Egeoko uharteak
Egeoko uharteak | |
---|---|
Mota | Uhartedi |
Geografia | |
Koordenatuak | 38°N 25°E / 38°N 25°E |
UTC ordua | UTC+02:00 eta UTC+03:00 |
Ur-gorputza | Egeo |
Egeoko uharteak Egeo itsasoan zehar barreiatuta dauden 5.000 uharte eta uhartexka inguruk osatzen duten uhartedi bat da, horietatik 100 baino apur batzuk gehixeago populatuak daudelarik.
Uharte hauetako gehienak Greziarenak dira, eta soilik gutxi batzuk Turkiarenak.
Egeoko uhartediak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Saroniko uharteak, Golko Saronikoan kokatuak
- Ziklada uharteak
- Eubea uhartea
- Iparraldeko Esporada uharteak
- Iparraldeko Egear uharteak
- Dodekanesoko uhartedia
- Kreta
Ziklada uharteak 220 uharte inguruk osatzen dute. Uhartediak Delos uhartearen inguruan duen zirkulu itxuragatik jasotzen du bere izena.
Uhartedi honek garrantzi historiko, mitologiko eta turistikoko uharte ugari ditu. Bertan loratu zen K.a. 3000 eta K.a. 1000 urteen artean Zikladar zibilizazioa deritzona.
- Naxos da uhartedi honetako uharterik handiena. Tradizio batek hemen kokatzen zuen Teseok Ariadna bertan behera utzi zuen tokia eta ondoren Dioniso Ariadnataz maitemindu zena.
- Ios tradizioak Homeroren hilobia kokatzen zuen uhartea da.
- Santorini edo Thera, bere sumendi kraterragatik da ezaguna. K.a. XVII. mendean gertatu zen eztanda zibilizazio minoikoaren gainbeheraren arrazoietako bat bezala interpretatu da.
- Mikonos 1980 eta 1990eko hamarkadetatik turismo arloan gehien gora egin duenetako bat da.
- Delos uharte sakratu bat da. Bertan kokatzen da Apolo eta Artemisa jainkoen jaiolekua tradizioaren arabera.
- Parosen antzinatean oso ezaguna zen haitzurdina duen uharte bat da. Parosko haitzurdinez eginak daude Miloko Venusa eta Samotraziako garaipena bezalako estatuak.
- Milo Afrodita edo Venusen estatua ezagun bat aurkitu zen uhartea da, honegatik Miloko Venusa bezala ezagutua.
- Siros Zikladetako hiriburu administratiboa den Ermoupoli hiria dagoen uhartea da.
- Sifnos bere lurrazpiaren aberastasunagatik ezaguna zen. Uharte honetako biztanleek monumentu aberats bat eraiki zuten Delfosen K.a. VI. mendean.
- Uhartedi honetako tamainarik handienetako batzuen artean dauden beste uharte batzuk Andros, Tinos, Amorgos eta Serifos dira.
Kreta uhartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu nagusiak: Kreta eta Zibilizazio minoikoa
Egeoko uharte guztien artean handiena da, eta zibilizazio minoikoaren sorlekua, Brontze Aroaren zati handi baten loratu zena eta Mediterraneo itsasoaren ekialdea domeinatu zuena. Bere hiriburua Heraklion da. Brontze Aroko hondakin arkeologiko garrantzitsuak aurkitu dira uharteko toki askotan, batez ere Knossosen, Gortinan, La Canean eta Festosen.
Dodekanesoko uhartedia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere esanahia hamabi uharte da, baina uhartedi hau askoz uharte gehiagoz osatua dago. Hamabi uharte nagusiak Rodas, Karpatos, Kos, Nisiros, Tilos, Kalimnos, Symi, Patmos, Astipalea, Kassos, Leros eta Castelorizo dira.
Rodas da hiriburua eta uharterik garrantzitsuena, bai mitologia arloan, baita arte eta historian ere.
Iparraldeko Esporada uharteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau uharte nagusi nabarmentzen dira uharte honetan: Scyros, Sciathos, Skopelos eta Alonissos. Lehena Eubeako prefekturaren barnean dago, beste hirurak Magnesiako prefekturan.
