Eraikuntza ekai
Eraikuntza ekaiak edo materialak lehengai bat dira, edo, maizago, manufakturatutako produktuak, eraikinak egiteko edo ingeniaritza zibileko lanetan erabiltzen direnak.
Terminoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikuntza ekai erabil daiteke, modu generikoan, eraikuntzan erabili ohi diren era guztietako gaiak izendatzeko. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, ekai hitzak, pluralean, adiera hau dauka: «(pl.) zerbaiten eraketan erabiltzen diren gaiak».[1] Orotariko Euskal Hiztegian adibide ugari agertzen dira, hitzak pluralean hartzen duen adiera horretaz.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiak hasiera-hasieratik aldatu nahi izan du ingurunea, bere beharretara egokitzeko. Horregatik, mota guztietako material naturalak erabili izan ditu, eta, denboraren poderioz eta teknologia garatuz, gero eta sofistikazio handiagoko manufaktura prozesuen bidez produktu bihurtu ditu. Prozesatu gabeko gai naturalak (buztina, harea, haitzurdina) lehengaitzat hartzen dira, eta horiekin egindako produktuak (adreilua, beira, lauza), berriz, eraikuntza ekaitzat.[3]
Nolanahi den ere, eraikuntza prozesuetan lehengai asko aurretik tratamendu gutxirekin edo batere gabe erabiltzen dira. Halakoetan, lehengai horiek eraikuntza ekaitzat hartzen dira.[4]
Hori dela eta, material bera zenbait kategoriatan sailkatuta aurki daiteke: adibidez, harea eraikuntza ekai gisa aurki daiteke (harea oinarriak zoladura mota batzuen azpian), beste eraikuntza material batzuk integratuz (morteroak, esaterako), edo beste eraikuntza material bat egiteko lehengai gisa (beira edo beira zuntza).
Gizakiak erabili zituen lehenengo ekaiak buztina, harria eta landare zuntzak (zura edo lastoa) izan ziren. Ekai manufakturatuetan, berriz, ziurrenik buztinezko adreiluak (adobeak) izan ziren lehenak, K.a. 5.000 urteko lehen adobe eraikuntzak ezagutzen baitira.[5] Buztin egosizko lehen adreiluak, berriz, K.a. 4.000. urtekoak dira.[6] Ehunak eta larruak ere aipatu behar dira, bizitoki gisa erabilitako kanpadendetan bilgarriak edo ate eta leiho primitiboak egiteko baliatzen baitziren.[7][8]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikuntza ekaiak kopuru handietan erabiltzen direnez, lehengai ugari eta merkeetatik atera behar dira. Horregatik, gehienetan gai oso eskuragarrietan oinarritu ohi dira, bereziki harea, buztina edo harria.
Gainera, komeni da eraikuntza ekaien manufaktura prozesuetan energia gutxi erabiltzea eta ez landuegiak izatea. Horrela, adibidez beira askoz ere garestiagoa da adreilua baino, nahiz eta biek dituzten harea eta buztina lehengaitzat.
Eraikuntza ekaien ezaugarri orokor bat da iraunkorrak izatea, eraikinak irauteko egiten baitira, definizioz. Erabileraren arabera, gainera, beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte, hala nola gogortasuna, erresistentzia mekanikoa, suarekiko erresistentzia edo garbitzeko erraztasuna.
Oro har, eraikuntzako material bakar batek ere ez ditu behar guztiak aldi berean betetzen: eraikuntzako diziplinak materialak konbinatzen ditu behar horiek asetzeko.
Materialen propietateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eraikuntza ekaiak egoki erabili eta konbinatzeko, haien propietateak ezagutu behar dira. Fabrikatzaileek gutxieneko baldintza batzuk bermatu behar dituzte beren produktuetan, zehaztapen orrietan xehatzen direnak. Materialen propietateen artean daude:
- Dentsitatea: masaren eta bolumenaren arteko erlazioa.
- Higroskopikotasuna: ura xurgatzeko gaitasuna.
- Dilatazio koefizientea: tamainaren aldaketa tenperaturaren arabera.
- Eroankortasun termikoa: material batek beroa pasatzeko duen erraztasuna.
- Erresistentzia mekanikoa: materialen ahalmena esfortzuak jasateko.
- Elastikotasuna: esfortzua desagertzean jatorrizko forma berreskuratzeko gaitasuna.
- Plastikotasuna: materialaren deformazio iraunkorra karga edo esfortzu baten aurrean.
- Zurruntasuna: kargak deformazio txikiz jasateko materialen ahalmena. deformazioarekiko erresistentzia.
Araubidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrialde garatuetan, eraikuntzako ekaiak zenbait koderen eta arauren bidez erregulatzen dira, bete behar dituzten ezaugarriak eta aplikazio eremua definituta.
