grass is Singing eta The Golden Notebook eleberriengatik da ezaguna. 2007an Literaturako Nobel saria jaso zuen[2].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere aita, Alfred, armada britaniarreko kidea zen, Lehen Mundu Gerran parte hartu eta hankan anputazio bat jasan zuena. Tratatu zuen erizain batekin ezkondu zen, Emily. Persiara lekualdatu ziren, gaur egungo Iran, lan kontuengatik. Doris bertan jaio zen eta sei urte bete zituenean, Afrikako kolonia britainiarretara, zehazki Hego Rhodesiara (egungo Zimbabwe) joan ziren, tabakoa, artoa eta zerealak ereiten lan egitera. Bertan bizi izan zen 30 urte bete arte. Bere autobiografiaren arabera, garai hori gazi-gozoa izan zen berarentzat; alde batetik, bere amak zorrotz hezi zuen, baina beste alde batetik, bere neba Harryren alboan gozatu egiten zuen naturaz inguratuta. Horrez gain, arraza-diskriminazioarekin asko sentsibilizatu zen.
Bere amarekin etengabeko gatazkak izaten zituen, bere autoritarismoagandik ihesean. Dorisek ikasketak utzi zituen moja katolikoen eskola batean 14 urte zituela; 15 bete ondoren, etxetik alde egin eta haurrak zaintzen lan egin zuen. Autodidakta izan zen, asko irakurtzen zuen, bereziki obra politiko eta soziologikoak. 18 urte zituela Salisbury-ra (egungo Harare) joan zen bizitzera eta telefonista bezala lan egitera; urtebete geroago Frank Charles Wisdomekin ezkondu zen eta bi seme-alaba izan zituen, John eta Jean. Hala ere, 1943an dibortziatu egin ziren eta Doris ideia komunistak zituen talde batera batu zen.
1944an Gottfried Lessingekin ezkondu zen, Alemaniatik erbesteratuta zegoen judua, literatura talde marxista batean ezagutu zuena. Harekin bere hirugarren semea izan zuen, Peter. Egonezin intelektual eta literarioak zirela eta eta ama, emaztea eta langilea izateko presioagatik, berriro ere dibortziatu egin zen. Gizonaren abizena kontserbatu zuen liburuak argitaratu ahal izateko. 1949an, 36 urte zituela, Erresuma Batura joan zen bere seme gazteenarekin, Londresen The Grass is Singing argitaratu zuen eta Alderdi Komunista Britainiarrean militatu zuen, arma nuklearrak eta apartheid hegoafrikarra kritikatuz. 1954an ilusioa galdu zuen eta alderdia utzi zuen, Sobietar Batasunaren gehiegikeriaren ondorioz; desilusio hori Retreat to innocence (1956) liburuan ikusi daiteke. 1956an, Hegoafrikara joatea debekatu zitzaion, bereziki Rhodesiara.
The Golden Notebook (1962) nobela feministaren arrakastaren ondoren, narrazioa idazten jarraitu zuen. Horrek materialismo historikoak utzitako hutsunea betetzen lagundu zion. Sufismoagatik interes handia azaldu zuen, bere lagun eta irakasle Idries Shah-ri esker ezagutu zuena.
Lessingen osasuna gainbeheran zegoen, hainbat buruko isuri izan zituen. Bidaiatzeko zailtasunak zituenez, Londresen hil zen 2013ko azaroaren 17an, 94 urte zituela.
Bereak dira ere, besteak beste, The Golden Notebook (1962), The Four-Gated City (1969), Briefing for a Descent into Hell (1971), Memoirs of a Survivor (1974), Shikasta (1979), The Marriages Between Zones Three, Four and Five (1980), The Sirian Experiments (1980), The Making of the Representative for Planet 8 (1982), The Sentimental Agents in the Volyen Empire (1983) eta The Fifth Child (1988). 1999an Katalunia Nazioarteko Saria jaso zuen, 2001ean Letretako Asturiasko Printzea saria[3] eta 2007an Literaturako Nobel saria.