Eubea uhartea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere izenak abereetan aberatsa esan nahi du. Bere tamainagatik, Greziako bigarren uharterik handiena da, Kretaren ondoren. Uharte luze, estu eta menditsu bat da. Greziako zati kontinentaletik Evvoikos kanalaren bidez banandua dago (Euripoko itsasartea). Gutxienez K.a. 411tik kontinentera Kaltzisetik gertu dagoen zubi baten bidez elkartuta egon da.
Izen honen barnean Anatoliako kostaldetik gertu dauden uharte batzuk hartzen dira, euren kabuz uhartedi bat osatzen ez dutenak. Iturriren batzuetan, talde honetako hegoaldereneko uharteak eta Dodekanesoko iparralderenekoak Hegoaldeko Esporadak deitzen dira.
- Samos tradizionalki Hera jainkosaren jaiolekua kokatzen den tokitzat hartzen da.
- Kios Homeroren jaioterri izatearen ohoreagatik lehiatzen zuten tokietako bat da.
- Lesbos Safo olerkariaren jaioterria izateagatik da ezaguna, K.a. 610 eta K.a. 580 artean datatutako jaiotza.
- Lemnos Hefesto jainkoak bere sutegia zuen lekutzat hartzen da.
- Imbros (turkieraz: Gökçeada) eta Tenedos (turkieraz: Bozcaada) Turkiaren barnean dauden Egeoko uharteetako batzuk dira.
- Samotrazia uharte enigmatiko bat izan zen bertan Samotraziako misterioak ospatu izanaren ondorioz.
- Tasos Traziako kostaldetik gertu dago. Antzinaroan bertako mineral meatokiengatik lehian zegoen. Portu garrantzitsu bat izan zuen Erromatar Inperioaren garaian.
Atenasetik oso gertu daude. Horietatik Egina eta Salamina dira handienak. Egina Atenasen arerio izatera iritsi zen Grezia klasikoaren garaian. Salamina, tradizionalki, Ayax Handiaren jaioterritzat hartzen da, Troiako gerran borrokatu zuen heroia.
Egeoko uharteak Antzinako Greziako elezaharretan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Itsasontzien katalogoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egeoko uharteetako batzuk Iliadako itsasontzi katalogoan aipatzen dira akaziarrek Troiaren aurka sortu zuten koalizioaren zati bezala.
Aipatuen artean Kreta, Dodekanesoko uharteetako asko (Rodas, Sime, Karpathos, Kos, Kalidna uharteak), Saroniko golkokoak eta Eubea daude. Hala ere, itsasontzi katalogoan Zikladak eta Egeo iparraldeko eta ekialdeko uharteak ez dira kontutan hartzen.
Olinpiar jainkoen jaioterriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar mitologiak olinpiar jainkoetako batzuen jaioterria Egeoko uharteetan kokatzen du:
Jainkoak | Jaioterria |
---|---|
Zeus | Kreta (Dicte mendia edo Ida mendian) |
Hera | Samos |
Apolo | Delos |
Artemisa | Delos |
Gainera, Hefesto, Poseidon eta Dioniso Lemnos, Rodas eta Naxos uharteekin estuki lotuta agertzen dira hurrenez hurren.
Argonauten bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argonautek urrezko ahari-larruaren bila egin zuten bidaian zehar, argonautek Egeo itsasoa zeharkatu behar izan zuten. Euren ibilbidean Lemnos uhartean egon ziren, bertan soilik emakumeak bizi zirela ikusi zutelarik, hauek gizonezko guztiak hil baitzituzten. Argonautek denboratxo bat eman zuten uharte honetan, denbora horretan zehar lemnostar emakume horiekin elkartu eta seme-alaba ugari izan zituztelarik.
Iturri batzuen arabera, argonautak Samotrazia uhartean ere egon ziren, non, Orfeoren ekimenez, bertako misterioetan iniziatu ziren.
Kretako mitologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Greziar mitologiak Kreta uharteari buruzko elezahar multzo handi bat biltzen du. Elezahar hauek Atenas eta Kretaren arteko harremanetan zentratzen dira, non Minos mitikoa errege zen. Teseo atenastar heroiak Minotauroa hiltzea lortu zuen Kretako labirintoan, eta erregearen alaba zen Ariadnarekin ihesean zihoala, uharte batean lehorreratu zen, Ariadna bertan utziz. Tradizioak ez datoz bat uharte hori zein izan zitekeen aipatzerakoan, Zikladetako Naxos ala Kretako kostaldetik gertu dagoen Diaren artean eztabaidatuz.