Erregulazio horrek helburua bikoitza du: alde batetik, gutxieneko kalitate estandarrak bermatzea eraikuntzan; eta, bestetik, erabilitako materialen portaera eta ezaugarriak zehatzago ezagutzeko aukera ematea arkitektoei eta ingeniariei.
Eraikuntza ekaiak arautzeko gehien erabiltzen diren nazioarteko estandarrak ISO arauak dira.
Europar Batasunean, eraikuntza ekaien erregelamendu bat orokor bat dago. Batasuneko herrialde guztietan bete beharrekoa.[9]
Nomenklatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Produktuek erabili aurretik kalitate kontrol batzuk pasatu behar dituztenez, eraikuntzan erabiltzen diren ekai guztiak enpresa batek hornituak izan behar dira. Material ohikoenentzat fabrika eta marka komertzial ugari daudenez, materialaren izen generikoa errespetatu egin behar da (zementua. adreilua. eta abar). Hala ere, fabrikatzaileak merkatuaren zati handi bat duenean, ohikoa da izen generikoaren ordez marka nagusiarena jartzea. Horren adibide izan daitezke fibrozementua (Uralita), kartoi igeltsua (Pladur) edo lurzoru laminatuak (Pergo). Ez da harritzekoa, halaber, produktu jakin batzuk, berariazkoagoak, bakanagoak edo berriagoak izateagatik, fabrikatzaile batek bakarrik ematea. Halakoetan, behar bada ez dago beti izen generikorik materialarentzat, eta, orduan, merkaturatzen den markaren izena jarri ohi zaio. Egoera hori material konposatuetan gertatzen da maiz.[10]
Motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fabrikatzeko erabiltzen den lehengaiaren arabera, eraikuntzako materialak zenbait multzotan sailka daitezke.
Hareatsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harea erabiltzen da morteroen eta hormigoien zati gisa.
Harearen osagai nagusia silizio dioxidoa (SiO2) da. Konposatu kimiko horretatik ateratzen dira:
- Beira, silizea urtuz lortutako material gardena.
- Beira zuntza, isolatzaile termiko gisa edo egiturazko osagai gisa erabiltzen dena.
- Beira zelularra, isolatzaile gisa erabiltzen den burbuiladun beira.
Buztina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buztina kimikoki harearen antzekoa da: silizio dioxidoaz gain, aluminio oxidoa eta ura ditu. Granulometria askoz finagoa du, eta hezea dagoenean trinkotasun plastiko handia. Buztina hautsarekin eta lurzoruaren beraren beste elementu batzuekin nahastuta, lokatza sortzen da. Material hori zenbait modutan erabiltzen da:
- Lokatza, in situ trinkotua, buztin horma sortzen du.
- Cob, hormak egiteko eskuz aplikatzen den lokatz, harea eta lasto nahasketa.
- Adobea, buztin hutsez edo buztinez eta lastoz egindako adreiluak, eguzkitan lehortuta.
Buztina tenperatura handitan berotzen denean (900 °C edo gehiago), gogortu egiten da eta material zeramikoak sortzen dira:[11]
- Adreilua, horma eta murru gehienak osatzen dituen ortoedroa.
- Teila, euri ura eraikinen kanpoaldera bideratzeko zeramikazko pieza.
- Hareharri oso gogorra, zoladuretan eta hormetako estalduretan erabilia.
- Lauza, zeramika esmaltatua, aplikazio ugarikoa, hala nola estaldurak egiteko.
Bentonita izeneko buztin fin-fin batetik, hau lortzen da:
- Lohi bentonitikoa. zimenduak egiteko lanetan lurrak eta zangak atxikitzeko erabiltzen den substantzia oso jariakorra.
Harria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harria zuzenean erabil daiteke tratatu gabe, edo lehengai gisa beste material batzuk sortzeko. Eraikuntzan gehien erabiltzen diren harri motak dira:
- Granitoa, gaur egun lurzoruetan (lauza moduan), plaketan eta azulejuetan erabiltzen dena. Harri horretatik egiten da:
- Galtzadarria, galtzadak zolatzeko harrizko adreilua.
- Haitzurdina, oso preziatua balio estetikoagatik, estalduretan erabiltzen da. Lauza moduan erabili ohi da.
- Arbela, teilaren hautabide gisa eraikuntza tradizionalean erabili ohi da. Lurzoruetan ere erabiltzen da.
Uharri biribilduak erabili ohi dira kanpoaldeko zoladurak egiteko eta teilatu lau batzuetan akabera babesle gisa. Horrez gain, hormigoiaren osagaietako bat da.
- Legarra, normalean uharriak.
Zenbait harri mota birrinduta eta tratatuta, eraikuntzan erabiltzen diren konglomeratzaile gehienak fabrikatzeko lehengaia lortzen da:
- Karea, hau da, kaltzio oxidoa (CaO), morteroetan konglomeratzaile gisa erabilia, edo akabera babesle gisa.