Bere lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lessingen obrak kutsu autobiografiko handia du; asko inspiratzen da bere Afrikako bizipenetan, bere haurtzaroan eta bizitzako desengainu sozial zein politikoetan, feminista, komunista, pazifista eta antikolonialista bilakatu zutenak. Bere nobelen gaiak gatazka kulturala, arrazakeriak sortutako injustizia, kontzientzia indibiduala eta ongi komuna dira. Guztira 50 nobela inguru eta kontakizun labur ugari idatzi zituen; gainera, antzerkia, saiakera eta biografia bezalako beste alor batzuetan ere murgildu zen.
1962an argitaratu zuen bere lan famatuena, The Golden Notebook, errebindikazio feministen ikur bilakatu zuelarik. Aurreko liburuetan bezala, kritika sozialaz gain nobela psikologiko eta existentzialean sakondu zuen. Childen of Violence lanean bere biki literarioaren, Martha Questen, identitatearen bilaketa kontatzen du. Afrika eta Ingalaterran kokatzen da sistema koloniala kritikatu eta bere ondorioak aztertzeko; hala nola, beltzen eta zurien arteko harremanak, emakumearen egoera edota artisten egoera.
Idazle gazte ezezagunen egoera zaila ezagutarazteko The Diary of a Good Neighbour idatzi zuen. 1979 eta 1983 bitartean zientzia fikzioarekin saiatu zen, Canopus in Argos bildumarekin, sufismoan oinarritua.
76 urte zituela, 1995ean, Hegoafrikara itzuli zen bere alaba eta bilobak bisitatzera; horrez gain bere autobiografiaren lehen atala aurkeztu zuen, Under my Skin (1994). Besoak zabalik hartu zuten Doris Lessing, nahiz eta bere obran landutako gaien ondorioz herrialdetik bota zuten 40 urte lehenago.
Doris Lessing ideia liberaleko idazle konprometitutzat hartzen da, berak inoiz mezu politikorik bidali nahi izan ez zuen arren. Kausa marxista, antikolonialista, segregazionismoaren aurkako borrokaren eta feministen ikurra izan zen.
2007an Literatura Nobel Saria jaso zuen "emakumeen bizipenak eta zibilizazioaren banaketa eszeptizismoz, pasioz eta indarrez kontatzeko gaitasunagatik"[2].
Sariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakume idazle gutxitako bat izan zen Europako literatur sari ospetsuenak irabazten.
- Somerset Maugham Saria - 1954
- Booker Sarian finalista - 1971
- Frantziako Prix Médicis - 1976
- Europar Literaturako Austriar Saria - 1982
- Shakespeare Prize Alemaniako Errepublika Federalean - 1982
- Booker Sarian finalista - 1985
- WH Smith Literary Award - 1986
- Italiako Internazionalle Mondello Saria - 1986
- Palmero Saria - 1987
- Grinzane Cavour Prize - 1988
- James Tait Black Prize ingeles literaturan - 1995
- XI Premio Internacional de Catalunya[4] - 1999
- Asturiasko Printzea Saria[3] - 2001
- David Cohen British Literature Prize - 2001
- Dupont Pluma de Oro Saria - 2002
- Literatura Nobel Saria - 2007
Bibliografia hautatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- The Grass is Singing (1950). Euskaratua: Belarra kantari (2007, Koro Navarrok itzulia).
- The Golden Notebook (1962).
- The Four-Gated City (1969).
- Briefing for a Descent into Hell (1971).
- Memoirs of a Survivor (1974).
- Shikasta (1979).
- The Marriages Between Zones Three, Four and Five (1980).
- The Sirian Experiments (1980).
- The Making of the Representative for Planet 8 (1982).
- The Sentimental Agents in the Volyen Empire (1983).
- The Fifth Child (1988), Jane Somers ezizenarekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/11/17 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Doris Lessing idazlea hil da Eitb.com
- ↑ a b (Ingelesez) «The Nobel Prize in Literature 2007» NobelPrize.org (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
- ↑ a b «Doris Lessing - Fundacion Príncipe de Asturias» web.archive.org 2007-10-11 (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (1999-05-21). «Doris Lessing: "Nuestro conocimiento del mundo se basa sobre todo en la literatura"» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-03-01).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Doris Lessing Ekarriak.armiarma.eus
- (Ingelesez) Doris Lessingen webgunea Dorislessing.org