Erwin Rommel
Erwin Johannes Eugen Rommel (Heidenheim an der Brenz, Württemberg, Alemania, 1891ko azaroaren 15a - Herrlingen, Alemania, 1944ko urriaren 14a) alemaniar mariskala izan zen, Bigarren Mundu Gerran Alemaniako armadako zelai-jeneral nabarmenenetako bat. Deutsches Afrika Korps guda taldearen buruan, Basamortuko Azeria (Wüstenfuchs) goitizena jaso zuen Ipar Afrikan egindako kanpaina militar arrakastatsuengatik. Hori dela eta, tropen eta Adolf Hitlerren beraren errespetua ez ezik, Commonwealtheko armada etsaiarena ere lortu zuen.
Ipar Afrikako Ardatzaren porrotaren ondoren, Aliatuen Normandiako Lehorreratzeari eta Frantziako inbasioari aurre egin zion alemaniar armadaren buruan jarri zuten Rommel. Kargu horretan zela, 1944ko uztailaren 20an Hitler hiltzeko konspirazioan parte hartu izana leporatu zioten. Bere buruaz beste egin zuen 1944ko urriaren 14an.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziako, Errumaniako eta Italiako fronteetan borrokatu zen Lehen Mundu Gerran. Karrera militarra utzi eta Tübingengo Unibertsitatean ikasi zuen. Hitler aginpidera iritsi zen arte ez zen Alemaniako armadan sartu (1933). Armadaren eta gazte mugimendu nazien arteko loturaz arduratu zen, eta azken horien artean arrakasta handia izan zuen Infanterie Greift (1937, Infanteria erasoan), taktika militarrari buruzko eskuizkribua, idatzi zuen.
Führerraren kuartel nagusiko buruzagietako bat izan zen eta 1940. urteko Frantziako kanpainan izan zituen garaipenen ondorioz izendatu zuten Deutsches Afrika Korps guda taldeko komandante. Afrikako iparraldean, El-Alameineraino baztertu zituen britainiarrak, eta mariskal egin zuten (1942). Hurrengo neguan, ordea, Tunisiaraino atzeratu behar izan zituen bere mendeko osteak. Europara hots egin zioten baina ezin izan zuen Normandiako lehorreratzea saihestu, eta Bavariara erretiratu behar izan zuen zaurituta.
Mendebaldeko gerra bertan behera uztearen aldeko agertu zen eta horrek Hitlerren susmo txarrak piztu zituen. Hitlerrek bere buruaz beste egiteko agindua eman zion Rommeli 1944 urriaren 14an. 1953. urtean argitaratu zen mariskalaren egunkaria: The Rommel Papers (Rommelen eskuizkribuak).
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Erwin Rommel |