- Igeltsua, kaltzio sulfato erdihidratatua Ca(SO4) 2(H2O), luzituak egiteko erabiltzen da.
- Eskaiola, purutasun handiko igeltsua, zeru sabaiak eta moldurak egiteko erabiltzen da.
- Zementua, kare harria eta beste oxido batzuk kiskaltzearen emaitza.
Zementua konglomeratzaile gisa erabiltzen da zenbait ekai motatan:
- Terrazzoa, normalean lauzatan, haitzurdin harriak erabiltzen ditu agregakin gisa.
- Harri moldatua, zementuz eta zenbait harri motaz aurrefabrikatutako piezak.
- Zuntz zementua, zementuz eta zuntz prentsatuz osatutako xafla; antzina asbestozko zuntzak, gaur egun beira zuntzak.
Harearekin nahasitako zementuak morteroa eratzen du: mota guztietako ekaiak (adreiluak, lauzak eta abar) finkatzeko erabiltzen den orea, baita estaldurarako material gisa ere (emokadura), igeltsua eta karea egokiak ez direnean, hala nola kanpoaldean, edo erresistentzia eta gogortasun handia behar denean.
- Morteroa
- Geruza bakarreko morteroa, mortero aurrefabrikatua, gehigarrien bidez masan koloreztatua
Zementuak harearekin eta legarrarekin nahasita sortzen du:
- Hormigoia, hutsik edo armatuta erabil daiteke.
- Hormigoia, betegarri huts gisa erabilia.
- Hormigoi armatua, egiturak eraikitzeko gehien erabiltzen den sistema.
- GRC (Glassfibre reinforced concrete), beira zuntzez indartutako agregakin finezko hormigoia.
- Hormigoizko bloka, adreilu handi baten tankerakoa, baina hormigoiz egina.
Igeltsua kartoiarekin ere konbinatzen da. gaur egungo eraikuntzan oso hedatua den eraikuntza material bat osatzeko, askotan ontzi estalkiak egiteko ere erabiltzen dena:
- Igeltsu plaka, Pladur™ izenekoa, enpresa banatzaile nagusiaren izena.
Harri jatorria duen beste material bat sortzen da basaltoa urtu eta luzatuz:
- Artile minerala, estalki edo xafla zurrunetan isolatzaile termiko gisa erabilia.
Metalikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burdina eta aluminioa dira erabilienak. Lehenengoa karbonoarekin aleatzen da, sortzeko:
- Altzairua, egituretarako erabiltzen dena, soilik edo hormigoiaz lagundurik, hormigoi armatua egiteko.
Eraikuntzan erabiltzen diren beste metal batzuk:
- Aluminioa, zurgintza lanetan eta ogitarteko paneletan.
- Zinka, estalkietan.
- Titanioa, estaldura herdoilgaitz gisa.
- Kobrea, batik bat elektrizitate eta iturgintzako instalazioetan.
- Beruna, iturgintza instalazio zaharretan. Legeak kentzera behartzen du, osasunerako kaltegarria baita.
Organikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere zura eta haren deribatuak erabiltzen dira eraikuntza ekai gisa, nahiz eta beste gai organiko batzuk ere erabiltzen diren, hala nola lastoa, banbua, artelazkia, lihoa, ehun elementuak edo animalien larruak.
- Zura.
- Kontratxapatua.
- Zuntzezko taula.
- Zementu zura.
- Linoleoa, lurzoru laminatua, liho olioz eta zurezko edo artelazkizko irinez egina, oihalezko oinarri baten gainean.
Sintetikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Batez ere petroliotik eratorritako plastikoak erabiltzen dira eraikuntzan, baita beste gai sintetiko ugariren produktuak ere. Eraikuntzan oso erabiliak dira, aldaezinak direlako, baina, aldi berean, ezaugarri horrengatik ez dira oso ekologikoak, birziklatzen zailak baitira.
Mundrunak eta beste zenbait polimero eta mota desberdinetako produktu sintetikoak ere erabiltzen dira. Lortzen diren materialak irudika daitezkeen ia forma guztietan erabiltzen dira: aglomeratzaileak, zigilatzaileak, iragazgaizgarriak, isolatzaileak, edo pinturak, esmalteak eta bernizak.
- PVC edo poli(binil kloruroa), besteak beste, zurgintza lanak eta saneamendu sareak egiteko.
- PVCzko lurzoruak, normalean xafla jarraitu gisa merkaturatzen dira.
- Polietilenoa, lurrun hesi gisa asko erabiltzen dena.
- Poliestirenoa, Isolatzaile termiko gisa.
- Polipropilenoa. zigilatze lanetan, kanalizazio desberdinetan eta geoehunetan.
- Poliuretanoa, apar formakoa, isolatzaile termiko gisa..
- Poliesterra, harekin geoehun batzuk egiten dira.
- ETFE, besteak beste, itxituretan beira ordezteko.
- EPDM, xafla iragazgaiztu gisa eta juntura estankoetan.
- Neoprenoa, juntura estanko gisa, eta ogitarteko paneletan batzuen «muin» gisa.
- Epoxi erretxina, pinturetan, eta aglomeratzaile gisa, terrazzoetan eta zurezko produktuetan.
- Akrilikoak, zenbait konposizio eta erabileratako propenoaren eratorriak:
- Metakrilatoa, modu gardenean beira ordezka dezakeen plastikoa.
- Pintura akrilikoak, osagai ugariz eginak..
- Silikona. silizioaren polimeroa, nagusiki zigilatzeko eta iragazgaizteko erabiltzen dena.
- Asfaltoa errepideetan, eta xafla eta inprimazio moduan iragazgaizteko.
Jasangarritasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2017an. eraikinek eta eraikuntzak batera kontsumitu zuten mundu mailan ekoitzitako energiaren % 36, eta, aldi berean, CO2 jaulkipen % 39ren erantzule izan ziren.[12] Eraikuntza industria soilik kontuan hartuta, kuotak ziren % 6 (energia kontsumoa) eta % 11 (CO2 jaulkipena). Eraikuntzako ekaiak ekoiztean kontsumitzen den energia da eragile nagusia, eraikuntza industriaren kuota globala hainbestekoa izan dadin, batez ere ekoizpenean elektrizitatea erabiltzen delako. Taula honetan erakusten da Estatu Batuetan garrantzitsuak diren eraikuntza ekaien energia grisa:[13]
Materiala | Energia | |
---|---|---|
Btu/lb | MJ/kg | |
adreiluak | 1.600 | 3,7 |
zementua | 3.230 | 7,5 |
buztina | 15.200 | 35,4 |
hormigoia | 580 | 1,3 |
kobrea | 25.770 | 59,9 |
beira laua | 10.620 | 24,7 |
igeltsua | 10.380 | 24,1 |
kontratxapatua eta zur gogorrezko xafla | 15.190 | 35,3 |
karea | 1.920 | 4,5 |
artile mineralezko isolamendua | 12.600 | 29,3 |
aluminio primarioa | 80.170 | 186,5 |
kontratxapatua eta zur biguneko xafla | 3.970 | 9,2 |
harria | 1.430 | 3,3 |
altzairu soila | 10.390 | 24,2 |
zurezko gaiak | 2.700 | 6,3 |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Euskaltzaindiaren hiztegia > ekai» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ Euskaltzaindia. «Orotariko Euskal Hiztegia > ekai» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
- ↑ (Ingelesez) Wallstreetmojo Team. (2023-02-21). Raw Materials - Meaning, Types, Examples, Accounting. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) What key building raw materials are used in construction industry. web.archive.org 2023-02-24 (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) Mauricio, Ana Cecilia; Grieseler, Rolf; Heller, Andrew R.; Kelley, Alice R.; Rumiche, Francisco; Sandweiss, Daniel H.; Viveen, Willem. (2021-11-30). «The earliest adobe monumental architecture in the Americas» Proceedings of the National Academy of Sciences 118 (48) doi: . ISSN 0027-8424. PMID 34782482. PMC PMC8640935. (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) Fiala, Jan; Mikolas, Milan; Fiala Junior, Jan; Krejsova, Katerina. (2019-09-01). «History and Evolution of Full Bricks of Other European Countries» IOP Conference Series: Materials Science and Engineering 603 (3): 032097. doi: . ISSN 1757-8981. (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) José Laffarga-Osteret; Manuel Olivares-Santiago. (1997). «Reseña histórica de los materiales de construcción» Re. Revista de Edificación 24: 81-99. doi: . ISSN 2254-6340. (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) Willi Bender, Frank Handle, Verf Hrsg. (1982). Brick and tile making = Handbuch fiir die Ziegelindustrie. Berlin: Bauverlag GMBH ISBN 978-3762514855..
- ↑ (Frantsesez) «Règlementation Européenne des Produits de Construction» web.archive.org 2023-03-06 (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) «What are Composites - Discover Composites» web.archive.org 2021-05-22 (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) SentroTech. (2023-02-04). The Ceramics Manufacturing Process. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).
- ↑ (Ingelesez) World Green Building Council. (2017). Global Status Report 2017. web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).
- ↑ (Ingelesez) Dixit, Manish K.; Culp, Charles H.; Fernandez-Solis, Jose L.. (2015-02-03). «Embodied Energy of Construction Materials: Integrating Human and Capital Energy into an IO-Based Hybrid Model» Environmental Science & Technology 49 (3): 1936–1945. doi: . ISSN 0013-936X. (Noiz kontsultatua: 2023-06-26).